Korrika eta bizikleta uztartuta

Korrika eta bizikleta uztartuta

Loinaz Agirre

Beasaingo Arriaran auzoan du jatorria Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituak. 2009an eta 2010ean hango Intxaurpe elkarteak, Goierriko Trigoi taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak elkarlanean antolatu zituzten lehen duatloi lasterketak, mendiko bizikleta eta korrika uztartuz. Lehen bi lasterketa haiekin, ordea, Intxaurpekoak ez ziren gustura geratu. Goio Mujikak gogoratu duenez, ez zeuden oso ados orduko antolaketarekin, federatutako kirolariek bakarrik izaten zutelako sariak jasotzeko aukera. “Eta guk proba herrikoia egin nahi genuen, parte hartzaile denek, baldintza berberetan, sariak lortzeko aukera izan zezaten”.

Une hartan, Ibarrakoak arriarandarrekin harremanetan jarri ziren, haiek ere herri probaren bat antolatu nahi zutela adieraziz, eta bizpahiru probarekin zirkuitu bat osatzea proposatuz. Esan eta egin. 2011n, zortzi lasterketetako Euskal Herriko lehen mendi-duatloi zirkuitua antolatu zuten: Gipuzkoan, Ibarran, Arriaranen (Beasain), Zubietan (Donostia) eta Villabona-Amasan; Nafarroan, Zilbetin; Araban, Langraizen; eta Bizkaian, Zallan eta Mallabian.

Harrezkero, Euskal Herriko mendi-duatloi zirkuitua Hego Euskal Herriko 29 herri edo auzotara iritsi da. Ibarrako Juan Zubiaren esanetan, zirkuitua udazkenean antolatzea erabaki zuten “beste probarik ez zegoelako”. Arrakastatsuak izan ziren hasierako probak, baina, gaur egun, “parte hartzaileen kopurua apaldu” egin da, lasterketa “konpetentzia handia” dagoelako. Ehun lagunen bueltan ibiltzen dira. Hala ere, Zubiaren ustez, beherakada horrek badu beste arrazoirik: “Oso jende ona hasi zen parte hartzen, eta kirolari herrikoiak atzeratu egin ziren; bizkarra eman ziguten pixka bat”.

Binaka ere bai

Duela bospasei urte, erreleboka edo binaka egiteko formatua jarri zuten aukeran; hau da, bat korrika eta bestea bizikletan. Izan ere, Mujikaren esanetan, “korrika eta bizikletan, bietan ibiltzen direnak ez dira asko; bat edo bestea egiten dute gehienek”. Bikoteak sexu berekoak ala mistoak izan daitezke. Zubiak nabarmendu duenez, “hortxe bete-betean asmatu” dute, “kirolari herrikoi horiek etortzen hasi dira eta. Neska gehiago ere izan dira”.

Hiru sektoreko ibilbideak prestatzen dituzte, ahal den heinean, mendian: 6 kilometro inguru korrika, 20 kilometro bizikletan, eta 3 kilometro korrika. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte. Sailkapenetan hiru maila bereizten dituzte: 25 urtez azpikoa; elite mailan, 26-40 urte bitarteko gizonezkoak eta 26-35 urte bitarteko emakumezkoak; eta master 40/35 —40 urtetik gorako gizonezkoak eta 35 urtetik gorako emakumezkoak—.

Proba bakoitzeko irabazleez gain, zirkuituko sailkapen orokorra osatzen da, mailaka. Azken proban egiten den afarian banatzen dituzte sariak —aurten azaroaren 26an izango da, Beasaingo Igartza auzoan—. Beste sari berezi bat ere izaten dute denboraldi amaieran: “Euskal Herriko selekzioa ere osatzen dugu, probetan aurrean ibiltzen diren kirolariekin. Denboraldi amaieran Kataluniara joaten gara”. Aurtengo zirkuituko proba guztietan izena eman daiteke, Mendiduatloia.eus webgunean. “Komeni da aurrez izena ematea, antolatzaileek jakin dezaten zenbat kamiseta edo poltsa prestatu”.

Euskal Herriko txapelduna

Euskal Herriko mendi-duatloi titulua ere jokoan izaten da zirkuituko proba batean. Aurten Adunan jokatuko dute, urriaren 8an. Azken bi urteetako txapelduna Josu Urrestarazu Garzia idiazabaldarra da; sailkapen orokorrean, elite mailan, bigarren izan zen Urrestarazu, Egoitz Gurrutxagaren ondoren. Emakumeetan, Enara Oronoz izan zen irabazlea.

Duela hamar urte, errepideko bizikletako lehia uztear zela ezagutu zuen Urrestarazuk mendi duatloien ligaxka, eta berehala “maitemindu” zen. Etxe ondoan, Beasainen, Arriaranen parte hartu zuen lehen aldiz. “Mendi-duatloi zirkuituan arnasten den giro ona ez dut beste inongo lehiaketatan ezagutu”, nabarmendu du idiazabaldarrak. Beraz, 2017an, bizikleta federatuen maila utzita, korrika eta mendiko bizikleta uztartzen hasi zen. Korrika bizikletan baino hobeto moldatzen dela aitortzen du, askok bizikleta gainean teknika hobea dutelako. Hortaz, korrikan denbora irabaztea izaten da Urrestarazuren estrategia, baina askotan ez da nahikoa izaten. “Podiuma galdu izan dut behin baino gehiagotan, teknika hobeagatik azkeneko jaitsieran atzekoak harrapatuta”.

Iaz, lehen aldiz, proba guztietan parte hartu zuen, eta aurten ere ez dauka huts egiteko asmorik. “Hiru hilabete intentsu izaten dira; Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat da. Oso harreman estuak eta biziak egiten dira. Lehiakideen artean giro sanoa dago. Talde trinkoa egiten dugu. Ginda denboraldi amaierako afaria izaten da. Oso polita izaten da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.