Gurasokeria likidazionista

Erreformismoa eta likidazionismoa suhartasunez gaitzesten eta barregarri bezain negargarritzat jotzen ziren, hauteskundeetan boza ematea kolaboraziotzat jotzen zen, “Eman zure botoa hemen” zioten kartelak ezartzen ziren komun-zuloen eta zabor-edukiontzien ondoan, Vota o Explota zioten itsasgarriak eta txapak zabaltzen ziren, “Vota aquí, vota allá, te controlaremos, y en tu linda cabeza nos meteremos” kantatzen zen ozen Evaristo La Pollarekin, baita “Eres demócrata y cristiano, eres un gusano” ere, eta beste hura Gari Hertzainakekin: “Zetako? Ez dabe entenditzen. Ez dia beinbez kalian bizi izan. Ta ondio ez dabe betiko eskemak apurtu: Jainkoa, lege zaharra ta HBri botua eman”. Eskorbutok, berriz, A la mierda el País Vasco kantatu zuen zuzen-zuzenean…

Kontu horiek guztiak eta antzeko beste batzuk etorri zaizkit gogora azken egunotan Mugimendu Sozialistako eta ezker abertzaleko gazteen —eta ez hain gazteen— artean izandako eztabaida, liskar eta aurrez aurreko jipoi eta borroken harira. Ezustean harrapatu eta harritu egin nau kontuak, batez ere konfrontazioaren gogortasunagatik, baina ez zaizkit erabat arrotz gertatu sakoneko eztabaida eta arrakala batzuk. Azken batean, oker ez banaiz, MSko gazte komunistek ezker abertzalearekin duten gatazkak badu duela 1980ko hamarkadako anarkistek, autonomoek, punkek edo politikoki queer avant la lettre-ek izandakoaren antzik, parekotasunik eta oihartzunik.

Arantxa Urretabizkaiari entzun nion orain hurrengoan, Euskadi Irratiko Arratsean saioan, izan daitekeela aldi berean zahar eta errebelde, ez duela zertan zaharrak konformismoz eta etsipenez onartu behar guztia. Gustatu zitzaidan hori entzutea, txaloak jo nizkion neure artean, eta bat egin nuen gerontofobiaren aurka agertu zuen jarrera irmoarekin ere.

Baina ezin dut ukatu orain, aspalditik, hauteskundeetan bozkatu egiten dudala. Ezin dut ukatu erreformismo eta likidazionismo ugari besarkatzen dudala jarreraz zein jokabidez, demokrata eta kristau izatera iritsi gabe sozialdemokraziatik gertu nagoela hainbat eztabaidagai eta auzitan, are gertuago praktika —eta absentismo— ugaritan, ez naizela kalean bizi eta eskema zaharkitu eta fosilizatu ugari ditudala burmuinean gogor txertatuta, erauzten zailak izango direnak honezkero…

Ezin dut ukatu, halaber, gurasokeria erreformista eta likidazionista azaleratzen zaidala, oso sarri, MSko, GKSko, Itaiako… kideen aldarriak eta arrazoiketak irakurtzerakoan. Urteen poderioz neureganatutako supremazismo gerontokratikoa eta konformismo burgestxikia igartzen ditudala idatzi horietako paragraforik suharrenetako batzuek eragiten dizkidaten suminezko purrustadetan; baita kasu batzuetan —dena esaten hasita— sentiarazten didaten auzo-lotsan ere.

Ez daukat bestelako begiradarik, afera lakar honentzat, gurasokeria erreformista eta likidazionistarena baino, supremazismo gerontokratikoarena eta konformismo burgestxikiarena, eta horrek pentsarazten dit akaso honetaz iritzirik ez ematea litzatekeela zintzoena, egokiena, are eraginkorrena ere. Behin honetara iritsi ondoren, ordea, ez daukat gogo handirik lerro hauek ezabatu eta zutabea osatzeko beste gai baten bila hasteko. Horretan ere erreformista eta likidazionista izatea erabaki dut, supremazismo gerontokratikoz eta konformismo burgestxikiz jokatzea, eta, tak!, badoa artikulua erredakziora bidean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.