gipuzkoa

Herriz herri

Mintzalagunaren egitasmoa Gipuzkoako 23 herritan gauzatzen da; horietako askotan eskualdeko taldeak biltzen dira.AndoainArrasateAretxabaletaAzpeitiaBeasainBergaraDebaDonostiaEibarElgetaElgoibarErrenteriaGetariaHondarribiaLasarte-OriaOrioSoraluzeTolosa...

Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak

Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak

Eider Bereziartua

Badira gerturatzen direnean bihotza estutzen duten egun jakin batzuk. Gorriz markatuta izaten dira egutegian, eta, urteak pasatu arren, denen oroimenean segitzen dute. Horietako bat da urriaren 17a.

2001. urtea zen, eta Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera iristeko lehen ahalegina egitera ilusioz gainezka irten ziren bost mendizale gazte: Iñaki Aiertza (Aizarnazabal) eta Beñat Arrue (Aizarna) gipuzkoarrak, eta Aritz Artieda (Etxarri Aranatz), Javier Arkauz (Lakuntza) eta Cesar Nieto (Iruñea) nafarrak. Bidean zirela, ordea, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak, eta bertan hil ziren.

"Espedizioa hamar lagunekoa zen, baina, denek batera igo ezin zutela eta, bi taldetan banatu ziren. Zozketa egin zuten zotz laburrena edo luzeena nork atera. Ez dakit nola izan zen, baina gureei tokatu zitzaien", azaldu du Arantxa Gurrutxagak (Aizarna, 1953), istripuan hildako Beñat Arrueren amak. "Gogorra izan zen", adierazi du Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975), Iñaki Aiertzaren anaiak: "Egun batetik bestera ematen dizute berria, eta..."

Gainera, ezin izan zituzten gorpuak erreskatatu, eta Pumorirako bidean gelditu ziren bost hilotzak. Hala ere, baikorra da Aiertza: "Nik beti diot: Iñakik mendia maite zuen, eta han baino hobeto ez dago inon".

Hamabost urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, baina Aiertzak dio "oso presente" dutela. Urte guztiotan, "urriaren 17tik gertuen dagoen igandean, Aralarren elkartzen gara hildako guztien familietakoak", dio. "Omenalditxoa egiten diegu", gaineratu du Gurrutxagak: "Duela hamabost urte, sei zuhaitz landatu genituen han: bat denen oroimenez, eta beste txiki bana bakoitzari eskainita. Plaka bat ere ipinita daukagu", esan du Gurrutxagak. Aiertzak dio "harreman oso polita" egin dutela familien artean: "Egun hori denok elkartzeko aitzakiatzat daukagu".

Horrez gain, beste ohitura bat ere badute Beñat Arrueren guraso Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek. Hiru urtetik behin, Nepalera bidaiatzen dute, eta beren semeak eginiko bidea errepikatzen dute. Datorren astelehenean, urriaren 3an, ekingo diote abenturari. Aizarnako, Zestoako, Zumaiako, Hernialdeko eta Iruñeko beste zazpi lagunekin joango dira hara.

Gurrutxagak gogoan du Benantxio Iruretak —semearen espediziokidea— 2002an nola esan zien "gazteei bisita egitera" zihoala. "Segituan animatu ginen gu ere", dio Gurrutxagak. Ordutik, hiru urtetik behin saiatu dira bidaia errepikatzen: "Hara noan bosgarren aldia da, eta nire senarra seigarrenez joango da".

"Hildako guztien familiak joanak gara bisitan", azaldu du Gurrutxagak. Aiertzak dio bidaia hori "egiteko" daukala: "Nolabaiteko zorra daukadala sentitzen dut barnean. Agian, momentua iritsi zain nago hara joateko. Pena pixka bat emango dit, baina joateko gogoz nago".

Argazkiko neskatoa, Suka

Nepalen bereziak zaizkion pertsonak eta lekuak ditu Gurrutxagak. 2001ean, ezbeharraren ondoren, "haizeak mugituta" hildakoek zeramatzaten gauza batzuk agertu ziren. Horien artean ziren Beñat Arrueren jaka eta argazki makina bat. "Argazki kamera Iñakirena zen, eta argazki film bat zeukan barruan. Film horretan argazki bat zegoen, oso polita. Neska txiki bat agertzen zen, hiru urte ingurukoa, eta Beñatekin ageri zen", azaldu du Gurrutxagak.

