gipuzkoa

Trena mendi puntaraino doa

Trena mendi puntaraino doa

Maite Alustiza
Martxan da giza eskubideen trena, baina bagoi gehiago behar ditu. Sare mugimenduak eman dio hasiera bideari, eta, aurrera egiteko, beharrezkoa du ingurukoen bultzada: "Helburua da guztion inurrien lanarekin ahalik eta sektore eta pertson...

“Niretzat dagoen politena da Anoeta, besterik ez dut ezagutu eta”

J. Miranda

Modesto Ormazabal anoetarra eta Maria Saralegi alkizarra ezkonduta jarri ziren bizitzen Anoetako Modesto Enean. Etxearen behealdean saltokia zabaltzeko baimena eskuratu zuten 1900. urteko abenduaren 1ean. Ordutik, janari denda, jatetxe eta taberna bezala ibili izan da Moxtone. Han jaio eta lan egin izan du, bizi osoan, Isabel Berasategik (Anoeta, 1925).

Asko aldatu al da Anoeta urte hauetan?

Horixe aldatu dela! Nire gazte garaian ez zen kale etxerik. Erretore etxea, kontsejua, Goikoetxearen aurrealdea eta Irabide, horiek baino ez. Eta hemen ondoan zegoen Buztina palazioa esaten zitzaiona. Gaiztarro familiarena zen, eta garai batean, esaten dutenez, inguruko etxe guztien jabeak ziren. Gu, berriz, maizterrak ginen, gure aitona-amonek etxea erosi zuten arte.

Eskolara joaten al zineten?

Eskolara joan eta etxean lan egin. Hori zen gure bizimodua. Kontsejua deitzen zitzaion horren gainean zeuden eskolak. Gure garaietan, neska eta mutilentzat eskola bakarra zen. Handik urte batzuetara aldatu zuten hori.

Oroitzen al duzu gerra?

10 urte neuzkan. Gogoan dut nola etorri ziren soldadu batzuk Hernialdetik behera. Gu atea itxita begira egoten ginen barrutik. Gogoratzen zait etxea miatzera nola etorri ziren guardia zibilak. Hernioko zintekin egindako txirikorda bat eraman zuten, hiru kolore zituena: gorria, berdea eta zuria. Aitonari Tolosako epaitegian aurkezteko esan zioten, bestela atxilotuta eramango zutela. Alkatearekin aurkeztu zen, eta multa jarri zioten.

Tolosarako joera bazenuten?

Ni ez naiz etxetik behin ere mugitu. Gehienera ere Tolosara. Egunero joaten ginen esnea partitzera. Aurrena mandoarekin, eta gero, hemen geralekua egin zutenean, trenez joaten ginen marmitak hartuta.

Nolako mugimendua zenuten tabernan?

Gutxiago edo gehiago beti etorri izan da jendea. Gero mugimendu gehiago izan genuen, azken aldera, herria hazten hasi zenean. Bi jantokiak beteta maiz edukitzen genituen.

Pilotarako afizioa bazenuen.

Makina bat jolas egindakoa naiz. Nik lagunak ditut erraketista izandakoak, hemen aldameneko Julita Beraza —Mexikon bizi dena— eta Txikita de Anoeta zena. Alde ederreko bizimodua eraman dute haiek. Baina niri gustatu egiten zitzaidan hemengo lana, eta egin beharra zegoenez, bada, gustura. Niretzat dagoen herririk politena da Anoeta, besterik ez dut ezagutu eta.

“Hondartzen ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptua da”

“Hondartzen ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptua da”

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoaren egungo lurralde egitura ulertzeko, ezinbestekoa da itsasoa, eta horren inguruko dozenaka idatzi eta dokumentu historiko aurkitu ditu Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944) bere ikerketa lanetan. Filosofia ikasketak egin zituen bere garaian, baina historia izan da haren pasioa beti. Hala, 1987an, Historiako doktoretza egin zuen. Geroztik, "hogei bat liburu" argitaratu ditu, denak ere historiarekin lotuak. Euskal Herriko eta, batik bat, Gipuzkoako historiari erreparatu izan dio Azpiazuk bere lanetan, eta guztietan itsasoa oso presente egon da, "itsasoa gabe ezin baita gure historia ulertu".

