Albisteak

Sortu bezala, desagertu

Sortu bezala, desagertu

Rebeka Calvo

Kasino elkarteak duela zazpi urte erabaki zuen garai bateko Aste Mikologikoa berreskuratzea, eta ordutik ez du huts egin. Urriro mikologia herritarrengana gerturatzeko ekitaldiak antolatu ditu. Urtez urte ekitaldi berriren bat erantsi diote egitarauari, eta, aurtengoan, gazteekin du zerikusia; izan ere, Mikologika gaztetu beharraz ohartuta, horiei begira Txanpi On Fest egingo dute. Garai honetan loratzen diren txanpiñoiei ongietorria egiteko festa izatea da asmoa, eta gaur bertan izango da, Berdura plazan, 18:30etik aurrera.

Mikologika antolatzen hasi zirenean sartu zen Juan Urretabizkaia Kasino elkartean. Mikologiari eskainitako festa antolatzen ibili da urte hauetan, eta aurten bereziki Txanpi On Fest prestatzeko lanetan ibili da buru-belarri. Ekitaldiaren helburua gazteak erakartzea dela esan du. "Nik neuk lekuz kanpo ikusten nuen neure burua. Ikusten nuen Mikologikak ez zuela ezer eskaintzen gure adinekoentzat. Txuletaren Festan gazteentzako Zizka-Mizka Koxka gunea jarri zen, Bixigu Azokan Zizka-Mizka Boga... eta, horien harira, guk ere gure festan gazteak parte egingo zituen zerbait egin nahi genuen".

Pentsatu, eta egin. Buruari eragin eta gero, Europako hainbat hiriburutan egiten diren moduko ekitaldiren bat egitea erabaki zuten. "Ohiko festa bat izan beharrean, barra bat jarri eta pintxo batzuk eskainiz, esaterako, beste zerbait eskainiko duen gunea izatea nahi dugu. Erabaki ausartagoa da, lan handia eskatzen du... Sortuko dugun espaziora joaten denak beste leku batean dagoela sentitzea nahi dugu. Horretarako, Pop Up espazio bat planteatu dugu; hau da, aldaeraz eta izatez aldatzen den espazio bat sortuko dugu; ekintza zehatz baterako aldatzen den espazioa da, eta epe muga bat dauka".

Berdura plazan kokatuko dute espazio berri hori, Alde Zaharraren bihotzean, Kale Nagusiaren ondoan. Hain zuzen, duela urte batzuk "gaztetu" den kalea da, eta, orain, Artekale izenez ere ezagutzen dute herritarrek. "Kale Nagusiak duen indarrarengatik aukeratu dugu Berdura plaza; gunea Alde Zaharrean nahi genuen, argi eta garbi. Kale Nagusia, Artekalea, gaztetu den kale bat da, eta, guk ere Mikologika gaztetu nahi dugunez, plaza egokia dela ikusi dugu. Lotura ona dauka, eta justu Berdura plazak Kale Nagusira ematen du. Sortuko dugun gunea plaza bat, elkargune bat izatea nahi dugu, eta, bide batez, Artekaleari ez duen plaza eskainiko diogu. Guneak, gainera, artearekin izango du zerikusia, urbanoarekin, koloreekin...". Gaur arratsaldean Berdura plazara joaten direnek, hortaz, espazio desberdin batekin egingo dute topo: "Plaza koloretsu bat aurkituko dute, eta gure nahia espazioa jendeak betetzea da; gazteek emango diote nortasuna plazari".

Giro "informal eta gaztea" osatuko dute, beraz, Alde Zaharraren erdi-erdian, eta gazteek espazioari ematen dioten nortasuna ikusteko badago ere, lagungarriak izango dituzte. Hiru food truck egongo dira —janari zein edaria kalean saltzen dituzten furgonetak—. Batean, Astoria 7ko bi koktelgile egongo dira; beste batean, zerbeza kuboak salduko dituzte bost euroan, beste hainbat edarirekin batera; eta, azkenik, jatekoa egongo da: krepe gozo eta gaziak egongo dira aukeran. Gaziak shiitake eta txanpiñoiez beteko dituzte.

