gipuzkoa

Kantuz eramanez bizia

Xabier Meabe Sarriegi
Zuk edo zuek, nik edo guk, elkartasunean bat, Aspanogi Ner Group. Hori da bihar Lazkaon egingo duten festaren leloa. Izan ere, egun osoko jaia egingo dute, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak eta Ner Group enpre...

Infernutik at nahi dituzte

Infernutik at nahi dituzte

Asier Perez-Karkamo

Maiatz hasieran, Hondarribiko boluntario talde batek bost egun igaro zituen Katsikasko errefuxiatuen kanpalekuan (Grezia). Herrian bildutako 30 tona arropa banatzera joan ziren, baina beste hamaika lan gehiago egin zituzten. Errefuxiatuekin harreman oso estua izan zuten, eta, Euskal Herrira itzulita, beste urrats bat egiten saiatzea erabaki zuten. Familiak ekarri nahi dituzte, okerren daudenetatik hasita.

Emeki emakume elkarteak abiatutako kanpainan bildutako arropa banatzera joan ziren boluntarioak Katsikasera. "Bileretan kezka bat azaldu zen. Nola jakin arropa hori benetan iristen zela? Horregatik planteatu zen boluntarioak joateko aukera, banaketa egiten zela kontatzeko", adierazi du Leire Miguez Emekiko presidenteak. Joan den astean abenturaren kontakizuna egin zuten Itsas Etxea auditoriumean, eta boluntarioek han jakinarazi zieten herrikideei Katsikastik ekarri dituzten asmoen berri: "Hura ez da pertsonak bizitzeko toki bat", azaldu zuen Marije Zapirain boluntarioak, "eta handik atera nahi ditugu".

Katsikasen egondako bost egunak "gogorrak baina zoragarriak" izan ziren, Izaskun Eizagirreren arabera: "Arropa familien artean banatu genuen, bakoitzari behar zuena emanez, baina baita gustuko zutena ere, haien duintasuna zaindu nahi genuelako. Jertse bat hartu, probatu, eta ondo ez bazuten, itzuli egiten zuten, eta beste bat aukeratzen zuten. Hori asko eskertu ziguten". Baina beste gauza asko egin zituzten Hondarribiko boluntarioek Grezian, eta iheslari familiekin harreman oso estua eduki zuten. Eizagirrek erantsi duenez, "haurrekin jolastu, scooby doo-ak [eskumuturrekoak] egiten irakatsi, jaioberriak bainatzen lagundu, haurrei zorriak kendu, eguzkitako krema eman..."; ia denetarik egin zuten han.

Eta erabat hunkituta itzuli ziren Euskal Herrira. "Buelta oso gogorra izan zen", aitortu du Zapirainek. "Gu etxean eroso eta beraiek han, harrien gainean lotan, bizi-baldintza haietan, etsita". Horregatik, zerbait egin behar zutela erabaki zuten: "Katsikasko infernutik atera behar genituen". Ordurako bazekiten Gipuzkoako Batzar Nagusietan euren esperientzia entzun nahi zutela, etorriko diren errefuxiatuen gaia lantzen ari den ponentzia baten harira, eta aukera hori baliatzea erabaki zuten.

Duela bi aste izan ziren Batzar Nagusietan. Hitzez, argazkiz eta bideoz, Katsikasen bizi izandakoak kontatu zituzten. "Harrera oso ona izan genuen, gure kontakizunak bihotza ukitu zien, eta zerrenda aurkezteko aukera izan genuen", erantsi du Zapirainek. Horri esker, errefuxiatuen gaia lantzeko sortu den erakundeen arteko mahaian Katsikasko familia ahulenen asilo eskaerarekin zer egin ote daitekeen eztabaidatzen hasi dira.

Hauskorrenen zerrenda

Katsikasen geratu ziren boluntarioek programa bat abiatu zuten han bizi diren errefuxiatu familien beharrak zehazteko eta hauskortasun mailakatze bat ezartzeko. Hondarribitik eskaera egin zieten: "Zerrenda eskatu genien, familia hauskorrenen zerrenda bat, gaixo larriak dituztenak, Europako beste herrialdeetan seniderik ez dutenak, eta Euskal Herrira etortzeko prest daudenak". Eizagirreren hitzetan, zerrenda horrekin ate-joka hastea zen helburua.

Maria Peñalosa da gipuzkoarrentzat Katsikasko familien zerrenda osatu duena. Martxotik dago Katsikasen, eta boluntarioen koordinatzaileetako bat da. Familiak aukeratzeaz gain, haien dokumentazioa biltzen aritu da, pasaporteak eskaneatzen, txosten medikoak eskatzen, familia bakoitzaren istorioa idazten... "Ez da erraza. Batetik, familien baimena behar duzu eskaera egiteko, baina ezin diezu esperantzarik eman, euren etsipena oso handia delako. Eta, bestetik, dokumentazioa biltzea asko kostatzen zaigu, txosten medikoak batez ere, batzuek itsasoan edo bidaian galdu dituztelako eta hemen mediku espezialistarik ez dagoelako, errefuxiatuetako batzuk aberrigabeak direlako... Ez dakigu zerbait lortuko ote duten, baina errefuxiatuak oso eskertuta daude Hondarribian egiten ari direnarekin".

Itsas Etxean egindako ekitaldian Katsikastik bidalitako bideo pare bat proiektatu zituzten. Horietako batean, Ahmed gaztea ageri da, irribarre handi batekin aurpegian, euskaraz eskerrak emanez. Boluntario bizkaitar batekin euskara ikasten ari da Katsikasen, eta haren agerraldiak ezustean harrapatu zituen Itsas Etxeko harmailetan eserita zeudenak: "Hondarribira joan nahi dut", dio gazteak bideoan. Eta Hondarribira ekartzen saiatzen ari dira maiatz hasieran Katsikasera bidaiatu zuten zazpi boluntarioak.

Errepideen mantentze zerbitzuko “iruzurra” salatu dute langileek

120 egun bete dituzte greban Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek. Zerbitzua "erabat prekarioa" dela diote, eta "duina izan arte" lanuzteekin jarraituko dutela. Lan baldintzak arautzeko hitzarmen duin bat eskatzen dabiltza. Azaldu dutenez, zuzenean Gipuzkoako Aldundiak edo Bidegik kontratatzen dituzten langileen soldatak %36 handiagoak dira, beraien lan bera egin arren.

Greban dauden langileek elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Donostian, diputazioaren aurrean. "Gurea zerbitzu publiko bat da, enpresa pribatuekin azpikontratatzen dena. Aldundiak du zerbitzuaren eta hura esleitzearen ardura. Azken urteetan aldundiaren erabakiz gero eta gutxiago ari da ordaintzen lan bera egitearen truke". Era berean, auzian aldundia izaten ari den "gardentasunik eza" kritikatu zuten.

ELA sindikatuko ordezkariek esan dutenez, "iruzurra orokorra da zerbitzuan". Bereziki bi arlo aipatu dituzte. Batetik, salatu dute lan baldintzei buruz agirietan azaltzen diren hainbat puntu ez direla betetzen —neguko planari dagozkionak, adibidez—. Aldundiari eta Lan Ikuskaritzari jakinarazia diote, baina ikusita bi erakundeek ez dutela "horri eusteko borondaterik", auzibide penalera jo dute, "aldundiaren balizko prebarikazioa dela eta". Bestetik, faktura faltsuak egin izana salatu dute. "Ikusi dugu zerbitzuan sortzen diren faktura batzuk puztuta daudela, iruzur eginez, eta horiek gidariek edo horien aseguru etxeek ordaintzen dituztela azkenean".

Elkarrizketarako eta negoziatzeko prest daudela berretsi dute langileek, eta diputazioari berriro egin diote deia: "Borondate politikoa besterik ez da behar".

