gipuzkoa

Azkena izateko desioarekin

Azkena izateko desioarekin

Unai Zubeldia

Aldarrikapenak eta jai giroak bat egingo dute bihar, egun osoz, Arrasaten. Hamabigarren urtez Elkartasun Eguna ospatuko dute herrian, euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien eskubideen defentsan. "Aldarrikapen zehatz bat izaten dugu urtero, baina nazio mailako mezua zabaldu nahi dugu aurten; denak etxean nahi ditugu", azaldu du Aitor Urizar Elkartasun Eguneko antolatzaileetako batek (Arrasate, 1981). "Goiz eta arratsaldez kontzertuak izango ditugu herrian". Eta, urtero bezala, manifestazioa izango da ekitaldi nagusia. 19:30ean abiatuko da, herriko plazatik, Euskal preso, errefuxiatu eta iheslari politikoen eskubideen defentsan leloarekin.

Eta zuri ere gertatzen zaizu

Danel Agirre

Joan den iganderako egitaraua plan kitzikagarriz lepo banuen ere, Irma-k guztiak zapuztu zizkidan, egun osoz kalera irten ezinik laga baininduen. Ez nintzen Pensacola, Boca Raton, Tallahassee edo Sarasotara (toponimo bikainak, alajaina) oporretara joan, eta ez nuen urakanetik ihesi instituturen bateko gimnasioan kanpatu eta bertakoekin kakahuete-gurindun sandwichak partekatzen bukatu, ez. Etxean nengoen, zortzi bat mila kilometrora. Eta, agerkariek Floridarentzat apokalipsia promesten astebete zeramatenez, ez nuen penintsula hura betirako ozeanoan hondoratzen zen unea inola ere galdu nahi. Ilunabarrerako, ordenagailuari itsatsirik izan nituen begiek azkura egiten zidaten, buruko min galanta nuen, eta desengainuak hartuta biraoka alde egin nuen ohera. Historiko behar zuen ekaitz hura arrunkeria suertatu zen, dagoeneko mila bider ikusitako irudiekin. Hondamendi eta atentatu kontsumitzaile gisa, engainaturik sentitu nintzen.

[Museora] Aralarko Parketxe Hedatua. Natura eta kultura, bi batean

[Museora] Aralarko Parketxe Hedatua. Natura eta kultura, bi batean

Aitziber Arzallus

Aralarko natura eta euskal kultura, biak batean lantzeko aukera dute Aralarko Parketxe Hedatura doazen bisitariek. Biak batean, soilik bietako bat edota bietatik pixka bat, bisitari bakoitzaren ezaugarrien, interesen eta egingo duen egonaldiaren iraupenaren arabera. "Karta zabala eskaintzen dugu, bakoitzak gehien gustatzen zaion menua aukeratu dezan", dio Ainhoa Diez de Salazar Aralarko Parketxeko koordinatzaileak (Donostia, 1988).

“Sorpresa handia izan da iraganeko Ordizia ezagutzea”

“Sorpresa handia izan da iraganeko Ordizia ezagutzea”

Ariane Vierbücher

Historia luzea duen herria da Ordizia: 750. urteurrena izango du 2018an. Historialaria eta Gure Iragana elkarteko kidea da Nerea Iraola (Ordizia, 1990), eta ongi ezagutzen du bere jaioterria. Ordiziaren historia sakon ikertzen aritu da Victor Mendizabal bekari esker, eta ezusteko bat edo beste izan duela aitortu du. Bestalde, Osbele elkarlanean ari da orain dela hilabete gutxi sortutako elkartearekin ere. Ordiziako San Bartolome ermitako lagunek osatzen dute Osbele, eta eraikina leheneratzeko lanean ari dira. Ordiziak N-1 errepidetik duen sarreran dago ermita, agerian, baina ezezaguna da jende askorentzat.

Partidarik zailena: jolasa ala jokoa?

Partidarik zailena: jolasa ala jokoa?

Unai Zubeldia

Eskola kirolaren egitura berria aurkeztu, eta eztabaidan hasi da futbola. "Haurren bahiketa masiboa da hau". Salaketa gogorra egin du Edorta Salegi Antiguoko Donostiako futbol taldeko presidenteak. "Ez dut ulertzen bat-batean ahaztuta geneukan gatazka giro horretara itzultzea". Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den ekainean aurkeztu zuen eskola kirolaren foru arau berria, askoren begietara futboletik eta futbolerako egina. Ikasturte honetan froga gisa jarriko dute martxan besteak beste eskola kirolaren jarduna 8 urtetik 6ra jaitsiko duen programa berria, multikirola oinarri duena, eta hurrengo ikasturtean arautuko dute egitura. Aldundiaren aldaketak aurrez aurre jarri ditu, beste behin ere, eskola kirola eta kirol eskolak.

“Belaunaldi berria betaurreko moreak jantzita dator”

“Belaunaldi berria betaurreko moreak jantzita dator”

E. Goenaga Lizaso

Emakume bertsolariei eman die aurten Jaizkibel konpainiak Berdintasunaren Hiria saria, azken 25 urteetan plazara ateratzeko egin dituzten urratsen eta izan duten bilakaera azkarraren aitortza gisa. Amaia Agirre (Villabona-Amasa, 1977) beste bost bertsolarirekin batera izan zen joan den larunbateko ekitaldian: Ainhoa Aranburu, Erika Lagoma, Maialen Lujanbio, Kristina Mardaras eta Uxue Alberdi. Jatorri eta belaunaldi ezberdineko bertsolariak bildu zituzten, gainerakoen ordezkari, eta konpainiaren zapiak jaso zituzten, ikur sinboliko gisa.

Bizkar emanez konponbideari

Bizkar emanez konponbideari

E. Goenaga Lizaso

Ezin da ukatu. Hogei urtean asko aurreratu dugu, asko hobetu da egoera. Eta hori gure lorpena da. Ez dugu lortu gure helburua, alardea mistoa izatea, baina asko egin dugu". Izaskun Larruskainek aurten utzi dio Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kapitain izateari, eta txilibitua hartuta dabil entseguan, pozik, festa giroan. "Duela hogei urte, hau ezinezkoa zen. Entseguetara ez genituen umeak ekartzen, beldur ginelako, eta ez soilik irainen beldur". Hogei urte bete ditu aurten Jaizkibel konpainiak; hogei urte, alardean soilik kantinera izatetik emakumeek gizonen ondoan desfilatzeko pausoa eman zutela. "Lehen urteetan, desfilatzen ere ez ziguten uzten, eta entseguak herrigunetik kanpo egiten genituen".

Asteburuko ibilaldia

Comete sareko kideek bihar eta etzi egingo dute Euskal Herrian egiten zuten bidea oroitzeko ibilaldia. Honako hau da egitaraua: