Bertso-Elkarrizketak

Iñaxi Etxabe: “Maialenek txapela irabazi zuenean salto egin nuen etxean”

Iñaxi Etxabe: “Maialenek txapela irabazi zuenean salto egin nuen etxean”

Gorka Erostarbe (Berria) Etxeko txoko askotan ditu barreiatuak berak sortu eta idatzitako bertsoak Iñaxi Etxabek (Oikia, Zumaia, Gipuzkoa, 1933). Maitasun berezia die 10 eta 14 urteko bi bilobei jarritakoei. «Haiek amonari oraindik ez diote bertsorik eskaini, baina bat ari omen da dagoeneko…». Zarautzen bizi da, eta ikusteko moduan jarriak ditu bertso horiek etxeko egongelan. Orain...

“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten”

“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten”

Azkenetan da 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 1959ko lehen ekitaldi haren tankera gutxi du aurtengoak, 56 urteko ibilbidean formatuak aldaketa handiak izan dituelako. Baina orain arteko 11 ekitaldion artean, bada bat oso berezia: 1999ko Herri Artekoa. Bertsolariak, buruz buru aritu beharrean, herriz herri osatutako taldeetan lehiatu ziren.

Andoni Egaña, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Julen Zulaikak osatutako Zarautz Jai Txiki eta Txomin Garmendia, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirrek osatutako Erniope taldeak iritsi ziren finalera. Zarauztarrak izan ziren txapeldun. "Festa handi bat" izan zela nabarmendu du Mantxik (Zarautz, 1977).

Nola gogoratzen duzu finaleko egun hura? Nolako oroitzapenak dituzu?

Oroitzapen oso politak. Nahiz eta herri artekoa izan, final bat zen. Ni gazte samar harrapatu ninduen, eta Julen Zulaika are gazteago. Andoni Egañarekin geunden taldean, Sebastian Lizasori, Aitor Mendiluzeri eta Jokin Sorozabali-eta kanporaketetan irabazita, eta aparrean geunden, lainoetan. Finaleko eguna ailegatu zen, eta Azpeitiko Izarraitz pilotalekua toperaino beteta zegoen. Gogoratzen naiz Txomin Garmendia aulkitik jaiki eta guri bostekoa ematera etorri zela, eta jendea barrez lehertu zela saioa hasterako. Festa handi bat izan zen. Irabazi egin genuen, baina irabazi ez bagenu ere... Hortik aurrerakoa oso ederra izan zen. Herrian ongietorria eta guzti egin ziguten.

Zergatik erabaki zuten txapelketa hura herri artekoa izatea buruz burukoa izan beharrean?

Erabakia zergatik izan zen ez dakit, baina bai hark bueltan zer ekarri zuen. Hiru bertsolari, epaimahaikidea eta gai-jartzailea behar ziren taldean. Horrek esan nahi zuen, herri bakoitzean, talde bakarra izanda ere, bost lagun mugitu behar genituela gutxienez. Eta haietaz aparte baita antolakuntzaz arduratuko zirenak ere, bertso eskolako jendea eta abar. Zarauztik, adibidez, bi talde aurkeztu ginen, hamar lagunek parte hartu genuen, eta horrek mugimendu latza sortu zuen herrian. Geroztik, txapelketetan gai jartzen eta epaile dabiltzanetako asko orduan hasitakoak dira.

1991ko txapelketak eragindako boom-aren ostean, apalaldi nabarmena izan zuen bertsolaritzak Gipuzkoan.

1991ko txapelketan bazen labealdi bat oso inportantea, Sorozabal, [Mikel] Mendizabal, Egaña, [Iñaki] Murua, [Anjel Mari] Peñagarikano, Sebastian [Lizaso] eta haiena, [Imanol] Lazkano eta konpainiari lekua kentzen joan zirenena. Baina 1995eko txapelketan ez zuten parte hartu, eta hor egon zen trantsizio moduko bat. Ez zen txapelketa txarra irten, baina jende askok zioen haien hutsunea antzeman egin zela. Txapelketa hura Mendiluzek irabazi zuen, eta ordurako oso indartsu zebiltzan Irazu, [Maialen] Lujanbio eta beste batzuk. Denborak erakutsi du, errezeloak errezelo, orduan muturrean ibili zirenak sekulako bertsolariak irten direla.

Herri Arteko Txapelketa izan al zen beheraldi horren kontrako errezeta?

Horrelako zerbait. 1999ko txapelketak, beste gauza batzuen artean, jendea mugiaraztea ekarri zuen, eta beste boom bat eragin zuen, 1991koaren antzekoa. Harrezkero, bertsolaritza berriz ere oso goian dabil. Labealdi berriak izan dira, eta ez Gipuzkoan bakarrik. Iparraldean, lehen, txapelketarik ere ez zuten egiten, Nafarroakoekin batera kantatzen zuten, eta orain euren txapelketa dute.

Txapelketa hartako parte hartzailerik gazteenak 18 urte zituen, eta zaharrenak, 71. Belaunaldien arteko harremanak lantzeko balio izan zuen?

