Gizartea

Itsaso izango da 89.a

Itsaso izango da 89.a

F rankismo garaian, 1965eko martxoaren 2an, behartuta batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak. Antzeko biztanleria zuten, mugakide ziren, errekak bakarrik bereizten zituen haien lur eta baserriak, eta arazo ekonomikoak zituzten bi udalek. Orduko agintariek erabaki eta inposatu zuten bat egitea. Eta ordutik eskutik eutsita egin dute bidea: beldurragatik, txintik esan gabe, hasieran; eta inertziagatik-edo, protestarik egin gabe, ondoren. "Baina eskaera beti hor egon da. Olatu baten moduan islatzen dut nik bi herriak bereizteko eskaeraren indarra; batzuetan indartsuago eta bestetan ahulago, hor egon da beti", azaldu dio Hitza-ri Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak (Donostia, 1979). Aiesta 2011tik da zinegotzi Ezkio-Itsason, eta 2012an izendatu zuten alkate.

Aiestaren hitzetan, "tabu" moduko bat izan da Ezkio eta Itsasoren arteko banaketa. Baina 2011n tabu hori haustea erabaki zuen udalak. Itsasoarrek desanexioa eskatzen zuten, eta horri bide egitea pentsatu zuten, prozesu bat hastea, herritarrek hala nahi balute, bakoitzak bere bidea egin zezan. Bost urte geroago, desanexioa ia egina dago. Ezkio eta Itsaso banandu egingo dira, edo zehatzago, Itsaso desanexionatu egingo da. Gipuzkoako 89. udala izango da —berez, Igeldori dagokio zenbaki hori, baina haren desanexioari buruzko erabakia etenda dago, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bitartean—.

Azken urratsak

Udalaren aldetik estipulazio txostena onartzea —bi herriak nola eta zein baldintzatan banatuko diren zehazten duen dokumentu adostua— eta osoko biluran berrestea bakarrik falta dela azaldu du Aiestak. "Zenbait asteko kontua izango delakoan nago, ia itxita baitaukagu guztia. Beraz, otsailerako, edo beranduenez martxorako, egina egongo da". Gero, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute desanexio espedientea, eta hark banaketa onartzen duen dekretua kaleratzen duenean, Ezkiok bere bideari jarraituko dio, eta Itsasok bakarkako ibilbidea abiatu beharko du.

"Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hasiera-hasieratik izan dugu kontaktua; beti izan dute gure mugimenduen berri, eta adostasuna badago". Hain zuzen ere, Imanol Lasa foru aldundiko bozeramaileak iragarri zuen hasi berria den urte honetan Gipuzkoak herri bat gehiago izango duela, 2016. urtean Ezkio eta Itsaso banandu egingo direla.

Eskaeraren jatorria

Bi herriak batu zirenetik, udaletxea eta udal zerbitzuak zentralizatzea izan zen Ezkio-Itsasok hartutako bidea. Bi herrien erdigunea bilatu behar zuten, eta lehen erabakia udaletxea Santa Lutzi-Anduagan (Ezkio) jartzea izan zen. Egun ere horrela jarraitzen du. Zerbitzu guztiak bertan daude: udaletxea eta udal zerbitzu guztiak, mediku etxea, haur eskola eta eskola txikia. Eta herriko industria ere bertan kokatu da. "1965etik gaur arte horrela funtzionatu dugu; zerbitzu gehienak Santa Lutzin zentralizatuta".

Baina erabaki horrek eragina izan zuen bi herrien bilakaeran. Garai batean biztanlez pareko ziren arren —300 biztanle inguru baikotzean—, gaur egun kopuruak asko aldatu dira: 460 inguru dira Ezkion, eta 160 bat Itsason. Zentroa Santa Lutzin jartzeak auzo horren bilakaera eragin du urteekin, eta bertan bizi dira Ezkioko herritar gehienak. Garai batean herriguneak zirenek, Ezkioko eta Itsasoko kaskoek, berriz, biztanleak galdu dituzte. "Garai bateko herrien errealitatea erabat irauli da".

Bidean galtzaile sentitu dira itsasoarrak. Aiestaren arabera, zerbitzuak Santa Lutzin kokatzeak Itsasori "kalte" egin diola eta "urrundu" egin duela argudiatzen dute itsasoarrek, eta, aldi berean, inbertsioak nagusiki Ezkion egin direla, eta Itsason ez dela ia inbertsiorik egin. Aiestak ulertzen du itsasoarren kexa, "egia baita inbertsioa Ezkion egin dela, zentroa Santa Lutzin kokatzearen ondorioz".

Itsasoarren ondoeza eta atsekabea ezagutzen zuten 2011n udaletxera iritsitako korporazioko kideek, eta zerbait egitea erabaki zuten. "Ordu arte udaletxean ia tabu izandako gai hori mahai gainean jartzeko unea zela erabaki genuen, unea zela gaiari behar bezala heltzeko".

