gipuzkoa

Euskal zinemagileen harrobia

Euskal zinemagileen harrobia

Baserri giroan kokatutako film luze bat egiteko ideia aspaldidanik dauka buruan Iker Azkoitiak, eta euskaraz grabatuko du. "Ez da Amama", dio barrez. "Aktoreak zeintzuk diren ere badakit, baina urte batzuk beharko ditut proiektua aurrera ateratzeko". Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren irabazlea da Azkoitia. Semeak lana saritu diote; bikote batek hizkuntzarekin dituen arazoak kontatzen ditu. Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluak antolatu du lehiaketa, Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldiaren barruan, eta BERRIAren babesa ere izan du. Euskara gaitzat zuten lanak aurkeztu behar ziren.

Lan aukerak sortzeko hasi zen film laburrak ekoizten eta zuzentzen Azkoitia, aktore sentitzen baita zuzendari baino gehiago. "Oso zaila da mundu hau, eta ikuspegia zabaltzeko ongi etorriko zitzaidala pentsatu nuen". Madrilen interpretazioa ikasitakoa da, eta hantxe bizi da egun. Hypnos ekoiztetxean aritzen da lanean, eta Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astean Film in San Sebastian saria lortu zuten iaz, Copygram lanarekin. Aktore gisa Goenkale-n ibilitakoa da, eta Píntame obra aurkezten ari da une honetan.

Semeak film laburrean etorkizunean izango dituzten haurren izenen inguruan hausnartzen du bikote batek. Horietako bat, ordea, arduratuta dago, bikotekideak euskaraz ez dakienez haurrak ezingo dituztelako berak nahi bezala hazi. Protagonistak dutxan istripu bat izan, eta berriz ere ikasi beharko du hitz egiten, eta espero gabeko zerbait gertatuko da orduan.

Istorioaren gaia gertukoa egiten zaio Azkoitiari. Aita euskalduna du, baina ama, madrildarra. Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaioa da, baina 13 urterekin Malagara joan zen bizitzera familiarekin. Zortzi urte inguru daramatza Madrilen. "Goenkale-rako deitu zidatenenean euskara pixka bat galdua nuen. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari: haurrak izaten baditut zer egingo dut hizkuntzarekin? Hori da nire beldurretako bat".

Moriarti ekoiztetxea du oso gustuko Azkoitiak. Iaz Loreak ikusi zuenetik, batez ere. "Moriartin aktore gisa lan egitea izango litzateke nire ametsetako bat". Jon Garaño Loreak-eko zuzendaria egon da, hain zuzen, lehiaketako epaimahaikide —Maialen Beloki Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidearekin eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera—, eta horrek ilusioa areagotu dio Azkoitiari. Hizkuntza ikasteko "beste ikuspegi bat" azaltzen duela eta hainbat topiko hausten dituela nabarmendu dute epaimahaikideek.

Eskozian euskaraz

Patxi Basaberen Lasterketa filmak irabazi du bigarren saria, lanak duen kalitate teknikoarengatik, eta Peru Galbeterentzat izan da hirugarren saria, Josuneren bidaia-rengatik.

Lehiaketara aurkeztutako film laburra Edinburgon grabatu zuen Galbetek, urtebeteko egonaldi batean. Hantxe ezagutu zuen Alan Hunter, film laburreko protagonista. Eskoziarra da Hunter, baina Tolosako neska-lagun ohiaren eraginez, euskaraz ikasi du. Edinburgoko lagunei euskararen inguruko azalpenak ematen agertzen da bideoan, eta abestu ere egiten du, musikaria baita Hunter. "Oso pertsona berezia iruditu zitzaidan, karisma handikoa". Epaimahaiko kideen aburuz, ideia oso interesgarriak agertzen dira lanean, beste beste, komunitateko kide izateko hizkuntza jakitearen beharrarena.

Aurretik hainbat proiektutan jardundakoa da Galbete. Andoainen irudia eta Bilbon argazki zuzendaritza ikasketak eginak ditu, eta La Noche del Ratón filmean argazki zuzendari ibili zen. Hainbat jaialditan aurkeztu dute lana. Egun Sonko Film ekoiztetxea du Galbetek.

Amateurren atalean Mattin Zeberioren Nire eguneroko hautuak izan da garaile, eta bigarren saria Egoitz Albizuk eraman du, Balu eta balitz-ekin. Hirugarrena Ainhoa Merinoren Zentzu guztietan-entzat izan da.

Egin duen lehendabiziko film laburra izan da Albizurentzat, "abentura" bat, eta asko poztu da sariarekin. Hamarkada batzuk aurreratu, eta etorkizunera bidaiatzen du. Gizon baten ikuspegitik eta oroitzapenak tartekatuz, euskara galduta dagoen errealitate gris bat irudikatzen du. Epaimahaiak nabarmendu du filmak mezu interesgarria zabaltzen duela; erabaki egokiek baldintzatzen dutela hizkuntzaren egoera etorkizunean.

Albizu errealizazio ikasketak egiten ari da Andoainen, eta horregatik aurkeztu du lana amateurren atalera —norberak aukeratzen zuen nora bidali—.

Euskaraz sortzailea izatea

Euskal zinemaren egoeraz hitz egitean baikor agertu dira hiru gazteak. Sektorea garai onean dagoela uste du Azkoitiak. "Loreak Oscarretarako hautatu dutela ikusteak oso harro eta pozik sentiarazten nau".

Galbeteren aburuz, lehiaketa hauek euskarazko ekoizpenak bultzatzeko balio dute. Urtetik urtera aurkeztutako lanen kopurua ugaritu egin dela dio. "Kalitate oneko lan asko aurkeztu dira aurten". Proiektuak euskaraz egiten jarraitzeko asmoa du berak, ahal duen gehienetan. Hala ateratzen zaiola dio, euskaraz pentsatzen duelako, eta eguneroko bizitzaren zati handi bat euskaraz egiten duelako. "Barnetik sortzen zaizun proiektu bat, maitasuna jartzen duzun hori, zure hizkuntzan egitea iruditzen zait naturalena".

Gainera, hizkuntza gutxitu batean jarduteak ez duela zertan baldintzatu uste du Galbetek. Lana kalitatezkoa bada ez du inolako arazorik ikusten zabaltzeko orduan. "Filmetan azpidatziak jar daitezke, eta ez dago inolako arazorik".

Albizuren aburuz, hasiberriak ezagutzera emateko eta erakusleiho gisa aukera onak dira halako lehiaketak. "Egunerokoan euskaraz aritzen naiz, eta ez litzateke arraroa izango hurrengo proiektua ere euskaraz egitea". Gaineratu du film labur dezente egiten direla euskaraz, baina komunikabideetan ez dutela hainbeste oihartzun lortzen. Ikusleengana iritsi aurretik galtzen dira. "Sektorean dabiltzan euskaldunek sare bat osatu beharko luketela iruditzen zait".

Hirurek amesten dute egunen batean Donostiako Zinemaldian film luzeren bat aurkeztearekin. Azkoitiak argi du iraupen luzeko lasterketa bat dela dena. "Burugogorra izanda lortzen dira gauzak. Ikasteko eta gozatzeko gaude, azkenean".

@ Irabazleen film laburrak ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.euskarazbizinahidut.org.

Gazterik gabeko gaztetxeak

Kortxoenea zabalik mantentzen ari diren guztien artean, mugimendua elur bola bilakatu zuen pertsona oharkabean pasatzen ari da kronika, txio eta atxikimendu zerrendetan. Tabakalerako inaugurazioa boikotatu eta inside job bat eginaz Pottors ta Klito pr...

Bizikleta, herritik ibiltzeko alternatiba

Europako Mugikortasun Astearekin bat egin dute Gipuzkoako zenbait herritan. Hilaren 16tik joan den asteartera arte, askotariko ekintzak egin dituzte lurralde osoan. Anoetan, berrehun lagun baino gehiago batu dira bidegorrietatik egindako Bizibira ibilbidean; Tolosan, bizikletak konpontzeko aholkuak jaso dituzte haurrek —irudian—; eta Hondarribian, haur eta gazteentzako ginkana egin dute. Donostian ere jarduera ugari izan dituzte: besteak beste, 12 kilometroko bizikleta martxa batean parte hartu dute 800 ikaslek eta 70 irakaslek.

Erditze baten soka luzea

Erditze baten soka luzea

Errutinara itzultzeko egunek mikatzetik asko izan ohi dute ume jaioberri baten sendian. Samuel Prada Valle haurraren familiarentzat joan den irailaren 1a nola hala hasi bazen ere, egun hura irribarre gozoz oroitzen dute orain, euren bizitzetako eguteg...