Bai, dezenteko eragina izan zuen transmisioan ere, asko erraztu zituen belaunaldien arteko harremanak. Adibidez, gogoratzen naiz talde batean zirela Jokin Uranga, Anjel Larrañaga eta Joxe Agirre. Pentsa adinean nolako aldea zegoen batetik bestera. Beste batean ziren Txomin Garmendia, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre. Garai bateko bertsolaria zen Garmendia, eta beste biak, gazte-gazteak. Edota Sebastian Lizaso, Andoni Larrañaga eta Leire Ostolaza. Nahasketa haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten.

Aurtengo txapelketan, final-laurdenetan gelditu zara. Gustura zaude egindako lanarekin?

Gustura ezin naiz egon. Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Beasainen, saioaren erdian konturatu nintzen hura txapelketako saioa zela. Gaizki ari nintzen, eta pixka bat esnatu eta nahiko puntuazio erosoarekin egin nuen aurrera, baina larri sentitu nintzen. Errenteriako saioan, berriz, oso gustura hasi, eta kartzelakoak ihes egin zidan, erabat. Neure buruarekin gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako. Baina egin beharrekoa momentuan bertan egin behar da.

Gazteak indartsu datoz.

Bai, oso lotsagabe eta oso indartsu.

Norbait nabarmenduko zenuke?

Eneritz Artetxe, adibidez. Ezagutzen nuen Lizardi Sarietatik, baina Arrasateko saioan harrituta utzi ninduen erakutsi zuen jarreragatik. Baita Unai Mendizabalek ere. Haren aditzera banuen, baina ia ez nuen ezagutzen, eta oso bertsolari fina ikusi dut, graziaduna eta txisparekin. Oihana Iguaranekin ere ezustea hartu dut, oso inpresio ona eman didalako.

Ustekabe txarrik izan duzu?

Neure buruarekin aurrenekoa. Eta nork esango zidan niri Irazu eta Jokin Uranga ere horren azkar kanporatuko zituztenik?

Finalerako zortzikote bat?

Alaia Martin, Agin Rezola eta Unai Agirre barruan daude. Beñat Gaztelumendi ere bai daukan puntuazioarekin, eta Iñaki Apalategi ere hor nonbait. Jon Maiak bereak eta bi egingo ditu Eibarren. Eta nahiko nuke beste bietako bat behintzat zarauztarra izatea.

“Hasiberriak bertsotan bakarrik egin behar du; beteranoak, saioa”

“Hasiberriak bertsotan bakarrik egin behar du; beteranoak, saioa”

Bertsoaren jiran bizi da Aitor Mendiluze (Andoain, 1975). Hogeitik gora urte daramatza plazaz plaza eta gaztetxoei bertsolaritza irakasten jarduten da eskolaz eskola. Txapelketak gustuko ditu; askotan parte hartu izan du, emaitza txukunekin, gainera. Gipuzkoako txapela bitan jantzi duen bertsolari bakarra da, 1995ean eta 2007an. Aurtengo txapelketan ez du parte hartu, eskuan duelako Euskal Herrikorako txartela.

Txapelketari kasu egin al diozu?

Bai. Bertsozale Elkarteko langilea naizenez, tokatu zait saio batzuetara lanera joatea, eta txapelketan dabiltzan inguruko zenbait kideri laguntzen ere ibili naiz.

Zer iruditu zaizu orain artekoa?

Beharbada, batzuengandik gehixeago espero nuen, eta beste batzuek harritu ere egin naute, ez nuelako horrenbesteko ezagupiderik euren bertsokerekiko.

Nork eman dizu ezustekoa txarrerako eta nork onerako?

Jexux Mari Irazu atzera gelditu izana ezusteko handia izan da. Besteak beste, harekin aritu izan naizelako aurretik bertsotan eta ikusi dudalako nola ari zen. Espero nuen zorte handixeago izatea. Eta onerako, adibidez, Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek, iruditzen zaidalako salto bat gora egin dutela. Eta haiek bezala, baita beste batzuek ere. Bertsolari batzuei antzematen zaie badutela bertsotan egiteko gogoa, irrika eta ilusioa, eta hori da inportanteena.

Gazteak indartsu datoz, beraz.

Bertsolaritzaren balio handienetakoa da bere burua berritzen jakitea eta bertsogintzan garbi ikusten da hori: batzuk sartzen doazen neurrian, besteak heltzen doaz, eta hala behar du; kate naturala da.

Eta emakumeak zer esanik ez, txapelketan parte hartu dutenen ia laurdenak direlako.

Bertsolaritzan, parekide ez bada ere, normala da gizonek eta emakumeek abestea, eta hori txapelketan islatzea ona da. Lehiatzeko orduan, ordea, niretzat ez dira gizonak eta emakumeak, bertsolari onak baizik, ondo egiten ari direnak. Maialen Lujanbio ez da bertsolari emakume bat: bertsolari bat da, oso ona, eta punto.