Azkartasuna, atzerapenarekin

Azkartasuna, atzerapenarekin

Alex Arribe

Hilero 650.000 litro errekin saltzen duen gasolindegi batean handik igarotzen diren bidaiari partikularrei inkesta bat egiten aritu dira. Ibilgailuen erregai tanga betetzen duten bitartean erantzuten diren lauzpabost galdera dira. Adifek eskatutako estudio batean sartuta dago, zertarako eta abiadura azkarreko trenak duen errentagarritasun potentziala aztertzeko.

Hamar mila inkesta egin bide dituzte Madrildik Irunerako errepide bazterretan. Galdeketan ez zaio jaramonik egiten bidaiarien iritziari. Abiadura azkarreko trenari buruz leukaketen aurreiritzi edota konpromisoa ikertu ere ez da egiten. Estudioaren helburu soila errepideetako erabiltzaileen bidaia ohiturak neurtzea da, nondik nora ibiltzen diren, zenbat kilometro egiten dituzten, zergatik edo zertarako joan-datozen, zenbateko sarritasunarekin, bidaiak duen kostua, eta zergatik ez duten garraiobide publikoa aukeratu; hau da, zeri eman dioten lehentasuna.

Vacas Blancas gasolindegia Olaberrian dago, Goierrin, N-1 errepidearen ertzean, baina ezusteko etorkin oso gutxi harrapatzen ditu. Errepidean gasolindegi seinale egokia jartzeko baimena ukatu zieten. Bertara iristeko, Etzegarate-Beasain norabidean, gasolina hornitegia oraindik ikusgai ez dagoenean, Idiazabal, Mutiloa, Zegama eta Zerainera doan irteera hartu behar da. Aldi berean, Errumania, Hungaria eta Ukrainako kamioilari talde finko baten gotorlekua da, kamioientzako parking zabala eta zerbitzu asko eskaintzen zaizkielarik. Izan ere, gasolindegian egunero saltzen diren 25.000 erregai litroen %85, hornitegiko enkargatuaren arabera, kamioilariek erosten dute. Baina horiek inkestatik at daude: galdetegia betetzeko ibilgailu partikularretan datozenei bakarrik eskatzen diete.

Inkestatzaileak guztira 348 inkesta egin ahal izan ditu sei egunen buruan, bezero berak berriro ikusten hasi aurretik. Beste 69 lagunek erantzuteari uko egin diote, "astirik ez" edo bestelako "ez, eskerrik asko" batekin. Erantzun dutenen %81 Goierriko bizilagunak dira. Ez omen da nahita aukeratu hurbileko hainbeste bezero duen tokia. Gipuzkoan barrena N-1aren ertz-ertzean dauden hamaika gasolindegi nagusietan inkesta egiteko baimena ukatu diete ikerlariei, multinazionalen jabeen egoitzetara zuzentzeko gomendioarekin eta "batzuetan baita kanon bat eskatuz ere", ikertzaileetako batek esandakoaren arabera. Olaberrian bakarrik eman diete baimena, eta horrela suertatu da aukera hau, kasualitatez, Goierriko bizilagunek bete dutela galdetegia.

Garraioa hobetzeko aukera

Bidaiarien ia erdiak (255etik 124), astelehenetik ostiralera behintzat, etxetik lanera joan-etorrian ibiltzen dira, eta horietako gehienek, Goierrin barrena, egunero 10, 13 edo 16 kilometro bi bider egiten dituzte. Langile batek esan bezala, nahitaez egin beharreko bidaia denez, kostuari ez diote begiratzen, baina, astero, gasolinan 20-25 euro joaten zaizkie gutxienez, eta baita doblea ere, Goierritik kanpo, bidaiaren helmuga Errenteria, Irun edo, adibidez, Alegria-Dulantzi izan ohi denean. Deigarriena da galdekatuen %88 autoan bakarrik doazela. Izan ere, Gasteizera edo urrunago doazen gazteek eta langile bakan batzuek bakarrik antolatzen dituzte biko edo hiruko taldeak.

