Albisteak

Elkarrizketarako lagunik gabe

Elkarrizketarako lagunik gabe

Unai Zubeldia

Guretzat ez ziren serioak urrian mahai gainean jarri zituzten proposamenak". Eta sindikatuak horregatik altxatu ziren Gipuzkoako zahar etxeetako, adineko pertsonentzako eguneko zentroetako eta tutoretzapeko etxeetako lan gatazka bideratzeko sortutako negoziazio mahaitik. Txomin Lasa ELAko zahar egoitzen saileko arduradunak salatu duenez, patronalen azken zirriborroan ez ziren islatu azken gatazketan adostutakoak. "Atzerapausoa zen, 2005etik 2008ra arteko hitzarmenaren hobekuntza txiki batzuk hartu zituztelako oinarri gisa. Ez zegoen negoziazioei ekiteko eduki garrantzitsurik; soldatak izoztea eta lan baldintzak kaskartzea proposatu zuten".

Ikasketen trenetik eror ez daitezen

Ikasketen trenetik eror ez daitezen

Aitziber Arzallus

Badira haurrak arazoak dituztenak ikasgelako martxa jarraitzeko eta eskolako lanak euren kabuz egiteko. Zailtasun horiek gainditzeko, askotan nahikoa izaten dute aparteko laguntza txiki bat jasotzea eskola orduetatik kanpo. Baina batzuek ez dute horretarako modurik, etxean baliabiderik ez dutelako. Behar horri erantzuteko, boluntarioz osatutako taldeak sortu dituzte zenbait herritan. Gipuzkoan, Donostian izan ziren aurrenak. 2009an, erretiratutako irakasle batzuek Hazi eta Ikasi elkarte solidarioa sortu zuten, baliabide urriko familietako haurrei eskola laguntza emateko. Irakasle gutxi batzuk hasi ziren haur gutxi batzuei laguntzen. Bederatzi urte geroago, ordea, 150 boluntariok 7 eta 14 urte arteko 230 haurri laguntzen diete, hiriburuko lau auzotan.

Urak sortutako jende uholdea

Urak sortutako jende uholdea

Beñat Alberdi

Historiarako hainbat datu utzi zituen ekaineko lehen igandeak. Euri jasa galanta bota zuen Euskal Herriko toki askotan; Deskarga mendatean, Antzuola eta Zumarraga artean, plubiometroak 61 litro ur neurtu zituen ordubetean —100 urtean ez da neurtu halakorik; 49 litrokoa zen markarik altuena—. Euri jasa ederra da etxeko leihotik begira egoteko, baina uholdeak izan ziren Antzuolan, eta ibaiak gainezka egin zuen Bergaran. Herritarrek, dena den, jakin izan zuten muturreko egoerari erantzuten.

Irundar handienak, bueltan

Irundar handienak, bueltan

Imanol Saiz

Ibilbide luzeko elkartea da Irungo Atsegiña. Ia hasieratik, zortzi erraldoi izan dituzte alboan elkarteko kideek, eta, ondorioz, irundarrek. Elkarteak 1937an eskuratu zituen baserritar, alkate, beltz eta turkiar bikoteak, eta, ordutik, Euskal Herriko hamaika herritako kale eta plazatan ibili dira dantzan. Iaz, erraldoiek 80 urte bete zituzten, eta, behar bezala ospatzeko, sekulako itxuraldaketa egitea erabaki zuten elkarteko kideek. Herritarrak izan dira berritze prozesuaren giltzarri, euren ekarpenari esker erraldoietako zenbait prest baitira berriz ere Irunen barrena desfilean ibiltzeko.

Musikari lotutako herria

Musikari lotutako herria

Imanol Garcia Landa

Oholtza gainetik 140 herritar inguru pasatuko dira bihar, Alegian, kultura batzordeak antolatu duen III. Herria Kantuan ekitaldian. 2008an eta 2012an egin zituzten aurreko biak. "Gustura gelditu ginen aurretik egindakoekin. Azken urteetan utziz joan gara, lan handia eskatzen duelako, baina berriz heltzea erabaki dugu aurten", azaldu du Nati Muruak, Alegiako Kultura zinegotziak; kultura batzordeko kidea ere bada, eta baita ekitaldiaren antolatzaileetako bat ere. "Polita da herritarrak musikaren inguruan elkartzea".

24 orduko bakoitza, garaipen handi bat

24 orduko bakoitza, garaipen handi bat

Aitziber Arzallus

Ostiral arratsaldea da. Taldetxo bat elkartzen ari da Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santuaren parrokiaren atzealdean. 19:30 puntuan, barrura sartu dira, gela batera, eta eseri egin dira, borobilean. Hemezortzi lagun bildu dira: hamahiru emakume eta bost gizon. "Kaixo. Jaione naiz [asmatutako izenak dira denak], eta alkoholikoa naiz. Edan gabe jarraitzen dut, eta ongi nago", esan du haietako batek. "Kaixo, Jaione", erantzun diote, aho batez. Liburu bat hartu du esku artean, eta irakurtzen hasi da, ozen. Esker onari eta onartzeari buruzkoa da gaurko irakurgaia.