Albisteak

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Maite Alustiza

Orain, hemen, suizidioari aurrea hartzen ari gara, komunikazio ekintza hau prebentzioa da. Gutariko bakoitza da agente antisuizida bat". Mediku psikiatra da Mercedes Navio, Madrilgo osasun zerbitzuko langilea. Donostiako San Telmo museora bildutakoei ari zaie hizketan, Gazteetan suizidio arriskua detektatzea eta prebenitzea hitzaldian. Suizidioari aurre egiteko "radarrak" falta direla dio, suizidioaren ondorioak "tragedia izugarriak" direla; hala ere, ezinbestekotzat du prebentzioa lantzea eta, bereziki, gaiaz hitz egitea: "Isiltasunaren eta zarataren artean, badago modu bat suizidioaz hitz egiteko". Naviorekin batera, Julio Guija Sevillako Unibertsitateko irakasle eta auzitegi medikuak parte hartu zuen mintegian, joan den ostiralean.

Tabua da biek gehien darabilten hitzetako bat. Suizidio kasuengatik izaten den dolua gogorrenetarikoa dela dio Naviok, are gehiago gertuko batena denean. "Ez dut arinkeriaz aritu nahi, baina suizidioa armairu sozialetik atera behar da; inork ez du sartu nahi. Gizarte moduan kulpa sentimenduak oso indartsuak dira". Garaiak aldatu arren, Naviok hainbat hamarkada egin du atzera egungo egoera arrazoitzeko: "Duela 50 bat urte norbere burua hiltzea delitua zen, eta bekatua. Lortzen ez zuena kalabozora zihoan. Tamalez, zigor horren izaera sinbolikoa ez da aldatu".

Guijak gertutik ezagutu du senideekiko harremana, errudun sentitze hori. Autopsia psikologikoak egiten ditu, eta horietan, heriotza gertatu eta hilabete batzuetara biltzen da familiarekin, sei-zortzi hilabetera. "Emozioak deskargatzera datoz, kulpa sentimendua dute, are gehiago hildakoa semea edo alaba badute. Esaten dute: 'hura esan zidanean beste hura esan nahi zidan, eta ni ez nintzen konturatu...'". Bizpahiru orduz hitz egin ondoren elkarrizketak balio ote dien galdetzen die: "Ia denek baietz diote, sentitzen dutena esan ahal izan dutela".

Eskolan ere dolua lantzea garrantzitsua dela uste du Naviok, hildakoa eskolako kide bat denean ere. "Isiltzeak fantasiak elikatzen ditu, eta aukera dago gertatutakoa guztiz gaindituta ez geratzeko". Suizidioaren inguruan dagoen mito bat gehitu du Guijak: "Uste da gaiaz hitz egiten badugu horretara bultzatzen ari garela".

Gertatu ez dadin, ordea, prebentzioa posible da: "Aurrea hartu dakiokeen heriotza da suizidioa". Eta, horretarako, bi gako aipatu ditu Guijak: arazoa kuantifikatzea eta arrisku faktoreak zeintzuk diren identifikatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean heriotzaren bigarren kausa da suizidioa mundu osoan —2012ko datua da—. Dena den, datuak zuhurtziaz hartu behar direla dio, beti ez baitira errealitatearekin ondo egokitzen.

Arrisku faktoreak

Jokaera suizidan eragina duten arrisku faktoreei dagokienez, berriz, hiru talde bereizi ditu: indibidualak, familiakoak eta inguruari lotutakoak. Argi utzi du hasieratik: "Suizidio baten atzean ez dago kausa bakarra". Indibiduoari lotutakoen artean zerrendatu ditu suizidio aurrekariak izatea, nahasmendu portaerak, faktore biologikoak... Familiakoen artean, besteak beste, senide baten suizidioak izan dezakeen eragina nabarmendu du: "Hildakoa aita izan bada, bi aldiz biderkatzen da arriskua; ama izan bada, aldiz, bost bider". Guraso eta nerabearen arteko harreman gatazkatsuak eta gurasoak banantzea ere arrisku faktore izan daitezke, baina betiere "beste patologiei lotuta doazenean". Berdin gertatzen da bullying-arekin inguruari lotutako faktoreetan, Naviok gaineratu duenez: "Bullying-a ez da kausa bakarra, baina bai suizidio asko lasterragotzen dituena".

Posible al da portaera suizidari aurrea hartzea? "Datuek baietz diote". Guijaren ustetan, beharrezkoak dira ezagutza eta kontzientziazioa. Prebentzioaren globalizazioaz hitz egin du: "Suizidioa ez dagokio osasun sistemari bakarrik; lehen mailako arreta zerbitzuari, irakasleei eta gizarte langileei ere badagokie".

Prebentzioa lantzerakoan ere, hiru maila bereizi ditu: lehen mailakoa litzateke jokaera suizida agertu aurreko fasea; bigarren mailakoa, agertu denean tratamendua jartzea; eta hirugarren mailakoa, tratatu ondoren jarraipena egitea.

Bat dator Navio, eta erakundeen ekintza faltaz kexu da: "Badakigu zer egin behar den, baina ez dago borondate politiko argirik, eta gizartea ez da ondo egituratzen. Nekatuta dagoen jende asko topatzen dugu eskoletan, Polizian, farmazietan... Egunerokoan lanean ari dira, baina kostu eta boluntariotza handiarekin. Sare handi bat osatu behar dugu, eta hori gutako edonork ehun dezake". Sare horretan barruan hedabideak "aliatu handienak" izan beharko liratekeela uste du: "Oso tristea da gaiari ematen zaion trataera; kasu konkretuetan agertzen da, eta xehetasun morbosoekin askotan".

Txuri Urdineko mutilak, finalera sailkatzeko zorian

Gizonezkoen izotz hockeyan, Donostiako CHH Txuri Urdin taldea izan da Espainiako Ligako lehena fase erregularrean. Kanporaketak jokatzen ari da orain. Joan den asteburuan, finalaurrekoetan, Majadahondaren aurka lehiatu zen Donostian, eta ondo bideratu...

Kazkabarraren aparra

Kazkabarraren aparra

Maite Alustiza

Kazkabarra egin du ia egun osoan, eta euria. Atertu duen arren, hotza ez da desagertu. Astelehen gaua da, 21:30ak pasatxo Donostian, eta Txuri Urdin izotz jauregiaren kanpoan elkartu dira Kazkabarra izotz hockey taldeko neskak. Kaleko hotzetik barruko hotzera doaz. Eguna lanean edo ikasten eman duten arren, gogotsu iritsi dira entrenatzera. Eta ilusioz. Espainiako Ligan hirugarren bukatu dute, eta, gainera, lortu dute denboraldi hasieran ezarritako helburua: Espainiako Kopa jokatzea. Asteburuan lehiatuko dira Valdemoron, Madrilen. Majadahonda izango dute aurkari bihar, ligako bigarren sailkatua. Irabaziz gero, igandean finala jokatuko dute.

Hemezortziko taldearen parte dira Rebeca Ponce (Donostia, 1994), Haizea Solagurenbeaskoa (Donostia, 1989), Claudia Bermejo (Donostia, 1991), Irune Refojos (Donostia, 1994), Erika Hernandez (Errenteria, 1982) eta Ainhoa Oianguren (Aramaio, 1996). Txuri Urdineko kafetegian bildu dira Hitza-rekin, Koldo Saenz eta Alex Lazkano entrenatzaileen esanetara jarri aurretik. Bermejok, lesionatuta egon arren, ez du entrenamendua galdu nahi izan: pistaren kanpoaldetik erreparatuko die kideen mugimenduei.

"Probatzen duenak errepikatu egiten du". Guztiak bat datoz. Talde gaztea osatzen dute; gehienek bi edo hiru urte daramatzate Kazkabarran, eta askok etxetik jaso dute afizioa. Beste diziplina batzuetan aritutakoak ere badira: Bermejok patinaje artistikoa egiten zuen, eta belar hockeya Solagurenbeaskoak.

Orain dela urte gutxira arte, ordea, ez zen erraza nesken talde batean izotz hockeyan aritu ahal izatea, Hernandezek gogoratu duenez: "Ni txikitatik etorri izan naiz Txuri Urdinera. 15 urte nituenean edo, nesken talde bat ateratzen saiatu ginen, baina badirudi inork ez zuela nahi neskek hockeyan jokatzerik. Ahal genuena egiten genuen, babesgarririk gabe, geneuzkan patinekin... Partida bat jokatu genuen, baina horretan geratu zen". Orain, bi urte daramatza taldean, eta zaharrenetako bat den arren, ez dio adinari begiratzen: ahal duen bitartean jokatzen segituko du.