Autoa aukeratu izana arrazoitzeko atalean, azkartasunari baino askoz ere gehiago denbora alferrik ez galtzeari ematen zaio lehentasuna. Lan ordutegiak batzuetan malguak direla eta, baserritar batek dioen bezala, "auskaloka ez ibiltzearren", autoa daukatenez gero autoa erabiltzen dute, gaur egungo baldintzetan aukera erosoagorik ez baitago.

Baina, aldi berean, goierritarrek bereziki aho batez diote euren beharrei erantzuten dien garraiobide publikorik ez dagoela edo dagoena ez zaiela "batere eraginkorra"; horien artean daude goizeko seietan sartzen diren erreleboko langileak, autobus geltokietatik urrunegi bizi edo lan egiten dutenak, edota euren bidaia trenez edo autobusez egiteko bi edo hiru konexio behar lituzketenak—Antzuolatik Idiazabalera, 23 kilometro egiteko, adibidez—. Idiazabaldik Debara, 50 kilometro besterik ez dira, baina egunero bidaia hori autoz ordubetean egiten duen irakasleak proba egin zuen behin. Beasainen trena hartuta abiatzea erabaki zuen, eta hiru ordu behar izan zituen Debara ailegatzeko. "Bat eta azkena!", erabaki zuen, autoan joateak gasolinan astean 60 euroko gastua eragin arren.

Berdin gertatzen da Seguratik Arrasatera edo Gasteizera abiatzen diren ikasleekin. Ordutegiek ez dute kointziditzen. Ez dute geltokietan itxaroten egon nahi. Edo 81 urterekin geltokia baserritik kilometro batera daukanaren kasua. Zegamatik Olaberrira joaten da, 10 kilometro, baina badira hogei urte autobusa hartzen ez duela.

Garraio publikoa "desastre hutsa" dela dio etxean lan egiten duen 50 urteko emakume batek. Adibidez, Ordiziatik Legazpira autoa hartu ordez autobusez joateko, ordubete gehiago behar da. Berdin Gasteizerako norabidean. Erabiltzaileek diotenez, konexio oso txarrak daude, urriak, eta, gainera, autoa bezain garestiak dira. Hilabeteko familia bisita baten ondoren Marokoko Nador eskualdean dagoen Oujdatik Ormaiztegira datorren lauko familiarentzat ere, prezioari begiratuz gero, erosoagoa da autoz etortzea trenez baino. Goierritik Donostiarantz aukera gehiago daude, baina langile bat autoz egunero Zegamatik Donostiara joan-etortzen dena goizean 07:30ean abiatzen da lanera, eta autobusa erabili nahiko balu, goizeko seietan geltokian egon behar luke. "Herri txikietan ez dago autoa besterik".

Ekuazioaren aldagaiak

Garraio publikoa ez da garatu Goierrin eskariaren neurriak txikiak direlako, eta, aldi berean, eskaria ez da handitzen eskaintza egokirik ez dagoelako. Aldizkako estudioek herritarren beharrak zeintzuk diren adierazten dute, baina langileek galdetzen dute ez ote diren erabakiak hartzen ari irabazi pribatuak eskuratzeko, herritarren beharrei bizkarra emanez.

Garraio lehentasunen galderaren ildotik, Euskal Y-aren eztabaidan iritzi-interes kontrajarriak nabarmentzen dira gasolindegian. AHTaren aurka daudenek, hautetsontzi baten eskean, Euskal Y-ak ekarriko duen txikizioa aipatzen dute, beste lehentasun batzuk daudela, baserri lurren nahitaezko desjabetzea bidegabeki egiten ari direla, eta, besteak beste, parte hartzerik gabe exekutatutako Euskal Y horrek goierritarren beharrei behintzat ez diela erantzungo.