Hori dela eta, 2002an Nepalera joan zirenean, haur hura aurkitu nahi izan zuten. "Benantxiok —Aneton hil zen 2003an— argazkia eraman zuen. Hark bazuen buruan zein ingurutan ateratako argazkia izango zen. Beraz, espedizioko batzuk hara joan ziren, eta hango haurrei argazkia erakutsi zieten. Ingelesez ezer gutxi zekiten, eta ez zuten elkar ulertu. Hala ere, 'Suka, Suka' esaten omen zuten", dio Gurrutxagak. Azkenean, umeei jarraitu, eta "txabola moduko" etxetxo batean aurkitu zuten neskatoa. "Joaten garen bakoitzean izugarrizko hartu-emana izaten dugu Sukarekin eta haren familiarekin. Aldiro, arropak, eskolako materiala eta abar eramaten dizkiegu. Thame herrikoa da, eta herriko eskolan entregatzen dugu material guztia", azaldu du. "Sukarentzat ere poltsa berezia eramaten dugu, opariekin".

Hala ere, ez dakite "zein egoeratan" aurkituko duten oraingoan Suka: "18 urte izango ditu, eta, han, adin horrekin asko ama izaten dira. Gainera, ez dakigu duela urtebete izan zen lurrikarak nola eragin duen beren bailaran".

1.000 euroko txekea

2015eko apirilean lurrikara batek astindu zuen Nepal. Zestoako Agiro Mendi Elkarteak 1.000 euroko txekea eman dio espedizioari, han laguntzeko. "Bertan bizi den Mikel Izeaga legazpiarrarekin hitz egin dugu. Berak lagunduko digu dirua bideratzen. Behar den lekura eramango dugu ", dio Gurrutxagak.

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Artea plazara, kale barrenak eraldatzeko

Maite Alustiza

Ikusteko eta esperimentatzeko aukera dakar Street tARTar jaialdiak. Espazio publikoaren erabilera eta eraldaketa aldarrikatzeko, askotariko diziplinak kalera aterako dituzte: dantza, muralismoa, parkourra, rapa... Gaurtik igandera bitarte, erakustaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Donostiako Gros auzoan. Era berean, formazioari garrantzia eman nahi diote, eta, horregatik, tailerrak ere antolatu dituzte. Jaialdiaren bidez, Donostia 2016 kultur hiriburutzak inklusio soziala indartu nahi du, baita emakumeen ahalduntzea eta euskara erabiltzea ere.

Hiriburutzako kideekin batera, artearekin lotutako diziplinetan aritzen diren zazpi lagunek prestatu dute jaialdiaren egitaraua. Honako hauek proposamenetako batzuk dira, guneka antolatuta:

KONTZERTUEN GUNEA

Zubiri-Manteo institutuaren pareko belardian kontzertuak egongo dira gaur eta bihar. Gaurko, 20:00etatik 00:00etara arteko egitaraua prestatu dute, musikari hauekin: EH2000 (Barakaldo, Bizkaia), Boca de Baba (Bartzelona) eta DJ Mantis Major (Frantzia). Lehenengo biek nagusiki rapa jorratzen dute; Mantis Majorrek, berriz, elektro technoa.

Bihar, 18:30ean hasiko dira kontzertuak, Laayie eta Icykal rap abeslarien saioarekin. Jarraian, Nizuri Tazuneri, KT Gorique, Rebeca Lane eta Missiz S One DJ entzuteko aukera izango da. Antolatzaileek aipamen berezia egin diete KT Goriqueri eta Laneri. Lehena Suitzako rap kantari bat da, eta txapeldun izan da munduko End of The Weak ekitaldian. Lane, berriz, Guatemalatik dator. Soziologoa da, poeta eta rap bakarlari feminista. Besteak beste, emakumeak hip hop musikaren bitartez ahalduntzeko lan egiten du, tailerrak-eta eskainiz.

Biharko kontzertuetako gonbidatu berezien artean MiiniiMi dago. Zortzi urte baino gehiago daramatza beatbox egiten, eta Euskal Herrian diziplina hori jorratzen duen neska bakarra da.

PARKOUR GUNEA

Aldamioz eta paretez osatutako egitura bat jarriko dute Manteo kiroldegian, eta Europako hainbat herrialdetako freerunner-ek erakustaldiak egingo dituzte bertan —Sasa Sevo kroaziarraren parte hartzea nabarmendu du antolakuntzak—. Gainera, entrenatzeko gune modura ere erabiliko dute. Edonoren esku jarriko dute: diziplina ezagutu, aholkuak eskatu edo parkourra probatu ahal izango da. Lotzen ADDeko kideek gainbegiratuko dute gunea, gonbidatutako irakasleekin batera. Horretan aritzeko, ordea, izena eman beharko da aurretik, Donostia 2016ren webgunean (Dss2016.eu). Haur eta helduentzako tailerrak ere izango dira: gaur, 12 urtetik gorakoentzako tailerra eskainiko dute, 16:30etik 18:00etara; bihar, umeentzat, 11:30etik 13:00era. Denetan izena eman behar da.

KALEKO DANTZA GUNEA

Kaleko dantza ugari ezagutzeko aukera izango da Manteo kiroldegian; bai ikusteko, eta baita praktikan jartzeko ere. Larkin Poynton estatubatuarrak ikastaroak emango ditu egunero: saioak aurreratuak dira 14 urtetik gorakoentzat, eta hastapenekoak 9 urtetik gorakoentzat —beharrezkoa da bietarako izena ematea—. Egunez, estilo libreko erakustaldiak egongo dira kiroldegian.

MURALISMO GUNEA

Manteo inguruko hainbat mural pintatzen jardungo dute hiru egunez, 10:00etatik 20:00etara. Honako artista hauek parte hartuko dute: Jon Juarez, Maialen Arozena, Javier de Riba, Garikoitz C. Murua, Amaia Arrazola, Gur, Mikel Larrañaga, Mikel Etxeberria, Victor Landeta, Andrea C. Miranda, Bizarras taldea, Spogo, Marcos Navarro, Ibon Odriozola eta Fill in Culture. Zubiri institutuko patioa izango da jardueren erdigunea, eta DJek girotuko dute ingurua: DJ Missiz S One, DJ Mantis Major...

OKENDO KULTUR ETXEA

Rapari eta muralismoari lotutako tailerrak emango dituzte kultur etxean. Gaur, adibidez, grafiti hastapen tailerra egingo dute 12 urtetik gorakoentzat, 16:00etatik 20:00etara. Bihar, Endika Lahainek Rap-a euskaraz tailerra emango du, 11:00etatik 13:00era (12-17 urtekoentzat); eta, ordu berean, Furia abeslariak Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatuko du (12-17 urtekoentzat). Bi tailer horiek arratsaldean ere izango dira, 18 urtetik gorakoentzat, 16:00etan. Kaligrafia, txantiloia eta beste hainbat teknika ere landuko dituzte tailerretan.

Igandean, Kaleko pinturaren mezua hitzaldia emango dute Santi Erasok, Jon Elorzak eta Goyo Villasevilek, 10:00etatik 12:00etara.

ATSEDEN GUNEA

Kontzertuen gunearen ondoan, jan-edanak jarriko dituzte, foodtruck-ak eta barra. Informazio puntua ere egongo da —tailerretarako kreditazioak han jaso beharko dira—.

“Haur batek bi urte behar ditu gurasoen banaketa gainditzeko”

“Haur batek bi urte behar ditu gurasoen banaketa gainditzeko”

Loinaz Agirre

Izar Arregi psikologo terapeuta (Urrestilla, Azpeitia, 1976) oso gustura dago Beasaingo Igartza jauregian banaketaren gaiaz "taburik gabe zuzenean eta elkarrekin hitz egingo delako", bihar, 11:00etan. Haren ustez, banaketa prozesu batean dagoen gurasoa "estres eta ezin egoera batean dago", eta egoera horietan oso garrantzitsua da "gelditzea, hitz egitea, pentsatzea eta nola ari garen jokatzen aztertzea". Gurasoak seme-alaben onena nahi du, "baina bere ezinak sarritan hanka sartzera eramaten du, eta nahikoa izaten da hitzaldi-hausnarketa bat guraso jarrerak hobetzeko". Arregiren ustez, kontua da gurasoak nola banatzen diren: "Banatzeko modua desegokia denean, haurrengan arazo psikologiko ugari ikusten dira".

Zure ustez, beraz, umeari kalte handiagoa egingo lioke banatuta ez dagoen bikote gatazkatsu batek?

Bikote batzuk elkarrekin daude, baina emozionalki banatuta daude. Beste batzuk banatuta daude, baina emozionalki batera jarraitzen dute: amorruz elkartuta jarrai dezakete, juizioekin lotuta edo betiko maiteminduta... Bi egoera horiek dira kezkagarriak. Banaketa bere hartan, hiru urteren ostean, prozesua ondo eman bada eta gurasoek beren sentipen eta egoera pertsonalak landu badituzte, haurra ondo egongo da. Larria ez da banatzea; larria da gaizki egon eta ez banatzea, edo banatuta eta beti banatzen jarraitzea, eta beti istilu eta juizioetan edo beti elkar gorrotatuz haurra erdian egotea.

Nola esan behar zaio haur bati gurasoak banatzera doazela?

Askotan, zeharka gauzak esanez joaten dira gurasoak, baina ikusi nahi ez duenak ez du ikusten. Haurrei garbi esan behar zaie bikotea banatzen dela, familia ez dela banatzen.

Zein jokaera saihestu beharko lituzkete gurasoek?

Haurra ez dadila errudun sentitu; ez dadila erdian bien arteko zubia sentitu. Entzun eta onartu, bere sentipenak eta emozioak azaltzen utzi; lehen bezala maite dutela azaldu; jakin dezala garbi noiz dagoen aitarekin eta noiz amarekin.