Ezezkoen iraultza, eszenan

Ezezkoen iraultza, eszenan

Beti da posible ezetz esatea. Beti da posible, duintasunik eta askatasunik ez dagoenean; beti da posible, desberdintasunak daudenean". Kontua da nola egin. Roberto R. Aramaio irakasleak bere egin ditu Javier Mugerza filosofoaren hitzok, eta disidentearen figurari erreparatu dio: "Disidentea ez da fanatikoa, ez intolerantea. Sistema barrutik hitz egiten du, ihes egin gabe".

Beste hainbat arlotan bezala, zineman ere ikuspegi ezberdinetatik jorratu izan da disidentzia. Horretaz aritu dira, hain zuzen, Aramaio bera, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Javier Rebollo eta David Trueba zinemagileak. Zinema ideiak eta zinema ideiaduna zikloan parte hartu dute aste honetan, Donostiako San Telmo museoan. Saioan aipamen berezia egin diote Pier Paolo Pasolini zinemagile disidenteari, egunotan hari eskainitako erakusketa jarria baitute museoan —urriaren 4ra arte bisita daiteke—.

"Disidente batekin" hasi da mahai ingurua, hain justu: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria parte hartzekoa zen, baina azken orduko gorabeherengatik huts egin du.

BIZITZA BERDIN ZINEMA

Berdin gertatzen da zineman zein bizitzan: ezetz esatea ez da popularra. Rebollok dioenez, ezetzak deseroso sentiarazten du: "Ezetz esan beharra aktore bati, neska-lagunari... ez da ondo ikusten". Disidentearen nahia, baina, ez da kontrako aldean jartzea, hitza erabiltzea baizik: "Ezetz esan nahi du. Ezetza ezetzagatik".

Adibide gisa, txikitan aitarekin izandako elkarrizketa bat ekarri du Rebollok gogora. Hala galdetu zion behin aitari: "Zergatik eraman nauzu apaizen eskola batera, zu ateoa eta marxista izanda?". Eta hark erantzun: "Zerbait kritikatzeko, ondo dator hura gertu izatea". Irakaspen hura entzun ondoren ezetz esaten ikasi zuen; jaunartzean, denak marinelez zihoazenean, bera bakeroetan; eskaut kanpamentuetan, mutilekin egon beharrean, nahiago neskekin. "Oso ondo zergatik jakin gabe ere, ondo dago ezetz esatea, pauso bat atzera ematea, eta, gero, norbere buruari zergatia galdetzea".

Film bat grabatzerakoan ere, dena prest dagoenean, aldaketatxoren bat egitea proposatu du: "Eta beste modu honetara egingo bagenu…?". Rebolloren ustetan, ez da zertan mundua buruz behera jarri; nahikoa da sistema barrutik guztia pixka bat aldatzearekin. "Denean balio du horrek: sukaldean, amodioan, politikan...".

ZINEMAGILEEN ROLA

Disidenteen eta politikaren arteko loturari erreparatu dio Fernandezek. Zinemagile edo artistak botere politikoaren aurka iruditu ditu, eta joan den hileko albiste bat jarri du adibidetzat: Oleg Sentsov Ukrainako zinemagileari hogei urteko zigorra jarri dio Errusiako Justiziak, "terrorismoagatik".

Botere politikoekiko harremanez aparte, zinemaren bitartez gizartearengan eragin dezaketenaz ere ari da Trueba. "Artista, idazlea, zinemagilea... oso garrantzitsua da. Une oro gizartearekin dago harremanetan, dituen kontraesanak gogorarazten". Jean Renoir zinemagilearen esan bat erabili du kontraesan horren adierazle; hala zioen: "Harritu egiten nau klase pobrearen miseriak ikusten dituenean gozatu eta negar egiten duen publiko horrek, baina gero etxera iritsi eta neskamea kaleratzea, haurdun geratu delako".

Zinemagileak eurak ere zinemaren negoziazioaren aurrean izan daitezke disidente. Truebak dioenez,negozioak "perbertsio bat inposatzen dio zinemagileari", eta zinemagileak horrekin bizi behar du. "Katean, batzuen interes handiena dirua irabaztea da". Haren arabera, ordea, zuzendarien nahia ez da normalean hori izaten, lanari eustea eta nahi dutena egitea baizik. "Perbertsioa dago bere interesa dirua irabaztea bilakatzen duenean; irakurtzen duguna bildutako dirua da, obraren bedeinkazioa. Horren aurrean errebelatu behar duzu. Disidentzia da zinemaren negozioari gogoraraztea ez dela negozio bat bakarrik".

