Gizartea

“Ezerosoak gara, ispilua gara”

“Ezerosoak gara, ispilua gara”

Eider Goenaga Lizaso

Konortea galduta ohera eraman behar izaten ninduten". "Goizean, ogia eta egunkariarekin batera, bi garagardo erosten nituen; eta, lanean hasterako, biak edaten nituen". "Publikoari begira lan egiten nuenenez, egunean zehar itxura gordetzen saiatzen nintzen, baina etxera iristean, lurra jotzen nuen". "Beste edozeinen moduan, gaztetxotan hasi nintzen, festara irteten nintzenean, asteburuetan". Leonor Carmonak (Donostia, 1964) hiru urte daramatza Aergin, errehabilitazioan dauden alkoholiko eta adiktuen Gipuzkoako elkartean, terapia jasotzen. "Nik ez nuen edan nahi, eta konorterik gabe oheratzen nindutenetan, biharamun goizean ez nintzen gai ispiluan begiratzeko. 'Ez dut gehiago egingo, ez dut gehiago edango', esaten nion nire buruari. Baina borondatea ez da nahikoa".

Bikotekideak bultzatuta joan zen Carmona Aergira. "Botiletan markak egiten zizkidan, eta nire erantzuna edari fuerteagoak hartzea izan zen; zerbait egin behar genuela esaten zidan, eta, asko kostata, duela hiru urte hasi nintzen errehabilitazioan. Tartean, edatera itzuli izan naiz; sei hilabete edan gabe eman ondoren ere bai". Carmonak bezala, martxan daramatzan hiru urte eta erdian, 401 alkoholikok eta adiktuk egin dute errehabilitazioa Aergin, eta 154 senitartekok jarraitu dute familientzako terapia. Iazko datuei erreparatuta, 165 adiktu eta senide artatu zituzten.

2015eko jardunaren memoria aurkeztu zuen, herenegun, Aergik, eta Josean Fernandez presidentea pozik agertu zen emaitzekin. "Erabiltzaileen %98 ez da berriro bere adikziora itzuli. Oso emaitza ona da. Gurera etortzen direnen artean %6an dago berriro itzultzen direnen batez bestekoa, eta horrek nabarmen hausten ditu Europako zein Espainiako Estatuko estatistikak". Terapiara joaten direnek jarraipenez egiten dutela eta %99ko asistentzia dutela ere nabarmendu du.

Tratamenduen osagarri

Fernandezek azaldu duenez, "gaixotasunari aurpegia jartzea" eta mediku zein psikiatrek menpekotasunak dituztenekin hasitako tratamenduen osagarri izatea dira euren helburuak. "Gurera etortzen denak ez du zertan errehabilitazioa aurrez hasita eduki behar; baina, gugana etortzen den oro medikuarengana bidaltzen dugu, hemen egiten ditugun terapiekin batera, eta medikuak hala behar duela uste badu, dagokion tratamendu mediko-psikiatrikoa has dezan". Taldeko terapia bidez funtzionatzen dute, eta banakako jarraipena egiten diete adiktuei zein senideei.

"Mota guztietako menpekotasunak hartzen ditugu, bai kimikoak —alkohola, tabakoa eta beste drogak— eta baita jokabidezkoak ere —ludopatia, erosketa konpultsiboak...—, eta denek batera egiten dute bidea. Izan ere, menpekotasun bakoitzak bere ondorioak dituen arren, adikzioaren oinarria eta konponbidea bera da", azaldu du Fernandezek.

Carmonak alkoholarekin du arazo handiena, baina bestelako drogak ere kontsumitu ditu. "Ile apaintzailea naiz eta desfileak-eta antolatzen nituen, han eta hemen ibiltzen nintzen, Ku diskotekan, batean, bestean. Eta giro horretan, hor dauzkazu droga guztiak. Alkoholaz gain, speeda eta kokaina ere kontsumitu ditut". Bere esanetan, legez kanpoko drogak uzteko zailtasun handirik ez zuen izan. "Baina, alkohola... Nire bizitzako hainbat gertaerek jotako kolpe emozionalen harira, alkohola izan zen nire babeslekua. Garagardo batzuk, ardo pixka bat... Edan, eta mina sentituko ez banu bezala zen. Eta, ia oharkabean, muga pasatzen duzu, eta ez zara konturatu. Kontsumo konpultsibo, amorratu eta frustragarria zen. Nik ez nuen edan nahi, baina edan egiten nuen".

Orain bizitza "koloretan" ikusten duela dio Carmonak, ez dela zuri-beltza, merezi duela bizitzeak. "Hori ere zalantzan jartzen nuen. Maiz pentsatu dut hobe nuela desagertzea. Orain ez". Eta Carmonak aurpegia ematea erabaki du, bere kasua ezagutaraztea, jendeak ikus dezan alkoholismoak edozein harrapa dezakeela. "Nik bizimodu osoa nuen, asko maite ninduen bikotekide bat, familia, izugarri maite dudan lanbide bat... Ez zirudien edateko motiborik zegoenik, baina edan egiten nuen. Alkoholikoa ez da kalean etzanda, ardo kaxa batekin eta eskean dagoena, ez. Alkoholikoa pertsona normala da. Zu eta ni bezalakoa".

Aergiko erabiltzaileen adinaren batez bestekoa 46,8 urtekoa da; ikasketa mailari dagokionez, %32,14ek unibertsitate mailako ikasketak dituzte, %53,57k maila ertaineko ikasketak, eta %12,5 dira ikasketa gabeak. Generoari begiratuta, emakumeak eta gizonak pareko dira, %51 emakumeak eta %49 gizonezkoak. "Guretzat oso inportantea da datu hori. Kontuan hartu behar dugu orain dela 20 urte errehabilitazioan zeuden emakumeen batez bestekoa hogeitik batekoa zela, eta, egun, Espainiako Estatuan hirutik batekoa dela".

