gipuzkoa

Ardiak laster du kofradia

Ardiak laster du kofradia

Tere Madinabeitia

Idiazabalgo gaztak Ordizian, ardikiak Zaldibian, odolkiak Beasainen... eta, laster, ardiak Legazpin. Goierrin, eskualdeko ikur diren produktu gastronomikoak sustatzeko ez ezik, ardia babesteko ere izango da kofradia bat.

Legazpin, urtebete daramate ardiaren kofradia hori sortzeko lanetan, eta urri-azaroan egingo dute aurkezpen ofiziala. Dagokion erregistroan izena emanda dago, logotipoa ere badu, baita lehendakaria ere —Koldobike Olabide Legazpiko alkatea—, eta, orain, ardiarekin lotura duen egun apropos baten bila dabil talde eragilea.

Azken 26 urteotan Legazpin iraileko lehen igandean egiten den Artzain Eguna biziberritzeko egitasmotik sortu zen Ardiaren Kofradia sortzeko ideia. Iaz, 25 urte bete ondoren, festa indartu behar zela ondorioztatu zuten udalean sortu berria zen Berrikuntza zerbitzuan, eta Artzain Egunetako protagonista den ardiari gorazarre egitea erabaki zuten.

Izan ere, ardia, Artzain Egunaren ikurretako bat izateaz gain, Legazpiren historia eta garapenarekin zuzenean lotuta dago. Hala, herriko baserrietan hazi den aberea da, eta artzainak, baserritarrak eta olariak elkarrekin bizi izan dira Legazpin mendeetan. Gaur egun ere, ardiak ikus daitezke herriko zelaietan, eta, gainera, ardi esnearekin egindako Idiazabalgo gaztaren bi ekoizle daude: Erraizabal eta Makatza.

Talde eragilea

Arrazoi horiek guztiak elkartuta, eta udalak bultzatuta, Ardiaren Kofradia sortzeko talde eragilea eratu zuten iazko udazkenean. Talde zabala da: udal teknikari batzuk, Artzain Egunaren antolatzaileak, baserritarrak, tabernariak, kazetari bat, diseinatzaile bat, sukaldari bat eta herriko beste gizarte eragile batzuk biltzen ditu.

Txakel Urarte diseinatzailea da kofradiaren sorreraren eragileetako bat. "Kofradia Legazpi indartzeko baliagarri izango delakoan ari naiz parte hartzen proiektuan". Taldera elkartzeko dei egin die berak bezala herriaren garapenaren alde lan egin nahi duten guztiei. Urtebeteren ondoren, kofradia martxan jartzeko tramite guztiak nahiko aurreratuta daude, baina bada oraindik zer egin. Talde irekia da, eta bilerak deialdi publiko bidez iragartzen dituzte.

Igande honetako Artzain Eguna igarota, talde eragilekoak laster bilduko dira berriz. Kofradiaren aurkezpenerako egun aproposa aukeratu behar dute horretarako, ardiarekin zerikusia duen egun bat: "Artaldea mendiko larreetatik behera ekartzen da udazkenean, eta transhumantzia izan daiteke gure kofradiaren aurkezpen egunerako aitzakia; edo San Martin, ardikia eta buzkantzak jateko eguna".

Behin aurkezpenerako eguna aukeratuta, Ardiaren Kofradiaren lehen kapitulua ospatuko dute. "Festa ospatuko dugu, eta ohorezko kofradeak izendatzeko baliatuko dugu; jende ezaguna, gure taldearen helburuak eta zereginak zabaltzen lagunduko diguna". Izen batzuk ba omen dituzte buruan, "baina ezin da oraindik ezer aurreratu". Hortik aurrera, ardia babestea eta sustatzea izango da beren zeregina.

Helburu orokor batek mugitzen ditu Ardiaren Kofradiaren sorreraren hariak: Legazpi ardiarekin zerikusia duen guztiaren erreferente bihurtzea, eta, horrekin, herriaren garapena bultzatzea. Nola gauzatu, ordea, hain helburu handia? Dagoeneko idatzita daude estatutuak, eta horietan jasotzen dira helburu apalagoak edo zehatzagoak: ardiaren produktuak sustatzeko ekitaldiak egitea —gazta, ardikia, buzkantza, mamia, artilea...—; Artzain Eguna bultzatzea; ardiaren inguruko ikerketak edo argitalpenak babestea; artzaintzaren memoria berreskuratzea; Legazpiko turismoa ardiarekin lotzea...

Zehatzagoak ere izan dira, eta zerrendatu dituzte helburu horien lorpenean egin daitezkeen ekintzak ere. Horrela, herriko sarreretan laster ikusi ahal izango dira, esaterako, Legazpi ardiarekin identifikatzeko artalde txikiak, metalezkoak edo beste material batekoak. Horrez gain, ardiaren produktu gastronomikoekin osatutako menuak dastatu ahal izango dira Legazpiko jatetxe eta tabernatan.