Korporazioko kideak ez ziren printzipioz banatzearen aldekoak, baina herrian eskaera bazegola eta, ondorioz, bidea ireki behar zitzaiola pentsatzen zuten. Parte-hartze prozesua martxan jarri, herritarren eskaerak entzun, bi herrietako ordezkariek osatutako batzordea eratu, abokatu eta aholkulari juridikoekin desanexiorako bideak aztertu, herri bakoitzaren mugak, zerbitzuak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu... Luzea izan da ordutik egindako bidea. "Eta orain dena oso erraza eta polita izan dela dirudien arren, hasieran izan ziren tentsioak. Sukalde lan handia egin dugu honaino heltzeko, asko hitz egin dugu, asko eztabaidatu, harremanak landu batzuekin eta besteekin, gure arteko ezberdintasunak berdintzen saiatu... Lan asko dago atzetik. Lan asko, eta borondate politikoa".

Udal korporazioaren jarrera kanpoan gelditzea izan da, hasieratik. "Argi utzi genuen udal ordezkariak bilera eta batzordeetan egongo ginela, baina guk ez genuela parte hartze aktiborik izango, ez genuela erabakietan parte hartuko. Herritarrek erabakitzea nahi genuen, gure iritziekin prozesua baldintzatu gabe".

Mugarriak

Bidean hainbat mugarri izan direla azaldu dio Hitza-ri alkateak. Batetik, Gipuzkoan banandu eta desanexionatu diren herriak, edo desanexionatzekotan daudenak bisitatu zituzten. Hala, 1991 arte Iruerrieta osatzen zuten Baliarrain, Orendain eta Ikaztegieta bisitatu eta haien kasua aztertu zuten; eta gauza bera Gaztelu-Leaburu-Txarama eta Itsasondo-Aramarekin ere. Igeldoko kasua ere aztertu zuten. "Haietan zein bide jarraitu zen ikusi nahi genuen, gurean nola egin erabakitzeko".

Arlo juridikoan, abokatu bat hartu zuten Ezkio-Itsasoren kasua aztertzeko, eta hark egin zuen lehen txosten juridikoa. "2003ko arau forala aztertu zuen, non 2.500 biztanleko muga jartzen den herri bat independizatzeko, eta, noski, Ezkio-Itsasok ez du betetzen baldintza hori. Baina arau horren aplikazioan salbuetsita daude frankismo garaian herri borondatea kontuan hartu gabe elkartu ziren herriak. Eta, gaur egun, Gipuzkoan bi herri daude egoera horretan; Ezkio-Itsaso, batetik, eta Bidania-Goiatz, bestetik".

Hirugarren mugarria "segragazio txostena" eskatzea izan zen. Siadecok egin zuen bideragarritasun ekonomikoaren azterketa. "Enpresa horrek egin zuena izan zen udalaren datu ekonomikoak eta udalaren funtzionamendua aztertu eta proposamen bat egin bi herriek bereizita funtzionatzeko". Ez zen bete beharreko txosten bat, baina negoziazioan dagoen estipulazio txostenaren oinarria Siadecoren azterketa hori da.

Itsasoko herritarren borondatea errespetatzea izan da prozesuaren ardatza, eta borondate hori itsasoarren artean egindako sinadura bilketa bidez neurtu zuten, 2015eko urtarrilean. 18 urtetik gorako 102 itsasoarrek egin zuten desanexioari bidea irekitzearen aldeko galdea —68 herritarren babesa behar zuten prozesua abiatzeko—. Ezkiotarrei ez zaie galderarik egin; parte-hartze prozesuan izan dute iritzia emateko aukera. "Ezkio-Itsasotik ateratzea eskatzen duena Itsaso denez, Itsason bakarrik egin da galdeketa. Abokatuak argi esan zigun hori, desanexio prozesuetan desanexionatu nahi duen herriari egiten zaio galdera; bestela, banaketa izango litzateke, eta gure kasuan desanexioa da".

Uda parterako espero du Aiestak desanexio hori gauzatzea, nahiz eta hori foru aldundiaren esku dagoen. Behin banaketa gauzatuta, Ezkioko udalean dauden Itsasoko bi ordezkariek udala utzi eta hauteskunde zerrendan dauden Ezkioko bi ordezkariak sartuko dira udalbatzara. Itsason, berriz, batzorde kudeatzaile bat eratuko dute, hurrengo udal hauteskundeak bitartean.

Oasi baten kronika iragarria

Oasi baten kronika iragarria

Saiatzeak beti izaten du arrisku bat, ekindako bidea bihurgunez betetzeko aukera. Aspaldiko irakasgaia da, ordea, oinez ikasteko ezinbestekoa dela erortzea, eta horixe gertatu zaie Tolosako Gazte Asanbladako kideei: joan den uztailean hartutako kolpet...

[Urtekaria] Errauste plantaren itzalpean berriz

[Urtekaria] Errauste plantaren itzalpean berriz

Errauste plantaren egitasmoa izan zen EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi eta bertan behera utzitako lehen egitasmo handietako bat, handiena ez esatearren. 2011 bitartean errauste plantaren kontrako mugimendua indartsu ibili zen, eta mobilizazio handiak egin ziren Gipuzkoan. 2011n, foru aldundia eskuz aldatuta, errauste plantaren proiektua bazter utzi eta kontrako mugimendua ere itzali egin zen. Aurten, hauteskundeak irabazita, EAJk hasiera-hasieratik iragarri zuen errauste plantaren egitasmoarekin aurrera egingo zuela, eta urtearen azken hiruhilekoan, hainbat mugimendu berpiztu dira, eta haiekin, baita mobilizazioak ere.