Musika ere egongo da. Kute DJ tolosarrak lagunduko du txanpiñoiei ongietorria emateko festa girotzen. VII. Mikologika joan den asteartean hasi zen, eta bihar amaituko da. Gaur, Txanpi On Fest ekitaldiaz gain, elkarteen arteko pintxo lehiaketa egingo dute Zerkausian. Bihar, Mikologika Azoka egongo da Trianguloan, eta baita amaierako afaria ere. Mikologika Azokan Tolosaldeko zein Goierriko hainbat jatetxetako sukaldariek parte hartzen dute. Perretxikoekin pintxoak egiten dituzte, eta euro baten truke dasta daitezke. Aurtengo beste berrikuntzetako batek pintxo horiekin du zerikusia: "Pintxoak dastatzeko txartela erosten dutenek bi zati dituela ikusiko dute. Zati batekin pintxoa ordainduko dute, eta bestearekin zozketa batean parte hartuko dute. Datuak jarri, kutxa batean sartu, eta, irabaziz gero, mikologia otar bat eskuratu ahal izango dute".

Urretabizkaiak, Txanpi On Fest-en antolakuntzan ez ezik, bestelako ekitaldien antolakuntzan ere parte hartu du zazpi urte hauetan, eta txertatutako berrikuntzez ere hitz egin du. "Dena joan da bere garrantzia eta lekua hartzen. Urtero berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu, eta, funtzionatu dutenez, geratu egin dira; hala, geroz eta egitarau osatu eta luzeagoa egin dugu. Udalaren laguntza ere nabarmena izan da. Azokaren maila hartzen ari den festa bat dela ikusi baitu".

VII. Mikologika: egitaraua

Gaur, urriak 21Elkarteen arteko pintxo lehiaketa. Zerkausian, 18:00etan.Txanpi On Fest. Berdura plazan, 18:30etik 23:30era.Bihar, urriak 22Azoka. Mikologika Azoka Trianguloan, 12:00etatik aurrera. Tolosaldeko eta Goierriko hainbat jatetxetako sukalda...

“Identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean”

M. Alustiza

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) 40 urte egin ditu. Eskoriatzan, asteartean hasi ziren urteurreneko ekitaldiekin. Begoña Pedrosa dekanoak (Areatza, Bizkaia, 1975) azaldu duenez, 40 urtez "eragiten" aritu dira, eta "gutxienez beste 40 urtez" horretan jarraituko dute.

1976an, euskarazko irakaskuntzan aitzindari izan zen Eskoriatzako irakasle eskola. Nola suertatu zen martxan jartzeko ideia?

Momentu hartan zegoen behar bati erantzuteko pertsona batzuen artean sortutako proiektua izan zen. Egoera politiko eta soziala nahiko berezia zen, delikatua, eta helburua izan zen proiektu berritzaile bat abiatzea, orduan ere berritzailea zena, eta eragitea. Gizartean zegoen behar bati erantzutea zen asmoa, eta gaur egun ere jarraitzen dugu hori egiten; gure proiektuaren ardatza ez da bakarrik hezitzailea, ordutik hona bilakaera izan baitugu. 7.000 profesional inguru formatu ditugu, eta horietatik 5.000 irakaskuntzan aritzen dira.

Hogei urte geroago, irakasle eskola Mondragon Unibertsitateko fakultate bihurtu zen. Zer ekarri zuen horrek?

Horrek eman zigun beste ikusgaitasun bat gizartean, beste mugarri bat izan zen. Gure proiektuaren identitatea mantenduz proiektu komun bat egin genuen.

Hezkuntzatik beste esparru batzuetara salto egitea ere ekarri zuen, ezta?

Gaur egun eskaintza daukagu hezkuntzan, komunikazioan, kooperatibismoan, kulturgintzan... Gure proiektuari eutsi diogu, gure sustraiak indarberritu ditugu; identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean.

Graduetan ez ezik, masterretan ere eskaintza zabala osatu duzue.

Egun, 1.100 ikasle inguru formatzen ditugu. Gure aktibitatea ez da bakarrik mugatzen gradu presentzialetara edo masterretara; gure aktibitatearen barruan sartzen da on line eskaintza zabala. Bere momentuan aitzindariak izan ginen euskarazko on line eskaintzarekin, Psikopedagogia lizentzia atera genuenean. Bide bat egin dugu on line eremuan: egun, hiru master ofizial dauzkagu, eleaniztunak —euskaraz, gazteleraz eta ingelesez—, eta badauzkagu hezkuntzan graduak ere euskaraz. Gure proiektuaren beste ikurretako bat da on line eskaintza, eredu pedagogiko berritzaile batekin.

Datozen urteei begira, zeintzuk dira Huheziren erronkak?

Berrikuntzan jarraitzea. Oraintxe garatu dugu gure plan estrategiko berria, 2020ra artekoa, eta jarraitzen dugu gure eskaintza guztietan berrikuntza egiten. Adibidez, aurreko ikasturtean berritu genuen gure ikus-entzunezko gradua, erronketan oinarritzen den metodologia berritzaile batekin. Hor pasatzen gara ohiko ikasgaietatik konpetentzietan eta ikaste emaitzetan oinarritzen den eredu batera. Gaur egun, profesional munduan aldarrikatzen den profilera hurbiltzen den prestakuntza integrala da.

Balioetan ere indar handia jartzen dugu. Proiektu oso polita daukagu. Hezkuntzako gure eskaintza guztietan eta komunikazioko guztietan daukagun erronka da beste ezagutza arlo batzuk integratzea; adibidez, kooperatibismoaren inguruan daukagun ezagutza. Proiektu interdiziplinar bat izatea. Pentsatzen dugu gure ikasleek eta profesionalek beste modu bateko prestakuntza bat jaso behar dutela, bereizgarria dena. Bai presentzialean, bai on line-an, bereizgarritasuna da pertsonei aukera ematea bizi proiektu bat eraikitzeko gure artean dauden bitartean. Gauza horiek eskaintzea euren garapen profesionala eta pertsonala bermatzeko. Hori da unibertsitatearen bereizgarririk nabarmenetako bat.

Hasi zarete 40. urteurreneko ekitaldiekin. Zer dakar egitarauak?

Berez, irakasle eskola 1976ko martxoan hasi zen, eta pentsatu genuen hori aitzakia moduan hartuta ospakizunak udaberrira pasatzea. Maiatzean hori konpartituko dugu gizartearekin eta gure komunitate osoarekin: irakasleekin, ikasleekin, hemendik pasatu diren profesionalekin... Ekarriko ditugu mahai inguru batera kulturgintzan eta euskara munduan erreferenteak diren hainbat eragile, punta-puntako nazioarteko figuraren bat... Betiere, gure proiektuak gizarteari egiten dion ekarpena indartzeko.

[Museora] Eureka. Zientzia ez dadin mamu beltz bat izan

[Museora] Eureka. Zientzia ez dadin mamu beltz bat izan

Eider Goenaga Lizaso

Eureka!", oihukatu zuen Isaac Newtonek, sagarra buru gainera erori zitzaionean. Grabitazio Unibertsalaren Legearen aita izan zen Newton, matematikaria, fisikaria, kimikaria, asmatzailea...; fisikaren eta zientziaren munduan, oro har, iraultza ekarri zuena. Baina, askorentzat, mamu beltz bat dira zientziak, eta mamu hori desagerraraztea eta modu ulergarri eta erakargarrian herritarrei zientzia hurbiltzea da Donostiako Eureka museoaren helburua.

Mobilizazioak. Mezu zuzena “diruzaleei”

Maite Alustiza

Zubietako erraustegiak herritarren osasunean eta haien poltsikoetan izango duen eragina salatuko dute bihar, Donostian. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak argi du arduradun politikoei ez ezik, proiektuan parte hartuko duten bankuei eta lanak egin ditzaketen enpresei ere "presio" egin behar zaiela. Juan Miguel Galatas mugimenduko kideak azaldu duenez, mezu bat helaraziko diete bihar "herritarren kontura aberastu" nahi dutenei: "'Kontuz' esango diegu. 'Hau ez da hain erraza; hemen gaude, prest, aurka egiteko'". Gipuzkoako Foru Aldunditik Santander bankuko egoitzara egingo dute mobilizazioa, 12:00etan, Zuen negozioa, gure minbizia leloarekin. Bihartik aurrera, gainera, mobilizazio prozesu "luze" batean sartuko dira.

