Gizartea

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes...

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz...

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

"Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua". Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): "Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke".

Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. "Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da", dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).

Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, "kontraste lan bat" egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.

Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: "Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea". Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek "haserre" ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: "Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela". Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: "Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun". Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du "inolako eztabaidarik" zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: "Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko".

Bergaran ere, martxan

Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. "Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea".

Galdeketarekin "nabarmen" gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: "Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko". 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: "Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko".

Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. "Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren".

Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea "nahas" zezakeelako.

Zabaldu, itxi, eman… ikasi

Zabaldu, itxi, eman… ikasi

Hogei ordurekin asko jasotzen dugu; urtebete izanez gero, euskararen %80 edo %90 hartuko genuke". Mohammed El-Ghzauiren hitzak dira; Euskara Plus egitasmoko ikastaro bateko parte hartzailea, hain justu. Ikastaro horren azken-aurreko saioa bukatu berri...

Erditze lapurtuaren sentipena

Erditze lapurtuaren sentipena

Bikotekideak gaizki hitz egiten badizu edo umiliatzen bazaitu, edo zure iritzia kontuan hartu gabe zuri buruzko erabakiak hartzen baditu, berehala identifikatzen dugu zer den; hori genero indarkeria da. Baina tratu hori erditze unera eramaten badugu, eta bikotekidearen ordez emagin, ginekologo edo erizainak jartzen baditugu... Hori zer da? Indarkeria obstetrikoa da, argi eta garbi". Nahia Alkortaren hitzak dira. El Parto Es Nuestro eta Arrosen Iraultza taldeetako kide da, eta Sabeletik mundura webgunearen sortzaile eta koordinatzailea.

Baina, horrez gain, indarkeria obstetrikoaren biktima ere bada; eta auzitegietara eraman du kasua —uztailean izan zuen epaiketa, Donostian—. Orain, bigarren umeaz erditzeko atarian, argi du zer nahi duen. "Arazorik ez bada, etxean erdituko naiz". Etxean erditzea erabaki ausarta denik ez du uste. "Ausarta ospitalean erditzea izan zen", esan dio Hitza-ri.

Besteak beste, "arrazoi medikorik gabeko zesarea bat" egin zioten Alkortari Donostia ospitalean. "Hamabost orduko erditze lanaren ostean, goizeko zortzietan etorri ziren zesarea egingo zidatela esanez. Nik uste dut zesareari buruzko klase bat zutela-edo, eta zesarea bat behar zutela". Kirofanoan bikotekidea egotea eskatu zuen. "Zoratuta zaude? Hau kirofano bat da", erantzun zioten. "Baina badakigu beste toki batzuetan, Poliklinikan adibidez, sartzen direla".

Kirofanoan "izugarrizko tratu txarra" sufritu zuen. "Txerri bat hiltegian bezala sentitu nintzen. Dardarka nengoen, negarrez, eta inork ez zidan hitz egiten; oporrei buruz hizketan ari ziren, eta aurpegira ere ez zidaten begiratzen". Ebakuntzari buruzko azalpenak ematen entzuten zuen medikua. "Klase bat zen. Zesarearen orbainean ere ikusten dira josteko modu ezberdinak. Jende asko zegoen, eta Aner jaio zen unean ere ez ziren isildu. Ez zuten une hori errespetatu". Hiru ordutan ez zioten semea hartzen utzi.

Zalantzarik gabe, indarkeria obstetrikoaren definizioan sartzen da Alkortak sufritutakoa. "Osasuneko profesionalen aldetik emakumeak haurdunaldi edo erditze garaian pairatu duen edozein tratu txar hartzen du bere baitan indarkeria obstetrikoak", azaldu du Ibone Olzak. Erditzearen inguruko psikiatrian espezializatuta dago, eta Europako Batasuneko hainbat proiektutan ikertzaile eta Espainiako Osasun Ministerioko kontsultore ere bada.