Ekainean, kargua hartu berritan, iragarri zuen Markel Olano ahaldun nagusiak Zubietako errauste planta eraikiko dutela. Irailean Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Olanok esandakoa berretsi zuen. Hondakinen plana egokitu, eta Europako irizpideen arabera eraikiko dutela azaldu zuen, birziklagarria den hondakinik ez dutela erraustuko, eta erraustegiaren tamaina ere egokitu egingo dutela. Edonola ere, Zubietako errauste planta 2019rako martxan egongo dela ziurtatu zuen Asensiok. Urte horretan izango dira berriro udal eta foru hauteskundeak.

Plantaren tamaina

Birziklagarria den ezer erraustuko ez bada, gaikako bilketaren emaitzen arabera erabaki beharko litzateke errauste plantak izango duen tamaina. "Sumatzen dugu ez dela izango aurreko agintaldian diseinatu zenaren oso ezberdina", adierazi zion Asensiok Diario Vasco-ri elkarrizketa batean. 260.000 tona kudeatzeko diseinatu zuten errauste planta hasieran, baina gaikako bilketan egindako urratsek —tartean, hainbat herritan atez ateko sistema jartzeak— birziklatze tasaren igoera nabarmena eta errefusaren jaitsiera eragin dute. 2014an, esaterako, 170.000 tona errefus besterik ez zen sortu. EAJk eta PSE-EEk gobernatzen duten foru aldundiak, ordea, kopuru horietan ez duela sinisten adierazi du, eta ikusteko dago zer gertatuko den. Kontuan izan behar da zenbat eta txikiagoa izan errauste planta, orduan eta garestiago dela eraikuntza eta kudeaketa.

Hain zuzen ere, BERRIAk hilabete honetan kaleratu du 2012an IBH ingeniaritza aholkularitza belgikarrak Gipuzkoako hondakinen bilakaerari buruz egindako prognosi bat. EAJren eta PSE-EEren konfiantzazko aholkularitza da IBH, eta GHKren zuzendaritzak, eta ondorioz Bilduk, jakin gabe egin zuen prognosia orain dela hiru urte. Bertan jasotakoaren arabera, 2020an Gipuzkoan 2010ean baino %10 hondakin gutxiago sortuko da, gaikako bilketa handituko delako eta demografiaren beherakada bat gertatuko delako; ondorioz, errefusa kopuruetan ere jaitsiera nabarmena aurreikusten du IBHk, 80.000-120.000 tona artean geldituko lirateke, gaikako bilketa %80koa izanez gero.

Errauste planta kopuru horiek kontuan hartuz eraikiko balitz, hasierako proiektuan aurreikusitakoa baino hiru aldiz txikiagoa izan beharko luke.

GHK-ko aurreko zuzendaritzak —Bilduk— ezer jakin gabe egindako prognosiaz ez da ezer jakin orain gutxi arte. Izan ere, Zubietako proiektuko arduradun ohi batek ordenagailu batetik desagerrarazitako agirien artean topatu dute. Ordenagailu horretatik 70.000 dokumentu inguru ezabatu zituzten, eta dozenaka batzuk baino ezin izan dituzte berreskuratu; horien artean zegoen IBHren txostena.

Tamaina gorabehera, aurreikuspen guztien arabera, errauste planta egin egingo dute EAJk eta PSE-EEk. 2016ko aurrekontuetan diputazioak dagoeneko onartu du horretarako lehen diru saila. GHKrentzat 6,2 milioi euroko diru saila jaso du foru gobernuak aurrekontuetan, "aurreikusten diren azpiegiturak egiteko". Eta 2019ra bitarteko "kredituak" ere jaso ditu —26 milioi pasatxo 2017an, 40 milioi 2018an eta 12 milioi 2019an—. Orotara, 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke.

Aire Garbia eta kontsulta

Errauste plantaren proiektu berpiztearekin, kontrako hainbat mugimendu ere berpiztu dira. Oraingoz, Zubieta inguruko herrietan hasi da mugimendua, batik bat Lasarte-Orian eta Usurbilen. Urriaren amaieran, Zubietan eta Usurbilen Erraustegia Erabakia taldea aurkeztu zuten. Aurreko legealdian EAJ eta PSE-EE ingurutik Bilduri behin eta berriro egindako eskaera bere egin dute, eta errauste plantaren gaia galdeketara eraman dezala eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari; herritarrek erabaki dezatela errauste planta nahi duten ala ez.

Bestalde, Lasarten, Aire Garbia plataformak egin ditu lehen urratsak. Urriaren 27an egin zuten herri plataformaren lehen agerraldia. "Beste herri batzuetan nahi ez dutena ez dugu nahi hemen", adierazi zuten prentsaurrekoan, gaiak Lasarte-Oriako herritarrengan eragiten duen kezkaren lekuko.