Los vascos se echaron al mar izan da kaleratutako azken liburua. "Badirudi Gipuzkoan itsasoarekiko lotura bakarrik kostaldeak duela; Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino, horietan bakarrik izan dela harremana itsasoarekin. Baina ikertzen hasi, eta berehala ikusten da Gipuzkoa osoa, eta baita Bizkaia eta Araba ere, itsasora begira bizi izan direla mendeetan". Horrek eraman du itsasoa ardatz duen liburu bat idaztera. "Izan ere, nire ikerketa guztiek, nahiz eta printzipioz barnealdeko gaiak landu ditudan, ezinbestean eraman naute itsasora".

Gipuzkoako biztanleen eta itsasoaren arteko harremanaren hasiera XII. mendean kokatzen du Azpiazuk. "Ordu arte, gipuzkoarrek apenas zuten harremanik itsasoarekin". Mendearen amaieran hasi ziren kostaldeko herriak sortzen —Donostia, Hondarribia, Mutriku, Getaria... —, arrantza eta itsas merkataritza garatzearekin batera. "Eta, ordutik aurrera, ezin dugu Gipuzkoa barnealdeko garapena ulertu itsasoa kontuan izan gabe".

Izan ere, Los vascos se echaron al mar liburuan, batez ere, Gipuzkoa barnealdeaz hitz egiten du Azpiazuk. "Eta arrazoia oso sinplea da: hemengo lurra oso pobrea da, eta hemen, zerbait eskaintzekotan, burdina geneukan, lurpetik ateratako materiala, teknikariak, olak eta abar".

Azpiazuren arabera, "Gipuzkoako ibar guztiak, Oria ibarra, Zumaia ingurua, Zestoa, Debarroa... burdin biltegi handiak ziren". Gurdiz eta mandoz eramaten zuten burdina horietara, eta, gero, aterabidea eman behar zitzaien. Eta itsasoa zen aterabidea, itsasoa zen esportaziorako bidea, itsasoa zen mundura zabaltzeko atea. Europa iparraldera, Portugalera eta Mediterraneora eramaten zuten burdina, itsasoz. "Eta Sevillara. Sevilla zen burdina Ameriketara bidaltzeko atea". Eta eraman bezala, itsasoz ekartzen ziren atzerriko lehengaiak ere. Kostaldera iritsitakoak modu berean garraiatzen zituzten barnealdeko herrietara: mandoz eta gurdiz. "Europa iparraldetik, adibidez, oihalak ekartzen zituzten. Baina itsasoz etortzen zenari erreparatzen badiogu, garrantzitsuena arrantza eta balea olioa zen, garai hartako Iberdrola litzatekeena". Izan ere, argizaria oso lehengai garestia zen, eta balea olioa erabiltzen zuten Europa osoan argiztapenerako.

"Horrek mugimendu oso indartsua sortu zuen lurralde osoan itsasoari begira", dio Azpiazuk, eta, halabeharrez, herritarrak ere itsasora begira jarri zituen. Izan ere, baserrietan senide ugari izaten ziren, lurrak ez zuen denentzako beste ematen, eta maiorazgoan anaia zaharrena gelditzen zen baserriarekin. "Horrek gainerako anaiak beste irtenbide bat bilatzera behartzen zituen, eta irtenbide hori itsasoak ematen zuen. Baserririk ez zutenen kasuan, are gehiago. Arrantzontzietan, merkataritza ontzietan edo gerraontzietan topatzen zuten ogibidea".

Ildo horretan, ezin da ezkutatu arlo militarrak zuen garrantzia, Azpiazuk dioenez. "Gaur egun, ez dago ondo ikusita, baina, hemen, itsasora jotzen zuten asko Espainiako errege-erreginen aginduetara jarduten ziren. Andres Urdaneta Ordizian jaiotakoa zen; Miguel Lopez Legazpi, Zumarragakoa; biak barnealdekoak, biak militarrak".