Bigarren mailakoak

Profil horretan bete-betean sartzen da Carmona. Urduri dago prentsaurrekoan, lehen aldia da jendaurrean bere gaixotasunari buruz hitz egingo duela, lasaiago hitz egin du gero kazetariarekin. "Argi utzi behar da hau gaixotasun bat dela. Ni gaixo bat naiz, gaixo kroniko bat naiz, beste hamaika gaixotasun kroniko dauden moduan, eta osatzeko bidea egiten ari naiz. Hala, beste gaixoekin aurreiritzirik, arbuiorik eta mespretxurik ez badago, nik ere tratu bera merezi dut. Horregatik etorri naiz gaur, ondo nagoelako, jendeak ni ikus nazan nahi dudalako, ezagutu nazatela, jakin dezatela ez dela ezer gertatzen, alkohola utzi daitekeela, utzi egiten dela, bizitza bizi daitekeela, eta ez garela bigarren mailako herritarrak".

Hain zuzen ere, aldarrikapen hori da Aergiren leloa zehazten duena: Ikusteko modukoak gara. "Bada garaia gaixotasun honek argia ikus dezan, denen begietara zabal dadin, adiktuek errehabilitazioa ezkutuan eta lotsaz egiteari utz diezaiogun. Alkoholismoaren eta menpekotasunen estigmatizazioa puskatu nahi dugu, gaixotasunari aurpegia jarri, ondorio guztiekin eta ezer ezkutatzen eta leuntzen ibili gabe", dio Fernandezek.

Lehen pertsonan hitz egiten du Aergiko presidenteak alkoholikoez. Izan ere, Aergin menpekotasunen alorreko teknikariak eta masterdunak dira terapiak gidatzen dituzten pertsonak, baina haiek ere inoiz menpekotasunen bat izan eta gainditutakoak dira. "Ez daukagu inongo lotsarik, ez gaitu lotsatzen errehabilitazioan egoteak, eta are gutxiago errehabilitatuta egoteak", dio Fernandezek. "Kontrakoa, guk hau guztia ikusgai egin nahi dugu. Zenbakiak ematen ditugu, baina zenbakiak ez dira ezer jendeak horien berri ez badu. Jendeak ikusi behar du arazo honek baduela konponbidea, hor kanpoan jende asko baitago arazo honekin, apurtutako familia ugari dago gaizki pasatzen. Guk guztiengana iritsi nahiko genuke, eta horretarako ateratzen gara prentsaurrera".

Zertan lotsaturik ez duela sentitzen du Carmonak ere. "Edaten nuenean nire buruari esaten nion jendeak ez zuela nabaritzen, baina hori ez da horrela. Jende guztiek ikusten zuen zerbait gertatzen zitzaidala; lankideek, bizilagunek, supermerkatukoak... Orduan nengoen gaizki, orain ondo nago, eta jendeak jakitea nahi dut. Baina egia da, halaber, alkoholikoak ezerosoak garela jendearentzat, haien ispilua garelako. Niri, ni neu alkoholikoa izan arren, atzera egiten zidan tabernan emakume bat mozkortuta ikusteak, edo edaten eta makinan dirua botatzen ikusteak. Baina, zergatik arbuio hori? Ba nire ispilua zelako, eta ez nuelako ikusi nahi".

Alkoholikoak ingurukoen begietara izaten duen bilakaera aipatu du Fernandezek. "Hipokresia izugarria da. Edale soziala izatetik edale konpultsibo edo gehiegizko edale izatera pasatzen garenean, jendea gu baztertzen hasten da, ingurukoen begiradak eta mespretxua nabaritzen hasten gara; eta, kurioski, errehabilitazioan hasten garenean, bazterketa bera pairatzen dugu, ziklo sozialetik kanpora gelditu garen jendea gara".

Ikastola, herriarekin hazten

Ikastola, herriarekin hazten

Eider Goenaga Lizaso

"Gipuzkoako ikastola gehienek 80ko eta 90eko hamarkadetan eman zuten pausoa orain ematen ari gara gu. Ikastola guztiak hasi ziren barrakoietan eta herritarrek edo erakundeek utzitako egoitzetan klaseak ematen, baina nik uste dut gehienek aspaldi egina zutela horietatik ateratzeko urratsa. Irurako ikastolak 2017an bukatuko du bide hori". Nere Etxezarreta (Andoain, 1970) Irurako Ikastolako lehendakaria da, eta eraikin berria altxatzeko obrei begira egin ditu adierazpenok. Lanak duela pare bat aste hasi zituzten, eta gaur lehen harria jarriko dute, ekitaldi ofizialean.

Eraikin berriak 2 urteko gela, Haur Hezkuntza, jangela eta psikomotrizitate gela hartuko ditu. "Orain horiek ikastolako eraikinetik kanpo daude, Irurako plazan, udalak utzitako eraikinetan barreiatuta. Guretzat pauso handia izango da horiek denak bakarrean biltzea", gehitu du Larraitz Agirrezabalak (Anoeta, 1978), ikastolako zuzendariak.

Izan ere, hiru eraikinetan banatuta daude orain Irurako Ikastolako umeak: LH osoa eta HH3, ikastolaren eraikinean; 2 urteko gela, HH1 eta psikomotrizitate gela, plazako eraikin batean; eta HH2 eta haur txokoa, plazako beste eraikin batean. Horrez gain, jangela plazako hirugarren eraikinean kokatuta dago. Ondorioz, umeek batetik bestera ibili behar izaten dute —HH3koak psikomotrizitate gelara joateko, ikastola handikoak jangelara joateko, HH1 eta HH2koak ekitaldi bateratuetan parte hartzeko...—, eta tartean errepidea pasatu behar dute birritan.

Eraikitzen

Irurako Ikastolak 2008an egin zuen udalak utzitako lokalak eta herriko plazan jarritako barrakoiak uzteko lehen pausoa. 2008-2009ko ikasturtea eraikin berean egin zuten lehendabizikoz Lehen Hezkuntzako ume guztiek —DBH Anoetako Ikastolan egiten dute Irurako ikasleek, eta Batxilergoa, Tolosan—. Kilometroak antolatu eta ikastolak eraikin propioa izateko lehen urratsa egin zuten, orduan. Eraikitzen izan zen 2008ko Kilometroen leloa, eta Irurako Ikastolak eraikitzen jarraitzen du.