TESTUINGURUAN, ETA KANPO

Film edo bestelako sorkuntza bat egiterakoan, berebiziko eragina du testuinguruak. Alde horretatik, artearen mundua "krudela" dela dio Truebak: "Testuinguruak behartzen zaitu dagoenarekin toreatzera eta hor irautera, baina jakinda hori inoiz ez dela balio bat izango. Urteetara izango duen balioa obra hutsarena izango da; obrarena, biluzik".

Rebollo ez dago guztiz ados: "Bai, baina ez. Saber perder zure liburuak [2008] gauza ezberdin bat adieraziko du orain eta hemendik berrogei urtera", mintzatu zaio Truebari. Obra sortu zen testuingurutik kanpo, Rebollo konbentzituta dago pelikulak berriro ikusi behar direla, liburuak berriro irakurri behar direla. "Pasoliniren erakusketak ere gauza ezberdinak esaten ditu Erroman, Parisen, Bartzelonan edo hemen ikusita...".

DISIDENTE EUSKALDUNAK

Inguruan badira disidente izandako zinemagileak ere. Euskadiko Filmategiko zuzendariak egin die errepasoa. Hala dio Nemesio Sobrevilari buruz: "Erbestera atera behar izan zuen, eta horrekin bere ibilbide profesionala amaitu zen; ez zuen gehiago filmik egin". Fernandezen ustetan, 36ko gerraren inguruko pelikula interesgarrienetako bat harena da: Guernika (1937).

36ko gerrak "basamortu" bihurtu zuen Euskal Herria zinemagileei dagokienez, gehienek erbestera ihes egin behar izan baitzuten. Eloy de la Iglesia aipatu du disidente gisa, eta Jose Maria Zabalza, eta Elias Kerejeta. Azken hori "zinema metaforikoaren ekoizle handia" izan zen Fernandezentzat. Disidentea guztiz, batzuek "disidente moderatu" gisa ikusten duten arren: "Veneziara, Berlinera eta Cannesera joaten zirenean, frankismoaren kontrako eraso bezala ikusten ziren haren filmak, argi eta garbi".

Orduko arazo eta trabei alde onak ere ikusten dizkie Truebak: "Espainian arazo bat zekarkionak atzerrian bertute bat ematen zion". Azken urteetan Irango zinemarekin gertatzen denarekin konparatu du: "Jendeak ulertzen du barruko matxinada batetik sortutako zerbait dela".

PASOLINI

"Guztiaren disidente" izan zen Pier Paolo Pasolini: bere sexualitatearen disidente, hizkuntzarena, zinemarena... Asko sufritu zuen. Haren erradiografia azkar bat egin du Rebollok: "Isila zen, zuhurra. Komunista eta homosexuala, abortuaren aurka zegoen, friuleraz idazten zuen, aita gorroto zuen militar faxista bat zelako… Garai oso zaila bizitzea tokatu zitzaion: II. Mundu Gerra amaituta, demokrazia kristauak irabazi zuen pentsatzen zenean komunistek irabaziko zutela, diktadura demokratikoa iritsi zen…". Alderdi komunistatik egotzi zuten homosexuala zela jakin zutenean.

Disidentziak ere badu norberarekiko eta ingurukoekiko oposizioa; nork bere buruari galdetzea, "zer egiten ari naiz?", eta errebelatzea. Pasolinik bizitako pasarte bat gogora ekarri du Truebak adibidetzat: 1968ko maiatza zen. Iraultzak zeuden Frantzian, unibertsitate giroan, ikasle eta langileak botere burgesaren kontra. Momentu horretan bertan, Europa erdialdetik erbestera joan ziren hainbat zinemagile ezagun, Milos Forman tarteko. Hark kontatzen zuenez, komunismotik ihesi Parisera heldu zenean, gazte batzuk topatu zituen komunismoa eskatuz. Erotuta baleude bezala begiratu zien. Istiluak izan ziren bi aldeen artean, eta Erromatik, honela esan zuen Pasolinik: "Ni polizien alde; horiek ere langile klasearen semeak dira". Istiluen biharamunean idatzitako poema bat errezitatu du Rebollok: "Manifestariak etorkizuneko burgesak zarete, zuek gidatuko dituzuelako etorkizuneko enpresak […] Atzo zuek zineten aberatsak, eta poliziak ziren pobreak".

2,5

Gipuzkoan arrantzatutako hegaluzea, milioi kilotanHegaluzearen kanpaina oraindik amaitu gabe dagoen arren, emaitza onak ari da izaten. Batez ere, iazko kanpainarekin alderatuta, inoizko txarrenetakoa izan baitzen. Aurten, dagoeneko 2,5 milioi kilo heg...