Itsasoa ez zen aisiarako

Itsasoak bizimodua baldintzatzen zien Gipuzkoako biztanle askori, eta bizimodu horrek itsasoaren ikuspegia zehaztu zuen hainbat mendetan. "Izan ere, itsasoa ez zen aisiarako gunea, eta ezta hondartzak ere. Hondartzak jende askoren lantokia ziren, batez ere emakumeena. Haiek ez zuten imajinatu ere egingo hondartza beste ezertarako gune izan zitekeenik; hondartzaren ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptu bat da". Hondartzetan prestatzen zuten itsasontzietan ekarritako arraina, eta bertan konpontzen zuten arrantzarako tresneria ere. "Hondartza negozio gune garrantzitsua zen, eta itsasontziak ere hondartzan egiten zituzten. Donostiako irudi zaharretan ikusten da itsasontziak hondarretan bertan egiten zituztela".

Hogeita hamar urte baino gehiago dokumentu historiko eta artxibategietan begira jardun arren, beti izaten dira sorpresak, Azpiazuk nabarmendu duenez. Azken liburuari begira, itsasoko protesten inguruko agiriak topatu ditu, XIX. mendekoak. "Itsasontzi batek istripuren bat izaten zuenean, edo belaontzi bat galtzen zenean, edo ura sartzen zitzaienean, Donostiara etortzen ziren, eta agintari militarren aurrean protesta egiten zuten. Litekeena da protesta hori aseguruei begirako zerbait izatea, gertatutakoa beraien errua ez zela frogatzeko, eta asegurua gastu horren kargu egiteko".

Ipini siriar bat zure bizitzan

Danel Agirre
Zuri bezala, errefuxiatuak izurritea bailira tratatzen dituen Europa hau erdeinatzen duten ezagun hunkiberaz bete zait Facebook azkenaldian. Hango eta hemengo politikariekin ernegatuta daude, Siriako gerratik ihes egindakoak gurean har dit...

“Nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarko artzaina naiz ni”

“Nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarko artzaina naiz ni”

Aimar Maiz

Datorren urtean hogei urte beteko ditu Joseba Insaustik (Ordizia, 1977) artzain profesional hasi zela. Aralarren larratzen du artaldea, udaberri-udetan. Gazta Zaldibiako artegian nahiz mendiko txabolan egiten du. Aitortza egingo diote asteazkenean, Ordiziako Artzain Egunean.

Alimentos de España lehiaketan jaki onenaren saria irabazi zenuen, iaz, Otatza gaztarekin. Nabaritu al duzu horren eraginik?

Egia esan, bai. Handiegi ere gelditu zaigu. Espainia guztitik deitzen digute, gazta eske. Nire salmenta sistema ez da hori, baizik etxetik zuzenean bertakoei saltzea. Ordizian pare bat dendatan dago, eta Donostian batean. Kito. Hortik kanpora, sekula ez naiz ibili.

Paradoxa dirudi: denek nahi dute beren produktua onena izatea, baina zuen ekoizpen sistemagatik, ezin gehiago saldu. Oreka hori non dago?

Lehiaketetara ez gara aurkezten komertzializazio helburuekin. Asebetetze pertsonala izan da, batik bat; zure gazta onena edo onenetakoa dela esateak poza ematen dizu. Gure helburua ez da izan sekula lehiaketa bat irabaziz gero hortik hobeto saltzea.

Artzain eta gaztagile lanbidean egonkortuta zaude, beraz?

Nire kasuan, bai. Urte normal batean, urte erdirako jada gaztarik gabe egoten naiz. Nire helburua ez da izan erosle gehiago lortzea. Nahikoa dut dauzkadanak mantenduta. Izatez, urtero haserretu egiten zaizkit, geroz eta lehenago gelditzen garelako gaztarik gabe.

Mendiko gaztarekin irabazi zenuen Espainiako sari hura.

Bi gazta egiten ditut. Behean, betiko gazta egiten dut. Eta, gero, mendiko gazta. Bi ekoizpen bereizi dauzkat. Esnaurreta-Mendibilen daukat txabola [Aralarren, Zaldibiako lurretan], eta artegia Arrumuñon, Zaldibian.

