Orekan ibiltzea, bertigoari izkin eginez

Orekan ibiltzea, bertigoari izkin eginez

Imanol Garcia Landa

Aurten ere Riverline jaialdia antolatzeko asmoa zuen Oreka Tolosa slackline taldeak, Tolosan, Zerkausia eta Napar zubiaren artean, Oria ibaiaren gainean, baina ezingo dute egin, eta, horren ordez, highline topaketa eta zenbait ikastaro antolatu dituzte astebururako. Izan ere, Oria ibaiaren presa ez dute oraindik martxan jarri, eta, beraz, ez dago behar den adinako sakonera waterline edo ur gaineko slackline-a egiteko. “Tolosako ohiko postala edo argazkia den leku horretan egiten dugu Riverline jaialdia”, esan du Oreka taldeko Ibai Arsuagak. “Hona etortzen ziren orekariek esaten ziguten zer leku polita dugun hor horrelako jaialdi bat egiteko. Egia esan, gozatua da leku hori. Aurten ezin izan dugunez egin, beste mota bateko jaialdia edo topaketa egingo dugu”.

Izan ere, Oreka taldekoak gogoz zeuden zerbait antolatzeko, Riverline jaialdira “lagun asko eta jende ezaguna” joaten zelako. “Jendeak esaten zigun zerbait antolatzeko, eta, buruari buelta batzuk emanez, topaketa bat egitea pentsatu genuen, slackline-a egiteaz gain, beste diziplina batzuk uztartuz”, esan du Arsuagak. Asteburu honetarako, beraz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, bi highline jarriko dituzte, Izaskungo bideko petriletik hasi eta Zerkausi goiko terrazaraino, eta larunbatean egun osoan eta igandean goizez ariko dira. “Uztailean, Tolosako Udalak baimena eman zigun zinta horiek muntatzeko, eta guretzako pizgarria da horrelako zerbait egitea topaketarako. Tolosan jarri diren lehen urban highline-ak izan dira; hau da, herrian bertan garaieran muntatu direnak”.

Horrez gain, hainbat ikastaro emango dituzte: larunbatean, slackline-a haurrentzat (17:00-18:00), eta igandean, yoga (09:00-10:30), tela akrobatikoak (10:30-12:00) eta akroyoga (12:00-13:30). Ondoren, bazkaria egingo dute topaketan eta ikastaroetan parte hartu dutenen artean —aurretik eman behar da izena—.

Eskalatzaileak aitzindari

Yosemite bailaran (AEB) hasi ziren lehendabizikoz slackline-a egiten. Eskalatzaileak, paretetan ez zebiltzanean, eskalatzeko soken gainean oreka lantzen hasi ziren. Pixkana soka edo zinta horiek garaieran jartzen hasi ziren, eta hortik etorri zen highline izena. Erdi mailako altueran jarriz gero, midline deitzen zaio, eta, ur gainean denean, waterline.

Tolosan jarri dituzten zintak 165 metro luze dira, eta 15 metroko altueran egongo dira. “Uztailean jarri genituen, eta distantzia horretan aritu ziren taldekoak”, azaldu du Arsuagak. “Slackline-arekin hasi ginenean, distantzia motzagoetan aritzen ginen, 20-30 metro ingurukoetan. Baina, pixkana, kirol hau asko garatzen ari da. Gu ere jaialdi askotan izan gara, eta Euskal Herrian ere hasi gara zinta luzeak jartzen”. 165 metrok dezenteko distantzia ematen duen arren, motz geratzen da uda honetan egin den munduko markaren ondoan: 2.700 metro. “Beraz, jarriko ditugun zinta horien luzerak nahiko normalak direla esan daiteke”. Nahiko kirol berria izanik ere, Arsuagak esan du Tolosan jendea ohituta dagoela orekariak slackline-a praktikatzen ikustera. Oraingoan, altuerak gehituko dio ikusgarritasuna.

Zinta horietan ibiltzea ez da edonoren esku egongo. “Highline-an ibiltzeko kirol honetan iaioa izan behar duzu, aurretik slackline-an aritutakoa, eta segurtasun aldetik ere zenbait gauza jakin behar da. Taldekideak eta etortzen diren lagunak ibiliko gara highline-an, eta slackline-an probatu nahi duenak ikastaroan parte hartzeko aukera izango du”. Ikastaroetan parte hartzeko, aurretik Internet bidezko galdetegia sortu dute, baina egunean bertan ere izena emateko aukera izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.