Ados daudenek, berriz, kalteak izango direla ukatu barik, abiadura azkarra garatzea derrigorrezkotzat hartzen dute. "Ez bada mundu mailan aldaketaren estrategia global bat, atzean ez geratzeko bertatik ihes egitea nahi izango ez badugu, aurrera jarraitu behar da", dio gasolindegira etorritako enpresari batek. Baina CAFeko langile erretiratu bat ere agertu da gero, eta lehentasuna gaur egungo trenbideak egokitzea litzatekeela dio. Gabriel Insausti CAFeko zuzendari teknikoa zenaren iritzia ekarri du, esanez trenbidearen kurbak kendu beharko liratekeela eta orduko 300 kilometroko abiadura duen tren bat fabrikatu.

Azkartasuna atzerapenarekin datorrela; hori ikusten dute denek. "Baserriko katxarroentzat" gasolioa erostera etorri direnetako batek dio estres handia ikusten duela inguruan, jendea ezin bizi dabilela, dena korrika egiten dela, baina, gero, alde guztietara berandu iritsi.

Bi kulturen arteko zubia

Bi kulturen arteko zubia

Olaia Iraola
Donostiako Santa Teresa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak Wroclaw hirian (Polonia) izan dira astebete pasatzen. Donostia 2016ren barnean dagoen Haurbanistaken barruan sortu dute Zu-bridge proiektua, Urdin Badies Lehe...

Makina bat pentsamendu

Makina bat pentsamendu

Maite Alustiza

Minutu bat, hiru edo bost. Irakurtzen zenbat denbora pasatu nahi duen erabaki behar du erabiltzaileak. Gero botoia sakatu, tiketa hartu, eta irakurri. Lehenengo mikroipuin makinak iaz jarri zituzten, Grenoblen (Frantzia). Goxokien makina batetik atera zuen ideia Short Edition editorialak, "alferrikako momentu txikiak" aprobetxatzeko. Esperientzia hori eredu hartuta, Gipuzkoan ezarriko dituzte aurki, Kultur Dealers proiektuaren bidez. Urri eta abendu artean, herrialdeko hainbat tokitan aurkitu ahal izango dira.

Sei makina jarriko dituzte, bost finko eta mugikor bat. Hilabetez egongo dira toki jakin batean, eta lurraldean barrena ibiliko dira gero. Hala, "sormenerako eta pentsamendurako guneak" ireki nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, egitasmoaren bultzatzaileak. Makina bakoitzak bi aukera eskainiko dizkio irakurleari: fikzioa edo pentsamendua. Fikziozkoak testu berriak izango dira; pentsamenduari eta filosofiari lotutakoak, berriz, egile ezagunek argitaratuak dituztenak —aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofikoak...—. Azken horiek liburu saltzaileen elkarteak aukeratuko ditu, hainbat liburu dendarekin elkarlanean.

"Idaztea gustuko duten guztientzat", fikziozko testuak jasotzeko deialdia zabaldu du aldundiak. Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu duenez, mikroipuinek "originalak eta norberak sortuak" izan behar dute, euskaraz edo gaztelaniaz. Testuek gehienez 2.000 karaktere eduki ahal izango dituzte —300 hitz—, eta gaia librea izango da. "Ez dago hesirik sormenarentzat. Proiektu honek espiritu sortzailea sustatu nahi du, ez profesionalena bakarrik, baizik eta nahi duen ororena. Gehiago edo gutxiago, denok izan gaitezke sortzaile, eta hori indartu egin behar da".

Kultur Dealers webgunera sartuta bidali beharko dira mikroipuinak, eta epaimahai batek aukeraketa bat egingo du jasotzen dituzten guztien artean, bi fasetan. Lehenengo, Gipuzkoako idazketa lantegietan aritu diren hainbat kidek aurre hautaketa bat egingo dute, eta, horren ondoren, bi idazle ezagunek erabakiko dute makinetan zein testu sartu. Egilearen izena eramango dute idatzi guztiek.