"Orduan ere bagenekien eraikina ez zela nahikoa ikastolaren beharrei erantzuteko", azaldu du Agirrezabalak. "Hasierako proiektua, berez, bi zikloak, jangela eta abar hartzeko prestatua zegoen, baina, arrazoi ekonomikoak tarteko, zati bati uko egin behar izan zitzaion, momentuz". Irurako Ikastolak eraikin hura ordaintzeko eskatutako kreditua ordaintzen jarraitzen du 2008tik, baina aurten proiektu hura osatzeko pausoa emateko erabakia hartu du. "Milioi bat euroko kreditua geldituko zaigu, eta karga handia da gurea bezalako ikastola txiki batentzat, baina ezinbestekoa ikusten genuen ikastola osoa leku berean elkartzea".

Agirrezabalak, hala ere, argi du pauso hori ez zutela emango Irurako Udalak laguntza eskaini ez balie. Haren esanetan, udalaren proposamena izan baitzen bigarren eraikina egiten hastea. "Udalak bilera batera deitu gintuen, 2013an, eta, udalak behar batzuk zituenez, hasierako proiektu hari amaiera ematea proposatu zigun. Erraztasun guztiak eman zizkiguten". Batetik, lurra, eta, bestetik, iaz hamar urterako hitzarmena sinatu zuen udalak ikastolarekin; horren bidez, urtean 75.000 euro jasoko ditu ikastolak, kreditua ordaintzen joateko. "Esker oneko hitzak baino ez ditugu udalarekiko. Udalaren laguntza handia izan da, eta hori gabe ezingo genuke amets hau gauzatu", esan du Agirrezabalak, Etxezarretak buruarekin baietz egiten duen bitartean.

Ikasleak, hirukoiztu

Irurako Ikastolaren ibilbidea ezin da ulertu herriak azken urteotan izan duen hazkunde izugarriari erreparatu gabe. "Herria izugarri hazi da, eta egia bada ere ikastolak udalaren eta herriaren laguntza behar duela, egia da, modu berean, udalarentzat eta herriarentzat ikastola ezinbestekoa dela. Herriak ikastola behar du, eta normala da laguntzea", gehitu du Etxezarretak.

Izan ere, Iruran etxe berri asko egin dira azken 15 urteetan, inguruko herrietatik bikote gazte asko joan da bizitzera, eta horrek herriaren biztanleria bikoiztu baino gehiago egin du: 1996an, 726 biztanle zituen Irurak; aurtengo urtarrilean, 1785. Ikastolako ikasleei dagokienez, kopurua ia hirukoiztu egin da. "Duela 13 urte, 80 ikasle inguru genituen; orain, 231 ikasle eta 144 familia biltzen ditu ikastolak", eman du datua Agirrezabalak. 2017tik aurrera egoitza bakarra izango dute guztiek.

[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

Maite Alustiza

Proiektuez eta asmoez hitz egitean, dirutan pentsatzen dugu beti". Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak dioenez, udalak badauzka martxan aurrekontuan jasotako hainbat inbertsio, noski, baina baita "dirutan neurtzen ez diren" beste zenbait kontu ere.

Ur parke bat egitea da, dirutan, udalaren asmo handiena. "Ez daukagu igerilekurik, eta, modu honetan, uda aldean gune bat izateko aukera emango diegu gaztetxo eta familiei". Sagasti auzoan jarriko dute, eta eskuz sakatuta martxan jartzen diren ur jolasak izango ditu. "Jauregiko kontuak astiro" doazen arren, alkateak ziurtatu du uztailerako prest izango dutela, eta ahal bada, ekainerako, uda hasterako.

Ur parkearena "obra bat da, azken finean". Bestelako balioa duten egitasmoen artean udalekuak aipatu ditu Kortabarriak. Urtero egiten dituzte, eta askotariko balioak sustatzen dituzte: euskaraz aritzen dira, haurrek elkarren artean jolasten dute... Aurten, gainera, "esperimentu txiki, polit eta merke bat" egingo dute: Aiherra (Nafarroa Beherea) herriko haurrak gonbidatuko dituzte udan. Bi herriak senidetuta daude 1984tik, eta Antzuolan bada Iparraldeko herri horren izena duen kale bat ere. "Konturatu gara senidetza hori belaunaldi batean badagoela, baina hortik aurrera ez dagoela sekulako harremanik. Ezagutza bultzatu nahi dugu, aste batez edo pare bat astez hemengo etxeetan egon daitezela... Harremanak asko sendotu daitezke". Senidetu zirenetik, ekintza ugari egin dituzte bi herriek; adibidez, Gaubela aihertarren jaia Antzuolan egin izan dute, eta Aiherratik Antzuolara arteko maratoia ere egin zuten: 140 kilometro, 24 orduan, eskuz esku lekuko bat eramanez.

Gaur egun, 2.180 biztanle inguru ditu Antzuolak. "Gorago" egon zen. Kortabarriak dioenez, inguruan etxeak garestitu, eta kanpoko jendea herrira joan zen bizitzera, baina gero askok martxa egin dute berriro.

Bergara oso gertu dute, baina "oinarrizko zerbitzu denak" badituzte herrian. Tamaina txikia izateak, gainera, bestelako aukera batzuk ematen dizkie. Aurten, esaterako, martxan jarriko dute lehen sektoreari begirako proiektu pilotu bat. "Helburua izango da jakitea ea Antzuolan posible izango litzatekeen baserritik bizitzeko bideak irekitzea". Udalak beste hiru erakunderekin jardungo du, elkarlanean: Gipuzkoako Diputazioarekin, Eusko Jaurlaritzako Hazi departamentuarekin eta Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartearekin. Aurten diagnostikoa egingo dute, eta horren arabera zehaztuko dute zein bidetatik jo beharko litzatekeen lehenengo sektorea indartzeko. Egin daitezkeen egitasmoen artean, adibide bat jarri du: "Goizper enpresara joan —han egunero 200 bazkari ematen dituzte—, haiekin hitz egin, eta proposatu: Zergatik ez dituzue erabiltzen Antzuolako baserritarren produktuak zuen menuan?". Antzuolak daukan tamaina edukita, kontrolatzeko eta bideratzeko moduko proiektu bat da, Kortabarriaren ustetan: "Gertutasunak ematen du horretarako aukera, eta, hain zuzen ere, horregatik aukeratu dute Antzuola".

Azpiegituren atalean, eskola handitzeko proiektu bat dute bidean. "Oraingoa justu xamar dago". Dagoeneko adostua dute Hezkuntza ordezkaritzarekin lanak hurrengo udan edo bi uda barru hasiko direla. Kortabarriak uste du komenigarria dela eskola handitzea, daukaten ikasketa sistema kontuan hartuta: "Konstruktibismoan oinarritutakoa da, hau da, haurrek gaiak lantzen dituzte, eta, horren arabera, edukiak. Bakoitza bere irtenbideak topatuz doa, irakaslearen laguntzarekin. Halako sistema batek espazio beharrak-eta ezberdinak dauzka". Behar horiek aintzat hartu ditu Hezkuntza Sailak handitzea onartzeko.

Autobidearen ondorioak

Autobidearen obrek eragina dute herrian: "Hankaz gora dago ingurua, mendia puskatuta dago, dena suntsitu da, eta zain gaude. Badakigu gertatzen diren gauzak direla, eta, oraingo honetan, guri tokatu zaigu". Aldundiaren aurreikuspenen arabera, Antzuola eta Bergara lotzen dituen errepidean urte amaierarako hasiko dituzte lanak, eta 24 hilabete iraungo dute. Horrela, osatuta geratuko da Gipuzkoako Biribilgunea errepide sarea.

Kaltea "itzela" da herriarentzat: "Estetikoa, urekin lotutakoa, lur mugimendu asko izan da...". Baina, horretaz gain, beste azpiegitura eta zerbitzu batzuk ere kaltetzen ditu: "Autobidea egiten dutenean, herri ondotik pasatzen den trafikoaren parte bat handik joango da, eta, gainera, hori egiten den egunean, Bergara-Antzuola bidegorria egingo da. Gas naturalaren hoditeria ere, Bergaratik Antzuolara ekartzeko, horrekin batera doa".

Garraio loturei dagokienez, berriz, ez dute "aparteko arazorik" Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara joateko. Eskualdean mugitzeko, martxan daukate zerbitzu zirkularra: Antzuola, Bergara, Oñati, Urretxutik buelta... Zirkularra abian jarri zutenean, areagotu egin zizkieten zerbitzuak, baina, egun, "arazotxo bat" dute Antzuolatik Bergarara joan nahi izanez gero. "Bergarara hiru kilometro daude, zazpi bat minutu autobusean. Baina zazpi minutu izan daitekeena hogei minutuko bidaia bihurtzen da. Iristen da Bergarara, pasatzen dira geltoki ondotik, eta ematen diote buelta osoa Bergarari". Kortabarriak azaldu duenez, ez dago prestatuta norabide horretan jendea jaitsi ahal izateko; auto ilarak sortzen dira, jaisteko tokia ere ez da segurua... Horregatik erabaki zuten aldatzea. Arazoa konpontzeko eskatu du udalak.

Bestelako kezken artean, hondakin kontuak ditu udalak. Garrantzia ematen dio kale garbiketari, eta baita birziklatzeari ere: "Birziklatzearen aldeko apustu argia egina daukagu, garbi daukagu birziklatu behar dela nahitaez; gainerako guztiak apaingarriak eta negozioak dira. Auzokonposta ere bultzatzen dugu".

Alde horretatik, herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekintza egiten ari dira, "nolabait ere, beraiek parte senti daitezen gauzak ondo egiten ari direla". Buruan ere badituzte beste zenbait: "Plastikoa batzeko eguna, adibidez. Eskolan landu umeekin, antolatu egun bat, herritarrekin plastikoa batu, bereizi..."

“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

Eider Goenaga Lizaso

La Perla talasoterapiatik urtean milioi erdi lagun igarotzen dira: Donostiakoak eta Gipuzkoakoak dira, batik bat; baina baita hiriburura oporraldia igarotzera joandakoak ere. "Donostiara etortzen direnentzat, La Perla bisitatu beharreko hiru tokietako bat da, Igeldorekin eta Aquariumarekin batera", dio Ana Oliva La Perlako Osasun eta Estetika departamentuko zuzendariak (Donostia, 1973). Batzuentzat egun osoko aisialdi aukera izaten da —zirkuitua, masajea eta bazkari edo afaria—, edo pare bat ordurako zirkuituan eguneroko estresa arintzeko modua; beste batzuek, berriz, osasun arazoentzako konponbidea topatzen dute bertan; badira, bestalde, estetikari begirako tratamenduak egiten dituztenak ere. "Ez nintzateke gure bezeroen profil zehatz bat ematera ausartuko, ez dago tipologia jakin bat; denetarik etortzen da hona".

1912an ireki zuten La Perla bainuetxea lehendabizikoz, Espainiako errege-erreginek eta hango gorteak uda Donostian igarotzen zuten garaian. "1936ko gerraren bueltan eten zuen ibilbidea bainuetxe hark, gero diskoteka bat izan zen, eta baita igerilekua ere; donostiar askok han ikasi genuen igerian. 1995ean ireki zituen berriro ateak talasoterapia gisa, eta ordutik ari naiz ni bertan lanean", dio Olivak. Kiroterapeuta eta estetizista gisa hasi zen garai hartan, eta egun departamentuko zuzendaria da. "Baina oraindik izugarri gustatzen zait masajeak eta tratamenduak ematea. Ahal dudanean kabina batean sartzen naiz, bezeroarekin kontaktu zuzenean; niretzat hori terapia bat da".

Itsasoko ura, horixe da La Perlaren lanerako tresna nagusia. "Talasoterapia kontzeptua, izan ere, grekerazko thalassa eta therapeia hitzak batzetik dator, itsasoa eta sendatzea. Alegia, itsasoko ura eta itsasoko elementuak helburu terapeutikoekin erabiltzea; horixe da guk egiten duguna".

Olivak talasoterapia bat eta spa bat ezberdindu egin behar direla nabarmendu du. "Spa hitzak salute per aqua esan nahi du, eta gurean ere ura erabiltzen da osasunerako, baina itsasoko ura erabiltzeak bestelako tasun batzuk gehitzen dizkio. Gerta liteke Madrilgo spa batean eta gurean bainuontzi bera edukitzea, baina urak markatzen du ezberdintasuna; ezin dira itsasoko uraren onurak iturriko urarekin alderatu, eta horixe da spa batean erabiltzen dutena. Osasunari begira, itsasoko urak ematen dio erabilera terapeutikoa". Itsasoko uraren flotagarritasuna eta urak dituen mineralen eta oligoelementuen eragina aipatu ditu Olivak bereizgarri gisa. "Guk itsasotik hartzen dugu ura, eta hondarrak iragazle lana egiten du; gero ur horri beharrezko tratamendua ematen diogu, berotu behar bada berotu egiten dugu, eta bainuontzietara edo tratamenduetara bideratzen dugu. Noski, horrek ez dauka zerikusirik etxeko iturria ireki eta bainuontzia betetzearekin".