Jokalari kopuruari dagokionez, "justuko taldea" dute. Bost jokalari eta atezaina aritzen dira izotz pistan, eta, Saenzek azaldu duenez, komeni da partidetan hiru txanda egitea: "Bost jokalari ateratzen dira; minutu batean dena eman, eta nekatzen direnean, beste bost barrura". Horregatik, gutxienez hamabost kide eduki behar dira; "talde majoa" 22-24 jokalarikoa litzateke.

Ikasten eta lanean dabiltzanez, berandu izan behar du entrenamenduak. "Baina nahiago genuke hain berandu ez balitz". Astean bi egunetan entrenatzen dira, astelehen eta asteazkenetan. 22:00etan hasten dira, alde fisikoa lantzen: korrika, eskailerak, saltoak, indar ariketak... 23:00etan sartzen dira izotz pistara, eta ordu bata da etxera iristerako. "Batez ere hurrengo egunean kostatzen da, goiz jaiki beharra eta...", dio Oiangurenek. Halako ordutegiekin taldean jarraitzea konplikatua dela onartu du Hernandezek, jende gaztearentzat, adibidez: "16-17 urterekin, gurasoei esan behar diezu ordu honetan entrenatzera ekartzeko eta 00:30ean berriro bila etortzeko? Zaila da".

Ordutegiak ez ezik, entrenamenduak ere ez dira ohiko talde batenak: jokalari batzuk Txuri Urdinen entrenatzen dira, eta Gasteizen beste batzuk. Jone Oianguren, Ainhoaren ahizpa, esaterako, Aramaiotik Gasteizera joaten da entrenatzera —Ainhoa Donostian bizi da—. Beraz, entrenatzeko taldekide gutxi elkartzen dira, ez dute atezainik eta ariketa asko ezin dituzte ondo egin: "Partida iristen da, eta, ai ene, atezainak zenbat espazio hartzen duen! ".

Horrez gain, kirola bera ere konplikatua dela uste du Poncek: "Ez da futbola bezala, korri egiten duzula. Hemen patinatzen ikasi behar duzu, puck-a kontrolatzen, aldeetara begiratzen... Gogo handirik ez baduzu, utzi egiten duzu". Teknikari dagokionez, frenatzen jakitea garrantzitsua da Oiangurenentzat, behar denean ahalik eta abiadura handiena hartu ahal izateko. Izotz pistako entrenamenduez gain, Gasteizera joaten da beste hainbat kiderekin, gurpil gainerako patinetan ibiltzera: "Horrek laguntzen gaitu beste ikuspegi bat edukitzen eta teknika hobetzen".

Kirol garestia

"Izotz hockeya kirol garestia da". Kazkabarra daukate babesle, eta hark egin dizkie elastikoak. Pistaren laguntza ere badute —hori ere ez dute ordaindu behar—. Gainerako guztia, ordea, euren poltsikotik pagatzen dute: jokatzeko behar duten materiala, bidaietako gasolina, hotela, bazkariak... Gazteek herentzian jasotzen dute zaharragoen materiala, Refojosek dioenez: "Zuk zerbait erosten duzu, eta zaharra geratzen zaizunean, hurrengoari uzten diozu. Guri ere hala egiten digute". Materiala garestia denez, urtebetetzeak eta Gabonak aprobetxatzen dituzte berriak eskatzeko. Eskertuta daude jasotako laguntzarekin: "Asko lagundu digute; entrenatzaileak jokalari ohiak dira, eta ez dute kobratzen...", dio Bermejok. Jokalariek kobratzeko aukeraz hitz egitean, barre egiten dute: "Neskek ez dute kobratzen, on-onek ere ez. Izatekotan, ikasketak-eta ordaintzen dizkiete, baina kobratu ez".

Diru laguntzei dagokienez ere, eskas: "Badaude, baina gutxi". 400 euroko laguntza bat jaso dute aurten, baina gutxiegi da dituzten gastuetarako. Hernandezek jarri du adibidea: "400 euro horiekin ez dugu pagatzen asteburu honetako hotela ere".

Denboraldi honetan Madril eta Bartzelonako taldeak izan dituzte aurkari, eta bidaia batzuk egitea tokatu zaie. "Zorionez", joaneko eta itzuliko partidak asteburu berean jokatzen dituzte: "Horrela ez dira hainbeste asteburu, eta merkeago ateratzen da". Ostiral iluntzean ateratzen dira Donostiatik, larunbat arratsaldean jokatzen dute lehen partida, eta igande eguerdian bestea.

Zazpi talde lehiatu dira Espainiako Ligan, irail bukaeratik otsail erdialdera arte. Horien artean, Gipuzkoako bi talde: Kazkabarrarekin batera, CHH Txuri Urdin —zazpigarren bukatu du denboraldia—. Lehenengo laurek jokatuko dute kopa: lehena laugarrenaren kontra (Ice Blue Cats-Steel Acorns Valdemoro), eta bigarrena hirugarrenaren aurka (Majadahonda-Kazkabarra).

Aldeak taldeen artean

Taldeen mailari dagokionez, ezberdintasunak oso handiak dira taldeen artean, Bermejok dioenez: "Majadahonda taldeak, adibidez, bospasei urte daramatza martxan. Gainera, ez da berdin 10 urterekin hastea edo 20rekin". Bat dator Ponce: "Orain asko ahaleginduta ere, ezin zara haien mailara iritsi; denbora asko behar duzu horretarako".

Dena den, Kazkabarrak lehengo urtetik "salto handia" egin duela uste du Oiangurenek. Prestaketak lagundu die horretan, taldeko giroak, eta, Solagurenbeaskoaren ustez, baita partida bakoitzean ikasitakoak ere: "Majadahonda bezalako taldeak pistan kokatzen dira, eta horrek behartzen zaitu zu ere beste modu batera egotera".

Araudiak debekatu egiten die borroka egitea; kontaktua, hala ere, egoten da: "Arbitroaren arabera, gehiago edo gutxiago uzten dute. Baina azkenean hockeya da, kontaktua egon behar da", dio Oiangurenek. Mutilekin konparatuta, neskek ezberdintasun bat dute jantzian: kaskoan xareta eraman behar dute, aurpegia babesteko —mutilek 18 urtetik aurrera ez—. Adingabeek, bai neska eta bai mutilek, lepokoa eraman behar dute.

Aurretik beste kiroletan aritutakoa da Hernandez, eta orain arte ez du aurkitu mutil eta nesken arteko halako harreman onik: "Mutilek askotan esaten zuten: 'Zu neska zara, eta mutilentzat neskekin jolastea...'. Hemen mutilak dira laguntzera datozen lehenengoak". Oro har kirol ezezaguna da izotz hockeya, eta nesketan bereziki, jarraitzaile gutxikoa. Solagurenbeaskoak dioenez, tokatu izan zaie Realak Anoetan jokatzea euren partidaren ordutegi paretsuan: "Taberna beterik egoten da Realaren partida aurreko poteoan, eta deskubrimendua hor egiten dute askok".

Liga bukatu da, eta Koparekin amaituko da sasoia. Kazkabarrakoek, ordea, ez dute deskantsurik nahi. Entrenatzen jarraituko dute, eta, uda iristean izotz pista kentzen dietenez, gurpil gainean ibiliko dira. Ez dira geldirik egotekoak: abenduaren 25ean entrenatzera joan ziren, baita urtarrilaren 1ean ere. Denboraldi berria iritsi bitartean, adiskidantza partidak eta torneoak jokatzen ariko dira. Eta, oinarrian, orain arte lortutakoari eutsita egingo dute aurrera: "Gure ahaleginari esker gaude gauden lekuan".

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Asier Zaldua
Gaztetxeetan mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte, baina kontzertuak izaten dira nagusi. Horren jakitun, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladakoek Zast! euskarazko antzerki topaketa antolatu dute astebururako. Gaur eta bihar hir...

Eginez ikasten delako

Eginez ikasten delako

Aitziber Arzallus
Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean, etapa berria "ilusioz eta arduraz" hasi zuten Ane Rodriguez zentrok...

Bi munduren topagune

A. Arzallus

Euskal Herriak Tabakalera bezalako gune bat aspalditik behar zuela, hala uste dute Gema Intxausti (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) eta Miren Arenzana (Bilbo, 1965) artistek. "Museoak eta galeriak egon badaude, baina desantolatuta, unean uneko gauzak egiten dituztenak. Tabakaleratik, berriz, arteari lotutako hainbat esparrutako gauza asko koordinatzen eta kudeatzen dira", Arenzanaren esanetan. Museoak eta arte galeriak "balio segurura" doazela dio, arrakasta ziurtatua duten erakusketa eta obretara; aldiz, Tabakaleraren filosofia bestelakoa delakoan dago, unean-unean egiten ari dena erakutsi nahi duela eta sorkuntza bultzatu nahi duela. "Horregatik uste dut beharrezkoa zela horrelako gune bat, besterik ez dagoelako".

Tabakalerak eta artearen sorkuntza, hezkuntza eta industria bultzatzen duten bestelako espazioek herritarrei zein artistei ekarpen handia egin diezaieketela pentsatzen du Intxaustik. "Artea eta artistak herritarren egunerokotasunaren parte izan daitezen lagun dezakete, eta baita alderantziz ere: bi aldeen arteko elkarlana egon dadila, errutinaz topo egin dezagula, eta harreman horrek funtziona dezala". Bat dator Arenzana ere. "Tabakalera ez da museo bat bezain eraikin sakralizatua, herritarrengandik askoz gertuago dagoen proiektu bat da, eta hezkuntza lan bat egin dezake, artea eta artistak eta herritarrak elkarrengana gerturatzeko, kultura bat eta ohitura bat sortzeko, herritarrei askoz errazagoa egingo zaielako Tabakalerara joatea museo batera baino".

Horrek, nahi gabe ere, herritarrak artean zaletzea ekar dezakeela uste du, haiei interesa eta jakin-mina piztea. "Oso interesgarria litzateke hori, alegia, herritarrek hezkuntza hori berenganatzea, orduan ulertuko baitute lan bat ezin dezaketela epaitu haren inguruko jakintzarik izan gabe". Arenzanaren irudiko herritar askok "azkarregi eta arinkeriaz" epaitzen baitute artisten jarduna, "hori nik ere egin nezake" gisako esaldiekin.

Badakite zertaz ari diren Intxaustik eta Arenzanak, biak ala biak ere 25etik gora urteko ibilbidea duten artistak baitira. Elkarrekin egin zituzten ikasketak EHUko Arte Ederren Fakultatean, 1980ko urteetan, eta, orduz geroztik bakoitzak bere bidea egin duen arren, Tabakalerak berriz elkarrekin lan egiteko aukera eman die. Baina ez Intxaustiri eta Arenzanari bakarrik, baita Iñaki Imazi, Idoia Montoni eta Alberto Perali ere, guztiak belaunaldi bereko artistak eta harrobi beretik irtendakoak. Urtarrilaren 15etik apirilaren 3ra bitarte Tabakaleran ikusgai dagoen Arenzana Imaz Intxausti Monton Peral erakusketaren sortzaileak dira.

Beatriz Hernaez eta Peio Agirre komisarioek duela urtebete inguru deitu zieten taldeko erakusketa batean parte hartzeko gonbita egiteko. Azken 25 urteotan bakoitzak egindako lana berrikusi eta berreskuratzea proposatu zieten. "Gure belaunaldiari hemengo mapa artistikoan berriz kokatzeko aukera eman dio erakusketa honek", Arenzanaren hitzetan. Fakultatetik irten zirenean, Euskal Herrian modurik ez eta gehienek kanpora joan behar izan zutelako lan egitera.

Erakusketak bi zati ditu: alde batetik, euren ibilbidearen adierazgarri diren lanak biltzen ditu, jada eginak zituztenak; eta bestetik, lan berriak, erakusketa honetarako propio sortu dituztenak. Intxausti "oso pozik" dago emaitzarekin: "Ederra da nire obra Iñaki, Idoia, Miren eta Albertoren lanekin batera ikustea, eta elkarren artean ondo funtzionatzen dute, gainera".

Erakusketak bere ibilbidearen inguruan hausnarketa egiteko balio izan diola dio, piezak berreskuratu, atzera begiratu eta urteotan guztiotan zer pasatu den gogora ekartzeko eta ikusteko. "Neure buruari galdera berriak egiteko aukera eman dit horrek, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, esate baterako. Zer gauza eta zer ideia geratu zaizkidan denboran katigatuta eta zeintzuk egin duten aurrera".

Oso esperientzia "intentsoa eta lotua" izan dela azaldu du Arenzanak ere, eta emaitzarekin "oso gustura" dago. Baina, emaitzaz gain, prozesua nabarmendu du, Tabakalerak emandako tratuagatik. "25 urtean era guztietako leku eta baldintzetan lan egitea egokitu zait, baina Tabakalera bezalako toki gutxi ezagutu dut. Hasieratik oso errespetatuta sentitu naiz, eta ordaindu ere, ondoen ordaindu diguten lekuetako bat izan da, askotan hutsaren truke lan egin behar izaten baitugu". Eraikinean bertan lan egiteko aukera eman izana eskertu du, erakusketa prestatzen ari ziren bitartean Tabakalera zaharberritzeko lanak martxan zirelako.