Ahalik eta mikroipuin gehien lortzeko, proiektuaren berri hainbat bidetatik emango dute; besteak beste, blogei, liburutegiei, kultur zentroei eta literaturarekin zerikusia duten eragile eta espazioei aurkeztuko diete. Horrez gain, sei informazio panel jarriko dituzte Gipuzkoako zenbait hotel, denda eta abarretan. Libreta zuri bat egongo da han, eta arkatzak, jendea proiektuan parte hartzera anima dadin. Interneten ere sustatuko dute parte hartzea eta edukien sorrera, Facebook eta Twitter bitartez.

Itxasok nabarmendu duenez, Kultura Sailak "eremu guztietako sortzaileengan" jarri du bere ekintza politikoaren arreta: "Gure lurraldea proiekzio handia duen mundu bat da, orain arte izan duena baino babes handiagoa behar duena. Pentsamendu kritikoa, tolerantzia, aniztasuna eta elkarbizitza hobea sustatzen duen kultura baten alde egin dugu, gure sortzaileen lana erakutsi eta errazten duen kultura baten alde".

Liburu dendekin bat

Makinen proiektua, "sorkuntza literariorako gune" izateaz gain, bilgune izan dadin ere nahi dute, eta aitorle: "Irakurketa kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutu eta aitortu nahi du". Sorkuntzaren eta irakurketaren alde egindako lana eskertu die Itxasok, batik bat liburu saltzaileei —Gipuzkoako hamazazpi liburu dendak babestu dute egitasmoa—. Andoni Arantzegi Gipuzkoako liburu saltzaileen elkarteko presidentearen ustez, "ez dago formula magikorik" irakurzaletasuna sustatzeko; dena den, mikroipuinen makinena "proiektu polit eta interesgarria" dela deritzo.

Oraingoz, hiru hilabetez egongo da martxan egitasmoa, proposamenak izaera "iragankor eta ezberdina" duelako. Dena den, parte hartzearen aldetik arrakastatsua bada, ez dute baztertu mikroipuin makina gehiago jartzea eta toki gehiagotara zabaltzea.

[Herriz herri] Belauntza. Mendi magaletik begiratzen duen herria

[Herriz herri] Belauntza. Mendi magaletik begiratzen duen herria

Maier Ugartemendia

Tolosaldeko beste herri asko bezala, Belauntza ere mendi magal batean kokatuta dago, Iturregi gainaren hegalean, hain zuzen ere. Hortaz, bertara iritsitakoan herriak orokorrean eta bereziki erdiguneak dituen aldapak atentzioa ematen dute. Aldapa horiei esker, ordea, eskualdeko ikuspegi ederra du Belauntzak.

Hogeita zortzi herrik osatzen dute Tolosaldea, horietako gehienak 1.000 biztanletik beherakoak, eta haien artean dago Belauntza —254 biztanle ditu—. Biztanleriari dagokionez, goia jo zuen herriak 1970eko hamarkadan —405 biztanle izan zituen—, baina ordutik biztanleriak behera egin du, eta, gainera, gehienak "65 urtetik gorakoak" dira, Mariano Lazkano alkatearen esanetan.

Industrialdea badu Belauntzak, baina hain herri txikia izateak ezinbestean baldintzatzen dio inbertsioak egitea. Hala ere, ekonomikoki herria "nahiko ondo" dagoela zehaztu du Lazkanok.

Frontoia eta bolatokia

Udalak aurten esku artean duen proiektu nagusia frontoia berritzea da. Otsailean amaitu zuten lanen lehen fasea, frontoia ixtea. Udalak aspalditik zuen proiektu hori buruan, eta emaitzarekin "oso gustura" gelditu da Lazkano. Lanen helburua frontoiari probetxu handiagoa ateratzea zen; izan ere, bertan haizeak gogor jotzen du, eta eguraldiak askotan erabili ezinik uzten zuen frontoia. Hain zuzen ere, urte guztian erabilgarri egotea zen helburua; bereziki herritarrek kirola egiteko edo aisiarako urte osoan erabil dezaten. Lehen fasea amaituta, bigarrena du orain buruan Lazkanok. "Harmailak jarri nahi ditugu frontoian, eta lanak aurten amaitzea espero dugu".

