Albisteak

Erabakitzeko eskubidea, bi kolpetan

Eider Goenaga Lizaso

Sinadurak biltzen, atxikimenduak bilatzen, herri kontsultarako giroa berotzen, erabakitzeko eskubidearen aldeko kontzientzia zabaltzen bukatuko dute 2016a datorren urtean herri kontsulta egingo duten herri eta eskualdeetan. Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian egin ondoren, lekukoa Gipuzkoako 51 herrik hartuko dute. Gure Esku Dago-k ehun herri kontsulta iragarri ditu 2017rako, eta horietako erdiak baino gehiago egingo dira Gipuzkoan.

Bi kolpetan gauzatuko dute erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa. Martxoaren 19an izango dira galdeketak Astigarragan, Hernanin, Oiartzualdean eta Tolosaldean; eta maiatzaren 7an, berriz, Debabarrenean, Urola Kostan, Lasarte-Orian eta Usurbilen. Bozketa horiek egin ostean, Donostia, Irun, Hondarribia, Urnieta, Andoain, Beizama eta Aia geldituko dira herri galdeketa egin gabe; hala ere, Gure Esku Dago-k baditu taldeak martxan toki horietan, eta batzuetan nahiko aurreratuta daude, galdeketarako datarik jarri ez duten arren.

Gure Esku Dago-k joan den larunbatean aurkeztu zuen Prest ibilbide orria. Bertan 2017rako egitekoak eta aurrera begirako helburuak zehaztu zituzten, eta herri galdeketen eta erabakitzeko ariketen zikloa 2019an amaitzeko asmoa iragarri. Galdeketak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ituna, herri mobilizazioak eta elkarlana izango dira ordura arteko bide orriaren ildoak.

2017an galdeketa egingo duten 51 herriotan 284.000 herritar bizi dira —Gipuzkoan, guztira, 710.000 inguru—, eta 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko eskubidea. Herri handi eta txikiak daude herri galdeketa antolatu dutenen artean, baina Gure Esku Dago-k aitortu du bere erronka "Euskal Herriko hiriburuetara iristea" izango dela. "Helburu ez baita Euskal Herriko herri guztietan galdeketak egitea, baizik eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida, pedagogia eta egikaritzea euskal herritarren gehiengoa bizi den guneetara hedatzea".

Gure Esku Dago-ren arabera, hiriburuetako galdeketak posible izango dira, "tokian tokiko errealitateak, indarrek eta nahiak ahalbidetzen badituzte". Donostian martxan da dinamika, eta ekainaren 5ean erabakitzeko eskubidearen aldeko saio txiki bat egin zuten —Goierriko, Debagoieneko eta Azpeitiko galdeketen egun berean—. Jai giroan, hautetsontziak jarri zituzten Bulebarrean, eta honako galdera hau botopaperetan: "Donostian erabakitze eskubidearen aldeko herri galdeketa bat antolatzearen alde zaude?". 2.000 donostiar inguruk parte hartu zuten bozketan.

[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

Maite Alustiza

Ekainaren 5a "egun historikoa" izan zen, mugarri bat, "egun oso inportantea". Estatus politikoari buruzko galdeketak egin zituzten Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian. "Garbi daukagu ekainaren 5ean ez dela ezer bukatuko: zerbait egiten baldin bada, hasi egingo da", azaldu zuen Gure Esku Dago dinamikako Angel Oiarbidek.

Omenaldia emakume erresistenteei

Emakume erresistente eta errepresaliatuak izan ziren, iragan apirilaren 24an, Intxorta Egunean omenaldia jaso zutenak. Indarkeria sufritu zuten 1936ko gerran zein gerraostean emakumeek, baina antolatzaileek aldarrikatu zuten errepresioaren biktima soi...

