Albisteak

Soinu maila baxuan

Soinu maila baxuan

Olaia Iraola
Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek soinu maparen inguruko lana egin dute. Proiektuaren helburu nagusia eskola eta herria garapen iraunkorrerantz bideratzea izan da. Ikastolako musik...

Euskal literatur zaleen bilgune

Euskal literatur zaleen bilgune

Maialen Igartua
Futbolak, auto lasterketek, txirrindularitzak, musika taldeek... zale ugari mugitzen dituzte. Ez da literaturaren kasua. Gutxi dira literatur zaleak, eta eremua are gehiago murrizten da euskarazko literaturari buruz aritzean. Hain zuzen...

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

Julene Frantzesena

Gipuzkoako herririk garaiena da Beizama; 485 metrora dago kaskoa. Udalerriari Erdi Arotik datorkio Unibertsitate titulua, garai hartan herriak Saiaz Handiko udalerrien interesak defendatzeko ardura zuelako. Beasainekin, Albizturrekin, Bidaniarekin, Errezilekin eta Azpeitiarekin egiten du muga, eta Urola Kostako herri txikiena da biztanleei dagokienez; izan ere, 164 lagun bizi dira gaur egun Beizaman.

Datu horrek kezkatzen du, besteak beste, Nekane Otaño alkatea (Beizama, 1966). "Aurreko agintaldian etxe batzuk egin zituzten, eta 25 bat lagun-edo etorri ziren bizitzera. Baina beheraka doa biztanle kopurua. Adinekoak hil ahala, baserriak ere husten ari dira. Gazteak hemen geldi daitezen etxeak egin behar dira. Baserrietatik ere alde egin dute gazteek, eta zaila da horiek berriz itzultzea. Erronka ederra daukagu, eta ez dakit jendea erakartzea lortuko dugun. Dena den, bada mendi ingurua-eta gustatzen zaion jendea, eta gure helburua hori da, jende hori erakartzea, herriari bizia emateko".

Horri lotuta, etxe berriak egin nahi dituztela dio: "Diru gutxi dugu, eta ateak jotzen ari gara dirua lortzeko. Izan ere, gazteak erakartzeko bidea izan daiteke etxeak eraikitzea".

Aizarnazabal (%12,2) eta Azkoitiaren (%11,5) ostean, Urola Kostan langabezia tasa altuena duen herria da Beizama: aurtengo maiatzean hamar herritar zeuden lanik gabe (%11,4); 2015eko maiatzean, berriz, bost. Otañok dioenez, langabezia tasa igo egin da, baina, Beizama hain herri txikia izanik, "herritar bat langabezian gelditzean asko igotzen da ehunekoa". Gainera, "industriarik ez dagoenez, beizamar gehienek herritik kanpo lan egiten dute".

Beizamako Udalak joan den martxoan onartu zuen behin-behinean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, hau da, herria nola antolatuko den jasotzen duen txostena. Alegazioak sartu dizkiote txostenari, eta, orain, arkitektoa ari da hura osatzen. Bukatzean onartuko dute plana, udalbatzarrean. Otañok adierazi duenez, "garrantzitsua" da plan orokorra, han jasotzen delako "herriaren diseinua nolakoa izango den, etxeak eta lantegiak non eta nola eraiki ahalko dituzten edo aisialdiko ekintzak non egin ahal izango diren".

Alkateak dioenez, aurreko plana "zaharkituta" gelditu da, eta orain arte "egin ezin ziren hainbat lan" gauzatzea ahalbidetuko du berriak: "Plana esku artean ditugun egitasmoetara egokituko dugu, eta behar berriei erantzuteko aukera emango digu. Adibidez, etxebizitzak egiteko aukera gehiago izango dugu, edo lehendik eta zahartuta dauden baserrietan aldaketak egin ahal izango ditugu".

"Asmatu" dute parkearekin

Aisialdiari lotuta eman ditu pausoak udalak. Joan den agintaldian hasitako proiektua, umeentzako parke estalia, urtarrilean inauguratu zuten. Herriko plazako Ostatu Zaharraren beheko solairuan dago jolastokia, eta, alkatearen ustez, "asmatu" dute parkearekin: "Bertako nahiz kanpoko bisitarientzat toki egokia da. Jendea ibiltzen da bertan, batez ere, asteburuetan. Ondo funtzionatzen du".

Bestalde, familientzako eta, oro har, bisitarientzako ibilbide bat ere sortu dute. Beizamako ahotsa jarri diote izena; izan ere, antzinako Beizamako historia jaso dute ibilbidearekin. "Ordu eta erdi inguruko ibilbidean, Beizama inguruak ezagut daitezke. Panel interpretatiboak jarri ditugu, eta, horien bidez, beizamarren bizimoduaren eta bertako ondarearen eta paisaiaren berri izan dezakete bisitariek. Gainera, baserritarren lanak duen balioaz jabetuko dira ibilbidea egiten dutenak".

Beizamako alkateak dioenez, "aterpetxera zetozen bisitariek inguruak ezagutu gabe alde egin ez zezaten" jarri zuten martxan ibilbidea: "Beizama inguruko jendearentzat ere ibilbide interesgarria da. Dena den, neguan jarri genuen martxan proiektua, eta udan ikusiko dugu jendea animatzen den ibilbidea egitera".

Araztegia, azken txanpan

Ur-saneamendu arazoei irtenbidea emateko asmoz, joan den otsailean hasi zituzten Beizamako ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua egiten, eta aldundia bera nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratu dira lanen finantzaketaz. Lanak hastean araztegia maiatzean martxan izatea aurreikusten bazuten ere, orain geldirik dira obrak. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak-eko ordezkariak dioenez, araztegiaren "elementu garrantzitsuenaren zain" daude lanekin jarraitzeko: "Arazte sistema erostean, hobetze aldera, aldaketa batzuk egin ziren, eta tresneria iritsi zain gaude. Merkatuan ez dira halako tresna asko egoten, eta normala da iritsi zain egotea". Dena den, piezak aurki jasoko dituztela eta jaso ahala muntatzen hasiko direla esan du Zubizarretak.

Pixkanaka proiektuak gauzatzen ari da udala, baina, Otañok dioenez, "diru laguntzen arabera" ibiltzen dira beti. "Gure herrian ezin ditugu proiektu asko eta egundokoak egin, oso diru gutxi baitugu. Proiektuak abiatzen ditugu diru laguntzak lortutakoan, eta, hala ere, udalak askotan diruaren zati bat jarri behar izaten du. Herri handiek ere diru arazoak izaten dituzte, ba pentsa txikiek... Dena den, nahi adina ez izan arren, laguntza handiak ematen dizkigute, eta gaitz erdi".

Sanpedroak, ate-joka

Udan sartu berritan, San Pedro jaiak iristear dira Beizamara. San Pedro egunez hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, eta asteburuan jarraituko dute. Beraz, izango da zer gozatu Beizaman, uztailaren 3a bitartean. Egun horietan lehiaketak eta txapelketak, otorduak, musika emanaldiak, jolasak eta abar izango dira herrian.

Festen azken egunerako, iganderako, "bertakoentzat eta kanpokoentzat" azoka berezia prestatu dute. "Iaz antolatu genuen azoka aurrenekoz, eta uste genuen baino jende gehiago bertaratu zen. Hori dela eta, aurten ere saiakera berezia egin dugu azoka prestatzeko. Pintxoak eta txotxa ere izango dira, eta trikitilariek alaituko dute giroa", dio alkateak. Azokan, besteak beste, jakiak, bitxiak nahiz eskulanak jarriko dituzte salgai. Igande gauean bukatuko dira sanpedroak.

“Mendiz inguratuta dago, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea”

J. Frantzesena

Jaioterriaz hitz ederrak baino ez ditu Eneko Otaño aizkolariak (Beizama, 1994). Hantxe, sorterrian hasi zen aizkoran; ezagutu ditu plazak ordutik.

Zer duzu Beizamatik gustukoen?

Bertan jaioa naiz, eta, Azpeititik eta kaletik aparte dagoenez, eskertzen dira hango bakea eta lasaitasuna. Herri polit-polita da.

Txoko bat aipatzekotan, zein?

Inguruan ditugun bi mendi: Illaun eta Murumendi. Horietara buelta asko egiten ditut, asko ibiltzen naiz mendian.

Azpeitia aipatu duzu. Denbora asko pasatzen al duzu han?

Bai, asko. Beizaman baino gehiago. Kuadrilla hangoa dut, eskolan han ibili izan naiz, eta lan egiten dudan enpresa ere Azpeitikoa da.

Azpeitiak ez duen zer du Beizamak? Eta alderantziz?

Mendiz inguratuta dago Beizama, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea. Azpeitian, berriz, lagunartea daukat, eta jendea, giroa, tabernak... denetarik dago han.

Beizamara egun-pasa doanari zer gomendatuko zenioke?

Gazta eta ogia egiten duten bi baserri daude, eta haiek bisita ditzakete. Mendi bueltaren bat ere egin dezakete, eta plazara joanez gero, han dituzte parkea, ostatua... Ez da toki txarra arratsaldea pasatzeko.

Gaia aldatuz. Zer dela eta hasi zinen aizkoran?

Betidanik gustatu izan zait aizkora, txikitatik. Aitarekin joaten nintzen apustuak eta txapelketak ikustera. Etxean ere anaiarekin aritzen nintzen denbora-pasa. 15 bat urterekin apustu bat egin genuen lagunek; nirekin aritu behar zuen laguna lesionatu egin zen, eta ez genuen jokatu. Kilo dezente nituen orduan, eta etxean esaten zidaten kirola egiteko. Baina, aizkoraz aparte, ez nuen gustuko kirolik. Herrian bazen erretiratu bat, aitaren laguna, eta hark behin soziedadean esan zidan lagunduko zidala aizkoran trebatzen; basoan-eta ibiltzen zen. Bengoarekin txapelketa batean aritzeko aukera eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Mieltxo Mindegiarekin egindako apustua irabazi duzu aurten.

Apustu mundua asko gustatzen zait. Txapelketekin alderatuta, oso desberdinak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. 2014an [Mikel] Larrañagaren aurka jokatu nuen. Apustua presazkoa izan zen beharbada, baina txikitatik horixe nahi izan dut, eta aukera ona zen. Gainera, apustuak txapelketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Larrañagaren aurkakoa galdu egin nuen, eta ez nuen besterik jokatzeko asmorik, baina Mindegiak erronka bota zidan, eta hartu egin nuen. Txapelketan ez nuen zorte onik izan, eta ar hori kentzeko balio izan zidan apustuak. Gustura sentitu nintzen, emaitza ona izan zen eta.

Apusturen bat baduzu esku artean?

Orain ez daukat batere lotuta, baina datorren neguan edo udaberrian bateren batek erronka botatzen badit, ikusiko dut zer egin. Izan ere, ikusi beharko da zer-nolako txapelketak ateratzen diren eta beste aizkolariek zer egiten duten.

Txapelketei dagokienez, zer helburu dituzu?

Uztailaren 3an, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko dut. Sailkapen fasean bigarren egin nuen, eta finalean aurrena egiten duena Lehen Mailara igoko da. Txapeldunen Kopa ere aurki hasiko da, eta ni astelehenean Arria V.aren kontra arituko naiz, Hernanin.

“Behartu gabe, umeek uretan beldur gabe ibiltzen ikasten dute”

“Behartu gabe, umeek uretan beldur gabe ibiltzen ikasten dute”

Eider Goenaga Lizaso

Tintin igeriketa eskolan ikasle izan zen Asier Bakaikoa (Tolosa, 1971) umetan. Oroitzapen politak ditu. "Ez zegoen gaur egungo erraztasunik Donostiara joateko, ez genuen autorik. Tren zaharrean joaten ginen Donostiara, kabitzen ez ginela. Egun osoko kontua izaten zen; trena hartu, Ondarretaraino joan, han igerian eta jolasean ibili eta, iluntzean, buelta etxera. Abentura baten moduan gogoratzen dut".

8 urte zituela izan zuen Tintinekin lehen kontaktua, eta ia etenik gabea izan da ordutik harremana. 1988an irakasle gisa sartu zen, eta gerora udako igerilekuaren ardura daraman taldean aritu zen buru-belarri. "Egun, lagundu egiten diet eskolekin. Kirol teknikari gisa lan egiten dut Tolosan, eta ezin naiz bi tokietan aritu; baina laguntza behar dutenean joaten naiz, bai prestakuntza lanetara eta baita eskolak ematera ere".

Bakaikoak aspaldiko harremana duen arren, Tintinen historia lehenago hasi zen. 1962an jarri zuen martxan Andre Beguek, eta Frantziako metodologia aplikatzen zuten igerian erakusteko. Donostiara uda pasatzera joaten ziren madrildarren seme-alabak izaten ziren ikasleetako asko. "Hasiera hartan eskola elitista zen. Franco uda pasatzera Donostiara etortzen zen garaia zen, eta goi mailako udatiarren umeak ziren ikasleetako asko. Baina hori erabat aldatu da. Gizartea bera ere aldatu da, maila sozialean ez dago halako mailaketa eta ezberdintasunik, eta edozein ume etortzen da orain Tintinera".

Bakaikoaren arabera, uztailean batez ere bertakoak eta ingurukoak dira ikasleak, baina abuztuan pixka bat aldatzen da hori. "Abuztua pasatzera jende asko etortzen da, etxea dutelako edo alokatzen dutelako, eta orain ere etortzen dira ume madrildarrak. Garai batean uda Donostian pasatzen zuten haien bilobak dira batzuk, eta beraiekin hitz eginez konturatzen zara etxean entzunda badakitela nolakoa zen Tintin. Bestalde, Nafarroatik ere etortzen da jendea, uda hemen igarotzen dutenak gehienak; eta Gipuzkoa barnealdetik ere bai. Gehienak, halere, donostiarrak dira, eta gero inguruko herrietakoak: Lasarte, Usurbil...".

1990eko hamarkada amaieran aldatu zen Tintinen kudeaketa, eta irakasle euskaldun talde batek hartu zuen eskolaren ardura. Horien artean zegoen Bakaikoa. Egun, lauko talde bat arduratzen da eskolaren martxaz: matrikulazioak, ordutegien kudeaketa, igerilekuak muntatzea... Eta, uztailean eta abuztuan, 18-20 irakasle aritzen dira umeekin.

Muntaketan buru-belarri dabiltza orain. Matrikulazio epea joan den asteburuan hasi zen, eta asteburu honetan amaituko da —tokiak badaude, gerora ere apunta daiteke—. Iazko udan, 500 bat ikasle izan zituzten. Kopuru handia dirudien arren askoz ume gehiago ere ibili izan direla dio Bakaikoak: "Garai batean, 700-800 izaten ziren, eta 1.000 umera ere heldu zirela esaten da. Baina umeei begirako eskaintza izugarri handitu da; lehen, hau besterik ez egoen, eta, orain, ludotekak-eta herri guztietan daude. Halere, eusten diogu ume kopuruari, eta hori gauzak ondo egitearen ondorioa da".

Bi urtetik aurrera

Bi igerilekutan banatzen dituzte umeak, baina banaketa ez da adinaren araberakoa. "Igerileku txikian 2 urtetik aurrerako umeekin ibiltzen gara. Irakasle bat aritzen da bi umerekin, egunean hogei minutuz. Burua sartzen, eta uretan gozatzen erakusten diegu. Goxo hartuta eta behartu gabe, uretan beldurrik gabe ibiltzen ikasten dute". Umeak ez dituzte igerileku handira pasatzen, bular estiloan hankak eta besoak ondo samar eramateko gai diren arte. Igerileku handian talde handiagoak dira, baina ez 8-10 lagun baino gehiagokoak. "Kiroldegietan baino ratio txikiagoekin lan egiten dugu, eta igeriketa mailaren arabera sailkatzen ditugu. Garestixeagoak dira eskolak, baina tratua eta jarraipena pertsonalizatuagoak dira; umeen erritmoa errespetatzen dugu".

Igerileku handian, hasierako mailan, bular eta bizkar estiloak lantzen dituzte lehendabizi, eta crawl estiloan koordinazioarekin eta arnasketarekin hasten dira; eta hortik maila bat gora eginda, lau estiloak ikasi eta perfekzionatzen dituzte. Umeak dira Tintineko ikasle gehienak, baina helduak ere badaude. "Kluba bukatzen denean, bakarkako eskolak ematen dizkiegu helduei".

Izan ere, Tintin igeriketa eskola bat da, baina kluba ere bai. "Gure helburu nagusia igerian erakustea da, baina ludoteka moduko bat ere bada. Umeentzat jolas eta jarduerak prestatzen dituen begirale bat daukagu, eta uretatik irtetean egun osoa pasa dezakete bertan jolasean. Gainera, goizean zein arratsaldean, igerilekuan ordubete bat libre uzten diegu, begiraleen begiradapean, nahi duten bezala jolas daitezen". Egun osoko plana da askorentzat Tintinek eskaintzen duena.

Kalea bera aldarrikapena da

Kalea bera aldarrikapena da

Eider Goenaga Lizaso

Hirugarren astez ari dira Donostiako espazio publikoa okupatzen. Baimenik eskatu gabe, Gipuzkoa plazan, Bulebarrean zein Egia auzoan garatu dute euren jarduna orain arte. Zubietako errauste plantaren kontra abiatutako kanpaldiak eta Gipuzkoa Zutik mugimenduak, ordea, gainditu egin du errauste plantaren gaineko eztabaida; bai barrura begira, kanpaldian lantzen ari diren gaien aniztasunari erreparatuta, eta baita kanpora begira ere, mahai gainean jarritako gogoeta gaiei dagokienez: espazio publikoaren erabilera eta haren pribatizazioa, desobedientzia eta indarkeriarik eza aktiboa, mozal legea, herritarren parte hartzea, protestarako espazioak...

"Interesgarria ari da izaten. Gipuzkoa Zutik-ek errauste planta sinbolo gisa erabili du, eta hasieratik izan du intentzionalitate hori. Errauste plantak sistema bat ordezkatzen du, kudeaketa eredu baten ondorio da; eta, hain zuzen ere, kudeaketa politiko zehatz hori salatzeak ahalbidetzen du hamaika borroka eta aldarrikapen borroka berean txertatzea", dio Beñat Apalategi Eleak mugimenduko kideak. Ildo beretik egiten du irakurketa Joxemi Zumalabe fundazioko Jokin Azpiazuk: "Erabakiak hartzeko modua, oligarkia txiki zein handiak babesteko apustua... Ez da soilik errauste planta edo hondakinen kudeaketa, baizik eta horri buruz hartzen diren erabakiak non eta norekin hartzen diren, zeinen interesak babesten diren, eta non gelditzen diren herritarrak".

Baimenik gabe

Ertzainek eta udaltzainek Gipuzkoa plaza hutsarazteak oihartzun eta zabalpen handiagoa eman dio mugimenduari. "Espazio publikoa okupatu behar bada, eskatu egin behar du norbaitek", erantzun zuen gaiari buruz galdetuta Eneko Goia Donostiako alkateak, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Baimena ez eskatzea, ordea, erabaki kontzientea dela eta salaketa egiteko modu bat dela diote Apalategik eta Azpiazuk. "Baimenik ez badute eskatu, ez da ahaztu zaielako edo burutik eginda daudelako. Espazio publikoaren erabilerari buruzko eztabaida mahai gainean jartzen ari dira; nork erabil dezake espazio publikoa, nola erabil daiteke, norena da. Ez dut uste eztabaida baimenen gainekoa denik, zerbait sakonagoa da; baina agintariek, segur aski, ez dute eztabaida horretan sartu nahi", dio Azpiazuk.

"Desobedientzia ariketa praktiko eta teoriko ikaragarri" gisa ikusten du Apalategik Gipuzkoa Zutik-en jarduna. "Kaleak herritarronak direla, gureak direla aldarrikatzen dute, kaleak protestarako espazioa direla, eta ez zaiola inori baimenik eskatu behar horretarako". Hala, "beraiek hainbeste darabilten" Espainiako Konstituzioak kalean protesta egiteko eskubidea aitortzen duela azpimarratu du Eleak-ekoak. "21. artikuluak era baketsuan biltzeko eskubidea aitortzen du, eta esplizituki esaten du ez dela baimenik behar horretarako".