Proiektu nagusia pilotalekuarena bada ere, aurrera begira, epe labur eta ertainean egiteko proiektu gehiago dituzte esku artean. Esaterako, jada gauzatzen ari diren proiektu bat Martintxo elkartearen ondoan egiten ari diren aparkalekua da. Herria aldapatsua denez, elkartearen ondoan autoak "kristoren aldapan" utzi behar izaten zituzten, eta, hortaz, elkartearen ondoan zegoen herri sail batean 15-16 autorentzako aparkalekua egitea erabaki zuten.

Bestalde, bolatokia berreskuratu nahi dute. "Nahiko hondatuta" dagoela eta, ostatuaren atzean dagoen zelaian, plazatxo batean, berria egiteko asmoa dute. "Duela hamar urte ingurura arte udaletxe ondoko bolatokian jokatzeko ohitura handia zegoen". Bolatoki zaharretik gertu dago egun haurrentzako parkea ere. Errepide ondoan dagoenez, "nahiko arriskutsua" da, eta aipatutako plazatxo horretan parke berri bat jartzea ere gustatuko litzaieke.

Azpiegiturei dagokienez, herrigunetik bananduta dagoen San Jose ermitaren ondoko errepidea zabaldu egingo dute, han dagoen industrialdeak zabalerarekin "arazorik ez izateko". Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango dute; izan ere, lan horiek egiteko "diru kopuru handia" beharko dute. Proiektu guztiak gauzatu ahal izatea espero du Lazkanok. Halaber, herrian zuntz optikoa ere pasatu berria dute.

Kultur eskaintza

Belauntza herri txikia izan arren, urte osoan kulturari lotutako hainbat ekintza izaten dituzte. Esaterako, herrian ospatzen dituzten San Joan jaiak amaitu berri dituzte; ekainaren 23tik 26ra bitarte egin zituzten, joan den astean. Ospakizunik potoloena San Joan egunean bertan izan zuten.

Oporrak hartu berriak dituzten herriko haur eta gaztetxoek, berriz, uztailaren 4tik 29ra udaleku irekiak izango dituzte; Gabonetako oporretan ere izaten dute. Aitzakia horrekin herriko haur eta gaztetxoen arteko harremana sustatzen dute. Izan ere, urteak dira Belauntzan eskolarik ez dutela, nahiz eta eskolaren eraikinak oraindik zutik jarraitzen duen —udaletxe ondoko plazan dago—. Kultur astea, berriz, abendu amaiera aldera antolatu ohi dute urtero, eta denetariko jarduerak izaten dituzte aste horretan.

Herrian bertan bizimodua egitea sustatu nahi dute. "Egitasmo ezberdinen helburua herria bizirik mantentzea eta herritarrei erosotasuna eskaintzea da", Lazkanoren esanetan. Belauntzak oso gertu ditu Tolosa eta Ibarra, tamaina handiagoko herriak, eta askotan horietara joateko ohitura dagoela dio Lazkanok. Herritarren artean, batez ere gaztetxoenen artean, "laguntasuna" sortu eta elkarrekin "giro onean" egotea gustatuko litzaioke, eurak izango baitira hemendik urte gutxira herrian bizia egingo eta sortuko dutenak.

Nahita sufritzea telebistan

Leire Narbaiza
Gizon-emakume bikote bat, biluzik natura basatiaren erdian, hogeita bat egunez bizi iraun nahian". Horrela hasten da Aventura en pelotas (Abentura larrugorritan) saioa, zapatu gauetan TDTko Discovery Max kanalean ematen dutena. AEBetako ...