Galatasek dioenez, hainbat pauso "korrika, presaka eta estropezuka" ematen ari dira erraustegiaren proiektuan, "behar den argitasunik gabe". Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari "ezkutukeriaz" aritzea egotzi dio, eta Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat Mutiloako zabortegira eramateko erabakia aipatu du: "Ezin ahaztu hauteskundeak izan eta hurrengo egunetan iragarri zutela".

Erraustegiaren alternatiba "oso garbi dago", Galatasentzat: "Esaten digute ez dugula alternatibarik eskaintzen; baina begien aurrean daukagu, oso garbia da. Mutiloako zabortegiak kalterik handien egingo duen herrian, Ormaiztegin, ari dira %90 inguru biltzen gaika. Konponbidea hortxe bertan dago, ez dago beste inora joan beharrik". Bide horretan Gipuzkoako hainbat herritan egiten ari diren lana nabarmendu du: "Esfortzua egiten ari dira murrizte, berrerabiltze, birziklatze eta konpostatze bidean, eta bide hori bera da Europatik erakusten digutena".

Europan dauden erraustegien eredua ez da jarraitu beharreko bidea, Galatasen iritziz: "Bai, erraustegi asko dago Europan, baina noizkoak dira? XX. mendekoak. XXI. mendean Europa beste bide batetik joateko asmotan da, eta orain dela urtebete pasatxo Europako Parlamentuan onartu zen ebazpenean argi eta garbi geratzen da zein den bidea: zabor gutxiago sortzea, gehiago birziklatzea eta konpostatzea, ontzi eta tresnen diseinu egokiago bat egitea guztia berrerabili eta birziklatu ahal izateko...".

Mugimendua zabaltzen

Zubieta inguruko herrietan hasitako mugimendua hedatzen ari dela ikusten du Galatasek: "Gipuzkoa osoan zabalduta dago. Eragileak gero eta gehiago dira, eta gero eta eskualde gehiagotara zabaltzen ari da. Goierri aldean sortzen ari da mugimendua; Azpeitian, Lapatxen aurka —hori da Gipuzkoan zabalik mantentzen den zabortegi bakarra—. Debagoienera ere zabaldu zen, Epelen zabortegia jarri nahi zutela eta. Badirudi bertan behera geratu dela hori; Mutiloakoa bilatzeak esan nahi du agian Epelekoaz ahaztu egin direla".

Urri bukaerarako espero da hurrengo urratsa, erraustegiaren lizitazioarekin —orduan bukatuko zaie enpresei beren proiektuak aurkezteko epea—. Galatasek zail ikusten du prozesua gelditzea, baina, aldi berean, uste du erraustegiaren bultzatzaileek ere zail daukatela beren asmoak aurrera eramatea, "Gipuzkoako populazioaren parte oso handi bat aurka daukatenean". Gogora ekarri duenez, urte mordoa daramate errauste plantaren kontuarekin, "batek tira hara eta besteak tira beste aldera".

Galatasek argi du zein pauso eman beharko liratekeen: lehenik, erraustegian oinarritutako proiektua baztertzea. Bigarrenik, prozesu parte hartzaile bat irekitzea. Horretan, alderdi politikoek ez ezik, gaian interesa daukaten eragile guztiek ere parte hartu beharko lukete: "Bakoitzak bere proposamenak aurkez ditzala; egon daitezela zientzialariak, esperientzia duen jendea, iritzi batekoak eta bestekoak...". Eta, hirugarrenik, azken urrats gisa, hondakinen kudeaketaren gaineko akordio bat egin beharko litzateke. "Hemen ezin da esan 'gaur nik agintzen dut eta hau egingo dut', eta bihar, besteak hankaz gora bota dena. Ematen dira pausoak dirutza publiko ikaragarria gastatuz; beti daude betiko diruzale horiek: bankuak, enpresak... Kontratu bat eteten denean, ordaindu egin behar zaie. Egiten dituzte kontratu erabat onuragarriak beraientzat eta kaltegarriak gure poltsikoentzat. Kaltetua diru publikoa da beti, guztion dirua".

Kezka, kexa eta haserrea

Kezka, kexa eta haserrea

Eider Goenaga Lizaso

Kezka, kexa, haserrea, ardura, amorrazioa... Gipuzkoako hiri hondakinen zati handi bat Mutiloako zabortegira botatzeko erabakiaren berri izan ondoren Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako alkateen ahotan entzundako hitzak dira guztiak. Hiru herriei kalte egiten die Mutiloako zabortegiak.

Mutiloako lurretan dago Lurpe zabortegia, eta, Iñaki Ugalde alkatearen arabera, bertako zenbait baserriri eta bide berdeari eragiten die zuzenean. Gabiriako Ugaran auzoa, berriz, zabortegiaren muga-mugan dago. "Metro batera dago muga", azaldu du Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkateak. Auzo horretako baserrietan dozena bat familia bizi direla, Gabirian ondoen zaindutako landa eremua dela eta, gainera, ehun lagunentzako tokia duen nekazaritza turismoa ere oso hurbil dagoela azpimarratu du. Jon Enrique Ormaiztegiko alkatearen arabera, Ormaiztegiko herrigunea da zabortegitik gertuen dagoena, baina, batez ere, zabortegira joaten diren kamioien zirkulazioa areagotzeak kezkatu eta haserretu ditu herritarrak. Egunean 120 kamioi inguru igarotzen dira Ormaiztegi erditik, zabortegirako bidean. "120 gorantz eta 120 beherantz, noski. Eta orain %10 inguru haziko da joan-etorri hori".

Gipuzkoako industria hondakin solido eta geldoak eramaten dituzte 1998tik Mutiloako zabortegira. Ferrovial taldeko Cespa enpresak kudeatzen du, eta urtea amaitu aurretik Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat ere han botako dute. 100.000 tona jasoko ditu urtean, 2019 arte —ordurako aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako errauste planta martxan jartzea—.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, "gipuzkoarrontzat oso albiste ona da" errefusa Mutiloako zabortegira eraman ahal izatea. Gipuzkoan hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik ez dagoenez, otsailetik Meruelora (Kantabria, Espainia) eraman da errefusa. Baina Kantabrian 80.000 tonara mugatu zuten 2017an jasoko duten hondakinen kopurua, eta horrek ez ditu asetzen Gipuzkoaren beharrak. "Sortzen dugunaren erdia baino ez da, 164.00 tona errefusa jasotzen baitira urtean Gipuzkoan".

Hala, ekonomikoki begiratuta, hondakinak Mutiloara eramatea "aringarria" izango dela azaldu zuen Asensiok prentsaurrekoan, Kantabriara eramateak %40ko gainkostua eragiten duelako; ingurumenaren aldetik ere, kamioien joan-etorria murriztea onerako izango dela dio. "Bestetik, hondakinak guk sortutakoak dira, eta gertutasun eta erantzukizun printzipioei erreparatuta, horien tratamendua ere Gipuzkoan egin behar da".

Saihesbidea

Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak "ulertzen" du hondakinen arazoari konponbide bat eman behar zaiola. "Guk ulertzen dugu zaborrak hor ditugula, gipuzkoar guztion arazoa dela, konponbide bezala errauste planta izango dugula 2019an eta zabortegia behin-behineko irtenbide bat dela. Hortaz jabetzen gara. Baina, aldi berean, Ormaiztegi da Gipuzkoan gehien birziklatzen duen herria; %90 inguruan gaude, eta guri ari zaizkigu eskatzen zabortegia etxe ondoan edukitzea". Beraz, ormaiztegiarrei eskatzen zaien elkartasuna gainerakoei ere eskatu nahi die Enriquek: "Ardura hori har dezakegu, baina guk ere elkartasuna eskatzen dugu, eta ez genuke ulertuko gure egoerari konponbide bat ez ematea".

Ormaiztegik duela 25 bat urte saihesbide bat eraikitzeko eskatu zuela eta horren beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu du Enriquek. "Kamioien joan-etorria izugarria da herri erdian. Bidean ikastola eta kirol azpiegiturak gelditzen dira; jende asko eta, batez ere, ume pila bat ibiltzen dira hortik. Horrek dakarren arriskuarekin", azaldu du. Ikastolako gurasoak, eta herritarrak oro har, aspaldian kexaka zebiltzala dio alkateak. "Baina honekin gainezka egin du jendeak. Kezka izugarria da, eta herritar asko etorri zaizkit kexaka eta arduratuta: egunen batean zerbait larria gertatuko dela, hau ezin dela gehiago jasan...".

