gipuzkoa

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Negua dator, hotza; migranteek Mediterraneoaren barnako ihesaldian jasan beharko duten oztopo bat gehiago. Lesbosera iritsi nahi dute askok; bederatzi kilometroko tartea egin ohi dute, Turkiatik irten eta Egeo itsasoan, baina ez da beti egingarria iza...

“Inbertsio handiak” aurkeztu ditu Donostiako udal gobernuak

Eneko Goia Donostiako alkateak 377 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du; aurtengoa baino %5,34 handiagoa —horietatik 313 milioi dira udalarenak, eta gainontzekoa erakunde autonomo eta elkarteena—. "Inbertsio handiko aurrekontua" izango dela aurreratu du: "Nahiz eta gastu arruntak %1,83 handiagoak diren, kapital gastuak %19,74 handituko dira, eta, ondorioz, inbertsioak %32,64 handituko dira", adierazi zuen Goiak aurrekontu proiektua aurkezterakoan.

128 sail jaso dituzte aurrekontu proiektuaren zirriborroan, inbertsioak egiteko. Besteak beste, honako hauek nabarmendu dituzte: Urumea bideratzeko inbertsioak —bideratzeko bigarren fasea egiteko desjabetzeak, Txomin Enea...—; Altzako kiroldegia berritzeko inbertsioa, eta Morlanseko eraikina egokitzeko inbertsioak. Era berean, hiria hobetzeko zerbitzuen gaineko sailak ere handituko dituzte; esaterako, bideen garbiketarako saila %7,72 handiagoa izango da, eta parke nahiz lorategiak mantentzeko saila %3,33 handituko dute.

Aurrekontu proiektuak gizarte zerbitzuetarako baliabideak "indartzen" ditu, Goiaren arabera: "Gizarte larrialdietarako laguntzen gaineko aurrekontu sailak berdin jarraituko du, baina horien ezustekoetarako saila 559.000 eurokoa izango da".

Horrez gain, Europako Hiriburutzari ekarpena egingo dio udalak: 2016 fundazioari 4,9 milioi, eta beste 5 milioi euro hiria behar den bezala prestatzeko.

Abenduaren 3ra arte zuzenketak aurkez dakizkioke aurrekontu proiektuari, eta abenduaren 22ko udalbatzarrean behin betiko onarpena ematea espero dute.

Urre beltzaren asteburua

Urre beltzaren asteburua

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltz esaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat "erakusleiho garrantzitsua" da: "Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da".

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna "oso atzenduta" zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu "estimatua" dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, "oso errotua" dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak "identifikatzen" dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: "Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi". Kalitateari dagokionez, ordea, "azken lau urteetako babarrunik onena" dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan "eguraldi arraroak" egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori "berehala apurtu zen", lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak "EAEko eremu berdean" ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: "Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?".

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara "ohitu gabe" dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta "berezia" izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra "analizatu" egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du "hektarea bat eta erdi edo bi eskas". Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

Errefuxiatuak gogoan, “oihu solidarioa” Errenteriatik

Mundu osoan altxatutako hamaika harresitan pitzadurak eragiteko asmoz sortu zuten Mikelazulo elkartekoek Herrien Astea, orain 21 urte. Ordutik, temati aritu dira urtero-urtero elkarteko kideak, harresiak suntsitzeko ahaleginean ez ezik, baita harreman...

Xanpaina, emakumerik gabe

Xanpainarekin dugun harremana arras berezia da gurean. Ospakizunetan baino osoki gozatzea ez dagokigun edabe esklusibotzat dugu. Handikiek noizean behin tragoxka ttipi bat egitera baimenduko baligute bezala tratatzen dugu. Ez delako berez guretzat. Ab...

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

Gordea du Txomin Garmendiak (Berrobi, 1934) 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan.

Nola hasi zen bertsoarekiko hartu-emana?

Aita zena oso zalea zen. Feriatik bertso paperak ekartzen zituen, eta nik ikasi. Nire konturik maiteena bertsoa zen garai hartan. Tabernan hasi ginenean oraindik ere gehiago zaletu nintzen. Nik Belauntzan ikusi nituen lehen aldiz bertsolariak. Meza berri bat zen, eta hiru ibartarrek kantatu zuten: Zume, Beltza eta Eusebiok. Haiekin batera Mitxelena zaharra aritu zen. Gogoan dut lan ona egin zutela laurek.

Eta zure lehen plaza?

Jaioterrian egin nuen. Orduan oso indarrean zeuden Elizaren inguruko luistarrak eta amaren alabak. Luistarrek festa bat antolatu zuten ekain inguruan, eta Mitxelena eta Eizmendirekin kantatu nuen. 1952. urtea zen, eta herriko bezala gonbidatu ninduten. Lotsa ederrak pasa nituen, 18 urte besterik ez nuelako; artean hasi berria, nola egingo nuen ba nik ondo bertsotan?

Ba al zenuten, garai hartan, txapelketaren entzutera?

Aita zenak esanda bagenekien gerra aurretik bi txapelketa famatu izan zirela. Pello Errotak eta Txirritak parte hartu zutela ere esaten ziguten. Geroago, 1959an jaso genuen guk gonbidapena Gipuzkoako lehenengo txapelketan parte hartzeko.

Nola jaso zenuen zuk gonbita?

Zazpi izan ginen Eibarren txapelketan kantatu genuenak. Uztapide, Mitxelena, Lasarte, Zepai eta Joxe Lizasorekin batera, bi gazte: Joxe Agirre, luistarren txapelketa batean garaile atera zena Aginagan, eta ni neroni, Ordizian, euskal jaietan, Gipuzkoako gazteen txapelketa irabazi nuena.

Gogoan al duzu zein gairi kantatu behar izan zenioten?

Mogel zenaren omenez antolatu zuten txapelketa. Alfontso Irigoien izan zen aurkezten. Lehenengo agurra bota ondoren, "orain bertsolariek bederatzi puntuko bertsoa botako dute Mogelen gorantzan", esan zuen. Uztapide eta Lasartek esan zuten ez zela hori bat-batean bertsoa kantatzeko gaia. Orduan, Irigoienek nahi genuen neurri eta bozean kantatzeko baimena eman zigun. Ni ez nintzen haserre. Hala ere, Mitxelenak bere txanda iritsi zenean bederatzi puntukoa bota zuen. Basarrik La Voz de España-n txapelketa jokatu zen egun hartan bertan idatzi zuen Txirrita zenak behin ere ez zuela bederatzi puntukorik kantatu ahotik gora, eta ez zitzaigula bertsolarioi horrelako lanik eskatu behar. Hori irakurrita joan ginen txapelketara. Gerora, egunkarian Basarrik aitortu zion Mitxelenari egindako ahalegina, baina jarritako gaiari ez ziola erantzun aipatu zuen.

Zein ibiltzen zen garai hartan epaimahaikide?

Bordari, Aita Zabala, Emile Larre, Jexux Lete, Xabier Amuriza... horiek denak aritzen ziren garai hartan. Harri jasotze edo aizkora txapelketa bat epaitzen erraza da, erlojuari begiratu eta kito. Baina bertsolariak buruz lan bat du egin beharra, eta hor bakoitzak bere iritziak ditu. Epaimahaiko batek bertsolaria bere herrikoa badu, barruak bultzatuta, nahi ez duela ere, haren alde egingo du.

Aurrez jakiten al zenuten zein ariketa egin beharko zenituzten txapelketan?

Ez, bat-batean izaten zen, eta ez genuen jakiten zein ariketa jarriko ziguten. Eskatzen zigutena betetzeko ahalegina egiten genuen guk. Gaur egun, txapelketan jende asko biltzen da. Bertso entzutera baino gehiago lagunartean egun eder bat pasatzera joaten da. Garai hartan, bertso entzutera joaten zen jendea; bertso zaletasun gehiago zegoen gaur baino.

Eta zein motatako entzulea joaten zen?

Baserri munduko jendea zen gehienbat bertsozalea, eta emakumerik bat ere ez. Amorrazio franko emanda gaude bertsolariak plazan. Soinu jolea isildu eta gure saioa hasten zenean neska gazteak haserretu egiten zitzaizkigun haien festa moztera gentozelako. Gogoan daukat oholtzatik jaitsi eta emakume batek nola esan zigun behin: "Qué asco!".

67an txapela jantzi zenueneko txapelketa hartako bertsorik ba al duzu gogoan?

Ez, ez dut ia bat ere gogoan. Atano X.ari buruzko gaia jarri zigutela bai, eta Azkarateri buruz beste bat ere bai. Baina nahikoa lan izaten genuen erantzuten, bertsoak gogoan hartzeko. Gaur bezalako aurrerapenik ez zegoen orduan, baina 59ko txapelketa hartan badakit magnetofonoak egon zirela. Ez dakit bertso haiek nonbait jasota egongo ote diren.

Txapeldun geratu ondoren, ospakizun handiak egin zenituen?

Gaur adina garrantzirik ez zitzaion ematen txapeldun ateratzeari. Gaur gorantza eta txalo gehiago dauzka txapeldunak. Gure garaian, "saio bat gehiago egin diagu, eta segi aurrera", horrela pentsatzen genuen.

Zeinek jantzi zizun txapela?

Tomas Odriozolak jantzi zidan. Orduan, Tolosako alkateorde, edo gradu handikoa zen. Leidorren jokatu zen txapelketa hura.

Zuk aro berriko txapelketetan ere parte hartu izan duzu. Aldaketa handia sumatu zenuen?

Behin Amuriza giro horretan sartu zenez gero, pixkanaka gaiak aldatzen joan ziren. Duela 50 urte nire pentsaeratik gaur egungora aldea egongo da, baina ez hainbeste. Orduan, zortziko handian, hamarreko handian eta zortziko txikian aritzen ginen. Eta gaur ere nik era horretara kantatzen dut. Orain, habanera eta doinu berri asko dabiltza, neurri luzekoak. Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntuko bertsoa botatzen. Zer esan behar duzu horren aurrean? Ni ez naiz, behinik behin, horretarako gauza.

Neurri eta doinuetan aldatu da bertsolaritza. Beste ezertan?

Menditik kalera jaitsi da bertsolaritza. Hor derrigor behar du aldaketa bat. Gaietan mudantza bat gertatu da, eta hori bertso eskolak ekarri du. Gaurko gazteak buruz argituta eta preparatuta daude.

Hain zuzen, zuk belaunaldi berriko bertsolariekin 1999an parte hartu zenuen herriartekoan.

Ondo moldatu nintzen. Azken arte joan ginen aurrera. Txapeldun Zarauzko taldea atera zen, eta gu bigarren geratu ginen. Nahiko meritu izan genuen. Lagun onak nituen, txapelketarako ni baino hobeto prestatuta zeudenak. Irazu oso bertsolari herrikoia da, eta Agirre nirekin ibili zen ikasten. Maila eman genuen. Hasieran, nahikoa kezka banuen hainbeste jenderen aurrean aritu behar izateagatik, baina ondo salbatu genuen txapelketa hura.

Eta gaur egungoak jarraitzen al dituzu?

Bertsolari gazte horiek ugaritu dira basoan perretxikoa bezala. Denak ez ditut ezagutzen. Ni ere ez naiz garai batean bezala festara ateratzen. Baina pozik nago, euskarari bultzada handi bat bertsolari gazte horiek ematen baitiote.

Faboritorik ba al duzu aurtengo txapelketarako?

Ez. Bertsolari bat juzgatzeko saio asko entzun behar zaizkio. Asko jota saio bat edo bi entzun dizkiet bertsolari gazte horietako askori. Hortaz, ez noa bustitzera gai horretan.