Txapelketak erakusleiho ona dira bertsolari gazteentzat?

Bai, baina hori baino gehiago ere badira. Bertsolari gazteentzat, txapelketan parte hartze hutsa euren formakuntza prozesuaren parte da. Txapelketa bat barrutik ezagutzea eta zenbait bertsolarik nola bizi duten ikustea irakaspen bikaina da hasiberrientzat.

Harritu zaitu Aitor Sarriegi txapelketara aurkeztu ez izanak, duela lau urte txapeldun izan eta gero?

Ez, batere ez, harekin aurretik dezentetan hitz egin izan baitut horretaz. Hasieran bazuen joateko asmoa, iruditzen zitzaiolako bazuela hor leku bat. Baina Txapelketa Nagusiak faktura pasatzen du; nekatuta bukatu zuen gainontzeko denok bezala, eta orain, segituan, beste txapelketa batean sartzea… Bere buruari galdetzen zion: 'Joanda ere eta oso zorte ona izanda ere, zer irabaziko dut, beste txapel bat? Zertarako?'. Ez zeukan irrikarik, ez zeukan koska egiteko gogorik, eta horrela txapelketara joatea gogorra da.

Zuk beste inork baino hobeto ulertuko duzu Sarriegiren erabakia, duela lau urte gauza bera egin baitzenuen.

Txapelketak berak eskatzen dizu intentsitate batekin bizitzea, eta zeuk ez baduzu zeure burua horretarako prest ikusten, onena paso egitea da. Ez dakit Sarriegiren kasuan erabateko pasoa izango den edo lau urte barru parte hartzeko asmorik baduen.

Eta zure pasoa erabatekoa al da?

Txapelketa honetan garbi neukan ez nuela parte hartuko. Batetik, buruan beste gauza batzuk ditudalako, eta bestetik, iruditzen zaidalako Txapelketa Nagusirako txartela eskuan izanda, zer irabazi gehiago daukan beste bati lekua kentzen ariko nintzatekeela. Finalera ailegatuta ere, final horrek niri zer emango lidake? Ezer ez, han kantatzeko plazera izan ezik. Horregatik, nahiago dut txapelketa bizitzeko aukera hori beste batzuei eman, eta gu saiatuko gara Txapelketa Nagusitik zerbait txukun ateratzen. Hala ere, han zorterik izango ez banu, finalera iritsiko ez banintz eta txapelketan jarraitu nahiko banu, aurten Jon Maiak egin duen gauza bera egin beharko nuke: hasieratik hasi eta bide guztia egin. Nik ez diot uko egiten horri; oraingoz, behintzat.

Euskal Herrikora aurkeztuko zarela garbi daukazu, beraz.

Bi urte falta dira, baina oraingoz ez daukat ez aurkezteko motiborik.

Inbidiarik sentitu al duzu bertsolariak lehian ikusita?

Oholtzatik kanpo zaudenean beti sentitzen duzu han daudenen inbidia, baita txapelketaz kanpoko saioetan ere. Inbidia sano hori ona da, gainera; bestela, ez genukeelako gogorik izango plazara joateko ere. Jakin egin behar da noiz den zure momentua eta noiz ez den.

Hurbil edo urrun ikusten duzu Txapelketa Nagusia?

Bi gauzak. Alde batetik, urrun, bi urte denbora asko delako, eta bestetik, hurbil, behin txapelketa hau bukatutakoan jakingo dugulako Txapelketa Nagusira sailkatuak zeintzuk izango diren, Gipuzkoatik behintzat, eta beste fase batean sartuko garelako. Baina alde horretatik nahiko lasai nago, esperientzia pixka bat badaukagulako hori guztia patxadaz hartzeko.

Txapelketako saioetan, oro har, jende dezente dabil. Pozik zaudete zaleen erantzunarekin?

Bai, oso pozik. Kopuru aldetik, oso ondo doa txapelketa, eta jarrera aldetik, ere bai. Ni izan naizen saioetan, aurreko zenbait txapelketatan baino lasaiago ikusi dut jendea errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz. Alde horretatik, bertsotarako oso giro aproposa.

Eta txapelketaz aparteko saioetan badabil jenderik?

Bai, oro har, jende asko dabil. Batez ere entzule berri asko, jende gazte asko, eta hori oso ona da. Ezagutu ditugu garai zoroagoak ere, jende gehiagoko saioak ere, baina nik uste momentu honetan oso ondo gabiltzala, kontuan izanda urtean 2.400 bertso saio inguru egiten direla.

Zuk zenbat saio egiten dituzu gutxi gorabehera?

Azken hogei urteotan, urtean 80tik 100era bitartean nabil.

Hasierako ilusio bera egiten al dizu norabait bertsotara joateko deia jasotzeak?