Aldundiaren erabakia ezagutu bezain laster joan zen Enrique Gipuzkoako Foru Aldundira, Sasietako Mankomunitateko lehendakari Aitor Aldasororekin. "Saihesbidearen proiektua mahai gainean jarri genien berriro ere, eta aldundiak konpromisoa hartu zuen duela 25 urteko proiektu hori berritu, zenbakiak egin eta martxan jartzeko". Aldundiak bere hitza beteko duelakoan dago Enrique, eta, dioenez, dagoeneko hasiak dira gaia lantzen. "Saihesbideak ez du arazo guztia konpontzen; inork ez du zabortegia etxe ondoan nahi, eta guk ere ez, baina hondakinen arazoari irtenbidea eman behar zaio, eta saihesbideak gure arazo larriena konponbidean jarriko luke". Bitartean, Enriquek dioenez, foru aldundiak konpromisoa hartu du logistika kontuak Ormaiztegiko Udalarekin hitzartzeko: kamioien ordutegia, tamaina, tona kopurua...

Gabiriatik metro batera

Lehenik eta behin, albistea hedabideetatik jaso zutelako kexatzen da Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkatea. "Badakigu herri txiki bat garela, eta zabortegia ez dagoela gure lurretan, baina oso gertu gaude, eta inpotentzia handia sortzen du halako albiste bat hedabideetatik jasotzeak". Ugaran auzoa Gabiriako "toki politena, berdeena eta zainduena" dela dio, eta zabortegiak nabarmen kalte egingo diola. "Gaur egun ere, haize bolada bat altxatzen bada, inguruko zelai eta basoak plastikoz betetzen dira. Zenbait momentutan usaina ere badago. Beraz, errefusa eta errefusarekin organikoa botatzen hasten direnean, ez dakigu zer gertatuko den".

Goierriko herri txikietan baserrien, baso eta zelaien eta, oro har, ingurumenaren aldeko apustu sendoa egiten ari direla dio Etxezarretak. "Eta, bat-batean, zabortegia daukazu ondoan. Kontraesana izugarria da; ez da erraz ulertzen".

Zabortegiaren kontra daudela eta ezezkoari eutsiko diotela azaldu du Gabiriako alkateak. "Badakigu zaila izango dela kontra egitea, baina ez gara isilik geldituko. Oraingoz, harremanetan gaude Mutiloarekin eta Ormaiztegirekin, ea hiruren artean indarra egin dezakegun".

Mutiloa, ezezkoan

"Zabortegia? Ez, ez dugu nahi. Herri batzarrean hala adierazi ziguten herritarrek, eta ezezkoari eutsiko diogu guk. Oraindik aztertzeko dugu zer egin dezakegun, baina borroka egingo dugu erabaki honek aurrera egin ez dezan". Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearen hitzak dira horiek, eta elkarrizketan behin eta berriro esan du "ezezkoan" daudela.

Gabiriako alkateak bezala, albistea komunikabideen bitartez jaso zutela azaldu du. "Baina egia da zerbait espero genuela". Cespa enpresatik uztailean esan zioten esleipen bat egongo zela. "Nik esan nien gure jarrera, udal bezala, ezezkoa zela. Eta irailean hitz egitekotan gelditu ginen". Foru aldundiari ere eskatu zioten bilera, baina hitzordu bat jartzerako komunikabideetan agertu zen albistea. Lehiaketa publikoa eta esleipena abuztuan gauzatu ziren.

"Orain arte, industriako hondakin solido eta geldoak bota dituzte hemen. Baina, orain, errefusa ere bai, eta errefusarekin organikoa ere etorriko da. Gurea bezalako ingurune berde batean, horrelako zabortegi batek kalte handia egiten du. Zikinkeria, usaina... Ingurumenari kaltea egiten zaiola argi dago, baina osasunari zein kalte egingo dion ez dakigu. Herritarrak ez daude batere gustura. Eta, gainera, herriaren izenari eta irudiari ere egiten dio kalte. Mutiloa=Zabortegia izango da jende askorentzat".