La Perlako "izarra" zirkuitua dela dio Olivak. "Europan, hiri batean dagoen zirkuiturik handiena da, eta La Perla ezagutzen duen jende gehienak zirkuitua egin duelako ezagutzen du. Baina talasoterapiako eskaintza osatzen dutenak itsasoko urarekin eta itsasoko elementuekin egiten diren tratamenduak dira: itsasoko urarekin egiten diren masaje eta tratamenduak, Itsaso Hiletik ekarritako lohiekin eta algekin egindako tratamenduak, ur azpiko masajeak...".

120 langile eta hiru mediku

Talasoterapiaren ikuspegi terapeutikoa asko zaintzen dutela nabarmendu du Olivak. "120 langile ditu La Perlak, eta horietako 30 osasungintzarekin lotutako profesionalak gara; eta hiru mediku ditugu, bezeroei azterketak eta jarraipena egiteko". Ildo horretan, gero eta traumatologo gehiagok errehabilitazioa itsasoko urarekin egitea aholkatzen dutela dio. "Jende asko etortzen zaigu hemen inguruko medikuek bidalita. Itsasoko urarekin egiten den errehabilitazioak ez du zerikusirik lehorrean egiten denarekin. Grabitaterik ez dagoenez, ariketak arinagoak dira, giharrak errazago erlaxatu eta minik gabe indartzen dira, uraren eragin analgesikoa baliatzen da... Nik egin dut errehabilitazioa horrela, eta askoz ere azkarrago osatzen da".

Olivak bi aholku eman nahi izan dizkie La Perlako erabiltzaileei. "Zirkuitua egiten duenari, aurretik ura edateko eta amaitzean hamar minutuko atsedena hartzeko; ikusiko du beste gorputzaldi batekin aterako dela, tentsioa jaistea saihestuko baitu horrela. Tratamendu estetiko edo terapeutikoak egin nahi dituenari, zalantzarik gabe, gure profesionalekin kontaktuan jarri eta aholkua eskatzeko; horretarako gaude eta".

Abelgorriak, jabe bila larrean

Abelgorriak, jabe bila larrean

Urko Etxebeste

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udala elkarlanean ari dira, udalerri horrek Jaizkibel mendian duen eremuan identifikatu gabeko abelgorri talde bat udal baimenik gabe bazkan ari delako. Arazoari irtenbidea emateko asmoz, espedientea zabaldu dute. Auzia zabaltzeko legedia hartu dute eskuan bi erakundeek; hau da, debekatua dago mendian identifikatu eta kontrolatu gabeko aziendarik egotea, Gipuzkoako Mendien 7/2006 Foru Arauaren, Hondarribiko Udalaren ordenantzen —Jaizkibel mendirako artzaintzari buruzkoa— eta Espainiako 1980/1998 Errege Dekretuen arabera. Legedi horietatik kanpo dago abelgorrien talde hori.

Hamabost bat burukoa da Jaizkibelen kontrolik gabe bazkan ari den ganadu taldea, Hondarribiak mendian duen lur eremuan. Udalaren arabera, animalia horiek "basatuta" daude, eta hori "arriskutsua" izan daiteke mendia egoki erabili eta kudeatu ahal izateko. Horien inguruan mendi ibilbideak egiteko ohitura dute herritarrek; hortaz, espedientean agertzen da pertsonen segurtasunerako ere arriskutsuak izan daitezkeela abelgorriak.

Herrialdeko mendietan izaten dira abelgorriak bazkan, baina, aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko Buruzagitzako arduradun Carlos Boixek esan duenez, identifikatu gabekoak "oso gutxi" dira, eta horiek erregularizatzeko lanean ari dira, gainera: "Kasu bakanetakoa da Hondarribikoa". Gipuzkoan bazkan aske aritzen diren abelburuetako gehienak betizuak dira; babestuta daude, abeltzaintzaren ondare dira. Baina Hondarribikoak, betizuetan jatorria izan arren, urteen poderioz egindako behi arraza nahasketen emaitza dira, "behi oldarkorrak", Juan Luis Silanes Kalixa Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak zehaztu duenez.

Silanesek esan du, osasun ikuspuntutik, abereek ez dutela arriskurik, osasuntsu daudela eta gaixotasunik zabaltzeko arriskurik ez dagoela. Arazoa da, eremu hesitu batean egon arren, batzuetan handik ihes egiten dutela eta "sustoak" eman dizkietela, batik bat, mendizaleei, eremu publikoan baitaude. Ezustekoak bai, baina ez da bestelako ezbeharrik izan.

Iazko maiatzean hasi zituzten abelgorri horien erregularizaziorako ekinbideak, aldundiak egindako txosten baten bidez. Behiek, ordea, 2-3 urte daramate kontrolik gabe, eremu horretan. Bitarte horretan guztian, inork ez ditu erreklamatu, ez dute jaberik, ez dira inorenak. Silanesen ustez, gainera, litekeena da inork ez hartzea bere gain abelgorrien jabetza; batez ere, animalia horiek ondorioak izango dituztelako hainbeste denboran gisa horretan egoteagatik. "Ia ziur ez dela inor ere azalduko horien jabetza erreklamatzera".

Prozedura

Martxoaren 23an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abelgorrien gaineko espedientea. Horren arabera, behien jabeek hamabost egun dituzte animaliak Jaizkibelgo inguru horretatik kentzeko. Aurretik jabetza egiaztatu beharko lukete. Hortaz, bi asteko epe hori bukatzear da.

Behin hori amaituta, aldundiaren esku geldituko dira animaliak. Orduan, beste bi eguneko epea zabalduko da, azken aldiz, jabeek bere egin dezaten jabetza. Boixek jakinarazi duenez, epe hori amaituta, animaliekin zer egin erabakiko dute. "Horrelakoetan hil egiten dira". Silanesek esan du behin horiek hilda euren haragia ez dela merkaturatuko: "Elikagaien merkatuan ezin da sartu abelgorri horien haragia, kontrolik gabe izan direlako".