Bai, deiak beti egiten du ilusioa, baina egia da ilusio hori aldatzen joaten dela. Hasieran ilusioa egiten dizu zurekin pentsatze hutsak, eta, gero, berriz deitzen dizutenean, aurrekoan gustura entzun zintuztela jakiteak. Ilusioarekin batera, bertsolari bakoitzaren zereginak eta erantzukizunak ere aldatzen joaten dira. Hasiberriak bertsotan bakarrik egin behar du, eta esperientziadunak edo beteranoak, saioa ere bai. Zauden momentuaren araberako poza sentitzen da; poz hori aldatu egiten da, baina ez da gutxitzen.

Finalisten kinielarik?

Ez naiz gai zortzikote bat osatzeko.

“Oraindik 85 plaza egitea da eskupekorik handienetakoa”

“Oraindik 85 plaza egitea da eskupekorik handienetakoa”

Makina bat euri egin du Anjel Mari Peñagarikanok (Albiztur, 1957) aurreneko aldiz jendaurrean kantatu zuenetik. Baina urteek ez diote plazaz plaza segitzeko ilusiorik itzali. Erretiroaz galdetze hutsak barregura eragiten dio.

Kasu egin al diozu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari?

Orain arte, egunkariz. Nik ere saio dezente izan ditut, eta joaterik ez dut izan. Finalaurreko fasean, ordea, nik uste hiru saioak bertatik bertara ikusiko ditudala eta, noski, finala ere bai.

Zer iruditu zaizu orain artekoa?

Txapelketak beti izaten ditu ezusteak. Begira zer gertatu den: Jokin Uranga azpeitiarra finalaurrekotik kanpo geratu da eta baita Jexux Mari Irazu ere, Gipuzkoakoan bigarren eta Euskal Herrikoan finalista izandakoa. Ziklismo terminoetan, batzuetan gertatzen da bertsolari batek txakalaldia izan, etapa batean kale egin eta karreratik kanpo geratzea.

Zerbaitek harritu zaitu onerako?

Ugaritasunak. Etxe aldera eginez, harro egon naiteke Tolosaldeko bertsolari askok parte hartu dutelako eta eman duten mailagatik, nahiz eta denek aurrera ez egin.

Zuk 1991n irabazi zenuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herrikoan hainbatetan izan zara finalista. Txapelketak gustuko izan dituzu?

Bertsotan, txapelketei esker egin ginen gu ezagun. Horregatik, parte hartu beharra neukan. Baina irregularra nintzen oso. Euskal Herriko final batean, goizean bigarren egin nuen, eta arratsaldean, azkena. Baina, oro har, uste dut gustura egoteko moduan nagoela, parte hartu dudan txapelketa guztietan finalera iritsi naizelako.

Txapelketak erakusleiho ona dira bertsolari gazteentzat.

Bai, noski. Bestela, nondik nora egin bidea? Zerbait egin nahi duenak han edo hemen azaldu beharra dauka. Kantari ona denak disko bat atera edo telebistako programa batean parte hartu beharra daukan bezalaxe. David Bisbal nola egin zen ezagun? Operación Triunfo-n aterata. Hori ere txapelketa da.

Noiztik ez zara aurkezten txapelketa batera?

[Andoni] Egañak Euskal Herriko lehenengo txapela irabazi zuenetik. Egun txarra izan nuen hura, nire kotizazioa dezente jaitsi zen, eta pentsatu nuen orduantxe zela garaia. Nik bertsolaritzan gauza bat daukat garbi: zoaz esan baino lehen banoa esango dudala. Eta txapelketekin horixe egin nuen.

Molde zaharreko bertsolaria zara zu, bertso eskolatik pasatu gabea. Hasiera haietatik hona zertan aldatu da bertsolaritza?

Denean, gizartea baita aldatu dena eta harekin batera bertsolaritza. Ni Albizturren jaio eta hazia naiz; herriko ostatuko semea. Garai hartako bertsolariak eta sasi-bertsolariak han ikusten nituen, tabernan. Eta gu ere halaxe hasi ginen: igande arratsaldeetan batera eta bestera joan, eta bati eta besteari kantatuz. Orain aukera gehiago daude, baina bertsolari gehiago ere bai. Eta orduan ere zaila bazen, orain are zailagoa. Nik beti anekdota moduan kontatzen dut bazela bertsolari bat Albizturren, ilargira zeharka joateko moduko etxe batean bizi zena, Millan Telleria. Bada, pentsa, Zaldibiatik Patxi Iraola joan zen haren bila, bertsolari gazte hura ezagutu eta jaialdiren batean parte hartzeko eskatzera. Orain ez dago horrelakorik egin beharrik. Edozein bertso eskolatara joatea nahikoa da Telleriak eta nik bertsotan egiten genuen adina egiten duten hamar edo hamabost gazte topatzeko, ikasten behintzat oilaskoak granja batean adina ari direlako.

Lehenengo plaza Errenterian egin zenuen, 22 urterekin. Nola gogoratzen duzu hura?