Bietan edukitzen dituzu ardiak?

Ez. Lehen egiten zen bezala ibiltzen naiz: udazkenean, elurteak eta eguraldi txarrak bultzatuta, beheko haranera jaisten gara. Arkumeak orduan jaiotzen zaizkigu. Eguberri eta Urtezaharrean saltzen ditugu, eta orduan hasten gara gazta egiten. Maiatzaren 1ean, Aralarko larreen irekieratik berehala igotzen naiz mendira. Han egiten ditut denboraldiko azkeneko bi hilabeteetako gaztak, maiatzean eta ekainean.

Ikerketek erakutsi dute mendiak bere ukitua ematen diola han egindako gaztari.

Bai. Hemengo mendi inguruetan —Aralarren, Urbasan, Gorbeian...— beti bereizi da beheko ibarreko gazta eta mendiko gazta. Legez, bereizketa hori ez da inoiz babestuta egon, orain arte. Orain, Euskal Herriko Mendiko Gazta marka sortu da, Idiazabal jatorri izenaren barruan. Mendietan egiten eta ontzen den gazta babesten eta ezaugarritzen du.

Ibarrekoa ala mendikoa izan, aldea zerk ematen dio gaztari?

Faktore asko daude. Farmazia fakultatearekin kolaboratzen ari gara, eta ikerketa asko egiten ari dira. Larrea dago batetik, altuera, elikadura... Mendian, larre hutsean egoten dira. Esnealdiaren egoerak ere zerikusi handia du. Behean ere ez da berdina lehenengo esnea edo esnealdi bukaerakoa.

Zuk zeuk mendiko artzaintzat daukazu zeure burua?

Ordiziarra naiz neroni, baina artzain gisa ez naiz Ordiziakoa, artaldea ez daukagulako hemen, etxe inguruan daukagun egoeragatik [etxe eta errepide asko egin dituzte, San Joan auzoan]. Neguak Zaldibian pasatzen ditut, baina hangoa ere ez naiz. Artzain gisa nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarrekoa naiz. Ni Aralarko artzaina naiz, garbi daukat. Beti botako dut hori, harrotasun handiarekin, gainera.

Aurten ere igotzeko asmoz, ala?

Bai. Maiatzaren 1a igandea tokatzen da. Ez naiz Larraizko festara joaten; han ospakizun moduko bat egiten da 1998tik, ni hasi nintzen urtetik. Elurteren bat ez bada, egun horretan igoko ditut ardi batzuk, antzuak eta. Jetzardiekin astean zehar igotzea gustatuko litzaidake, 3an edo. Zer esanik ez, hori da nire egutegian gorri-gorri dagoen eguna, artzain gisa egun bereziena. Artaldea kontentuen ikusten dudan eguna da. Urtero hunkitu egiten naiz.

Ardiak, mendira doazenean, gustura jartzen dira?

Bai. Begirada aldatu egiten zaie. Dunbak eranstearekin bakarrik konturatzen dira, beste jarrera bat dute. Eta abiatzen direnean ezin dira gelditu. Uste nuen ni nintzela arraro bakarra, gauza horiek hunkitzen nindutena. Baina, ez. Ikusten dut beste artzain askori ere eragiten diela.

Badago, beraz, zerbait sakonagoa, naturaren dei bat edo?

Hor atzean kultura bat dago. Artzainek xehetasun pila bat zaintzen dituzte: zintzarrien dunbak, lepoko uztai tailatuak... Kuriositate guztiekin, tradizioa betez joaten dira. Hori asko zaintzen da.

Debagoiena. “Hemengoa zergatik ez Gipuzkoa osoan?”

Debagoiena. “Hemengoa zergatik ez Gipuzkoa osoan?”

Maite Alustiza
Ez da Arrasateri bakarrik dagokion kontu bat, ezta Debagoienari ere. "Askoz ere urrutiago doa: herria, eskualdea, Euskal Herria, estatu espainola, Europa, mundua; planeta, azken finean. Nahi badugu gure seme-alabak mundu honetan bizitzea...