[Museora] San Telmo. Gizartea erdigunean

[Museora] San Telmo. Gizartea erdigunean

Olaia Iraola

XVI. mendean eraiki zuten San Telmo museoa, Urgull mendiaren magalean. "1813an Donostia erre zuten, eta bere arkitekturaren zati gehiena erre egin zen. San Bizente eliza eta San Telmo dira ordutik gelditzen diren eraikin nagusiak", azaldu du Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak.

Balazta, bi gurpilen alde

Balazta, bi gurpilen alde

Asier Perez-Karkamo

Uztail bukaeran Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu zuten Hondarribiko Kasino Zaharrean. Lurrean oihalekin prestaturiko bidegorri zati bat jarrita, Bidasoa eskualdean bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu zieten erakundeei. Hogeita hamar bat kiderekin sortu zen Balazta.

Balazta plataformaren helburua "hiri garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzea" zela adierazi zuten aurkezpenean, hau da, aisialdirako ez ezik, bizitzako beste eremuetarako ere bizikleta erabili ahal izatea aldarrikatzen dute; lanerako, eskolara joateko, erosketak egiteko, batetik bestera mugitzeko. Manex Arzakek argi du: "Bizikleta erabiltzaile naizen aldetik, uste dut gure eskualdean beharrezkoa dela hiru hiriak lotzen dituen bidegorri sarea, eta horregatik naiz Balaztako kidea".

Txingudi badiako hiru herrietatik Hendaia (Lapurdi) da bidegorri sarea osatua duen bakarra. Bai Irunek, bai Hondarribiak hutsune dezente dituzte; are gehiago, Irundik Hondarribira edo Hondarribitik Irunera igarotzea abentura "arriskutsua" izaten da bizikletaz egin nahi dutenentzat. "Hirien arteko lotura egitea beharrezkoa da —adierazi du Arzakek—, eta, horretarako, hiru udalek elkarlanean lan egin beharko lukete, proiektua osatua eta eraginkorra izatea nahi bada".

Amute-Mendeluko inbutuari soluzioa ematea da Balaztaren lehentasuna. Egunero milaka autok zeharkatzen dute Mendelu auzoa, eta ez da segurua haien ondotik bizikletaz bidea egitea. Nolanahi ere, aukera handirik ez dago, zeharbideko espaloiak oso estuak direlako eta oinezkoen eta bi gurpildunen artean arazoak sortzen direlako. Hondarribiko auzoa da Mendelu, eta alkatearekin elkartuak dira Balaztako kideak arazoaz mintzatzen hasteko. Baina, Kote Gebarak esan duenez, informazioa trukatu baino askoz gehiago ez dute egin: "Egia da abuztua ez dela garai onena. Alkateak esan zigun udalak eskutan dituen proiektuak pasatuko zizkigula, eta udazkenean aztertu ahal izatea espero dugu".

Arzak bezala, bizikleta erabiltzailea da Gebara, eta prest azaldu da erakundeekin elkarlanean aritzeko: "Trafikoa geroz eta konplikatuagoa da, eta bizikleta zale bezala arazoaren partaide sentitzen naiz; ez bakarrik gure segurtasunaren alde egiteko, baizik eta herritar guztien mugikortasun iraunkorra sustatzeko". Horregatik, udalek esku artean dituzten asmoak ezagutu nahi ditu Balaztak, baina, arazoa "larria" denez, urtea bukatu aurretik zer edo zer mugitzea espero dute. "Agian hasieran behin-behineko soluzioa eman behar zaio, eta gero bilatu beste bat behin betiko".

Pabiloien atzealdetik hobe

Balazta plataformak gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu Irun eta Hondarribia arteko lokarria askatzeko xedea dutenak. "Ez dugu ezer berririk nahi; dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu", erantsi du Gebarak. Eta, bideragarritasunari buruz galdetuta, Balaztakoek ez dute zalantzarik: aukerarik onena bizikletentzako bide berri bat moldatzea litzateke, Amutaldeko pabiloien atzealdetik, errekaren ondotik. Hori da babesten duten aukera.

Behe Bidasoko bizikleta erabiltzaileak biltzeko sortu da Balazta plataforma. Mendeluko korapiloa askatu nahi dute aurrena, badiako hiru herrietako bidegorri sarea osatzeari heltzeko gero. Mugitzeko nahi dute bizikleta, eta helburu horrekin mugitzeko prest azaldu dira.