Azaroaren 20an manifestazioa egin zuten, Erraustegirik ez. Aire garbia zioen pankarta buru hartuta. Horrez gain, Lasarte-Oriako udalbatzara mozio bat eraman zuen plataformak azaroaren 10ean. Osoko bilkuran PSE-EEk mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, eta hori atera zen aurrera EH Bildu eta Ahal Du Lasarte-Oriaren aldeko botoekin. PSE-EEren jokabideak hautsak harrotu zituen, errausketaren aldeko agertu arren errauste plantaren kokalekuaren kontra bozkatu zuelako. "Norberak bere etxean nahi ez duena besteenean nahi izatea" egotzi zieten sozialistei.

Bestalde, hauteskundeek aldaketa eragin zuten, foru aldundian ez ezik, hainbat udaletan ere. EH Bildurenak ziren hainbat udal EAJren esku gelditu ziren, eta, ondorioz, hainbat herritan atez ateko sistema kentzeko prozesuan dira egun. Eskoriatzan eta Bergaran egin zituzten galdeketak azaroan, eta bosgarren edukiontziaren aldeko jarrerak irabazi zuen bietan.

[Urtekaria] Epaitegietarako bidea hartu du auziak

[Urtekaria] Epaitegietarako bidea hartu du auziak

Urtea hasterako soka luzea zekarren Bidegi auziak. Azken lau urteetan, etengabeak izan dira EH Bilduk eta EAJk elkarri egindako akusazioak; dena den, orain arte salaketak ez ziren auzitegietara iritsi; aurten, bai, ordea.

Martxoan deklaratu zuten Azpeitiko Auzitegian Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohiak, Juan Bautista March Fabregues obra zuzendariak eta Laurena enpresa elkarteko zuzendari Ivan Fernandez de Landak. Aldundiak aurkeztu zuen haien kontrako kereila: haren arabera, egin gabeko obra batzuengatik 3,4 milioi euro ordaindu zizkien Bidegik enpresa batzuei 2011n, AP-1 errepideko Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra zatiko lanetan. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zien hirurei; haiek, baina, leporatutako delituak ukatu zituzten epailearen aurrean. March Fabreguesek esan zuenez, ez zituzten dokumentuak faltsutu, eta agiriak "hanka sartze baten ondorio" izan ziren.

Batzar Nagusietan ere hartu zuen bidea auziak. Martxo hasieran osatu zen Bidegiko ustezko irregulartasunen erantzukizun politikoak ikertzeko batzordea, Lohitzune Txarola presidente zela. Bilduren, Aralarren eta PPren botoekin erabaki zuten ikerketa batzordea sortzea —EAJ eta PSE-EE kontra agertu ziren—. Besteak beste, batzordean agerraldia egin zuten Markel Olanok eta Eneko Goiak, aurreko agintaldian ahaldun nagusi eta Bide Azpiegituretako diputatu izandakoek. Biek adierazi zuten AP-1ean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela, eta ez zela iruzurrik egon.

Batzordeak egin zuen ondorioen txostenean, ordea, ados jarri ziren Bildu, PP eta Aralar, eta frogatutzat jo zuten enpresei behar baino 3,4 milioi gehiago ordaindu zizkietela.

Martxo bukaeran kereila zabaldu zuen aldundiak, ingeniaritza enpresa baten txostena oinarri hartuta: tunelak aztertu, eta ondorioztatu zuen beste 10,3 milioi ordaindu zituztela egin gabeko lanengatik. Guztira, beraz, 13,7 milioirena izan zen diputazioaren lehen salaketa.

Baina lehenengo horri beste kereila bat gehitu zion aldundiak maiatzean, Eskoriatza-Arlaban zatiari lotuta. 17 milioiko iruzurra salatu zuen: 8,4 milioi euro Arlabanen ordaindu bai baina egin gabeko lanengatik, eta beste 8,8 milioi Arabako zatiari lotuta —Bidegik bideratu zituen lanak, bere zatia Arabak ordaintzekotan. Aldundiak dio Arabak ordaindu ondoren haren zatiko hamar milioi Bidegik jarri zituela—. Bigarren kereila horretan bost lagun salatu zituzten: Bidegiko hiru arduradun —Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia da horietako bat—, eta Eurostudios eta OHL-Ferrovial enpresetako kide bana. Bost delitu egotzi zizkieten: diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzur egitea, agiriak faltsutzea, dokumentuak egoki ez zaintzea eta ezkutuan aritzea. Bi kereilak kontuan hartuta, beraz, 30 milioirena litzateke ustezko iruzurra.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik, Olano eta Goia lekuko gisa deklaratzeko eskatu zuen diputazioak, eta, hilabete geroago, aldundia ordurako EAJren esku zela, auzitegiak onartu egin zuen kereila. Arlabango tunelaren harira deitu zituen lekuko gisa deklaratzera, ustezko irregulartasunak gertatu zirenean Bidegiko arduradun nagusiak ziren eta. Aurrekoetan bezala, EAJk salaketa "faltsua" zela berretsi zuen.

Hasiera batean, urriaren 26koak ziren auzitegian deklaratzekoak Olano eta Goia, baina data atzeratu zuen epaitegiak. Oraindik ez da jakina noiz izango den.

Batzar Nagusietatik kanpo

Agintaldi honetan, auzia ez da oraingoz Batzar Nagusietan eztabaidatuko. Azaroan, ikerketa batzordea sortzeko proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k eskatu eta babestu zuten ikerketa; PP, berriz, abstenitu egin zen.

EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok susmagarritzat jo zuen diputazioaren jarrera, eta adierazi zuen EH Bilduko lau batzarkide Bidegi auzian aurkeztu direla herri akusazio gisa, "bide judizialean dena argitu dadin lortu nahian" —Asenjo bera, Judit Garcia, Inko Iriarte eta Jon Albizua—. Ahal Dugu-k "gardentasunaren kontra" bozkatzea egotzi zion PSE-EEri.

[Urtekaria] Emakumea, jalgi hadi plazara

[Urtekaria] Emakumea, jalgi hadi plazara

Emakumeen Nazioarteko Eguna, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarria, Martxoaren 8tik haratagoko borroka da, eta urte osoan du oihartzuna. Urtarriletik abendura hamaika ekinbide, ekitaldi, urteurren eta gertaera dira horren lekuko: kirolar...

[Urtekaria] Oztopoak oztopo, pausoz pauso

[Urtekaria] Oztopoak oztopo, pausoz pauso

Urtea indartsu hasi zen euskarari buruzko albisteei dagokienez. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eguberriak pasatu eta berehala, 2017. urte arterako euskara plana aurkeztu zuen. Urtarrilaren 8ko prentsa aurreko agerraldian argi azaldu zuten zein zen foru aldundiaren helburua: euskara foru aldundian lehentasunezko hizkuntza izatea, eta aldundiarekin zein aldundian euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin ahal izatea. Euskara plan berriaren helburua euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka "berdintzea" zela azaldu zuen Martin Garitako ahaldun nagusiak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "ereduzko jokabidea" izan behar zuela arlo horretan.

Euskara plan berria foru aldundiak 2009an egindako planaren segida da, eta orduan ezarritako irizpideei jarraipena emango die 2017ra bitartean. Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak Gipuzkoako Hitza-ri azaldutakoaren arabera, "planaren aplikazioa azkartzea eta indartzea" zen foru gobernuaren helburua —garai hartan EH Bilduren esku—.

Ildo horretan, Etxeburuak nabarmendu zuen foru gobernua ez zela legealdi osoan plana aurkezteko zain egon euskararen alde urratsak egiteko. Euskara plan berrian ezartzen diren baldintzetako asko jadanik betetzen hasiak ziren: besteak beste, aldundiak kontratatzen dituen zerbitzuetan 2009tik ezarritako hizkuntza irizpideak betearaztea; jendaurreko lanean euskaraz erantzuteko gai ez diren langileak postuz aldatzea; edota hedabideen aurreko agerraldiak euskaraz egitea, gaztelaniarako itzulpen zerbitzuarekin.

Urkijoren mehatxua

Euskararen aldeko edozein neurri edo erabaki ofizialekin gertatzen den moduan, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren erreakzioa ia berehalakoa izan zen. Foru aldundiak euskara plana aurkeztu eta bi egunera iragarri zuen planaren kontrako kereila aurkeztuko zuela. Euskararen eta gaztelaniaren arteko koofizialtasuna urratzen zuela, eta euskararen mesedetan gaztelera gutxietsi egiten zuela argudiatu zuen Urkijok, hamaikagarren kereila iragartzeko. Planak indarrean jarraitzen du oraindik, eta Urkijoren kereilaren berri gehiagorik ez da izan gaur arte.

Gipuzkoako Foru Aldundian, gainera, gobernu aldaketa egon da aurten. EAJko Markel Olanok ordezkatu zuen Martin Garitano, eta euskalgintzan ibilbide luzea izan duen Mikel Irizarrek hartu zuen Etxeburuaren tokia. Irizarren sarrerarekin sailaren izen aldaketa iritsi zen —Euskara Zuzendaritza zenari Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza jarri zioten izena—, baina euskara planaren edukiekin eta indarraldiarekin aurrera jarraitzen dute. Filosofiarekin ere bat dator Irizar. "Diputazio honek lehentasunez, edo defektuz, euskaraz funtzionatzeko erabakia hartu du. Horrekin hizkuntza bakoitzaren aukerak orekatu egingo ditugu, eta herritarren aurrean berdintasuna sustatuko dugu. Bakoitzak erabakiko du zein komunitatetako kide den, baina bi aukerak bermatu behar dira". Irizarrek BERRIAri esandakoaren arabera, ez da Urkijoren beldur. "Ofizialtasunak ematen ditu babes juridiko minimo batzuk. Azken boladako sententzietan badirudi babes juridikoa badagoela".

Donostian ere bai

Donostiako Udalak apirilean onartu zuen 2015-2019 epealdirako Euskararen Plan Orokorra. Euskara "guztiz berreskuratzea" eta "euskararen Donostia" eraikitzea helburu hartuta atondutako plana zela azaldu zuen EH Bilduren udal gobernuak. Hiru esparru estrategikotan banatu zituen Donostiako Udalak planaren helburuak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Euskararen jabekuntzari dagokionez, honako ekinbide hauek jasotzen ditu planak: transmisioan erabilera areagotzea, sentsibilizazioa egitea, hezkuntza esparruan euskararen erabilera soziala bultzatzea eta euskara ikasteko baliabideak eskaintzea. Euskararen erabilerari dagokionez, berriz, administrazioan herritarrekiko harremanetan euskara lehentasunezko izatea, merkataritzan eta ostalaritzan zerbitzua euskaraz eman dezaten urratsak egitea, eta aisiari eta kirolari dagokionez hiriko eskaintzetan eragitea. Azkenik, euskararen elikadurari buruzko atalean, euskarazko kulturgintza indartzea eta eskaintza areagotzea, euskarazko produkzioaren kalitatea bermatzea, euskarazko hedabideak laguntzea eta haien kontsumoa sustatzea.