[Urtekaria] Betaurreko moreen iraultza

[Urtekaria] Betaurreko moreen iraultza

Eider Goenaga Lizaso

Borreroak baditu milaka aurpegi, dio Negu Gorriak taldearen abestiak, eta emakumeen kontrako indarkeriak ere halaxe ditu. Bikotekideek hildako emakumeak edo urteetan jipoiak sufritu dituztenak daude izozmendiaren puntan, baina, hortik abiatuta, zabalduz doa mendiaren oinarria, emakume guztiengana heldu arte. Mikromatxismo gisa izendatzen diren eta ia garrantzirik eman gabe pasatzen uzten diren komentario eta gertaerak; edota emakume guztiek inoiz sentitu duten beldurra, gauez etxera bakarrik bueltatzean. Indarkeria mota horiek ez dira berriak; bai, ordea, horiei erantzuteko moduak.

Beste erantzun mota bat</p

[Urtekaria] 3.193 mokaduko menua

[Urtekaria] 3.193 mokaduko menua

Eider Goenaga Lizaso
Ez zen uste bezain distiratsu hasi Europako Kultur Hiriburutza, Donostian. Urtarrilaren 23ko inaugurazio ekitaldiak eta Hansel Cerezak sortutako Elkarbizitzaren Zubia ikuskizunak hotz utzi zituen ikusleetako asko.

Anarkistak, bitan isilduak

Eider Goenaga Lizaso

CNTko kidea eta 1936ko gerrako miliziano anarkista izan zen Jose Landa, Ioseba Landa (Ibarra, 1988) historialariaren aitona. 3-4 urte zituenean hil zitzaion aitona, eta etxean informazio gutxi zuten hark gerran egindakoaz; beraz, zorra kitatzeko asmoz-edo, aitonaren eta, oro har, euskal miliziano anarkisten pistari jarraitzea erabaki zuen bilobak. Bartzelonan, Historia Garaikidea ikasten ari zela, gaiari buruzko tesina egin zuen. "CNTren urteurrena izan zen 2011n, eta Bartzelonan gaia pil-pilean zegoen. Han pisu handia izan zuten anarkistek, eta hemen zer gertatu zen ikertzea pentsatu nuen".

Hariari tiraka, ondorio nagusi bat atera zuen Landak: anarkistek Gipuzkoako frontean izandako garrantzia ez da inoiz aitortua izan, eta historiografia ofizialean ia ezerezean gelditu da haien ekarpena. CNTko anarkistak galtzaileen bandoan zeudelako izan ziren isilduak, baina, era berean, garaituei buruzko historian ere ia ezkutuan gelditu zen haien jarduna. Bi bider isilduak, beraz. Herenegun, Tolosan, Ixilduen Oihartzunak, 1936-2016 jardunaldietan, hitzaldia eman zuen Ioseba Landak gaiari buruz.

Anarkistak gerran aritu zirela bai, baina haiek egindakoak, haien aldarrikapenak eta haien lorpenak ezkutuan gelditu direla nabarmendu du Landak, eta, ondorioz, gatazkaren izaera soziala ere ezkutatu dela. "Anarkistak ez ziren hemen ezerezetik azaldu, hemengo jendea zen, lehendik ere bazuten presentzia, eta bazituzten aldarrikapenak. Aitonaren arrebak kontatu zidan aitonari eta bere anaiari jertse gorri-beltzak egin zizkiela —CNTren koloreak—, eta kolore horiek eramaten zirela azaldu zidan. Beasaindik, adibidez, [hangoa zen aitona] 40 miliziano anarkista aritu ziren gerran; ez da gutxiesteko kopurua". Anarkisten garrantzia azaltzeko gerraurrera, Errepublikaren garaira jo du Landak. "Anarkistak kritikoak ziren Errepublikarekin. Egitura politiko berriak ez zuen lortu herritarren gosea eta miseria amaitzea, langileen zapalkuntza gelditzea; erreformak oso mantso zetozen, herritarren egoera larriegia zen horien zain egoteko, eta jarrera intsurrekzionista bat zuten. Errepresioa pairatu zuten Errepublikaren aldetik ere, baina jende askoren gogoa ordezkatzen zuten".

Donostia "salbatu" zuten

Landaren esanetan, Gipuzkoan CNTko anarkistak eta UGTkoak izan ziren estatu kolpearen kontra mobilizatzen lehenak. Uztailaren 19an, greba orokorrera deitu zuten. "Eta, uztailaren 22an, EAJkoak Loiolako basilikan bildu eta faxisten altxamenduaren aurrean zein jarrera hartu eztabaidatzen ari ziren bitartean, Loiolako kuarteletik Donostia hartzeko asmoz ateratako militar eskuindarrei aurre egin zieten anarkistek". Felix Likiniano, Kasilda Hernaez eta Manuel Chiapuso zeuden tartean.

