Unai Zubeldia
Azken boladako hotzaldi, izotz eta elur erauntsiekin ere bero-bero jarraitzen du giroak. Baldintza agirietan zehaztutakoa gauzatzeko nahikoa langile ez dagoela-eta, haserre daude errepidean mantentze lanetan aritzen diren langileak eta ELA sindikatua. Sindikatu horretakoak dira Gipuzkoako errepideen zaintzan lanean ari diren ABEE aldi baterako enpresa elkarteetako langileen %90 —150-170 langile guztira; Miramon, Urola Deba eta Goierrialdeko ABEEtakoak gehienak—, eta aldundiak zuzenean kontratatuta dauzka beste hogei bat langile. "Ez dira gai aldundiaren baldintza agirietan zehaztuta dagoena betetzeko ere, eta hori salatzen ari gara gu, ez besterik", azaldu du Igor San Jose ELAko eraikuntza eta errepideetako arduradunak.