Zein gomendio ematen diezue banatzera doazen gurasoei?

Hiru egoera saiatuko gara ahalik eta gutxien gertatzen, eta, ohartzen garenean gertatu dela, hanka ateratzen eta berriro ez egiten saiatuko gara. Batetik, haurra espia gisa jartzea. Haurrari galderak egiten hasten dira: "Zer egin duzue asteburuan?", "Norekin ibili zarete?"... Haurrak sumatzen du gurasoaren interesa beste gurasoaz jakin-mina eta ezina dela. Haurrak ez daki edo egia kontatu, edo ezer ez esan, edo gezurra asmatu. Adibidez, haur batek sumatzen du amak entzun nahi duela aitarekin gaizki egon dela, eta, hori gezurra izan arren, horrela adieraz diezaioke amari. Noski, ondoren haurra oso gaizki sentitzen da bere buruarekin.

Zein da bigarrena?

Haurra bi gurasoen artean preso sentitzea: haurrak zerbait duenean, bi gurasoak elkartu egiten dira. Beraz, haurra ikastolan jarrera desegokiekin hasten da, osasun arazoak izaten hasten da... Haurraren gorabeherak bi gurasoak elkartzeko zubiak dira. Dena dela, maila batean beti gertatuko da hori, eta intentsitatea da aztertu behar dena. Pixkana, banaketa aurrera doan heinean, haurra libre sentituko da.

Eta hirugarrena?

Haurra gerriko gisa egotea: haurra dagoenean tentsioa dago, baina ez dago borrokarik eta eztabaidarik. Beraz, haurra beti bien artean jartzen da bakea egoteko. Egoera horiek dira larrienak eta kontu handiena izan behar dugunak. Normalean, banaketa korapilatsu eta gatazkatsuetan izaten dira egoera horiek, eta banaketa normaletan ez horrenbeste.

Bata bestearengandik gaizki-esaka aritzeko ohitura ere bada.

Ikaragarria da, oso ohikoa. Batez ere, hirugarren pertsonak daudenean. Baina garbi utzi behar da bikotea ondo balego hirugarrenik ez lukeela bilatuko. Harremana bukatu egin da, eta kitto. Hortik aurrera, heldutasunez eta poliki egin behar dira gauzak. Umeak ikusten badu aita eta ama gero eta hobeto daudela, umea ere ondo egongo da. Bi gurasoetako bat gaizki ikusiz gero, umea gaizki egongo da. Eta diruaren kontuan ere umeak ez sartu; umeak mezulari moduan ez erabili.

Nola jokatu beharko litzateke hirugarren pertsonak tartean daudenean?

Kasu horretan, denbora da garrantzitsuena; banaketa bat dolu bat da. Seme-alaben ikuspegitik, agur esan behar dio familia elkartu eta ideal bati. Seme-alaben ikuspegitik, beti egongo da nahi bat edo fantasia ezkutu bat berriro agian elkartu egingo direla. Egoera berria barneratzeko denbora behar da. Bietako batek beste bikotekide bat baldin badauka, eta harekin denbora bat badarama, banatu ondoren, bikotekide berri hori ikusi gabe ezingo da egon. Baina ez gara konturatzen semearentzat edo alabarentzat, orduan, orain banatu garela. Umearekin, gutxienez, enpatia minimo bat eduki behar da.

Umearen adinak ere zerikusia izango du; izaerak ere bai.

Bai, baina denek pasatu behar dute dolu batek dituen fase guztietatik. Ukazioa da lehenengoa. Askotan, bikoteek seme-alaben aurrean ez dute eztabaidatzen, baina begirada falta bat… 18 gradu hego haizearekin edo 18 gradu ipar haizearekin ez da gauza bera. Batekin, txaketa behar duzu, eta, bestearekin, ez. Objetiboki ez dugu eztabaidatu, objetiboki 18 graduan gaude, ondo gaude, ez beroegi eta ez hotzegi, dena kordial dago… baina dagoen ipar haizea handia da. Umeei galdetzen diezunean "Ez al zenuen espero zure gurasoak banatzea?", ezetz esango dizute.

Zeintzuk dira bigarren eta hirugarren faseak?

Bigarren fasean amorrua eta inpotentzia pasatzen dute. Hirugarrena onarpenarena da. Denok sentimenduz berdinak gara, jokatzeko moduan dauzkagu sentimendu horiek desberdinak. Haur batek bi urte behar ditu gurasoen banaketa gainditzeko.

Zein sintoma ari zarete ikusten banatutako gurasoen seme-alabetan?

Sintoma asko dira. Umeak ez ditu bere sentimenduak negar eginda soilik agertzen. Askotan, isilik egoten da, akademikoki jaitsi egiten da —banaketaren lehenengo urtean akademikoki asko jaisten dira normalean—, etengabeko leialtasun borroka edukitzen du, antsietatearekin asko jaten hasi eta gizentzen hasten da; sei urte ingurukoen kasuan, bat-batean irakurketako eta idazketako arazoak sortzen dira...