Identifikatzen zaila

Olzaren arabera, kasu askotan indarkeria obstetrikoa ez da erraz identifikatzen. "Emakume askok ez dakite erditzean behar ez ziren edo ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren gauzak egin dizkietenik; adibidez, episiotomia bat edo erditze programatu bat egitea, arrazoi faltsuak argudiatuta". Badago, ordea, ezinbestekoa den identifikatzaile bat. "Emakumea nola sentitu den entzutea, ea berak hartu dituen bere osasunari eta bere gorputzari buruzko erabakiak, ea gutxietsia edo mehatxatua sentitu den, zaindua sentitu den...".

"Indarkeria obstetrikoak ez du esan nahi zure erditzea zesarea batean, episotomia batean bukatu denik, ez du zertan. 'Egin zenuenean ez zizun mina egin eta gustatu zitzaizun, ezta? Bada, orain ez kexatu'. Halakoak entzun egiten dira gure ospitale publikoetan. Hori da tratu txarra", azaldu du Alkortak. Beste tratu txar mota bat "infantilizazioa" dela dio. "Emakumeari ume bat balitz bezala hitz egiten zaio, eta askotan azalpenak ere ez zaizkio berari ematen, bikotekideari baizik. 'Aizu, ni hemen nago'".

Alkortaren arabera, askok indarkeria obstetrikoa ez dute hartzen "genero indarkeria gisa", "maiz emakumeak emakumeari egiten dion indarkeria" delako. "Baina genero indarkeria da, emakumeari ez baitzaizkio errespetatzen bere bizitza sexualaren ardura eta eskubideak". Eta emakumeak eskubidea du bere gorputzari buruz erabakitzeko.

Sistemarekin da kritikoa Alkorta. "Egokitzen zaizun pertsonaren araberakoa ere bada", dio; baina ordutegiek, jende faltak eta saturazioak eragin handia dutela uste du, eta hori dela konpondu beharrekoa. "Protokoloak badaude, baina ez dituzte errespetatzen. Bestalde, emakumeak legearen babesa du, legez dagokio bere gorputz eta osasunari buruzko erabakiak hartzea, baina erditzeetan ez da errespetatzen. Legea gainetik pasatzen dute".

Indarkeria obstetrikoak ondorio asko ditu, ondorio psikologiko larriak. Eta ez du laguntzen sufritutakoa ukatzeak. "Lotsa sentitzen dute emakume askok, ez direlako gai izan bere burua eta umea defendatzeko, gutxietsiak izaten utzi dutelako". Stockholmgo sindromea ere ohikoa da. "Umea eta ama ondo atera direnez, ama esker oneko sentitzen da artatu dutenekin. Emakume askorekin gertatu zait beraiek hasieran erditze ona izan zutela esatea, baina gero, jazotakoa kontatzean, gauzak beste modu batera izan direla ohartzea".

Olzak izena jarri die indarkeria obstetrikoa pairatu duen emakumeak dituen ondoriei. "Zaurgarritasun goreneko unea da erditzea, eta momentu hori grabatuta gelditzen da. Emakume askok trauma osteko estresa garatzen dute, eta etengabe ari dira erditzean jazotakoa berpizten; kirofanoan biluzik zeuden unea oroitzen dute, edo nola episiotomia egin zioten anestesiarik gabe, edo umea jaio eta ikusi gabe eraman zutenean izandako larritasuna oroitzen dute. Emakume askok hutsune handia sentitzen dute, hain garrantzitsua zen une hori galdu dutelako. Bortxatuak izan direla ere sentitzen dute".

Alkortak ez du ia oroitzapenik semearen lehen hiru hilabeteez. "Zaintzen duzu zaindu behar duzula dakizulako, titia ematen diozu, baina amaren eta umearen arteko atxikimenduari nabarmen kalte egiten dio". Alkortak laguntza psikologikoa behar izan zuen, erditu zenean sufritutakoa gainditu eta horri buruz lasaitasunez hitz egiteko.