Baina, hori guztia gerta dadin, lehenik eta behin behiak harrapatu behar dira, eta kamioietan sartu, aldundiaren esku uzteko. Hori egiten saiatuko dira, behiak janari erreklamu bidez mendiaren goialdera eramanaz, kamioiak irits daitezkeen eremu bateraino. Eta aldundiko eta udaleko kideek zeregin horretan huts egingo balute, eta gaiari buruz Hondarribiko Udalak egin duen dekretuan jasota dagoenaren arabera beti, abandonatutako animaliak ehiza piezatzat izendatu, eta udalak aldundiari baimena eskatuko lioke uxaldi bidez abelgorri horiek akabatzeko.

Ume sahararren udako familia

Ume sahararren udako familia

Eider Goenaga Lizaso
Lizarrako kanpinean (Nafarroa) ezagututako neskato saharar batek ireki zizkigun guri Saharako ateak, 2003an". Eli Eizagirre (Tolosa, 1984) Oporrak Bakean egitasmoaren Gipuzkoako koordinatzailea da, eta Mariam etxean hartu zutenetik...

“Hondartzen ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptua da”

“Hondartzen ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptua da”

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoaren egungo lurralde egitura ulertzeko, ezinbestekoa da itsasoa, eta horren inguruko dozenaka idatzi eta dokumentu historiko aurkitu ditu Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944) bere ikerketa lanetan. Filosofia ikasketak egin zituen bere garaian, baina historia izan da haren pasioa beti. Hala, 1987an, Historiako doktoretza egin zuen. Geroztik, "hogei bat liburu" argitaratu ditu, denak ere historiarekin lotuak. Euskal Herriko eta, batik bat, Gipuzkoako historiari erreparatu izan dio Azpiazuk bere lanetan, eta guztietan itsasoa oso presente egon da, "itsasoa gabe ezin baita gure historia ulertu".

Los vascos se echaron al mar izan da kaleratutako azken liburua. "Badirudi Gipuzkoan itsasoarekiko lotura bakarrik kostaldeak duela; Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino, horietan bakarrik izan dela harremana itsasoarekin. Baina ikertzen hasi, eta berehala ikusten da Gipuzkoa osoa, eta baita Bizkaia eta Araba ere, itsasora begira bizi izan direla mendeetan". Horrek eraman du itsasoa ardatz duen liburu bat idaztera. "Izan ere, nire ikerketa guztiek, nahiz eta printzipioz barnealdeko gaiak landu ditudan, ezinbestean eraman naute itsasora".

Gipuzkoako biztanleen eta itsasoaren arteko harremanaren hasiera XII. mendean kokatzen du Azpiazuk. "Ordu arte, gipuzkoarrek apenas zuten harremanik itsasoarekin". Mendearen amaieran hasi ziren kostaldeko herriak sortzen —Donostia, Hondarribia, Mutriku, Getaria... —, arrantza eta itsas merkataritza garatzearekin batera. "Eta, ordutik aurrera, ezin dugu Gipuzkoa barnealdeko garapena ulertu itsasoa kontuan izan gabe".

Izan ere, Los vascos se echaron al mar liburuan, batez ere, Gipuzkoa barnealdeaz hitz egiten du Azpiazuk. "Eta arrazoia oso sinplea da: hemengo lurra oso pobrea da, eta hemen, zerbait eskaintzekotan, burdina geneukan, lurpetik ateratako materiala, teknikariak, olak eta abar".

Azpiazuren arabera, "Gipuzkoako ibar guztiak, Oria ibarra, Zumaia ingurua, Zestoa, Debarroa... burdin biltegi handiak ziren". Gurdiz eta mandoz eramaten zuten burdina horietara, eta, gero, aterabidea eman behar zitzaien. Eta itsasoa zen aterabidea, itsasoa zen esportaziorako bidea, itsasoa zen mundura zabaltzeko atea. Europa iparraldera, Portugalera eta Mediterraneora eramaten zuten burdina, itsasoz. "Eta Sevillara. Sevilla zen burdina Ameriketara bidaltzeko atea". Eta eraman bezala, itsasoz ekartzen ziren atzerriko lehengaiak ere. Kostaldera iritsitakoak modu berean garraiatzen zituzten barnealdeko herrietara: mandoz eta gurdiz. "Europa iparraldetik, adibidez, oihalak ekartzen zituzten. Baina itsasoz etortzen zenari erreparatzen badiogu, garrantzitsuena arrantza eta balea olioa zen, garai hartako Iberdrola litzatekeena". Izan ere, argizaria oso lehengai garestia zen, eta balea olioa erabiltzen zuten Europa osoan argiztapenerako.

"Horrek mugimendu oso indartsua sortu zuen lurralde osoan itsasoari begira", dio Azpiazuk, eta, halabeharrez, herritarrak ere itsasora begira jarri zituen. Izan ere, baserrietan senide ugari izaten ziren, lurrak ez zuen denentzako beste ematen, eta maiorazgoan anaia zaharrena gelditzen zen baserriarekin. "Horrek gainerako anaiak beste irtenbide bat bilatzera behartzen zituen, eta irtenbide hori itsasoak ematen zuen. Baserririk ez zutenen kasuan, are gehiago. Arrantzontzietan, merkataritza ontzietan edo gerraontzietan topatzen zuten ogibidea".

Ildo horretan, ezin da ezkutatu arlo militarrak zuen garrantzia, Azpiazuk dioenez. "Gaur egun, ez dago ondo ikusita, baina, hemen, itsasora jotzen zuten asko Espainiako errege-erreginen aginduetara jarduten ziren. Andres Urdaneta Ordizian jaiotakoa zen; Miguel Lopez Legazpi, Zumarragakoa; biak barnealdekoak, biak militarrak".

Itsasoa ez zen aisiarako

Itsasoak bizimodua baldintzatzen zien Gipuzkoako biztanle askori, eta bizimodu horrek itsasoaren ikuspegia zehaztu zuen hainbat mendetan. "Izan ere, itsasoa ez zen aisiarako gunea, eta ezta hondartzak ere. Hondartzak jende askoren lantokia ziren, batez ere emakumeena. Haiek ez zuten imajinatu ere egingo hondartza beste ezertarako gune izan zitekeenik; hondartzaren ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptu bat da". Hondartzetan prestatzen zuten itsasontzietan ekarritako arraina, eta bertan konpontzen zuten arrantzarako tresneria ere. "Hondartza negozio gune garrantzitsua zen, eta itsasontziak ere hondartzan egiten zituzten. Donostiako irudi zaharretan ikusten da itsasontziak hondarretan bertan egiten zituztela".