Horrez gain, azken hamarkadan Donostiak espazio publikoaren galera izugarria pairatu duela eta Gipuzkoako Zutik-en kanpaldiak horri buruzko gogoeta egitera ere bultzatzen duela uste dute Azpiazuk eta Apalategik. "Espazio publikoaren okupazioaz hitz egiten dugunean, nik uste dut dena jarri beharko genukeela mahai gainean, baita Donostian ematen ari den espazio publikoaren pribatizazio basatia ere", dio Apalategik. Terrazekin eta ostalarien interes pribatuen mesedetan, Donostia "irensten" ari direla uste du. "Parte Zaharrean badaude kale estuak, non terraza bat jarri duten eta oinezkoa ezin den pasatu. Eta hori espazio publikoa esku pribatuetan uztea da; Gipuzkoa Zutik-en batzarrak, berriz, irekiak dira, eta herritar orok parte har dezake".

Ordena publikoa

Afera honek ordena publikoaren gaia erdi-erdian jartzen duela uste du Joxemi Zumalabekoak ere. Azpiazuren arabera, azken 10-15 urteetan hainbat aldaketa eman dira, herritarren bizimodua goitik behera aldatu dutenak. "Donostiako toki batzuetan ibiltzea bera ere oso zaila bihurtu da, Parte Zaharreko toki batzuetan ia ezinezkoa da mugitzea, turista kopuruaren ondorioz. Egoera horrek esklusio bat sortzen du, bertako bizilagunen esklusioa. Baina hori ez da ordena publikoaren alterazio gisa ikusten, agintariek onartutakoa delako". Ildo horretan, 50 lagun Gipuzkoa plazan biltzeak eta 50 japoniar aterki baten atzetik batera eta bestera ibiltzeak eragin antzekoa dutela iritzi dio, baina sistemak bat onartu eta bestea deslegitimatu egiten duela.

Agintarien erantzunarekin ere kritiko agertu da Azpiazu. "Argi dago agintean daudenek ez dutela inoiz txalotu kalearen erabilera hori". Joxemi Zumalabekoaren arabera, gizarte osasuntsu bat da bere desadostasuna adierazteko gaitasuna daukana, eta horrek agintariak "posizio zail" batean jartzen ditu. "Aukeratu egin behar dute hori osasun sintoma gisa ulertu eta, hortaz, planteatzen diren eskaerei kasu egin eta euren politikak birplanteatu; edo pentsa dezakete gertatzen ari dena anomalia bat dela, gaixotasun seinale bat dela, eta patologia bat bezala tratatu". Lehen aukera "arduratsuagoa" litzatekeen arren, oro har, sistemak bigarren aukeraren alde egiten duela uste du Azpiazuk.

Indarra eta indarkeriarik eza

"Kanpaldiak elkarbizitzarako arauak ez dituela betetzen esan du Goiak, eta nik uste dut oso adierazpen larriak direla. Aurpegi galanta behar da horrelako adierazpenak egiteko, jende guztiak ikusi duenean zein izan den ertzainen eta udaltzainen jokabidea, nork erabili duen indarkeria", nabarmendu du Apalategik. Haren ustez, hala ere, "agintariak jarrera horretan atzera egiten ari dira". Izan ere, Gipuzkoa Zutik-ek manifestaziorako bakarrik eskatu du baimena, eta gainerako ekintza guztiak jakinarazpenik egin gabe gauzatu ditu. "Adierazgarria da Gipuzkoa Zutik-ek diputazioa eta Kutxabank dauden eraikina inguratu duenean, nahiz eta mozal legeak espresuki debekatzen duen, ez dutela poliziarik bidali. Ikusten da beraiei ere ez zaiela interesatzen, jada nahiko irudi kaskarra eman dutela, eta hori zaintzen ari direla", iritzi dio Eleak-ekoak.