Amaitzeko, zer esango zenioke banatutako edo banatzen ari den gurasoari?

Banaketa modu egoki batean egiten denean, batik bat haurrak bi gurasoak hor daudela sentitzen badu eta denbora eman bazaio bere dolu prozesua egiteko, haurra psikologikoki osasuntsu eta heldutasun egoki batekin heziko da. Haurra zoriontsu izango da. Gurasoa bera zenbat eta hobeto egon, orduan eta lasaiago egongo da haurra. Horretarako, gurasoa bera landu behar da, eta merezi du etapa berri bat laguntza apur batekin, pentsatuz eta nora doan aztertuz egitea.

Komunitatetik eszisiora

E. Goenaga Lizaso
Abbe Pierre apaizak sortu zuen Emaus mugimendua, 1949an. Parisen, Senna ibaiaren bi aldetara ibiltzen zen hura. Alde aberatsean jendeak botatzen zituenak bildu eta alde txiroan kalean bizi zirenei laguntzeko erabiltzen zuen. Egun, Ema...

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Trapuak, lanpostuak sortzeko

Eider Goenaga Lizaso

Itxuraz ezer balio ez dutenekin, eta itxuraz ezer balio ez duenarekin, baliozko gauzak egiten ditugu". Horixe da Emaus kooperatibaren leloa. 35 urte bete dituzte Emauseko trapuketariek Gipuzkoan, eta urteurrena ospatu berri dute. Belartzako poligonoan dute egoitza, eta pabilioi oso bat hartzen dute ia. Jende batentzat erabilgarritasuna galdu duten arropa, jostailu, altzari, baxera eta abarrak biltzen dituzte, sailkatu, eta prezio oso merkean saldu. Iaz, 1.800 tona baino gehiago jaso zituzten. "Eta jasotzen dugunaren %75 jartzen dugu salgai", dio Marian Mugerzak, kooperatibako kideak. "Ateratzen dugun diru guztia langileei ordaintzeko erabiltzen dugu.Urte amaieran, dirua soberan badago, diru hori jende gehiago hartu ahal izateko baliatzen dugu".

Goizeko bostak inguruan ateratzen da lehen kamioia Belartzatik, eta besteak —bederatzi— 8:00ak aldera irteten dira. Sasietako mankomunitateko herrietan ditu edukiontziak Emausek, eta Urola Kostako mankomunitatearekin altzariak biltzeko hitzarmena ere badu; baina, horiez gain, zerbait emateko dutenen etxeetan egiten dute bilketa. "Bestetik, jende asko hurbiltzen da hona [156 tonatik gora jaso zituzten iaz Belartzan bertan]. Etxean jada behar ez duten hori ekartzen digute, eta gero, gehienek, bidaia aprobetxatzen dute dendan erosteko". Iaz, 80.220 bezero izan zituzten, eta salmentetan 830.943 euroko fakturazioa izan zuten. Sasietako eta Urola Kostako mankomunitateekin dituzten hitzarmenak gehituta, orotara, 915.771 euroko sarrerak izan zituen Emausek. Diru-laguntza publikorik ez du jasotzen.

Salmentarako prozesua

Astelehena da, 09:50. Oraindik joan-etorria ez da handia Emausen egoitzan. 10:00ak arte ez dute denda irekitzen, eta goizean irtendako kamioi gehienak ez dira eguerdira arte iritsiko. Bizpahiru lagun heldu dira, eskuetan poltsa bana hartuta, eta non utziko dituzten galdezka. "Utzi hementxe", erantzun dio langile batek, supermerkatuko orga bat seinalatuz. Biltegia zinta garraiatzailetik pasatzeko zain dauden poltsaz eta kaxaz beteta dago. Bi langile dabiltza han, burua altxatu gabe. "Normalki, langile gehiago aritzen dira zintan", argitu du Mugerzak. Neguko arropak, udakoak, maindire eta mantak, oinetakoak... bakoitza bere kaiolara botatzen dute. Biltegiaren zati handi bat neguko arropak hartzen du. "Horiek laster igoko ditugu dendara". Beste horma batean, dozenaka kaxa daude, bi pilatan sailkatuta: Santo Tomas jartzen du batean, Inauteriak, bestean. "Garaia iristean aterako ditugu".

Biltegiko kaxa eta poltsa mordoa atzean utzi, eta goiko solairura igo da Mugerza. "Hau da gure erakusleihoa, honek identifikatzen gaitu", azaldu du, harro. Ondo sailkatutako saltegi handi bat da denda. Kobratzen ari denak ere ez du etenik, behin 11:00etatik aurrera. Markako arropak daude lehenik, VIP gunea deiturikoan. "Garai batean, krisiaren aurretik, markako arropa gehiago jasotzen genuen. Orain, asko nabaritu da jendeak gutxiago gastatzen duela arropan, kalitate eskasagokoak dira; baita altzariak ere".

Bestelako jantzi eta oinetakoak ere ondo sailkatuta daude: jaioberrienak, umeenak, emakumeenak eta gizonenak. Liburuak daude gero, eta Vintage gunean altzariak eta arropak daude. Beste korridore batean dauzkate gainerako guztiak: oheko arropak, jostailuak, apaingarriak, elektronika... "Askotan geure buruari galdetzen diogu, 'baina honek balio al du ezertarako?', eta gero norbait etorri eta erosi egiten du. Batek baliorik topatu ez arren, beste norbaitentzat erabilgarri izan daiteke. Azkenean, hori da gure filosofia: ingurumena zaintzea, birziklatzea, eta zaborretara ahalik eta gutxien botatzea. Ez dakizu nolako pena ematen digun gauzak zaborretara bota behar izateak!".

Ingurumena zaintzea helburu izanik ere, beste lehentasun bat du aurretik Emausek. "Bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei lana eskaintzea, eta bizitza duin baterako aukera ematea, hori da gure lehentasuna", azaldu du Mugerzak.

Gipuzkoako Emausen 32 langile daude, eta guztiek lan kontratu mugagabeak dituzte. Izan ere, Emausen ustez, "euren ezaugarri eta egoera pertsonalaren ondorioz lanpostu egonkor bat lortzea ia ezinezkoa duten pertsonei" lanpostu mugagabe bat eskaintzea da benetako integrazioa lortzeko modu bakarra. "Ezin duguna da horrelako pertsona bat bi urterako hartu, eta gero, hura kalean utzita, lan hori beste bati eskaini. Gozokia ahoan jarri eta gero kentzea da, lehen baino egoera askoz ere okerragoan uztea. Hondoratu egiten da pertsona", azaldu du Muguerzak.

25 urteko Jose Dual da Emausera sartu den azken langilea. Abuztuan hasi zen lanean, altzarien atalean. "Lana gogor egin behar da hemen; jendearen joan-etorria handia da, eta altzariak kargatzen ibiltzen naiz etengabe", dio Dualek. DBHko titulua ateratzeko ahalegina egin eta hainbat ikastaro jarraitu zituen arren, ijitoa izateak lan mundurako sarrera are gehiago zaildu dio. "Oso pozik nago hemen eskaini didaten aukerarekin". Dualena adibide bat da; etorkinak, familia karga duten ama langabeak, alkoholarekin edo drogekin arazoak izandakoak... lan munduan sartzeko eta bizimodu duin bat eraikitzeko ezintasuna duen jendea da Emausek kontratatzen duena.

Askotariko bezeroak

Bigarren eskuko gauzak erosteak duen "estigma" apurka-apurka galtzen ari dela azaldu du Mugerzak. "Hala ere, oraindik badago lotsatzen den jendea, eta bigarren eskuko arropa erosteagatik aldamenekoa gutxiesten duena ere bai. Hemen, ikusi izan dut nahiko maiz etortzen den ohiko erosle bat bere lagun batekin topatzea, eta hari esatea zerbait ekartzera etorri dela, eta denda lehen aldiz bisitatzen ari zela. Pena da, baina hori oraindik badago".

Julieta Alvarado ez da lotsatzen. Harro dago etxeko denak Emausen erositako arropekin janzten direlako. "Lau ume ditugu eta etxeko seirak hemen erositako arroparekin janzten gara. Hamabi urte dira etortzen hasi nintzela. Oso arropa txukuna aurkitzen dugu, modakoa, eta askoz diru gutxiagorekin primeran janzten gara. Gu, ekonomikoki, nahiko ondo gaude; baina, hemen erosteak, beste gutizia ahalbidetzen dizkit: oporrak, auto berria... baita laugarren umea ekartzeko aukera ere. Bestalde, jende askorentzat hau izan liteke aukera bakarra bere umeak janzteko, edo altzariak erosteko. Bestela ezin dutelako erosi", dio. Julieta ez da soilik erostera etorri; lisaketarako taula bat eta bidaiarako gurpildun maleta bat dakartza eskuetan. Bestalde, bere herrian, Costa Rican, eta Hego Amerika osoan bigarren eskuko gauzak erostea oso errotuta dagoen ohitura dela nabarmendu du. "Guk kultura hori badugu, ez dakit zergatik hemen ez dagoen ondo ikusita. Ni, behintzat, hemen erosi eta poz-pozik ateratzen naiz".

“Hasieran lehertuta bukatzen nituen lasterketak”

“Hasieran lehertuta bukatzen nituen lasterketak”

Aizpea Amas

Behin baino gehiagotan entzun behar izan du Xabier Alonso ultrafondistak ea erotuta dagoen. Ehun kilometro, 24 ordu, eta egun eta erdiko probak ere korritu ditu Errenterian jaiotako irundarrak. Duela zortzi urte sartu zen mundu horretan. "Bizikletan ibiltzen nintzen, eta egun batean, Zegama-Aizkorri lasterketaren iragarki bat ikusi nuen. Mendia gustatzen zitzaidanez, animatu nintzen. Gero, BATen [Bidasoa Atletiko Taldea] federatu nintzen". Oraindik ere hor jarraitzen du, etxean dagoelako eta taldeak egiten duen lana atsegin duelako.

Korrika hasi eta laster, menditik asfalto gainerako jauzia eman zuen. Bigarrenak erakarri zuen, eta hobekiago moldatzen zela ikusi zuen: "Maratoiak egin nituen hasieran, eta gero lehen lasterketa handia ehun kilometrokoa izan zen. Gainera, lehena, irabazi egin nuen, 2012an, Calellan [Herrialde Katalanak]. Mendian gorabeherak dituzu, paisaia aldatzen doa... baina asfaltoan, oso erritmo egonkorra eraman behar da. Ez da gauza bera asfaltoa edo mendiko lurra. Asfaltoan beti modu berean zapaltzen duzu, eta mingarria da".

Alonsori, ordea, erronkak gustatzen zaizkio, eta mugak gainditzea. "Bakoitzaren filosofiaren araberakoa da hori, baina niri noraino irits naitekeen bilatzea gustatzen zait. Denek esaten didate erotuta nagoela, baina beste batzuek esaten didate oraindik gaztea naizela, eta helduago naizenean oraindik eta erokeria gehiago egingo ditudala". Batzuetan, ordea, pentsatzen du ez duela berriro egingo. "Adibidez, lehenengo larunbatean [24 orduko proba bat egin zuen hilaren 17an], lehertuta nengoen; psikologikoki oso nekatuta bukatzen duzu. Hala eta guztiz ere, gero pasatzen zaizu eta erronka berriak bilatzen dituzu".

Egun osoa korrika

Ehun kilometroko proben ondoren etorri dira 24 ordukoak, eta baita luzeagoak ere. Esate baterako, Spartathlon lasterketan parte hartu du ultrafondistak —Atenas eta Esparta artean egiten da, 246 kilometro—. Ezohiko lasterketa dela esan du: "Zuriz joan behar zara; han dagoen iturri sakratu batetik ematen dizute edateko. Bukaeran, Leonidasen estatua musukatu behar duzu eta erramu koroa bat jartzen dizute. Denentzat sari bera dago, ez da lehiakorra edo elitista. Oso polita da".

Milan-San Remo proba ere oso ezaguna da txirrindularitzan, baina korrika ere egiten da, eta Alonsok probatu du aurten. 285 kilometroko proba da —40 orduan egin zuen irundarrak—: "Ez da hain konpetitiboa. Gainera, jende bera topatzen duzu, ez daudelako horrenbeste lasterketa, eta denek laguntzen diogu elkarri".

Alonsoren hurrengo helburua ehun kilometroko Munduko Txapelketa izango da. Murtzian (Espainia) jokatuko dute, azaroaren 27an. Lehenengo aldia izango da ultrafondistarentzat: "Harrigarria izan da Munduko Txapelketan parte hartzeko deitu izana. Espainiako Txapelketan bigarren geratu nintzen, eta Espainiako Selekzioak aukeratu nau munduko txapelketarako. Pozgarria da niretzat".

Marka hobetzeko helburuarekin aterako da korritzera: "7 ordu eta 38 minutuko marka dut ehun kilometrotan, eta hogei minutu jaitsi nahiko nituzke, 7.20ra". Aurretik egindako txapelketei begiratuta, denbora horrekin lehen 25 postuetan geratzeko aukera izango luke. Oraindik ibilbidea zehaztu gabe dagoen arren, baldintzak egokiak dira Alonsorentzat: "Zirkuitua nahiko laua izango da, eta gainera, azaroan korrituko da, eta garai horretan bero asko egiten ez duenez, hobeto niretzat".

Orain lasterketa horretarako prestatzen ari da, baina azaldu du ez dela ari "modu berezian" prestatzen: "Ez da zertan gehiago entrenatu behar; agian hobeto bai, baina gehiago ez. Gorputzak memoria du, eta badaki zer entrenatu duen. Ahalik eta saio onenak egiten saiatuko naiz, eta ateratzen dena aterako da".

Proba luzeen entrenamendua ez da atletismoko gainontzeko alorren bera izaten: "Nik ezin ditut ehun kilometro egin entrenatzeko". Entrenatzaile batek asteko entrenamenduak zehazten dizkio, eta berak bere ordutegira moldatzen du. Gainera, nahiko autodidakta da, eta helburuaren arabera prestatzen du entrenamendua.