Anarkistak Urbieta eta Larramendi kaleen artean zeuden, haien egoitzaren inguruan, eta eurek lortu zuten kolpistak geldiaraztea. "Fernando Sasiain Donostiako alkate errepublikanoak berak onartu zuen anarkisten balentria, batailaren ostean. 'CNTk salbatu du Donostia', esan zuen. Donostiako udal musika banda ere A las barricadas joz atera zen kalera. Eta hori, Ategorrietako sarraskia tarteko, CNTkoen eta agintari errepublikanoen harremanak onak ez izanik". Izan ere, tokiko agintari errepublikanoek Pasaiako arrantzaleen eta haien senideen protesta baten kontrako oldarraldia agindu zuten 1931n, Ategorrietan. Anarkisten arabera, 24 lagun hil zituzten; iturri ofizialen arabera, sei.

Urbieta kalean izaniko jarrerak, Landaren arabera, jende gehiago erakarri zuen anarkisten aldera. "Hasiera horretan haiek izan ziren kolpeari erantzuten lehenengotarikoak".

Aiako Harrian

Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide bai, baina Eusko Jaurlaritzako kide ez zen izan CNT. "Ez zuen denborarik eman". Eusko Gudarostean, ordea, aritu ziren. Landak nabarmendu duenez, baina, EAJk Errepublikaren zilegitasunaren alde mobilizatzea erabaki zuenerako, ezkerreko alderdi eta sindikatuek hamaika borroka egin zituzten. Haren esanetan, CNT izan zen jarrera defentsibo hutsetik ofentsibara pasatzea proposatu zuen bakarra. "Faxistak iristeko zain egon beharrean, abuztuaren hasieran Aiako Harrira joan ziren anarkistak, Likiniano buru zela Loiolako kuartelean bereganatutako armekin, Bidaso ingurutik zetozen erreketeei aurre hartzera". Ez zuten lortu, eta handik Irun defendatzera jaitsi ziren miliziano anarkistak.

Irunek borroka gogorrak eta hilabeteko bonbardaketak sufritu zituela azaldu du Landak, eta hura erori zenean, irailaren 4an, anarkistek Iruni su eman ziotela jasotzen dute historia liburuek. "Egia da, eta haiek aitortu zuten gasolina bota zutela hainbat tokitan; ez zieten ezer utzi nahi kolpistei, baina Irun suntsituta zegoen ordurako. Kontua da historiografia ofizialean anarkistei buruz irudi hori gelditu dela: anarkista kaotikoek armak lapurtzen zituztela, Irun erre zutela, frontetik etxera itzultzen zirela lotara, ez zutela antolakuntzarik... Eta anarkistek hori baino gehiago egin zuten. Kontua da EAJk arrisku bezala ikusten zituela anarkistak, eta bando berean aritu arren harremanak ez ziren onak". Landaren ustez, horrek eragina du historiografian anarkistez gelditu den irudian.

Irungoaren ostean, anarkisten bost zutabeak Eusko Gudarostearen parte izan ziren; Intxortetan borrokatu ziren, eta Bilbon, ondoren. "EAJren Santoñako traizioaren ondoren ere, euskal anarkistek borrokan jarraitu zuten".

Distantziarik gabeko instantzia

Distantziarik gabeko instantzia

Maite Alustiza

"Gertakizunak preskribatuta daude, eta Espainiako Amnistiaren Legea dela-eta ezin da ikertu". Argudio horiek maiz errepikatzen dira 36ko gerrako eta frankismoko hilketak ikertzeko kereilak atzera botatzerakoan. Arrazoibide horiekin egin berri dute topo Angel Otaegiren senideek: Azpeitiko Auzitegiak ez du tramiterako onartu haren hilketa ikertzeko kereila kriminala. "Horrelakoak argudiatzen dituztenean ez dira muinera sartu ere egiten, ez dute krimena kategorizatzen", esan du Xabier Erauskinek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak.