Albisteak

Eginez ikasten delako

Eginez ikasten delako

Aitziber Arzallus
Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean, etapa berria "ilusioz eta arduraz" hasi zuten Ane Rodriguez zentrok...

Bi munduren topagune

A. Arzallus

Euskal Herriak Tabakalera bezalako gune bat aspalditik behar zuela, hala uste dute Gema Intxausti (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) eta Miren Arenzana (Bilbo, 1965) artistek. "Museoak eta galeriak egon badaude, baina desantolatuta, unean uneko gauzak egiten dituztenak. Tabakaleratik, berriz, arteari lotutako hainbat esparrutako gauza asko koordinatzen eta kudeatzen dira", Arenzanaren esanetan. Museoak eta arte galeriak "balio segurura" doazela dio, arrakasta ziurtatua duten erakusketa eta obretara; aldiz, Tabakaleraren filosofia bestelakoa delakoan dago, unean-unean egiten ari dena erakutsi nahi duela eta sorkuntza bultzatu nahi duela. "Horregatik uste dut beharrezkoa zela horrelako gune bat, besterik ez dagoelako".

Tabakalerak eta artearen sorkuntza, hezkuntza eta industria bultzatzen duten bestelako espazioek herritarrei zein artistei ekarpen handia egin diezaieketela pentsatzen du Intxaustik. "Artea eta artistak herritarren egunerokotasunaren parte izan daitezen lagun dezakete, eta baita alderantziz ere: bi aldeen arteko elkarlana egon dadila, errutinaz topo egin dezagula, eta harreman horrek funtziona dezala". Bat dator Arenzana ere. "Tabakalera ez da museo bat bezain eraikin sakralizatua, herritarrengandik askoz gertuago dagoen proiektu bat da, eta hezkuntza lan bat egin dezake, artea eta artistak eta herritarrak elkarrengana gerturatzeko, kultura bat eta ohitura bat sortzeko, herritarrei askoz errazagoa egingo zaielako Tabakalerara joatea museo batera baino".

Horrek, nahi gabe ere, herritarrak artean zaletzea ekar dezakeela uste du, haiei interesa eta jakin-mina piztea. "Oso interesgarria litzateke hori, alegia, herritarrek hezkuntza hori berenganatzea, orduan ulertuko baitute lan bat ezin dezaketela epaitu haren inguruko jakintzarik izan gabe". Arenzanaren irudiko herritar askok "azkarregi eta arinkeriaz" epaitzen baitute artisten jarduna, "hori nik ere egin nezake" gisako esaldiekin.

Badakite zertaz ari diren Intxaustik eta Arenzanak, biak ala biak ere 25etik gora urteko ibilbidea duten artistak baitira. Elkarrekin egin zituzten ikasketak EHUko Arte Ederren Fakultatean, 1980ko urteetan, eta, orduz geroztik bakoitzak bere bidea egin duen arren, Tabakalerak berriz elkarrekin lan egiteko aukera eman die. Baina ez Intxaustiri eta Arenzanari bakarrik, baita Iñaki Imazi, Idoia Montoni eta Alberto Perali ere, guztiak belaunaldi bereko artistak eta harrobi beretik irtendakoak. Urtarrilaren 15etik apirilaren 3ra bitarte Tabakaleran ikusgai dagoen Arenzana Imaz Intxausti Monton Peral erakusketaren sortzaileak dira.

Beatriz Hernaez eta Peio Agirre komisarioek duela urtebete inguru deitu zieten taldeko erakusketa batean parte hartzeko gonbita egiteko. Azken 25 urteotan bakoitzak egindako lana berrikusi eta berreskuratzea proposatu zieten. "Gure belaunaldiari hemengo mapa artistikoan berriz kokatzeko aukera eman dio erakusketa honek", Arenzanaren hitzetan. Fakultatetik irten zirenean, Euskal Herrian modurik ez eta gehienek kanpora joan behar izan zutelako lan egitera.

Erakusketak bi zati ditu: alde batetik, euren ibilbidearen adierazgarri diren lanak biltzen ditu, jada eginak zituztenak; eta bestetik, lan berriak, erakusketa honetarako propio sortu dituztenak. Intxausti "oso pozik" dago emaitzarekin: "Ederra da nire obra Iñaki, Idoia, Miren eta Albertoren lanekin batera ikustea, eta elkarren artean ondo funtzionatzen dute, gainera".

Erakusketak bere ibilbidearen inguruan hausnarketa egiteko balio izan diola dio, piezak berreskuratu, atzera begiratu eta urteotan guztiotan zer pasatu den gogora ekartzeko eta ikusteko. "Neure buruari galdera berriak egiteko aukera eman dit horrek, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, esate baterako. Zer gauza eta zer ideia geratu zaizkidan denboran katigatuta eta zeintzuk egin duten aurrera".

Oso esperientzia "intentsoa eta lotua" izan dela azaldu du Arenzanak ere, eta emaitzarekin "oso gustura" dago. Baina, emaitzaz gain, prozesua nabarmendu du, Tabakalerak emandako tratuagatik. "25 urtean era guztietako leku eta baldintzetan lan egitea egokitu zait, baina Tabakalera bezalako toki gutxi ezagutu dut. Hasieratik oso errespetatuta sentitu naiz, eta ordaindu ere, ondoen ordaindu diguten lekuetako bat izan da, askotan hutsaren truke lan egin behar izaten baitugu". Eraikinean bertan lan egiteko aukera eman izana eskertu du, erakusketa prestatzen ari ziren bitartean Tabakalera zaharberritzeko lanak martxan zirelako.

Erosotasuna subjektiboa da

Erosotasuna subjektiboa da

Maite Alustiza

Bi autobus baino ez daude, geldirik, eta bidaiaririk ez da inguruan. Itxita daude txartelak erosteko leihatilak, eta apenas dabilen jenderik. Urte luzez geltoki izan ondoren, Donostiako Pio XII.a plaza ez da dagoeneko autobus geraleku, baina motxiladun turista despistaturen bat inguruan dabil oraindik. "Barkatu, hau dagoeneko ez da autobus geltokia, ezta? Nondik da?".

Astebete da geltoki berria Atotxan ireki zutela. Hara iristeko, Amaran topatutako turistak Urumea ibaira gerturatu eta Maria Kristina zubira arteko bidea egin beharko du. Bai bisitariak, eta baita Donostiara iristen den autobusak ere. Geltoki berrian, horretaz kexu da Iruñerantz irtetear den Conda konpainiako gidari bat —ez du izenik eman nahi—: "Ulertzen dut erabiltzaileentzat erosoagoa izatea; estalitako gune bat daukate, berria, eta zerbitzuak batera dituzte, baina guretzat korapilatsuagoa da Donostia sarreratik honaino etortzea". Ildo beretik hitz egiten du Arrasaterantz ateratzera doan Pesako gidariak ere: "Oraindik ohitzen ari gara, baina nik neuk ez nuke geltokia hemen egingo, hobe ikusiko nuke Loiolako Erriberan egitea". Dioenez, hamar bat minutu gehiago behar dituzte orain bidaia egiteko, batik bat Donostiako sarreran egoten den trafikoa dela eta. Hiriko irteera, berriz, tren geltoki alboko errepidetik egiten dute, Martuteneruntz. Azpiegiturari berari ere aldaketak egingo lizkioke: "Gasteizko geltokia, adibidez, hobe ikusten dut. Hemen estuagoa da espazioa, mugatuagoa".

Erabiltzaileek, berriz, erosotasuna aipatzen dute abantaila nagusien artean. Euria ari du kanpoan, haizea; barruan, 15,5 gradu markatzen ditu termometroak. Eserita dago Julio Otxoa, janari makinen pareko aulki batean, Gasteiztik datorren lankide baten zain: "Amaran zegoena ez zen itxurazko geltoki bat, eta are gutxiago halako eguraldia egiten duen egunetarako. Han ez zegoen busti gabe zain egoterik, kafetegi batean ez bazen. Komunik ere ez zegoen eta!".

Nasen aldameneko pantailek diote Bilbo, Arrasate, Iruñe, Loiu eta Zaragozara (Espainia) doazela hurrengo autobusak. Lehenaren zain dago Amaia Jauregi, motxila bizkarrean eta maleta eskuan. 2008tik ia astero egin du Donostia eta Bilbo arteko bidaia, ikasketa eta lan kontuak medio. Lehenengo bidaia izango du geltoki berrian, eta kokalekuari ikusi dio abantaila nagusietako bat: Tolosatik iritsi da Renfe trenean, eta bi geltokiak gertu izateak denbora dezente aurreztea ekarriko dio.

Autobusen antolaketa ere egokiagoa dela iruditzen zaio: "Lehen nahiko kaotikoa zen. Guk bagenekien, baina turistentzat, adibidez, leihatila aurkitzea ez zen erraza, aparte zegoen. Horrez gain, ez zenekien autobusa non geldituko zen, aldiro ibili behar zen batera eta bestera begira; igande iluntzeetan batik bat ikasle pila bat elkartzen ginen, maletekin, eta nahaspila izaten zen". Hori horrela, begi onez ikusi du Gipuzkoako Diputazioak igandeetako zerbitzurako iragarri duen aldaketa —17:00etatik aurrera autobusak orduerdiro aterako dira aurrerantzean—. Diputazioak "ikasleek eta unibertsitarioek egindako eskaerari" erantzun nahi izan dio modu horretan.

Turistak galdezka

Bien bitartean, ilara luze samarrak sortu dira Alsa eta Pesa konpainien leihatiletan. Azken horretan daude Elena Zanetti eta Giulia Montevecchio italiarrak, txanda noiz tokatuko zain. Sienatik iritsi ziren Donostiara pasa den astean, lagunak bisitatzera, eta Loiuko aireportura joateko txartela erostera doaz. Etorritakoa baino pisu gehiagorekin bueltatuko dira: bi maleta daramatzate, eta beste bi poltsa handi. "Lagunek janariz bete gaituzte!". Pisu gehiago izan arren, oinez egin dute bidea Alde Zaharretik, nahiz eta Montevecchiok autobusa hartzea proposatu: "Eskerrak ez genuen beste geltokira joan behar, bestela ez dakit iritsiko ginatekeen", dio barrez.

Txartelen leihatila erraz topatu dute, baina informazio falta ere sumatu dute maletak takiletan utzi nahi zituztenean. "Nahiz eta argibide batzuk idatzita egon, ondo legoke galdetu ahal izateko jende gehiago egotea, are gehiago orain, jendeak ez duela toki berria ezagutzen".

Orokorrean geltokia normaltasunez ari da funtzionatzen, baina nabari da ireki berria dela. Geltoki kanpoan lanetako hesiak, behin-behineko seinaleak eta langileak daude oraindik; barruan ere, konponketa txikiak egiten dabiltza, parkingetik ateratzeko txartel makinan, esaterako.

Makinan ordaintzen ari dira Cristina Bilbao eta Peio Arrizabalaga. Bilbotarra da Bilbao, eta haren hirian ere geltoki berriago bat nahiko lukeela dio —martxan dago Termibus berritzeko prozesua—. Gustatu zaio Donostiakoa. "Kosta zaienarekin...!", erantzun dio Arrizabalagak. Azken egunetan irekiera datarekin izandako gorabeherak kontatu dizkio autora bidean —urtarrilaren 16an ziren geltokia irekitzekoak, baina ke proba gainditu ez zuenez, joan den astera atzeratu zuten—.

Amuarrainak, uretan hobeto

Amuarrainak, uretan hobeto

Aimar Maiz

Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kanabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.

Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.

Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.

Bi denboraldiko esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. "Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urte osoan", dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.

Aldundiaren liga

Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da arrantza intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, berriz, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.

Arraina hil gabeko arrantza modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten zen, baina datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. "Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da", azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.

Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. "Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko", dio Irizarrek.

Erreketako faunari eusten

Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibili ahal izateko, federatuta egon beharra dago batetik —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin daiteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.

Ehizan bezala, arrantzan ere polemika badago harrapakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. "Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi, eta etxekoa zaintzen ez badugu...", dio Irizarrek.

Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. " Diru aldetik, kostu handia dakar". Hilean, "pare bat aldiz" birpopulatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. "Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian", azaldu du Irizarrek.

Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Eta erreken egoera ere azken urteetan "asko hobetu" da.

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

Jon Miranda
. Industrialdearen eta landa eremuaren arteko orekan bizi da Tolosaldeko herri hau. Askok ezaguna izango dute sagardotegiengatik. Horiekin batera bisitariei eskaintzen dizkien baliabide turistikoak erakusteko 'Adunako grazia' ikus-entzunez...