19 urterako, lagunartean-eta kantatzen nuen, eta noizbait joan ere bai jendaurrean kantatzeko intentzioarekin. Orduan, saioa hasi aurretik momentuan bertan ematen zen izena, baina Telleria, [Mikel] Mendizabal, [Jexux] Arzallus eta abar ikusi, eta atzera egin nuen. Gero beste hiru urte ezkutatuta pasatu nituen, beldurtuta. Azkenean 22 urterekin egin nuen lehen plaza. Baina beti esaten dut 18 urterekin debutatu izan banu hobe, artean lotsagabea zarelako. Debuta egin nuen, oso gaizki pasatu nuen eta ondorenean ere halaxe pasatzen nuen, beti barregarri gelditzeko beldurrez.

Lotsagabe itxura gehiago daukazu bada lotsatiarena baino.

Telleriari-eta beti esaten diet: lotsagabe fama jarri zenidaten zuek, baina lotsagabeak zeuek zineten. Irudia hala emango nuen, baina nik pasatzen nituen beldurrak eta tripako minak! Oso urduria nintzen, eta neure burua estutu egiten nuen. Janak ez zidan onik egiten, eta joandako lekuetan egundokoak aditu behar izaten nituen. 'Ze bertsolari klase haiz hi? Gehiago jan beharko duk ba!', esaten zidaten, eta nik ezin.

Urtean zenbat saio egiten dituzu gutxi gorabehera?

Oraindik 85 bat bai. Nik 25 urte nituenean Lazkao Txikik-eta zuten orain nik dudan adina, eta izugarri zaharrak ziren. Nik pentsatzen nuen: hauek dituk azkenengo bertsolariak adin horretan kantatuko dutenak. Adin hori etorri zait eta Sebastianekin [Lizaso] plaza asko egiten ditut. Oraindik urtean 85 plaza egitea da bizitzak eman didan eskupekorik handienetakoa.

Hasierako ilusio bera egiten al dizu norabait bertsotara joateko gonbidapena jasotzeak?

Bai, sekulakoa. Gainera, neurri ederra da; lan eginez horrenbeste plaza aise egiten ditut.

Ondo moldatzen al zara bertsolari gazteekin?

Gozatu egiten dut gazteekin kantatzen, gozatu. Nire muga ingelesa da. Haiek ingelesez hitzak sartzen dituzte, eta nik ezin ulertu, baina gero igual latinez erantzuten diet. Nola edo hala, moldatzen naiz. Ingelesez ez dut sekula ikasiko, baina beste gauza asko gazteei esker ari naiz ikasten.

Zein da horrenbeste urtean punta-puntan eutsi ahal izateko sekretua?

Gogorik ez galtzea. Esaten dute "urrundu ondotik, urrundu gogotik"; alegia, hasten bazara zeu urruntzen, trenak alde egiten duela eta tren hori gehiago ez dela harrapatzen. Nik zortea izan dut; gogoa beti izan dut, eta jendeak deitu egin dit. Lehengo belaunaldikoekin kantatu dut, neurekoekin ere bai, eta hurrengokoekin ere kantatzen dut orain. Eta ez naiz sekula sentitu lekuz kanpo, nahiz eta askoz gazteagoekin jardun, eroso sentitzen naiz. Nik sentitu izan banu haiengandik mespretxu edo gutxiespen punturik, honezkero ihes egin nuen. Baina ez, estimatua sentitzen naiz.

Orduan, erretiratzeko asmorik ez daukazu?

Erretiratuko naiz argizaria bezala bukatzen naizenean.

Txapelketako saioetan jende asko dabil. Bestelako jaialdietan ere bai?

Ez gaude kexatzeko moduan, udan ere gu joan garen lekuetan jende asko ibili da. Ikusten da estimazioa badagoela. Kritika bat egin beharko banu, Euskal Herriko azken txapelketako finalean zenbaitek izandako jarrera aipatuko nuke. Bertsolariak kantuan ari ziren garaian jendearen mugimendu hura nik ezin nuen jasan.

Ausartzen al zara finalisten kiniela egiten?

Ezusteak beti izaten dira, baina nik uste Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre beteranoak hor izango direla. Alaia Martin eta Agin Rezola ere ondo ibiliko dira.

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

Gordea du Txomin Garmendiak (Berrobi, 1934) 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan.

Nola hasi zen bertsoarekiko hartu-emana?

Aita zena oso zalea zen. Feriatik bertso paperak ekartzen zituen, eta nik ikasi. Nire konturik maiteena bertsoa zen garai hartan. Tabernan hasi ginenean oraindik ere gehiago zaletu nintzen. Nik Belauntzan ikusi nituen lehen aldiz bertsolariak. Meza berri bat zen, eta hiru ibartarrek kantatu zuten: Zume, Beltza eta Eusebiok. Haiekin batera Mitxelena zaharra aritu zen. Gogoan dut lan ona egin zutela laurek.

Eta zure lehen plaza?

Jaioterrian egin nuen. Orduan oso indarrean zeuden Elizaren inguruko luistarrak eta amaren alabak. Luistarrek festa bat antolatu zuten ekain inguruan, eta Mitxelena eta Eizmendirekin kantatu nuen. 1952. urtea zen, eta herriko bezala gonbidatu ninduten. Lotsa ederrak pasa nituen, 18 urte besterik ez nuelako; artean hasi berria, nola egingo nuen ba nik ondo bertsotan?

