Eider Goenaga Lizaso
Apirilaren 3an bete ziren 25 urte Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Haren herrian, Lazkaon, urtero oroitzen dute data hori, eta joan den apirilean ere egin zuten ekitaldia. "Ekitaldi xumea baina goxoa izaten da; Lazkao Txikiren eskultura dagoen zelaian egiten da, eta herriko hainbat eragilek parte hartzen dute: Lazkao Txiki musika eskolak, dantza taldeak, bertso eskolak... Baina aurten, urteurren borobila zenez, gauza bereziren bat egin nahi genuen", azaldu du Joxepa Madariagak, Gerriko kultur elkarteko kideak. Bihar izango da ekitaldi berezi hori, Lazkaomendin. Lazkao Txikiri eta Lazkao Txikirekin bertso kantari jarri diote izena.