Nazio foraleko migratzailea naiz

Mugaldean bizi izanda, eta nire herrialdean lanik aurkitzen ez dudanez, migratzaile bihurtuta nago eta ondoko herrialdera nabil lanean. Zortez, ez dut etxea laga behar izan, migrazio hori egunerokoa delako. Horregatik, muga egunean birritan zeharkatzen dut, joan-etorrian. Hori gertatzen zaigu migratzaile ekonomikooi, nahi baino gehiagotan pasa behar ditugula fronterak, ikusezinak badira ere.

Gure muga Schengen eremuan dago; beraz, mugimendu askatasuna bermatzen digu; baina ez da estatuen artekoa, ez dut pasaporterik aurkeztu behar igarotzeko, ez nortasun agiririk. Komunitate autonomoen artekoa ere ez da. Autonomia estatutu bera dugun herrialde biren gainean nabil etengabe. Nazio foral bateko taifen erreinuen arteko muga zeharkatzen dut lan egiteko.

Lurralde antolaketa hau zoramena da; nire iritziz, probintziakeria zentzugabea hain territorio txikian. Foralitate honek kaltea baino ez baitigu eragiten, batez ere naturalki probintziaz —bai, probintzia, ez dut lurralde historikoa idatzi nahi, demontre!— sarritan aldatzen dugunoi. Ez du ez hanka, ez buru.

A-8 autobidean dugu adibide garbia. Gipuzkoarra izanda, Gipuzkoarantz egingo banitu bidaiak, 35 euro ordainduko nuke tope hilean. Bizkaitarra banintz, ordea, eta Bizkairantz egingo banu, deskontua izango nuke. Baina gipuzkoar honek Bizkaiko herri bat duenez helburu, eta autopista bera erabili arren, ez dut ez deskontu ez toperik; kontrara, kontu korronte hustuketa. Berba batean, lapurreta egiten digute; ostea baita arantzel hori ezartzea, pertsona mugimendu librea beharko lukeen eremuan. Gainera, mugaldekoak zigortzen gaitu, hartu-eman naturalak ditugunok alderdi bien artean.

Badakit nazio forala eta aldundiak aldarrikatzen dituztenak ez daudela independentziaren alde, baina egunen batean lortuko bagenu, hori horrela geratuko litzateke? Jarraitu beharko genuke garraio-txartel bi izaten, bata ala bestea erabiltzeko bidaiaren arabera? Prezio desberdinekin? Tira, independentzia iritsi barik ere, burugabekeria hutsa da. Nahiago nuke nazio forala aldarrikatu beharrean, nazio florala —barkatu hitz joko erraza— aldarrikatuko balute; berdeago eta porlan gutxiagorekin izango litzateke, sikiera!

Dena den, herritarron dirutxoak edota erosotasuna garrantzitsuak izan arren, inork pentsatu du honek zelako eragina duen Autonomia Erkidegoan, Baskonian, Euskadin, Euskal Herrian, edo dena delakoan? Trinkotzeaz dihardut, sendotzeaz. Barne kohesiorako oztopoa eta enbarazua baino ez da. Harri bat gehiago naziogintzaren bidean. Txokokeria indartzen duelako; identitate hutsalak, oinarri gabekoak hauspotzen. Zoramen absolutua.

Era berean, konspiranoiko jarrita, galdetzen diot neure buruari zein interes ezkutu dauden proiektu ero honetan. Hori bultzatzen eta babesten dutenek zer duten kaskoan. Zer dela-eta desberdintasun arrazoi gabe horiek kilometro gutxitan? Erantzunak baino, galdera besterik ez dut.

Kontua da, horrela segituz gero, laster, Euskadi foral honetan check point-ak jarriko dizkigutela probintzien artean! Edo Bidasoan zegoen antzinako muga; txapel okerrak izan beharrean, mikelete eta foru poliziak. Karta berdea ere atera beharko dugu, eta kontrabandistak berpiztu! Tira, arantzelak pagatzen ditugu dagoeneko!

Barne mugek estutzeko baino ez dute balio, eta estutasunak ito baino ez du egiten!