Ba al zenuten, garai hartan, txapelketaren entzutera?

Aita zenak esanda bagenekien gerra aurretik bi txapelketa famatu izan zirela. Pello Errotak eta Txirritak parte hartu zutela ere esaten ziguten. Geroago, 1959an jaso genuen guk gonbidapena Gipuzkoako lehenengo txapelketan parte hartzeko.

Nola jaso zenuen zuk gonbita?

Zazpi izan ginen Eibarren txapelketan kantatu genuenak. Uztapide, Mitxelena, Lasarte, Zepai eta Joxe Lizasorekin batera, bi gazte: Joxe Agirre, luistarren txapelketa batean garaile atera zena Aginagan, eta ni neroni, Ordizian, euskal jaietan, Gipuzkoako gazteen txapelketa irabazi nuena.

Gogoan al duzu zein gairi kantatu behar izan zenioten?

Mogel zenaren omenez antolatu zuten txapelketa. Alfontso Irigoien izan zen aurkezten. Lehenengo agurra bota ondoren, "orain bertsolariek bederatzi puntuko bertsoa botako dute Mogelen gorantzan", esan zuen. Uztapide eta Lasartek esan zuten ez zela hori bat-batean bertsoa kantatzeko gaia. Orduan, Irigoienek nahi genuen neurri eta bozean kantatzeko baimena eman zigun. Ni ez nintzen haserre. Hala ere, Mitxelenak bere txanda iritsi zenean bederatzi puntukoa bota zuen. Basarrik La Voz de España-n txapelketa jokatu zen egun hartan bertan idatzi zuen Txirrita zenak behin ere ez zuela bederatzi puntukorik kantatu ahotik gora, eta ez zitzaigula bertsolarioi horrelako lanik eskatu behar. Hori irakurrita joan ginen txapelketara. Gerora, egunkarian Basarrik aitortu zion Mitxelenari egindako ahalegina, baina jarritako gaiari ez ziola erantzun aipatu zuen.

Zein ibiltzen zen garai hartan epaimahaikide?

Bordari, Aita Zabala, Emile Larre, Jexux Lete, Xabier Amuriza... horiek denak aritzen ziren garai hartan. Harri jasotze edo aizkora txapelketa bat epaitzen erraza da, erlojuari begiratu eta kito. Baina bertsolariak buruz lan bat du egin beharra, eta hor bakoitzak bere iritziak ditu. Epaimahaiko batek bertsolaria bere herrikoa badu, barruak bultzatuta, nahi ez duela ere, haren alde egingo du.

Aurrez jakiten al zenuten zein ariketa egin beharko zenituzten txapelketan?

Ez, bat-batean izaten zen, eta ez genuen jakiten zein ariketa jarriko ziguten. Eskatzen zigutena betetzeko ahalegina egiten genuen guk. Gaur egun, txapelketan jende asko biltzen da. Bertso entzutera baino gehiago lagunartean egun eder bat pasatzera joaten da. Garai hartan, bertso entzutera joaten zen jendea; bertso zaletasun gehiago zegoen gaur baino.

Eta zein motatako entzulea joaten zen?

Baserri munduko jendea zen gehienbat bertsozalea, eta emakumerik bat ere ez. Amorrazio franko emanda gaude bertsolariak plazan. Soinu jolea isildu eta gure saioa hasten zenean neska gazteak haserretu egiten zitzaizkigun haien festa moztera gentozelako. Gogoan daukat oholtzatik jaitsi eta emakume batek nola esan zigun behin: "Qué asco!".

67an txapela jantzi zenueneko txapelketa hartako bertsorik ba al duzu gogoan?

Ez, ez dut ia bat ere gogoan. Atano X.ari buruzko gaia jarri zigutela bai, eta Azkarateri buruz beste bat ere bai. Baina nahikoa lan izaten genuen erantzuten, bertsoak gogoan hartzeko. Gaur bezalako aurrerapenik ez zegoen orduan, baina 59ko txapelketa hartan badakit magnetofonoak egon zirela. Ez dakit bertso haiek nonbait jasota egongo ote diren.

Txapeldun geratu ondoren, ospakizun handiak egin zenituen?

Gaur adina garrantzirik ez zitzaion ematen txapeldun ateratzeari. Gaur gorantza eta txalo gehiago dauzka txapeldunak. Gure garaian, "saio bat gehiago egin diagu, eta segi aurrera", horrela pentsatzen genuen.

Zeinek jantzi zizun txapela?

Tomas Odriozolak jantzi zidan. Orduan, Tolosako alkateorde, edo gradu handikoa zen. Leidorren jokatu zen txapelketa hura.

Zuk aro berriko txapelketetan ere parte hartu izan duzu. Aldaketa handia sumatu zenuen?