Turistak beti dira besteak

Danel Agirre

Badut nire adineko lagun bat, bizitza osoan Euskal Herritik behin bakarrik irten dena. Burgoseraino izan zen txangoa, kuadrillako baten ezkondu aurreko parrandara. Bidaiatzeak estresa baino eragiten ez zionaz jabeturik, oporretan etxetik gehiago mugitzeari uko egindako beste bat ere ezagutzen dut. Donostiako Tourist go home, refugees welcome afixa bietako batek zintzilikatu ote zuen galdetu behar diet, Zarautzen topo egindakoan. Ezezkoan nago hala eta guztiz ere. Nire susmoa da Aste Santuan Korsikara eta udan Patagoniara motxila hartuta joaten den horietako baten ateraldia izan zela kartel ditxosoa. Beste kasta batekoa, benetako abenturazalea dela sinetsita dagoen norbaitena.

Izan ere, ez duzu bere buruari turista deitzen dionik topatuko sekula, turistak beti dira bestea, norberaren bidaiatzeko modua beti da duina, jasangarria eta akatsik gabea. Guztia ilusio bat da ordea, etxetik irteteko ahalmena dugun guztiok garelako nahiko antzekoak. Marrakexko haurrek eta Habanako hitzontziek frogatzen dute hori, txanpon parea denoi eskatuta, yanki despistatuei eta gu bezalako ibiltari jantziei, inongo bereizketarik egin gabe.

Lepo dabiltzan Gipuzkoako kostako herrietan igogailuko kexu bilakatu da atzerritar izurritea, Menorcara edo Parisera goazenean bertan bizi direnek gutaz zein iritzi ote duten bost axola bazaigu ere. Donostiar edo zarauztarren kasuan, ez da hori inkoherentzia nabariena. Izan ere, igogailuan kexatzen garenok gara gure herriari fisionomia aldatu diogunak. Kostakoak garelako Airbnb-n eta etxe agentzietan libre ditugun etxebizitza eta logelak madrildar eta kataluniarrentzat alokairuan ipintzen ditugunak, hilabeteko hiru mila euroren truke. Udan dirutza azkar eta erosoa pilatu, eta epe luzerako aterpe horiek beharko lituzketen gazte, familia, etorkinei… bizkarra emanda.

Turistak beti bestea direna uste duenaren kasuan bezala, errua beste nonbait dagoela sinetsita bizi gintezke. Beti bezala diruari errua bota diezaiokegu, generikoki. Alkateei —Europako hainbat hiritan egin bezala— Airbnb debeka dezaten exijitzen ez badiegu, ordea, nekez saihestuko dugu kostako herriak neguan hustea. Etxebizitzak alokatzeko gutxieneko epea urtebetera igotzea lortu ezean, gazteek bizitzeko toki bila barnealdera egin beharreko exodoari buelta ematerik ez dugu lortuko. Udalek beltzean ordaindutako alokairuen isunekin TAOrekin darabilten zurruntasun berbera azaltzen ez badute, igogailuko kexuek bere hartan jarraituko dute. Aldi berean, oporretara goazenean Airbnb eta antzeko agentziak ez erabiltzea tokatuko litzaiguke, nola ez, kostako herrietan jasaten ari garen fenomeno berbera beste nonbait ez eragiteko. Enpatiaren izenean.

Azken paragrafo hau utopikoegia bada, hori bai, turistak geuretakoak direla onartu eta adeitasunez tratatzea baino ez zaigu geratzen. Enpatiaren izenean.

“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

Ikerne Zarate

Aurkikuntza garrantzitsua egin du Aranzadi zientzia elkarteak Errenteriako Kapitain Enea kaleko Kapitain Etxean. Igogailua jartzeko lanak egin ditu han udalak, eta testuinguru horretan egin dute aurkikuntza. Erdi Aroko sutondo baten egitura osoa eta hondatu gabea aurkitu dute han, zortzi mende geroago. Ez da topatu duten Erdi Aroko arrasto bakarra: Errenteriaren azken 700 urteetako historia biltzen duen sekuentzia osoa ere aurkitu dute etxe berean. Azaldu diren aztarnak lehenengo hiribilduaren sorrerarekin lotuta daude.

Alfredo Moraza (Donostia, 1966) Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoa indusketa lanak egiten aritu da. Esan duenez, egindako aurkikuntzak ez dira ikusgarriak, baina bai garrantzitsuak, halakoak aurkitzea ez delako erraza: "Euskal Herri osoan bizpahiru gehiago izango dira".

Zein garrantzi dute aurkitu dituzuen elementuek?

Harresiak, jauregiak eta elizak kontserbatu dira, baina halako elementurik ez dago; garai hartako bizitoki arrunten aztarnarik edo haietan zeuden elementurik ez dago. Sutondoa Erdi Aroko etxebizitza baten aztarna da. Gaur egun ezagutzen dugun Kapitain Etxe horretan garai hartan norbait bizi zela erakusten du horrek.

Zein garai zehatzetakoak dira sutondoa eta sekuentzia?