Edonola ere, horrelako lasterketatarako erresistentzia eta burua dira gakoak. Erresistentzia lasterketaz lasterketa lortzen dela uste du Alonsok: "Ehun kilometroko lasterketak egiten hasi nintzenean lehertuta bukatzen nuen, asko kostatzen zitzaidan, baita lehen aldiz Spartathloia egin nuenean ere, baina pixkanaka gorputza ohitu egiten da". Izan ere, ultrafondoan aritzeko, urteak mesedegarri dira. "Zenbat eta urte gehiago eduki, abiadura galdu arren, erresistentzia lortzen duzu. Nik 36 urte ditut, eta gaztea naiz, adin egokiena 45 urte inguru baita. Beraz, hobetzeko tartea badut".

Alderdi psikologikoa oso garrantzitsua dela nabarmendu du: "Burua oso argi eduki behar duzu, eta oso kontzentratuta egon. Entrenamenduetatik burua eta gorputza akituta dituzula joaten bazara lasterketara, behera zatoz". Munduko Txapelketa eta gero, atseden hartzeko asmoa du, baina ez denbora askorako: "Korrikan aritzea gustatzen zait, eta azkenean, egun batzuk badaramatzazu korri egin gabe, gorputzak eskatu egiten dizu".

Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera

Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera

Eider Bereziartua

Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan "ziurgabetasunak" inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu.

Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara "ahalik eta ondoen" iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea "sentipen onarekin" amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, "kopa irabazteko asmotan" doazela gaineratu du.

Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du "proiektu gipuzkoarra" dela. "Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen".

"Gustura" hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. "Oso pozik nago", adierazi du tolosarrak: "Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da". Olaizola ere ados dago Lasarekin: "Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da". Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. "Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da".

Bakoitza bide desberdinetatik iritsi den arren, orain taldekideak dira, eta Lasak dio emaitza onak lortzeko guztiek "familia bat bezala" izan behar dutela. Olaizolak uste du horretan "plusa" eman diezaiokela taldeari: "Bertakoa naiz ni, eta taldekideei ahal dudan guztian lagundu behar diet". Horrez gain, tolosarrak dio "talde borrokatzailea" izan behar dutela; "defentsatik abiatuta borroka egin behar dugu".

Olaizolak esan duenez, ondo ari dira entrenatzen, eta, "apurka-apurka", aurrera doaz. Entrenatzaileak ere iritzi bera du: "Denboraldi-aurrean nahiko lan ona egin dugu. Taldea ondo ari da erantzuten". Oroz ere itxaropentsu agertu da denboraldiari begira: "Elkarrekin ez dugu orain arte inoiz jokatu, eta elkar ezagutzeko pixka bat falta zaigu oraindik. Hala ere, itxura ona hartzen diot taldeari. Etortzen diren gazteak ongi etorriak izango dira.

Denboraldirako helburuez hitz egitean, ordea, ez daude hain ziur. "Ez dakit gainontzekoek nolako taldeak osatu dituzten", esan du Orozek. Lasak liga hori "oso gogorra" dela azpimarratu du: "Ez dago lehen posturako faborito nabarmenik: oso liga borrokatua da".Olaizolaren ustez, partidaz partida joatea da gakoa. Entrenatzailearen esanetan, ordea, lehen helburua afizioa berriro "Gipuzkoa Basketez bustitzea" da: "Ahal dugun guztia egingo dugu Gipuzkoako jarraitzaileek saskibaloiarekiko ilusioa berreskura dezaten". Guztiak ados daude horretan: "Jendea gurekin identifikatzea nahi dugu. Zaleak ostirala iristeko gogoz egon daitezen lortu behar dugu". Uste dute horren gakoa partidaz partida borroka egitean datzala.

Gipuzkoako harrobia

Gipuzkoa Basket klubaz gain, maila bat beherago, Azpeitiko Iraurgi Saski Baloi taldeak jokatzen du. Espainiako hirugarren maila horretan emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek azken urteetan. Horrez gain, harrobiko lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortu izan dituzte Gipuzkoako taldeek azken urteotan. "Lehen ez bezala, orain entrenatzaile prestatu asko daude, eta horrek asko laguntzen du jokalariek ikas dezaten", azpimarratu du Lasak: "Kalitate handiko jokalariak dauzkagu hemen, eta, egunero gogor entrenatu eta beren buruarengan sinesten badute, ziur nago Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantziko dutela noizbait".

Bullyk azaldu duenez, kluba Gipuzkoako saskibaloia indartzen saiatzen ari da. "Horretarako, hitzarmenak egin ditugu probintziako hainbat talderekin. Eliteko jokalari gehiago izango ditugu denborarekin".