Ez dira gehiago biktima izango

Ez dira gehiago biktima izango

Ez naiz biktima bat, bizirik iraun duen emakume bat baizik". Nerea del Camporen hitzoi segida eman die Raquel Maria Solorzanok: "Ni ere ez. Muturreko biolentzia baten biktima izan nintzen, nire eskubideak urratu dizkidate, baina ez naiz berriro eroriko". Eibarko Mujeres al Cuadrado elkarteko bi kide dira, eta, egun, haiek bizi izan zutena pasatzen ari diren emakumeei laguntzen dabiltza, eurek pasatakoa gerta ez diezaien: "Berpiztu gara, eta ozen esaten dugu. Entzun gaitzatela eskatzen dugu, eman diezagutela aukera bat aurrera jarraitzeko".

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, mahai ingurua antolatu du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostian, Tabakaleran. Hizketaldian parte hartu dute Del Campok eta Solorzanok, bi gazterekin batera: Naiara Rodriguez eta Iñigo Puertasekin. Pilar Kaltzadak aurkeztu du saioa, eta gogoeta batekin zabaldu du solasaldia: "Sukarra da biolentzia, eta gaixotasuna berdintasunik eza. Horri aurre egiteko modua aurkitu behar da, baina nola?". Lau parte hartzaileak bat etorri dira hezkuntzak duen garrantziaz. Del Campok dioenez, neskak eta mutilak ezberdin hezten dituzte oraindik: "Publizitate kanpainetan ere ikusten ditugu printzesatxoaren eta soldaduaren irudiak, eta gero gertatzen zaigu gu ere halakoxeak garela". Ados dago Solorzano ere: "Mutikoei ematen zaien mezua da indartsuak direla, ausartak, azkarrak; neskei, berriz, esaten diete zeinen politak diren, zeinen finak...".

Txikitan askotan entzundako esana ekarri du gogora Del Campok: elkarrekin borrokatzen direnek elkar maite dutela. "Min handia egiten ari dira halakoak. Niri eta Raqueli pasatu zaigu; harreman toxikoak izan ditugu, gaiztoak, baina horiei eusten genien: liskarrak normaltzat genituen; elkarri buila egitea bikote guztietan gertatzen den zerbait balitz bezala ikusten genuen. Nork ez du halakorik esan?". Irribarre batekin orainari begira jarri da segidan: "Bizitza motza da, oso polita, eta ni ez nago norbaitekin etengabe liskarrean egoteko, poza eta bizitzeko gogoa transmititzeko baizik".

Honaino iritsi arte, ordea, luzea izan da gainditze prozesua. Bere erasotzailea zigortu zuten egunak eman zion aurrera egiteko behin betiko bultzada Del Campori: "Zigortu zutela irakurri nuenean, esan nuen: 'Norbaitek arrazoia eman dit; ez nengoen oker, egia zen'". Bestelakoa izan zen, baina, aurretik epaiketa azkarrean epaileak hartu zuen erabakia: "Nahiz eta haurdunaldiaren bosgarren hilabetean egon eta sekulako eraso fisikoa jasan, epaileak ez zuen indarkeria matxistatzat hartu, nire aldetik zeloen zoroaldi bat izan nuela ebatzi zuen".

Horren ondotik, "akats" batean erori zen Del Campo: salaketa kendu zuen. "Haurra jaio zen, eta pentsatu nuen aita bat beharko zuela... Oso gaizki egin nuen". Justiziak ofizioz jardun zuen gero, eta Donostiako epaitegian egin zuten epaiketa: errudun jo zuten. Berak bizi izandakoa bizi eta gero, salaketa jartzera doazenean emakumeek duten egoera kontuan har dadila eskatu du Del Campok: "Egoera penagarrian goaz; askotan harriak botatzen ditugu gure teilatuaren kontra".