Hogeita hamar urte baino gehiago dokumentu historiko eta artxibategietan begira jardun arren, beti izaten dira sorpresak, Azpiazuk nabarmendu duenez. Azken liburuari begira, itsasoko protesten inguruko agiriak topatu ditu, XIX. mendekoak. "Itsasontzi batek istripuren bat izaten zuenean, edo belaontzi bat galtzen zenean, edo ura sartzen zitzaienean, Donostiara etortzen ziren, eta agintari militarren aurrean protesta egiten zuten. Litekeena da protesta hori aseguruei begirako zerbait izatea, gertatutakoa beraien errua ez zela frogatzeko, eta asegurua gastu horren kargu egiteko".

Bete arte, eta pixka bat gehiago

Bete arte, eta pixka bat gehiago

Aitziber Arzallus

Hogei urteko bizitza eman zioten ireki zutenean, baina 28 igaro dira eta martxan jarraitzen du Azpeitiko Lapatx zabortegiak, Gipuzkoan zabalik den bakarrak. Eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioagatik balitz, hala segiko luke beste puska batean ere. Lapatx ixteko data hainbatetan jarri izan duten arren —lehenengoa, 2009rako—, emandako hitzak baino indar handiagoa izan dute luzamenduetarako arrazoiek. Baina, azkeneko saiakeran, GHK-k ez du esperotako erantzuna jaso. Beste behin ere zabortegiaren jarduna luzatzeko —otsailaren 3an ixtekoak ziren, aurten— eta eremua handitzeko eskatu dio Urola Erdiko Mankomunitateari —erakunde horrek kudeatzen du Lapatx—. Hark baiezkoa eman dio erabat bete arte hondakinak jasotzen jarraitzeari; ezezkoa, ordea, zabortegia handitzea. Betetzen denean itxi egingo dute, beraz.

Baina, noiz? Inor ez da ausartzen itxierari eguna jartzera. "Gipuzkoa guztiko zaborra hartzen jarraitu izan bagenu, lau hilabetean betetzeko aurreikuspena genuen", dio Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. "Orain, ordea, hondakinen parte bat Kantabriara eramaten ari da GHK, eta, otsailean, Gipuzkoa guztitik etorri ohi den hondakinen herena bakarrik etorri da. Horregatik, ezinezkoa da ixteko egun bat jartzea, ez dakigulako datozen asteetan zenbat zabor etorriko den. Betetzen denean itxiko dugu eta kito".

GHKren asmoa zen Gipuzkoa guztiko hondakinak beste urtebetez Lapatxen hartzea, eremu hartan bertan 175.000 metro kubikoko beste zabortegi bat eginda. Gastu guztiak bere gain hartzeko prest zegoen erakunde hori. "Edukiera biderkatu eta zaborrarekin mendi bat egitea planteatu zigun, baina ez, Azpeitiko udal gobernuak hartuta dauka Lapatx ixteko erabakia", dio Eneko Etxeberria alkateak.

"Adar jotzea" deritzo Etxeberriak GHKren eskaerari. "Mankomunitate askok arrazoi politikoengatik itxi dituzte euren zabortegiak. Errenteriako San Marko ez zuten itxi bete egin zelako; hamar aldiz zabor gehiago hartzeko gaitasuna zeukan, baina herritarrak kexu ziren, politikoki ez zen egoera atsegina, eta ixtea erabaki zuten". Zarauzko Urteta ere aurreikusitakoa baino lehen itxi zuten, "arrazoi politiko eta teknikoengatik hura, gaizki eginda zegoelako".

Hala, Lapatx bakarrik geratu da Gipuzkoa guztiko zaborrak hartzeko. "Orain arte elkartasunez jokatu dugu Gipuzkoa guztiko hondakinak hartuta. Baina, zergatik onartu behar dugu horretan jarraitzea? Elkartasunagatik? Eta gurekiko elkartasuna zer? Jasan genezakeen guztia eta gehiago jasan dugu. Gipuzkoako zabortegi bakarra da Lapatx, ados, baina hura ixteko garaia ailegatu da, eta kito". Udal gobernuaren erabakia irmoa dela nabarmendu du Etxeberriak, atzera bueltarik gabekoa. "GHK-k hori errespetatzen ez badu eta horren kontra egiten badu, kontua bulegoetatik kanpo konpondu beharko dugu: herritarrek erabakiko dute, herri galdeketara deituko ditugulako".

Pazientzia, bukatzen

Elkartasunaren zakuak ez ezik, pazientziarenak ere gainezka egin duela uste dute zabortegiaren inguruan bizi diren Azpeitiko Elosiaga auzoko bizilagunek ere. "40 urte badira nahikoa, ezta?", bota du Miren Odriozolak, bizilagunen ordezkariak. Izan ere, oraingo zabortegia zabaldu aurretik herri hondakinentzat errausketa labea eta Marcial Ucin altzairugintza enpresako hondakinentzat zabortegia izan zituzten paraje horretan bertan.

Hondakindegia hurbil izateak arazo bat baino gehiago eragiten dizkie Elosiagako auzotarrei. Batetik, usainak. "Egun askotan leihorik irekitzerik ere ez dugu izaten, kiratsa jasanezina delako". Bestetik, uholdeak. Zabortegia egiteko ibaiaren ibilbideari kilometro eta erdi kendu izanak, ur emaria bizkortzea eta harriak pilatzea ekarri duela azaldu du Odriozolak, eta euriteetan ibaiak gainezka egiten duela. Horrez gain, arratoi izurriteak ere izan ei dituzte. "Udalak behin baino gehiagotan bidali behar izan du enpresa bat arratoi izurria geldiaraztera, etxe barruraino sartu izan zaizkigulako". Baina Lapatxen ondoriorik kezkagarrienak ikusten ez direnak direla nabarmendu du Odriozolak: "Herritarren osasunean eragiten dituenak, hain zuzen. Oraindik ez ditugu ikusten, baina ikusiko ditugu".