Erdi Arokoak dira, baina, eman diguten datazioaren arabera, ez dago argi hiribildua sortu aurrekoak edo behin sortutakoak diren. Tarte horretan kokatzen dira, 1290. eta 1370. urteen artean, zehazki. Horrek erakusten digu bazegoela zer edo zer, bizitoki bat han, Errenteria sortu aurretik. Aurkikuntzek datu oso interesgarriak eskaini dituzte Errenteriaren jatorriaren eta Erdi Arotik hona izandako bilakaeraren gainean, eta, xumeak badira ere, Euskal Herriko panorama arkeologikoan apartak dira. Izan ere, Erdi Aroan halako sutondoak etxe guztietan zeudela jakin badakigu, dokumentatuta dagoelako, baina halakoen arrastorik ez dago ia. Halako elementu bat azaltzea garrantzitsua da, badakigulako etxe guztietan egoten zirela, baina ez delako ezer gelditzen. Euskal Herri osoan bakarrik bi adibide daude, Bilbon eta Gasteizen, eta hangoak, gainera, Errenterian aurkitu duguna baino txikiagoak dira. Beste hiribilduetan eraikitze prozesuak ulertzeko eredua dira aurkitutakoak. Oso garrantzitsua da.

Zein ezaugarri dauzka sutondoak?

Sutondoa etxearen eta familiaren bihotza zen, etxe erdialdean kokatzen zuten eta haren bueltan lotarako guneak eta hazienda izaten ziren. Sutondoaren bueltan biltzen ziren egunerokoak kontatzeko. Lau angeluko oinplanoa duten egiturak dira, estalkirik gabeak, eta harrizko blokeekin mugatuak. Suaren eraginez gogortutako buztinazko plaka bat dute barruan. Halako hiru elementu daude Kapitain Etxean, baina bakarra mantentzen da osorik. Laukia da aurkitu dugun sutondoa, 1,15 metro neurtzen du alde bakoitzak, eta zutik jarritako harriekin egina dago. Sua zaintzen zuen jendea belauniko edo banku baxu batekin aritzen zen lanean. Sutondo horiek denerako baliatzen zituzten: berotzeko, otorduak prestatzeko, argia izateko.

Euskaldunok suarekin eta ikatzarekin harreman handia daukagu. Mendian mugarria jartzen dugunean, ikatza sartzen da barruan. Sua eta jabetza lotuta daude gure kulturan.

Sutondoa garrantzitsua da, azaldu diren bakarretakoa delako. Horrekin batera, sekuentzia bat ere aurkitu duzue.

Bai, hala da. Aurkitu dugun sekuentziak herriaren 700 urteko historia biltzen du, eta zaila da aurkitzea horrek bezain ongi iraun duenik. Oso garbia da, eta hor bilduta daude Errenterian izandako suteak, besteak beste. Sekuentzia osoa bilduta egotea arraroa da, eta hortik garrantzia; bikain kontserbatuta dago. Sekuentzia horrek, gainera, erakusten du gaur egun Errenteria garai hartan baino bi metro gorago dagoela. Etxeak suntsitzen zirenean, edo erre —Errenteria bost aldiz erre zen edo zuten— ez zuten gaur egun bezala egiten, zulatu eta berriro eraiki. Orubea berdindu, eta gainean eraikitzen zuten, gainjarri egiten zuten.

Zer esan nahi du arkeologo batentzat halako aurkikuntza bat egiteak?

Ni profesionala naiz. Arkeologoarena, beste lan bat da. Polita da halako elementu bat aurkitzea, prozesu batzuk askoz hobeto ulertu ahal izateko. Gure arbasoen paisaia hobeto ulertzen laguntzen digute halakoek, beraien bizimoduaren berri gehiago izaten.

Indusketa lanak egitea ez da beti erraza izango, ezta?

Beti agintzen duena arlo ekonomikoa izaten da, eta, askotan, indusketa lanak eta gu geu, arkeologoak, traba bihurtzen gara eraikitze prozesuetan edota obretan. Epe bat izaten da lanak amaitzeko, eta diruak markatzen du azken batean.

Errenteriaren kasuan, ez da horrela izan. Alde zaharrean kokatuta dauden eraikin edo orubetan indusketa lanak egin behar izaten dira, legez araututa dagoelako. Kapitain Etxean sartu ginenean eta aztarnategia aurkitu genuenean interes handiko elementuekin, udalak indusketa egitea erabaki zuen, jarraitzeko aukera eman zigun. Beste hainbat lekutan, ez dugu halako jarrera topatzen. Hemen ateak zabalik izan ditugu, eta eskertzekoa da teknikariek zein politikariek erakutsi duten jarrera.

Kultura, edukiontziak eta itxurakeria

Leire Narbaiza
Konfirmatu da: azkenean Txillida Leku ez da publiko bihurtuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako museoa erosten parte hartuko; ezinezkoa omen zaiolako bere gain hartzea jarri behar zituen 50 milioi euroak.50 milioi euro. Kontxo! Zifra...

Nahiak ez du espazio faltarik

Nahiak ez du espazio faltarik

Maite Alustiza

Ilusioa eta diru pixka bat. Lagun handiak eta Youtubeko tutorialak. "Horiek edukita, gauza asko egin ditzakezu". Horren erakusgarri da Biharrian: allen giltzak egiten zituen fabrika bat sorkuntza gune bilakatu dute Eibarren. Birmoldatutako espazio industrial bat da, eta sareko lana dauka oinarrian: "Nik behar bat badaukat, besteak lagundu nazake, eta alderantziz". Lanorduetatik kanpo eskaintzen dioten denborak merezi diela argi du Ibone Arretxek, Biharrian elkarteko kideak: "Ez gara aberastuko, baina jakintza eta beste gauza asko irabazten ditugu". Zineleku programaren barruan, euren esperientziaren berri eman du Arretxek, Zarautzen, Filmadrid zinema jaialdiko Fernando Vilchezekin batera.

Ez da urtebete Biharrian irekita dagoela. Azarotik dabiltza martxan, beharrean, Eibarko Ubitxa kaleko lokal batean. Baina duela lau urtetik dator ideia. Arkitekto eskolatik industria espazioen birmoldatzea ikertzen ari ziren, eta ondorio bat atera zuten: Eibarren 700 espazio huts zeudela. Hori hala, eta Berreibar proiektuaren bidez, hutsik zeuden tailerretan ekoizpenerako erabilera izango zuten espazioak sortzea pentsatu zuten. Lehen erronka: espazio bat hartu eta martxan jartzea. Horretarako, hiru arkitekto, diseinu grafikoko Anemona estudioko kideak eta aholkulari bat batu ziren. "Espazio industrial bat zuk nahi duzuna izan daiteke. Ofizina bat ireki nahi eta alokairua ordaindu ezin zutenei aukera bat eman nahi genien".

Euren kabuz hasi ziren adreiluak jartzen. Elektrizitatea, lurra eta iturgintza kanpotik egin zieten; gainerakoa, beraien esku. "Entitate pribatu bat gara, eta negoziazioa egin genuen fabrikako jabeekin. Erreformaren truke, alokairu txikia negoziatu genuen, hamar urterako. Hamar urte barru, nahi badute, bota egingo gaituzte". Aurretik Hergar kooperatiba zegoen eraikin horretan, eta, Arretxeren arabera, langile ohiak oso pozik daude birmoldaketarekin. "Ilusioa egin zien ikusi zutenean bere espazioak beste bizi bat duela. Beraiek bezala, gu ere enpresa txiki bat gara, eta hutsetik hasi gara".

Programazioa, nahierara

Behin obrak eginda, programatzen hasi ziren, tailerrak antolatzen. "Programazioa gure beharren araberakoa da". Eta arrakastatsu doa: serigrafia landu dute Madrilgo La Familia Plomez taldearekin, eta "goiz batean tokiak bete ziren". Moda diseinuaz ere ikasi dute, Alfa lantegikoen laguntzarekin: "Alfara joan ginen, gurekin kolaboratu nahi zuten galdezka, eta makina batzuk utzi zizkiguten". Eraikineko obran ere, maiatzetik azarora, jendea izan dute laguntzen. "Zerbait egin nahi duenak aukera du nahi duena egiteko. Biharrian erreminta bat da jendearen ametsak bete ahal izateko".

Kontzertuak antolatu dituzte, joskintza saioak, haurrentzako papiroflexia... Sarean lan egiteak dituen abantailen jakitun dira: "Konturatu gara indibiduo gisa ezin duzula ezer egin, taldean handiagoa zarela". Biharrian-eko kideentzat garrantzitsua da sinergiak sortzea, bai diziplina ezberdinen artean eta bai adin ezberdinen artean ere. Ia ehun urteren aldea dago gerturatu zaizkien lagunen artean: 98 urteko emakume bat izan da bertso saio batean, eta 0-1 urteko umeentzako saioak ere egin dituzte. "Haurrek funtsezko tokia dute. Haiengana iristen bagara, ikusten badute hiria eta jarduera egiteko beste modu bat dagoela, etorkizuna irudika daiteke". Jakintza transmititzeko tartea ere bada: "Fundizioa, adibidez, galtzen ari da; dakitenek erakuts diezagukete".

Eraikin barruari ez ezik, auzoari ere jarduera eman diote. Madrilgo arkitekto talde baten bidez, plazatxo bat sortu dute kanpoan. Bizilagun batek txokolatea eta pastelak eraman zizkien, auzoari bizia eman izana eskertzeko. "Zure amets bat egia bihurtu da oso komuna ez den programazio bat sortzen, eta satisfazioa da zure inguruko jendea ikustea, komunitatea handitzen doala".

Batzarren bidez hartzen dituzte erabakiak; zazpi lagunek osatzen dute taldea. Bakoitzak aparte bere lana du, eta ostegunetan elkartzen dira. "Proposamenak eztabaidatu eta baloratzen ditugu, guk daukagun interesaren arabera". Gastuak mahai gainean jartzen dituzte, aloka daitezkeen espazioak, ekintzak... Uneotan, barne eta kanpo protokoloak osatzen ari dira —Interneten jarri dituzte, jendearentzat zabalik—.

Orain arteko bidean, ezezkoetatik asko ikasi dutela dio Arretxek: "Diru laguntzak eskatu, eta ez dizkigute eman...Daukazunarekin estutzea besterik ez duzu. Idatzi diogu jendeari kontzertuak emateko, eta ezetz esan digute; orain, berriz, orduko batzuek jotzeko idatzi digute". Dirua atera ez arren, eta urtarriletik maiatzera arteko asteburuak obretan pasatu arren, Arretxek garbi du zerbaitegatik jarraitzen dutela proiektuarekin. "Ezagutzen ez zaituen eta laguntzen zaituen jende asko dago".

Filmadrid, zinema bilgune

"Esperientziarik eza, arriskua eta ilusioa" izan zituen oinarrian Filmadrid Nazioarteko Zinema Jaialdiak. Iaztik egiten dute Madrilen, ekain hasieran, hiriko hamar aretotan. Lagun talde baten ekimena izan zen; "pelikulak konpartitzeko nahitik sortu zen". Javier Estrada eta Fernando Vilchez programatzaileak ziren Liman, eta 2012an bidaiatzeari ekin zioten, bateko eta besteko zinema jaialdiak ezagutzeko. "Eskala txikiko zerbait egin nahi genuen, eta ziurtatu Madrilera iristen ez ziren filmak iritsiko zirela". Aldi hartan, Nuria Cubas madrildarra Pasajes de Cine programarekin zebilen, hilean behin zinema sesio bat egiten, eta bat egin zuen haien asmoarekin. Vilchezek dioenez, Madril zinemagile askoko hiria da, kritika askokoa; nahiak badaude, baina Filmadrid sortu arte ez zegoen "guztiarentzat" tokia zeukan festibalik: film luzeak, laburrak, fikzioa, ez fikzioa, esperimentazioa, westernak...

Kontrako iritzi mordoa jaso arren, Pedro Costaren Cavalo Dinheiro dokumentalarekin hasi zuten jaialdiaren lehen aldia. "Autore zinema da, eta jende guztiak esan zigun ez hasteko horrekin. Ba, hara: leihatilak 16:00etan ireki zituzten, eta 18:00etan dena bukatuta zegoen". Vilchezek ustez, "gutxietsi" egiten da horrelako jaialdi batentzako publikoa egotea: "Zinema esperimentalean hezitako jende multzo bat badago Madrilen. Apustu bat izan zen, eta aretoak betetzen hasi zen. Erakutsi nahi dugu zinemagile gazte asko dagoela, baina betiere esperientziadunei errespetatuta".

Jaialdiak berrikuntza bat ekarri du berekin, Vilchezen arabera: hiriarekin harremantzeko modu berri bat. "Zinemagileak gonbidatzen ditugu eta aire librean ideiaren bat probatzeko aukera dute; performance bat, ikus-entzunezko ekintza bat...". Besteak beste, kaleak izenez aldatzeko ekintza bat egin dute, eta pelikulak grabatu dituzten hiriko izkinetatik ibili dira. "Jaialdia, azken finean, bilgune bat da. Kalean egotera gonbidatzen ditugu ikusleak, zinemaz hitz egitera, eztabaidatzera... Pelikula bat gustatzen zaizu edo ez, baina funtsean zinemaz hitz egiteko pasioa dago hor. Zinemagileak eta publikoa batzeko aitzakia bat da".

Prezio "ahalik eta txikienak" jartzen saiatzen dira, filmak emango dituzten aretoekin adostuta —2,5 eta 5 euro artean balio dute—. "Hala ere, sarrerak aretoentzat dira... Guretzat, jaialdia ez da errentagarria". Iaz Filmadrid antolatzea 15.000 euro kostatu zitzaien, eta 26.000 euro aurten.

"Normala" denez, babesle pribatuek ezezkoa eman zieten lehen urtean. "Inork ez zaitu ezagutzen". Pixkanaka joan dira laguntza jasoz, ez dirutan bereziki: "Ikasleen egoitza batek, inauguratu berritan, tokia utzi zigun jaialdira etortzen ziren gonbidatuentzat". Biharrian elkartekoek bezala, denborarekin eta ingurukoen laguntzarekin osatzen dute programazioa. "Ez dugu diru laguntzarik. Espainiako Gobernuaren laguntza bat badago jaialdietarako, baina bakarrik hirugarren urtetik aurrera ematen dute. Udalak ere horrela funtzionatzen du". Vilchezek dioenez, proiektuan murgildu zirenetik bazekiten lehen bi urteetan ez zutela laguntzarik lortuko; gainera, horiek jasotzeko baldintzak ezbaian jarri ditu: "Irakurri ditugu diru laguntzetarako oinarriak, eta puntuak ematen dizkizute hainbat arlo kontuan hartuta. Pelikula espainolei alfonbra gorria egiteagatik, adibidez, puntu asko ematen dira, baina programazio onari ez...".

