Bat eginda, ikus ditzaten

Bat eginda, ikus ditzaten

Mailo Oiarzabal

Kirol gehientsuenak dira edo izan dira oraintsu arte gizonen eremu, eta badaude bereziki gizonenak eta ia emakumeen presentziarik gabekoak direnak. Automobilismoa da horietako bat. Bai, behintzat, kanpotik begiratuta. Barruan, aspalditik dabiltza emakumeak. Txikia eta nolabait bigarren mailakoa izan da haien presentzia, baina automobilismoan ere handitzen ari da emakumeen presentzia. Emakumeak Automobilismoan talde sortu berria da horren erakusgarri.

Iazko abenduan Euskal Automobilismo Federazioak (EAF) berdintasun batzordearen gainean hitz egiteko antolatutako bilera bat izan zen talde berriaren ernamuina. Dozena bat emakume elkartu ziren han. “Lehen aldia zen halako kontu bat zela medio federatutako emakumeok bildu ginena. Haritik tiraka, berriro elkartzeko deia egin genuen, agerian baitzegoen zerbait egiteko edo bultzatzeko gogo eta ilusio handia zegoela taldean”, esan du Ane Lazkano egiaztatzaile tekniko azpeitiarrak.

Egun, berrogei kide ditu Emakumeak Automobilismoan taldeak, eta “zorionez, etengabe handitzen” ari dira. Eraginkortasuna bermatzeko, bost kideko talde eragilea ere osatu dute. Lazkano da talde horretako kideetako bat, eta kopilotuak dira beste laurak: Oihane Uranga (Markina-Xemein, Bizkaia), Alazne Apalantza (Errezil), Maria Aranberri (Azpeitia) eta Nagore Hidalgo (Legazpi). “Taldeari muga bat jartzearren, EAFn federatuta gaudenak elkartzeko ideiarekin hasi ginen, baina eremua gehiago zabaltzea da asmoa, emakume askok inguruko erkidegoetan ere parte hartzeko joera dutelako”. Adinari, lurraldeari eta esperientziari dagokienez, askotariko emakumeak daude taldean, eta hori “oso aberasgarria” da, Urangaren ustez.

“Nahiz eta historikoki emakumea kirol honetan aritu den, gaur egun oraindik emakume bat autotik irtetean edo podiumean ikustean ‘Hara! Neska bat!’ eta halako esaldiak entzuten dira. Gure lantokietan, gure seme-alabekin gauden giroetan, oraindik asko harritu egiten dira gure afizioa aipatzean”, dio Apalantzak.

Erreferenteen beharra

Maite duten kirolari lotutako “estereotipoak hausteko eta aldatzeko beharra” ikusten dute auto lasterketetan dabiltzan emakumeek, baita “erreferente berriak sortzeko premia” ere. “Neskatilek ikus dezatela automobilismoan ere, beste arlo askotan bezala, emakumeek askotariko rolak joka ditzaketela. Ikus dezatela gai garela, ikusten ez dena ez baita existitzen”, gehitu du Lazkanok.

Bide horretan, datuak biltzea eta sare sozialetan hedatzea izan da Emakumeak Automobilismoan taldearen lehen pausoa. Egutegiko lasterketa bakoitzaren harira, parte hartzaileen urtez urteko datuak eta gizonen eta emakumeen kopuruen bilakaera erakusten duten grafikoak egiten ari dira, besteak beste. “Hemeroteka txiki polit bat” osatzen ari dira. Horrez gain, taldeari berari ere ikusgaitasuna emateko materiala prestatzen ari dira, “kamisetak eta kirol jertseak”.

Pilotuak, amatasuna…

Esan dute gizonen munduan gutxiengo izan arren ez dutela jasan trabarik edo antzeko jardunik emakume izateagatik. “Kontrakoa. Sarri askotan mutilek berek animatuta edo haien babesean murgildu izan gara gehiago mundu honetan”, azaldu du Urangak.

Automobilismoan emakumeak gero eta gehiago izan arren, bilakaera ez da orekatua. Azken hamarkadan, esaterako, nabarmen handitu da emakume kopilotuen kopurua, 25 bat izateraino. Baina emakume pilotuak askoz gutxiago dira: hiru dira finkoak. Talde berriko kideek adierazi dute “generotik at” dagoela emakume gehiago gidari ez izateko oztopo nagusia, eta ekonomikoa dela arrazoia: askoz merkeagoa da, finean, kopilotu aritzea. Autoetatik kanpo ere sumatzen dituzte gabeziak emakumeek: “Egun badaude bi emakume teknikari, lasterketa taldeetan gutxi batzuk ere bai; baina, oro har, proben antolakuntzan, mekanikan… oraindik ez gaude hor”, nabarmendu du Lazkanok.

Amatasuna eta horrek dakarren guztia ere “gai potoloa” da, Emakumeak Automobilismoan taldearentzat. Gaiak ertz asko dituenez gero, guztiak jarri nahi dituzte mahai gainean. Apalantzak, esaterako, badaki horretaz zerbait, ama baita: “Maitatzeko beste era bat ezagutzen da ama izatean, eta beldurtzeko beste modu bat ere ager daiteke. Bizitza pertsonala, lana eta zaletasunak zaintzarekin uztartzea zailtzen du amatasunak”.

“Oztopo errealak identifikatzea eta horiek gainditzea” lortu nahi dute automobilismoa maite eta praktikatzen duten emakumeek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.