Euskara plana onartzearekin batera, Donostiako Udalak euskararen egoerari buruzko diagnosia aurkeztu zuen. Bertan jasotakoaren arabera, Gipuzkoako hiriburuan euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzia eman behar da. Izan ere, datuek diote donostiarren ia %70 direla euskaldunak (%40,6) edo ia euskaldunak (%28,6), baina kaleko erabilera soilik %16ra iristen da.

Aldundian bezala, Donostian ere gobernu aldaketa izan zen udal hauteskundeen ostean. EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak ordezkatu zuen EH Bildurena. Euskara planari bere horretan eutsiko diola iragarri du gobernu berriak.

Mugak, are mugago

Mugak, are mugago

Espazio bakarra eta guztientzat berdina da itxuraz, baina ezberdina errealitatean. "Patriarkatuak berak beste kartzela bat sortzen du kartzelaren barruan". Emakumeei ezartzen zaien zigor hirukoitzaz ari da Oihana Etxebarrieta kazetari eta Bilgune Feministako kidea: zigor penalaz, sozialaz eta pertsonalaz. Eta, zigorraz gain, moralizatzeaz: "Zigortzen zaio delitu batengatik, baina baita emakume moduan daukan rola apurtzeagatik ere". Etxebarrietarekin batera, kartzeletako errealitateari helduko diote bihar Zuriñe Rodriguez EHUko irakasleak eta Arantza Santesteban Historian lizentziadunak Feministaldian, Donostian. Gogoetatuko dutenaren gaineko zenbait zertzelada eman dizkiote Etxebarrietak eta Rodriguezek Hitza-ri.

Emakumeak "zintzoa, esanekoa eta zaintzailea" izan behar du. Hala dio Etxebarrietak: "Bere amatasun edo zaintzaile rola apurtzen duelako ere zigortzen da". Nork bere buruari jarritako zigorraz hitz egitean, zaintzaren faktorea aipatu du, hain justu. Etxebarrietaren arabera, kartzelan dagoen momentutik emakumeak ezin ditu bere kargura zeuden pertsona horiek zaindu, izan haurrak edo pertsona nagusiak, eta horrek "antsietate handia" sortzen dio bere buruari. "Gizonak izango du bere inguruan zaintza lanez arduratuko den sare oso bat, askotan emazteak. Baina emakumezko presoen kasuan, askok familia bakarrik hazi behar dute".

Genero harremanei eta rolei dagokienez, polarizatutako imajinario kolektibo bat irudikatu du: "Emakumeak zaintzan irudikatzen ditugu, maitasuna ematen... Eta gizonezkoa gehiago belikotasun batean, borrokaren ideologia horretan. Badirudi banatuak izan direla: zaintza bakarrik espetxetik kanpo egin behar den zerbait balitz bezala irudikatu dugu, baina espetxe barruan ere beharrezkoa da zaintza, eta zaintzen ari den horrek ere behar du zaintza".

Abestietan, zineman eta abarretan ikus daiteke nola eraikitzen den imajinario hori. Rodriguezek dioenez, preso batengan pentsatzerakoan, ziurrenik mutil baten imajina egingo du norbere buruak; berdin militante batengan pentsatzean. "Preso baten senidearengan pentsatzean, ordea, normalean emakume batengan pentsatzen dugu". Adibide musikal bat ekarri du: Borrokalari kalera kantua. "Hor esaten da zain dagoela aita, zain ama; hau da, familiak zain egon behar duela eta sostengatu behar duela presoa. Eta, bestetik, familia heterosexual bat ageri zaigu. Gero, jarraitzen du: 'zain andre eta lagunak...'. Berriz ere andrea jartzen da. Eta, aurrerago, borrokalaria; beti indartsua da, borrokarako prest dago, ezin da erori, beti egon behar du prest...".

Kanpotik eta barrutik

Kartzela tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu Etxebarrietak Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? tesinan. Zaintzaren gaiari eta maitasun harremanei jarri die arreta. "Oso garrantzitsua da maitasun harreman horiek edukitzea. Itxialdi egoera bati aurre egiteko, oso garrantzitsua da familiaren eta bikotekidearen babesa". Bisitak, aurrez aurrekoak... Bikotekidea kartzelan izan zuen berak, eta bizi izandakotik ezagutzen du errealitate hori. Momentu gogorrak ditu gogoan: "Bikotekidea preso duten pertsona askorentzat momentu gogorrak dira hasieran. Presoarentzat, kalearekin konektatzeko momentu handienetako bat zen". Etxebarrietaren iritziz, presoaren bikotekideak rol oso garrantzitsua betetzen du, batik bat zaintza lanagatik. "Batzuetan zaintza lan horiek berari ezartzen zaizkio, bere gain hartu nahi ez izan arren".