Vilchezentzat, "frustragarria" da babes bila ibiltze hori, "astuna". Askotan, ordea, ez dute dirua eskatzen: "Udalari, adibidez, webgunean zabalpena ematea galdegin diogu". Urtebeteren aldearekin hasten dira programazioa prestatzen, zinemagileak lotzen... Ekiteak eman dien esperientziarekin, itxaropentsu da Vilchez: "Hurrengo urtean ziur nago ez dugula ezer gastatuko. Orain badaukagu zer erakutsia enpresei".

“Ez da mendi martxa soil bat”

“Ez da mendi martxa soil bat”

Olaia Iraola

Bihar hasi eta abuztuaren 6ra arte, Leitzatik (Nafarroa) Urduñara (Bizkaia) mendi ibilaldia antolatu dute, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoarekin. Hamaseigarren urtea da aurtengoa, eta, Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna! lelopean egingo dute 183 kilometroko ibilaldia.

14 urtez jarraian, ESAITen barruan antolatu izan zen mendi martxa, baina, duela bi urte, desagertu egin zen taldea. Mendi martxaren antolatzaileek ofizialtasunean ekarpena egin zezaketela pentsatu, eta aurrera jarraitu zuten. ESAIT desagertu zenetik antolaketan aldaketarik ez dela egon azaldu du Txumai Iturriak (Zarautz, 1960): "Antolatu berdin egiten gara; aldatu direnak pertsonak dira. Izan ere, batzuek utzi egiten dute, eta besteak sartu egiten dira. Hala ere, egitura berdin mantendu da".

Behar batekin sortu zen, eta koordinatzaileak azpimarratu du oraindik hor dagoela: "Ofizialtasuna lortzen dugunean bukatuko dira gure zereginak. Bitartean, lan asko daukagu egiteko. Modu ezberdinak daude ofizialtasunaren alde egiteko. Mendiz egitea erabaki genuen, herriak nahiz paisaiak aintzat hartuz eta selekzioaren lana txoko guztietara zabalduz".

Iturriak azaldu du ibilaldiko etapak luzeagoak izaten zirela garai batean, eta beste prestaketa maila bat eskatzen zutela; "orain etapak eramangarriagoak dira", adierazi du. 25 kilometro egiten dituzte egunean batez beste, eta egun osoa edukitzen dute horretarako. "Kilometrajea baino gehiago da erritmoa", dio mendizaleak.

Egitasmo hau aurrera ateratzearen helburu nagusia pasatzen diren herrietan euskal selekzioaren gaia plazaratzea da, Iturriaren arabera: "Klase politikoak bigarren mailan uzten du selekzioaren gaia. Hauteskundeetan ederki gogoratzen dira ofizialtasunaz. Agenda politikoan bigarren mailan dago, eta jendeak akuilu lana egin dezan nahiko genuke. Horretarako, ordea, jendea kontzientziatu egin behar da".

Mendi martxaren dinamika elkarlanetik abiatzen dela azaldu du koordinatzaileak: "Ez da mendi martxa soil bat non etapa bat hasi, bukatu eta ahaztu egiten duzun. Elkarlana dago horren atzean. Mendi martxa honetan garbiketa lanak, gosaria egitea... lan asko daude tartean, eta oinez ibiltzea baino gehiago da".

Urtero ibilbide desberdin bat egiten dute: "Iaz, kostatik egin genuen ibilbidea, Algortatik [Bizkaia] Ziburura [Lapurdi] joan ginen. Hori oso erakargarria izan zen. Jende asko animatu zen. 2014an, berriz, Gasteiz eta Urepele [Nafarroa Beherea] elkartu genituen. Urtez urte aldatuz joaten da ibilbidea. Aurten, Leitza eta Urduña batzea erabaki dugu".

Gipuzkoatik bigarren etapan pasatuko dira; Betelutik Zaldibiarako bidean, hain zuzen. Uztailaren 31n, Aralarko Balerdi azpitik pasatu, eta Gipuzkoan sartuko dira. Lehenengo herria Amezketa izango da. Seigarren etapara arte bertan ibiliko dira. Leintz Gatzagatik Otxandiorako ibilbidean, irten eta handik gutxira sartuko dira Araban.