Behin Amuriza giro horretan sartu zenez gero, pixkanaka gaiak aldatzen joan ziren. Duela 50 urte nire pentsaeratik gaur egungora aldea egongo da, baina ez hainbeste. Orduan, zortziko handian, hamarreko handian eta zortziko txikian aritzen ginen. Eta gaur ere nik era horretara kantatzen dut. Orain, habanera eta doinu berri asko dabiltza, neurri luzekoak. Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntuko bertsoa botatzen. Zer esan behar duzu horren aurrean? Ni ez naiz, behinik behin, horretarako gauza.

Neurri eta doinuetan aldatu da bertsolaritza. Beste ezertan?

Menditik kalera jaitsi da bertsolaritza. Hor derrigor behar du aldaketa bat. Gaietan mudantza bat gertatu da, eta hori bertso eskolak ekarri du. Gaurko gazteak buruz argituta eta preparatuta daude.

Hain zuzen, zuk belaunaldi berriko bertsolariekin 1999an parte hartu zenuen herriartekoan.

Ondo moldatu nintzen. Azken arte joan ginen aurrera. Txapeldun Zarauzko taldea atera zen, eta gu bigarren geratu ginen. Nahiko meritu izan genuen. Lagun onak nituen, txapelketarako ni baino hobeto prestatuta zeudenak. Irazu oso bertsolari herrikoia da, eta Agirre nirekin ibili zen ikasten. Maila eman genuen. Hasieran, nahikoa kezka banuen hainbeste jenderen aurrean aritu behar izateagatik, baina ondo salbatu genuen txapelketa hura.

Eta gaur egungoak jarraitzen al dituzu?

Bertsolari gazte horiek ugaritu dira basoan perretxikoa bezala. Denak ez ditut ezagutzen. Ni ere ez naiz garai batean bezala festara ateratzen. Baina pozik nago, euskarari bultzada handi bat bertsolari gazte horiek ematen baitiote.

Faboritorik ba al duzu aurtengo txapelketarako?

Ez. Bertsolari bat juzgatzeko saio asko entzun behar zaizkio. Asko jota saio bat edo bi entzun dizkiet bertsolari gazte horietako askori. Hortaz, ez noa bustitzera gai horretan.

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. Beasaindarrak aitortu duenez, "arraroa" egiten zaio txapelketa martxan izan eta bera hor ez egotea. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.

Zergatik egin diozu uko Gipuzkoako txapelketari?

Erabakia ez zen erraza izan, batik bat beti gustatu izan zaidalako aukera daukana txapelketara aurkeztea. Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen. Hogei urte dira txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuenetik, eta ordutik hamar txapelketatan kantatu dut: bost Gipuzkoakotan eta bost Euskal Herrikotan.

Horrek esan nahi du bi urtetik behin txapelketa bat jokatu duzula.

Bai, eta desgaste handia sortzen du horrek. Azkenekoetan bukaeraraino iristeko zortea izan dut, eta horrek aukera ematen du txapelketan geroago hasteko. Baina aurrekoetan hasieratik hasten nintzen, eta asko nekatzen du horrek. Duda handiarekin, baina aurtengorako ez dut izenik eman. Martxan jarri denean konturatu naiz hala behar zuela. Seguruenera gero inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean. Atsedena behar dut. Adin klabera iristen ari naiz.

Zein da adin klabea? 40koa?

Bai. Gehientsuenek adin horren bueltan zirt edo zart egiten dute. Jendeari ez zaio iruditzen, baina, atzera begiratuz gero, Sebastian Lizasok 40 urteren bueltan utzi zion txapelketari. [Unai] Iturriagak orain dela bi urte kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrikoan; nik orain berak zeukan adina daukat. [Andoni] Egaña ariko zen luzeen, Euskal Herriko txapelduna zelako. Gipuzkoakoan, Aitor Mendiluzek azkena 2007an kantatu zuen, Maialen Lujanbiok 2003an...

Txapelketa zalea izan zarela esan duzu. Txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzu.

Bai, zapore gozoarekin geratzeko zortea daukat. Parte hartu dudan txapelketetan, taldekoetan ez, baina Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan, beti finalerdietara iritsi naiz. Azkeneko lautan finalera ere bai. Txapelketa gustatzen zait. Txapelketan, plazan ez bezala, zeure burua estutzen duzu. Jendeak ere desberdin entzuten du txapelketako saioa. Txapelketan jendea prest egoten da minutu eta erdian isilik egoteko bertsolariak hiru bertso pentsatzen dituen bitartean. Beste ahalegin bat egiteko aukera daukazu, jendeak aukera ematen dizulako. Plaza batean inork ez dizu itxoiten minutu eta erdi hiru bertso botatzeko. Makineriaren erreboluzioa topean jartzeko toki bat da txapelketa, eta niri gustatzen zait. Ona da zure mugekin topo egiten duzulako.

Zer eman dizu txapelketak?

Gauza asko: bestela kantatuko ez nuen toki askotan kantatzeko aukera, jende asko ezagutzeko aukera, momentu eta toki nahiko pribilegiatuetan egoteko zortea...