Jabekuntza fasean dago Solorzano. Errekuperatze prozesu horretan, garrantzi handia eman dio gizarteak eta erakundeek biktima tratatzeko duten moduari: "Ez da gehiago biktimizatu behar. Landu behar da 'zuk ahal duzu' esanez, baliabideak emanez, eta emakumeak emozioak kudeatzen ikas dezala. Nire kasuan, hala ikusarazi zidaten, eta nik ikusi nuen zein zen hartu beharreko bidea". Solorzanok aipatu dituen baliabide horiei erreparatu die Del Campok, eta tresna horiek nolakoak izan beharko luketen deskribatu du: "Errekuperatzeko aukera jartzen zaigu, baina beti errua gizonari egotziz: erantzukizun osoa eta bakarra tratu txarrak ematen dituenarena da". Del Camporen iritziz, ordea, pertsona bat ez da inoiz errekuperatuko bere erantzukizuna onartu gabe: "Ni nintzen hor presente zegoena nitaz abusatzen zutenean. Erantzukizun hori gure gain hartzeko gai izan garen momentutik hasten gara errekuperatzen, eta gizarteak ere horretarako tresnak eman behar dizkigu". Dena den, gizarte zerbitzuen aldetik jasotako laguntzarekin eskertuta daude biak; aldundiko psikologoen zerbitzua "perfektua" dela dio Del Campok, eta "zortea" dute Eibarren daukaten berdintasun teknikariarekin.

Horrez gain, biktimez hitz egitean erabiltzen den "morboa" aipatu du Del Campok: "Batzuetan badirudi gehiago interesatzen dela detaileak jakitea, emakumearen errekuperazioa baino. Horregatik interesatzen da biktimaz hitz egiten jarraitzea, eta ez aurrera egin duen emakume batez, bere bizitzaren jabe den emakume batez, ama den emakume batez...".

Hedabide batzuek indarkeria matxistari eta biktimei ematen dieten trataerarekin ere kritiko agertu dira biak. Solorzanok dioenez, emakumea "produktu bezala" erakusten dute askotan, eta gizona izan ohi da auto ederra duena, boterea duena... Mujeres al Cuadrado elkarteko kideek haien esperientzia kontatzeko gonbitea jaso izan dute zenbait hedabidetatik, baina kateren bati ezezkoa eman beharrean izan dira: "Edukiak kontrolatzeko esan diegu. Ezin da emakumeen erabateko azpiratzea saldu, batetik, eta gero saiatu programa bat egiten biktimei ahotsa emanez".

Hilketei sarri ematen zaien trataera ere salatu dute. Berri agentzia batekin gertatutakoa jarri du adibide Del Campok: "Badirudi deigarriagoa zela hil zuten emakumea prostituta zela, hil egin zutela baino. Azkenean, lortu nuen kazetari horrekin hitz egitea, eta mesedez kentzeko esan nion. Supermerkatu bateko langilea balitz, jarriko al luke? Tratatu gertaera izan den bezala: hilketa bat. Ez da hil, hil egin dute".

Gazteen ikuspegia

Bi emakumeekin batera mahai inguruan aritu dira Naiara Rodriguez eta Iñigo Puertas gazteak. Berdintasunik ezaz mintzo da Rodriguez: "Beraiek indarkeria bortitz baten biktima izan ziren, baina gizarte honetako emakume guztiak biolentzia sotilago, inplizituago baten biktima gara". Haren ustetan, legearen aldetik urrats asko egin dira, baina eskubide berak izateak ez du esan nahi justizia dagoenik: "Birpentsatu egin behar da honen guztiaren atzean zer dagoen".

Puertasen arabera, gizonek ere "inposatutako" hainbat ezaugarriri aurre egin behar diete: "Guk ausartak izan behar dugu, ados nago, baina guztiok izan behar dugu ausartak. Eta ausarta izatea da zure beldurrak onartzea, zure segurtasunik ezak onartzea, pelikula batekin negar egitea, zergatik ez. Hori guztia pertsonen parte da, eta ez emakumeen edo gizonen parte". Bere adineko bikoteei begiratuta, lengoaia komun baten falta sumatzen du Puertasek: "Mutil eta neska bat ikusten dituzu eztabaidatu eta eztabaidatu, eta galdetzen duzu, 'baina zuek benetan maite duzue elkar?'. Arazoak egon daitezke, baina ez badizu nahikoa segurtasun ematen ondo sentitzeko, agian ez duzu harekin egon behar".

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Negua dator, hotza; migranteek Mediterraneoaren barnako ihesaldian jasan beharko duten oztopo bat gehiago. Lesbosera iritsi nahi dute askok; bederatzi kilometroko tartea egin ohi dute, Turkiatik irten eta Egeo itsasoan, baina ez da beti egingarria iza...