Ane Olaizola
Lehen lerroan gizonezkoak borrokatu baziren ere, haren ondorioak ez zituzten gizonezkoek soilik sufritu 1936ko gerran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, frankistek Gipuzkoan 750 pertsona beren herrietatik bortxaz kanporatu zituzten 1937an, eta gehienak emakumeak eta umeak izan ziren. Emakume askok deserrira joan behar izan zuten halabeharrez, seme-alaba txikiak besoetan hartuta edo haiek herrian utzita. Zaila da kopuru zehatza jakitea, baina, Azkoitian, 65 bat lagun bidali zituzten herritik: besteak beste, Tere Larrarren familia. Haren ama, Luisa Oruesagasti, izan zen Azkoititik kanporatu zuten lehen emakumeetako bat, eta alabak ondo gogoan ditu garai latz hartan bizi izan zituztenak.