Ildo horretan, Joxemi Zumalabekoak dio agintean dagoenak indarra erabiltzen duela hori kapitalizatzeko modua ikusten badu. Etxe kaleratzeen kontrako plataformak jarri ditu Azpiazuk adibide. "Etxe kaleratzeen kontrako mugimenduak diskurtsoari buelta ematea lortu zuen; imajinario kolektiboari buelta ematea oso konplikatua da, eta beraiek lortu dute. Alegia, 'errua gurea da, gu sartu gara zorretan eta orain ezin dugu ordaindu' esatetik, beste aldera pasatu ziren: 'guk ez dugu errurik, honen ardura beste batzuena da, zuena da, zuek sartu gaituzue egoera honetan' esatera. Horren kontra jo nahi bada, oso zaila da justifikatzen".

Kanpaldian daudenen erantzuna, beraz, "oso inportantea" dela eta izaten ari dela iritzi dio Azpiazuk. "Ertzaintzak egindako hesiaren aurrean dantzan hastea, edo eseri eta batzarra egitea... Argi gelditzen da ez dutela inolako asmorik akzio-erreakzio dinamika batean sartzeko, mugimenduak berak eta bertan dagoen jendeak berea egiten jarraitu nahi dute". Azpiazuren hitzetan, "jende gehiago batu dezaketen erantzunak" dira horiek.

Apalategiren aburuz, "erantzun kultura berri bat" garatzen ari dela ikusten da. "Jendeak barneratua dauka polizia agertzen denean zein jarrera izan behar duen, eta bai ertzainen eta bai udaltzainen aurrean, jendearen jarrera automatikoki eman da, modu natural batean, eta da 'hemendik bota nahi gaituzue; bada, lurrean eseri eta elkarri helduko diogu'".

"Segur aski protestak egiteko modua aldatu da, baina nik uste dut asko dagoela sakontzeko gogoeta horretan", gaineratu du Azpiazuk. Indarkeriarik eza aktiboaren aldeko apustuak motibazio ezberdinak dituela eta horri buruz eztabaida luzea eta sakona izan daitekeela dio Joxemi Zumalabekoak. "Batzuentzat apustu estrategikoa da, beste batzuentzat, apustu etikoa. Ez da gauza bera esatea 'honek funtzionatzen digu eta horregatik erabiltzen dugu' edo esatea 'hau da egin behar duguna, honetan konprometituta gaude eta sinistuta gaude hau dela bidea'". Eztabaida hori ematen ari dela eta inportantea dela iritzi dio Azpiazuk.

Laborategia

Desobedientzia eta borroka molde berrien harira, herri harresien esperientzia aipatu dute biek aurrekari gisa; baina Gipuzkoa Zutik-en kanpaldiak M-15 mugimenduarekin dituen antzekotasunak gehiago nabarmendu dituzte, mugimendu bakoitzaren tamaina gorabehera. "Nik ez nuke Gipuzkoa Zutik-ekoa ohiko herri mugimendu gisa definituko; ez dakigu oso argi zer den, ez dakigu nola identifikatu, baina ez nuke herri mugimendu hitza erabiliko. Laborategi esperimental moduan ikusten dut gehiago, gizarte eredu berri bat sortzeko esperimentu moduan. Ildo horretan, azken hamarkadan hemendik gertu izan dugun laborategi ikaragarriena M-15ekoa izan zen. Hura ere, hau bezala, oso parte hartzailea, irekia, aniztuna, transbertsala eta kaotikoa izan zela esan dezakegu. Baina oso-oso gauza interesgarriak atera ziren handik, oso bide ezberdinak egin dira". Adibide bat jartzearren, etxe kaleratzeen kontrako mugimenduaren arrakasta aipatu du berriro Azpiazuk.

M-15 eta Gipuzkoa Zutik-en artean "hamaika paralelismo" ikusten ditu Apalategik, "eta oso interesgarriak, gainera". Eleak-ekoaren arabera, hasi da etorkizuneko fruituak izan daitezkeenak ematen. "Ez dakigu kanpaldiak zenbat iraungo duen, baina Gipuzkoako herri eta eskualdeetan hasi dira mugitzen eta antolatzen. Kanpaldiaren harira espazio bat sortzen ari da, aldarrikapen ugariren bilgune izan daitekeena. Gipuzkoa Zutik pizgarri moduan ari da funtzionatzen. Ikusiko dugu zer gertatzen den".