Entzuleak ere erakartzen ditu txapelketak. Lehenengo kanporaketan, Beasainen, Usurbe antzokia txiki geratu zen.

Berez, bertso saio arrunt bat errazagoa da kontsumitzeko, baina lehiak jendea erakartzen du. Adibidez, udazkenean Beasainen urteroko bertso saioak harrera ona izaten du, baina harrera ona esaten dugunean, antzokiaren beheko aldea bete samartuta egotea esan nahi du, 100-200 lagun elkartzea. Ez da harrera txarra beste herrietan ikusten denarekin konparatuta. Txapelketan, antzokia beteta eta jendea sarrerarik gabe geratu zen, final-zortziren batean eta jendearentzat hain ezagunak ez ziren bertsolariekin. Lehiak garrantzia du, garbi dago.

Bertsolari gazteentzat erakusleiho ona izaten da txapelketa.

Bai, txapelketa guztietan ikusten da badatorrela labealdi berria. Udaberriko saiotik pasatutakoak dira orain dabiltzanak, eta jende gehiago gelditu da kanpoan. Gustatuko litzaidake berri horietako batek kalitateko salto bat edo sorpresa bat ematea. 2011n Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten gazte horietatik inor ez zen finalaurrekoetara pasatu, eta inor ez zen sailkatu Euskal Herrikora. Gipuzkoarrik gazteenak 24-25 urte zeuzkan; lehenengo loraldikorik ez zegoen. Aurten gustatuko litzaidake horrelako zerbait ikustea, bestela, inbutu sentsazioa sortuko litzateke. 25-40 urtera arteko jende asko dago, eta ez dute langa hori pasatzen. Aurpegi berriak ikusi behar dira.

Belaunaldi berriak badatoz: bertso eskolek egiten duten lan onaren adierazgarri da hori.

Bai, baina bertsolariak bakarrik ez dira sortu bertso eskolatik; bertsozaleak, epaileak, gai-jartzaileak ere sortzen dira. Jende berri asko sartu da aurten, eta hori ere bada, hein batean, bertso eskolen ondorio.

Ausartzen zara finalisten pronostikoren bat egiten?

[Beñat] Gaztelumendi, Alaia Martin, [Jon] Maia, Agin Rezola, Unai Agirre... hor nonbait ibiliko da. [Jexux Mari] Irazu ere hor dago. Iñaki Apalategi beasaindarrak ea aurrekoa bezalako txapelketa egiteko zortea daukan. [Iban] Urdangarin ea gustura gelditzen den egiten duen lanarekin. Gazteren bat sartzea ere gustatuko litzaidake, batez ere goierritarren bat, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal edo Gemma Urteaga. Ea salto bat egiten duten, bertsotan jarraitzeko ilusioa izan dezaten.

Emakumezkoen presentzia ere handia da txapelketan. Bertso saioetan nabaritzen da emakumearen presentzia?

Nik uste dut baietz. Mugimendu handia dago gaur egun gai horretan, eta uste dut hausnarketa askotan gizarteko beste arlo askoren aurretik doala bertso mundua, tiraka bezala. Emakumezko bertsolariak oskoletik atera ezinda bezala sentitu dira, paper jakin bat bete beharrean. Gero eta kontzienteagoak gara gizonezkoak ere emakumezkoen rol horretan; lanketa handia ari da egiten.

Bertsolaritza osasuntsu dago?

Osasuntsu dago, bai, baina txapelketako saioetako jende kopurua ez da termometro egokia. Bertsolaritzaren osasuna neurtzen du herrietan antolatzen diren saioetako ikusle kopuruak, bertso inguruko bestelako emankizunek zenbat jende mugitzen duten, ikastetxeetan zenbat jenderengana ari den iristen bertsolaritza...

Euskal Herriko txapelketara aurkeztu ala ez pentsatu al duzu?

Urtebete daukat pentsatzeko, baina momentu honetan ez daukat pentsatzeko gogorik. Ez naiz ausartzen esatera joango naizen ala ez, baina iruditzen zait joango naizela. Hori bai, joaten baldin banaiz, azkenekoa izango da. Orain bezala, nekatuta eta itota harrapatzen banau, ez naiz joango; gogo edo ilusio gehiagorekin harrapatzen banau, bai. Egia esanda, azkeneko oroitzapena polita daukat, eta hori ez da txarra.

Saio baterako deitzen dizutenean ilusioz hartzen al duzu deia?

Ilusio handia egiten du, bai. Beti esaten da toki batetik lehenengo aldiz deitzen dizutenean ilusioa egiten duela. Baina bigarren aldiz deitzen dizutenean? Dei bat jaso eta ilusioa egiten didan bitartean bertsotan aurrera jarraituko dut.

Zenbat saio egiten dituzu urtean?

Azkeneko urteetan 60-80 artean nabil. Gustura nabil, baina askotan astelehenean nekatuta iristen naiz lanera.