Emakumezkoen espetxe baten barruan egoteko aukera ere izan zuen Etxebarrietak, Alcala Mujeres-en (Madril), ikastaro batzuetan. Lehen aldia zuen emakumezkoen modulu batean. Azaldu duenez, gaur egun dauden emakumezkoen kartzelak ez ziren sortu emakumezkoen espetxe izateko; Alcalakoa, esaterako, adingabeen zentro itxi bat zen. Ikusi zuenak baino gehiago, ordea, harremanek eman zioten atentzioa. "Ume batzuk bezala tratatzen zituzten kasu gehienetan. Infantilizatu egiten dituzte, eta ongia egiten ariko balira bezala hitz egiten dute". Kartzelatik buelta bat emateko aukera ere izan zuen: "Paradisu bat izango balitz bezala erakutsi ziguten; oso gaizki pasatu genuen".

Preso sozialen eta politikoen artean ere bada berezitasunik. Politikoei, FIES fitxategiak ezartzen zaizkie —preso arriskutsu edo preso bereziei jartzen zaien sistema da—. Eragin nabaria du, bai komunikatiboki, baita espazialki ere: "FIESen hirugarren gradua ezartzen zaie, eta horrek sakabanaketa dakar, gutun eta dei kopuruaren murrizketa, patiora ateratzeko ordu kopuruak gutxitzea...". Etxebarrietaren arabera, emakume preso politiko gutxiago daude, eta, beraz, errazagoa da Espainian eta Frantzian haiek sakabanatzea: "Sakabanaketa gehiago da emakume presoekin, espetxe gutxiagok hartzen dituztelako emakumeak. Gainera, politikoen kasuan, gradu bereziak jartzen zaizkienez, horrek suposatzen duenarekin; batzuetan bakarrik daude, jende gutxi ikusten dute...". Joxepa Ernagaren kasua ekarri du gogora. 1980ko hamarkadan atxilotu zuten, eta 27 urtez egon zen espetxean; horietatik hamalau bakarturik —iazko abenduan atera zen libre—. "Hor genero aldagaia kontuan hartu beharra daukagu. Ikuspuntu hori falta zaigu, eta ikusi behar dugu momentuan ere badaudela egoera horietan dauden emakume presoak".

Gatazka, iraultzeko

Irakurketa feminista bat egiteari garrantzia eman dio Rodriguezek ere. Besteak beste, ETAko emakumeen parte hartze politikoa aztertzen dabil, eta, dioenez, orain arte ETAri buruzko liburuetan ez da berak jasotakorik azaldu: "Hori da orain arte emakumeak elkarrizketatu ez ditugulako, edo protagonista izan ez direlako".

Rodriguezen ustetan, kartzela gatazkaren "alderik gogorrenetariko bat" izan daiteke, eman diren hausturak irudikatzeko tokia. Patriarkatua gatazkan indartu egiten dela dio, "noski", eta emakumeek sistematikoki pairatu izan dutela biolentzia. Era berean, ordea, patriarkatua bera gainazpikatzeko aukera batzuk ere izan dira, bere lanean bildu duenez: "ETAko lehenengo urteko emakume askorentzat ETAn sartzea etxekoandre ez izateko aukera zen; eurentzat bai, eurentzat izan zen emakume liberazio prozesurako oso lagungarria. Asko Frantziara joan ziren, komandoetara edo errefuxiatu moduan. 1960ko hamarkadan, esaterako, eta justu pilulak han legezkoak ziren".

Presoez, armagabetzeaz eta bestez hitz egiten den bezala genero harremanak nola eman diren jorratzea ere funtsezkoa dela uste du. "Ez badugu hitz egiten, egingo dugu bake bat, baina erdiko bake bat izango da". Rodriguezek argi du gatazka armatuaren bukaerak ez duela esan nahi biolentzia bukatu denik. "Galdetu behar dugu: norena da bakea, eta norentzat? Gaur egun gutxiago kobratzen dugu, hiltzen gaituzte gure senarrek... Ez da benetako bakea". Dioenez, bakea benetakoa izango da gizonak, emakumeak eta beste identitateak bakean bizi ahalko direnean. Horretarako, mugimendu feminista lehen mailako aktoretzat du: "Bake prozesu batean eta negoziazio batean mugimendu feministak interlokutore nagusienetako bat izan behar du".

“Hamasei kilo antxoa eramaten genituen buru gainean”

“Hamasei kilo antxoa eramaten genituen buru gainean”

Hamabi urte besterik ez zuen Itziar Etxeberria Bikuñak (Getaria, 1943) arrain saltzen hasi zenean. Amari laguntzen zion antxoa saltzen. "Arrainduna zen amona, baita nire ama ere. Eta ondoren ni. Orain nire iloba dabil arrandegian. Laugarren belaunaldia da". Zarauzko merkatuan dauka arrandegia Etxeberriak, Itziar arrandegia, eta, 72 urterekin, han egoten da egunero-egunero. "Orain ez naiz goizetan arrain bila joaten, ilobak egiten du hori, baina egunero egoten naiz merkatuan".