Jakitun dira zabortegia ixteak arazo horiek guztiak ez dituela bat-batean desagerraraziko. Luis Azkue Elosiagako auzotarren beste ordezkariaren hitzetan, "Lapatx ixtean gauzek asko egingo dute hobera, bai, baina ez dugu ahaztu behar zabortegiak bizi-bizirik jarraituko duela gutxienez beste 30 urtean", zigilatze eta ingurumenaren birsortze prozesuek beren denbora behar izaten dutelako. Horiek ongi egin beharreko lanak direla dio Azkuek, "nahiz eta ematen duen gauzak ongi egitea zigortu egiten dela hemen". Ulertezina egiten zaio Gipuzkoako gainontzeko zabortegiak "arrazoi politiko eta teknikoengatik" aurreikusitakoa baino lehen itxi izana, eta, aldiz, Lapatxen itxiera zazpi urtean lau aldiz atzeratzea. "Gauzak ondo egin eta gainera zigortu? Nahikoa da".

Horregatik, Lapatx lehenbailehen ixteko eskatu dute Odriozolak eta Azkuek Elosiagako auzotarren izenean, eta itxierari eguna jartzea nahi dute, gainera. "Bete arte Gipuzkoako zaborra hartzen jarraitzea erabaki du mankomunitateak, ados. Baina noiz beteko da? Hilabeteko gutxiko kontua ematen zuena dezente luzatu daiteke, GHK zaborraren parte bat Espainiara eramaten hasi delako. Ezin dugu onartu gu bere estrategiaren arabera erabiltzea", esan du Azkuek. Horregatik, arazoaren garrantziaz jabetzeko eskatu diete gainontzeko herritarrei, eta ez dute baztertu mobilizazioei ekiteko aukera.

Irtenbide osoak

Berez, Urola Erdiko Mankomunitateak dauka Lapatx kudeatzeko ardura, eta zabortegiaren gaineko edozein erabakitan hark izan behar luke azken hitza. Baina GHK-ren interesek baldintza dezakete hori, eta ekintzak dira horren lekuko, itxiera hainbatetan atzeratu izana kasu. "Gipuzkoan hondakinekin daukagun arazoa konpontzeko ezinbestekoa da herrialde mailako planteamenduak egitea", Cesar Gimeno GHK-ko zuzendari nagusiaren hitzetan. "Horregatik eskatu genion Urola Erdiko Mankomunitateari Lapatx beste urtebetez zabalik mantentzeko, Gipuzkoa osorako irtenbidea izan zitekeelako".

Ezezkoak ustekabean harrapatu dituela adierazi du Gimenok: "Abenduan ia lotuta utzi genuen kontua, eta urtarrilean ezezkoa eman ziguten, mankomunitate barruko ika-mikengatik". Presaka, beste aukera batzuk aztertu behar izan ei dituzte. "Araban eta Bizkaian ez dago hilean 13.000 edo 14.000 tona hondakin har ditzakeen zabortegirik". Eta Kantabriara jo behar izan dute, Meruelora hain zuzen, hango zabortegiak baduelako Gipuzkoaren beharrei erantzuteko gaitasuna.

"Irtenbide garestia da, baina ez dago besterik". Gimenok azaldu du zaborra Azpeitira eramanda baino %50 handiagoa izan daitekeela faktura. Zentzu horretan, "diruari bakarrik" begiratzea egotzi dio Azpeitiko alkateak GHK-ri: "Zaborra Azpeitira ekarri nahi dute, herritarrei konpentsaziorik eman gabe. Guri tonako 75 euro ordaindu nahi dizkigute eta Kantabriari 97 euro pagatzeko prest daude". Oraindik prezioak-eta negoziatzen ari direla argitu du GHK-ko zuzendariak. Urtero-urtero gutxienez 50.000 tona bidaltzea ziurtatu beharko diote Kantabriari.

GHKren asmoa da lau urterako akordioa egitea Kantabriarekin, Zubietako errauste planta martxan jarri artean. Oraingoz, ordea, beste bi hilabeterako hitzarmena besterik ez dute. Horregatik, beste aukera batzuk aztertzen ere ari dira. Esate baterako, Gipuzkoako industriako hondakindegi batzuk moldatu eta errefusa haietara bideratzea.

Hari mutur asko airean

Kantabriarekin bai, baina Urola Erdiko Mankomunitatearekin ere badu zer negoziaturik GHK-k. Izan ere, 2009an egindako hitzarmenean, Lapatx ixterako gune hartan hondakinen transferentzia gune bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen GHK-k. Udalen ardurapeko zabor kamioi txikiek jasotako hondakinak kamioi handiagoetara pasatzeko gunea litzateke hori. Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, baina, "erabat airean" dago kontua, oraingoz ez baitie ziurtatu "egingo duenik ere". Kontua ondo aztertu behar dutela eta oraindik gune hori Lapatxen eraikiko duten ala ez erabakitzeke dutela argitu du, berriz, Gimenok. "Gauza da Gipuzkoa guztiko logistika aztertu behar dugula, horren araberako azpiegiturak eraikitzeko, eta ez da egun batetik bestera egingo dugun kontua. Nolako panorama gelditzen den ikusi behar dugu aurrena, eta horren arabera joango gara erabakiak hartzen".

Urola Erdiko Mankomunitateak eta GHK-k mahai gainean duten beste auzietako bat Lapatxeko konposta plantaren etorkizuna da. Bereziartuaren hitzetan, "egungo azpiegiturak ez du ondo funtzionatzen, arazo teknikoak ditu, eta hortik dator herri guztira zabaltzen den kiratsa". Horregatik, egokitu arte bederen ixteko eskatu dio mankomunitateak GHKri, edo bestela behin betiko itxi eta han prozesatzen den konpost guztia Bergarako Epele gunera bideratzeko. Gai hori ere aztergai dutela azaldu du Gimenok, eta oraindik azken erabakia hartu gabe duten arren, aurreratu du, ziurrenera, Epele gaitasun osora lanean hastean ez dela Lapatxeko plantaren beharrik izango, Bergarakoa gai izango delako organiko guztia hartzeko. "Horrenbestez, litekeena da urtea bukatzerako Lapatxeko konposta gunea behin betiko ixtea".