Astebete iraungo du ibilaldiak. Zortzi etapatan banatuta dago. Ez dira, ordea, bederatzi herritatik soilik pasatuko, mendizalearen arabera: "Betelutik Zaldibiara goazenean, adibidez, Amezketatik pasatuko gara. Etapa bukaera diren herriez gain, hainbat herritatik pasatu eta horietan ekitaldiak antolatuko dizkigute. Menditik jaisten garen herrietan selekzioaren ofizialtasuna zabaltzen eta kontzientzia areagotzen saiatuko gara".

Koordinatzaileak dio ibiltari batzuen helburua ondo pasatzea eta mendiaz gozatzea dela; beste batzuena, berriz, selekzioaren alde egitea: "Behin mendi martxan sartuta, dinamikak eramaten zaitu ibilbidean barrena".

Egunero zazpi-zortzi orduko txangoa egingo dute. 08:00 aldean abiatu, eta 17:00 aldera iritsiko dira hurrengo herrira. Gaua frontoietan, kiroldegietan edo eskoletan emango dute, lurrera zakuak botata. Norberak etxetik eramaten ditu ibilbide osorako gauzak. Aldatzeko arropa, lotarakoa, garbitzekoa eta abar maletetan sartu, eta furgonetan eramaten dituzte. Hori hasierako herritik azkenera arte joaten da, etapaz etapa. Egunez motxila bat erabiltzen dute, txangorako beharrezkoak dituzten gauza oinarrizkoenekin.

Garraioari dagokionez, hasiera puntura joateko autobusa antolatu dute Bilbotik Donostiara, tartean Durangon, Eibarren eta Zarautzen geldialdia eginez. Donostian gainontzeko ibiltariak jaso, eta Leitzara joango dira. Azken egunean, alderantzizko bidea egingo dute. Mendizaleak azaldu du normalean ez dela arazorik egoten. Arazo jakin bat egonez gero, furgonetak dituzte, norbaitek min hartuz gero edo erretiratu nahi badu ere.

Badira zeharkaldi osoa egiten dutenak, baita erdia egiten dutenak ere. Iturriak dio modu askotako etapak egiten dituen jendea dagoela: "Erdia egiten dutenak, laurdena, bi etapa... Batzuk bi etapa egitera etorri, eta dinamika gustatuta dena egitera animatzen dira". Horiek ez daukate profesionalak izan beharrik, Iturriaren arabera. Gainera, adin guztietako jendea animatzen da mendi martxara: "Garbi dagoena da zerbait ibilia izan behar duzula. Baina egia da adin ezberdinetako jendea topatuko duzula: gaztetxoak, 70 urte inguruko helduak... Prestakuntza aldetik ezberdin prestatutako jendea animatzen da, eta denetara moldatzen gara. Geldiuneak egiten ditugu ibilaldian, denek erritmo bera edo antzekoa har dezaten".

Mendi martxara animatzen den jendearen gehiengoa gipuzkoarra eta bizkaitarra dela azaldu du: "Ibilbidearen araberako lekuko jendea animatzen da. Duela lau urte, esaterako, Iparraldetik pasatzen zen ibilbidea, eta bertako jende asko animatu zen. Bertakotasunak asko eragiten du. Hala ere, Euskal Herri osoko jendea animatzen da".

Iturriak dio astebeteko ibilbide horretan muga bat jartzen dutela partaideen kopuruan, ehun pertsonakoa: "Jarri beharra dago muga bat. Horrela izan ezean, arazoak etor daitezke. Izan ere, herriak ez daude prest ehun laguni baino gehiagori gaua pasatzeko estalpea eskaintzeko".

Jende gehiengoarengana ahoz ahoko komunikazioaren bidez iristen direla adierazi du Iturriak; izan ere, aurreko urteetan parte hartu dutenen kontaktuak jasotzen dituzte eta mezu elektronikoak bidaltzen dizkiete. Hala ere, webgunearen bidez eman daiteke izena —mendimartxa.eus—. Zeharkaldi osoko bonua edo erdikoa eros daiteke.

Zeharkaldi osoa egin nahi duenak 200 euro ordainduko ditu, eta, eguneroko afariak nahiz azken bazkaria barne izatea nahi izanez gero, 300. Zeharkaldi erdia hautatzen dutenek ere afariarekin edo afaririk gabeko hautaketa egin dezakete: 100 euro izango da afaririk gabe eta, bestela, 150. Lehen erdia edo bigarrena egiteko aukera izango dute horiek, eta bigarrengoa afariarekin hartzen duenak azken eguneko bazkaria ere ordaindua izango du. Denek ala denek izango dute gosaria, etaparako ogia eta fruta barne.

Bihar itxiko dute izen ematea. Astebeteren faltan, 60 lagun zeuden izena emanda, eta, ehun partaidera iritsi ez badira dagoeneko, mendizaleak azpimarratu du gaur edo bihar izena emateko garaiz dela.