Tarte batean arrandegia utzi du Etxeberriak Hitza-rekin egoteko. Ile apaindegira joateko ere aprobetxatu du atsedenaldia. Eta ile apaindegiaren kanpoan erantzun die kazetariaren galderei. Etengabe agurtzen du jendeak Etxeberria. "Elkarrizketa egiten ari zaizkit", esan dio bertatik pasatu den gizon bati. "Zuk kasu egiozu, dena egia esango dizu eta", esan dio gizonak kazetariari. "Nolako antxoak ekartzen zituen Itziarrek! Haiek zuten distira eta kolorea!".

Antxoak buru gainean nola ekartzen zituzten oroitu du gizonak. "Bai, bai; halaxe ekartzen genituen. Perrailetan ekartzen genuen antxoa, eta zulotxoetatik tantoak erortzen zitzaizkigun buru gainera, tirrin-tin-tin. Hamasei kilo eramaten genituen buru gainean".

Autoan egiten zuten Getariatik Zarautzerako bidea, eta ama plazan aritzen zen saltzen, eta Etxeberria, berriz, auzoz auzo. "Antxoatan, gu beti antxoatan ibiltzen ginen, eta antxoa ez zegoenean, atuna. Behin denboraldia amaitzen zenean, negu partean, etxean gelditzen ginen, eta kontserba fabrikara joaten ginen".

Etxean dirurik ez, eta, jan nahi bazuten, lan egin beste aukerarik ez zutela nabarmendu du Etxeberriak. "Gure etxean ez geneukan ezer, eta baporeak antxoatara ateratzen zirenean zain-zain egoten ginen, hura baitzen diru pixka bat irabazteko modu bakarra. Hementxe bertan egiten zuten arrantzan, urrutira joan gabe, eta amak esaten zidan 'ai Itziar, sirenak joko balu'. Jainkoak entzunda, sirenak jotzen zuen beti". Antxoa portura iritsi zelako abisua entzunda, berehala jaisten ziren portura; antxoa kargatu eta Zarautzerako bidea hartzen zuten. "Zarauztik Getariara, eta Getariatik Zarautzera, horixe izan da nire bizimodua. Eta horrelaxe jarraitzen dut oraindik ere".

Dozenatan saltzen zuten antxoa. "Dozena pezeta batean". Eta egunkari paperean bilduta eramaten zuen jendeak. "Orain, ez dakit ze plastiko eta paper txuri erabili behar den. Orduan, dena periodikotan biltzen genuen. Ez dut inoiz entzun inor hil denik periodikotan bildutako antxoa jateagatik, baina tira! Orain, jendeak antxoari hezurra eta dena kentzeko eskatzen dizu, ezin dute hezurtxo bat ere ikusi; eta jendeak ez daki arraina garbitzen, eta frijitu ere ez dute egin nahi".

Erosleak, leihotik

"'Antxoa, antxoa!', deiadarka ibiltzen nintzen ni, kalez kale. Leihora atera, 'itxoin, oraintxe jaitsiko naiz', eta hantxe jaisten ziren emakumeak, mantalarekin; dozena bat, bi dozena edo hiru, behar zutena". Eramandako antxoak amaitzen zirenean bukatzen zuten Etxeberriak eta bere amak lan eguna. "Zarautz beti izan da oso herri antxoazalea; herri gutxi izango da Zarautz bezain antxoazalea".

Amak utzi zuenean, ahizparekin ere ibili zen gero arraina saltzen. "Ni hasi nintzenean 60 izango ginen arraindunak, eta orain ni bakarrik gelditzen naiz ordukoetatik". Aurten egin ditu 60 urte plazan arraina saltzen, eta orain dela sei urtetik du arrandegi finkoa merkatuan: "Arrandegi berriak egin zituzten, baina ordu arte postu batean egoten nintzen".

Getariatik ez ezik, Pasaiatik ere ekartzen zuen arraina. "Baina hori geroago izan zen, 30 urte ingururekin". Goizean goiz esnatu, eta auto-stopean joaten zen Pasaiara. "Goizean, 04:30 inguruan irteten ginen etxetik. Nik esaten nion Martxela lagunari 'orain putak etxera, eta gu lanera'. Gasolindegian egiten genuen topo. 'Orain zuek lotara eta gu lanera' esaten genien. Han hartzen genuen kafesnea, haiek eta guk". Pasaian arraina erosi, eta anaia joaten zitzaion bila, Zarautzera eramateko".

Bizimodu gogorra izan duela aitortu du Etxeberriak. "Baina, ez nuke beste bat nahi. Inoiz ez zait dirua gustatu, nahiago dut arraina saltzen ibili, dirua kontatzen aritu baino. Hala ere, orain pixka bat aspertu naiz, eta nagia sartzen zait. Lehen, amorratzen egoten nintzen; orain, ez".

Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Autobusak ez dira garaiz iritsiko

Kostata, baina iristear dira autobusak Atotxako geltoki berrira. Pio XII. plazako geltokia hogei urtez erabili ostean, hil honen amaierarako edo urtarrilerako espero da aldaketa. Datorren ostegunean, hilak 17, ziren zabaltzekoak, baina asmoa atzeratu...