gipuzkoa

“Genero ikuspegiaren iragazkitik pasatu behar du udal erabaki orok”

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestarentzat (Zumarraga, 1965) Berdinbidean programa estrategiko bat da. Genero ikuspegia lurralde osoan txertatzeko, eta pauso hori modu koherentean emateko, ezinbesteko urratsa da herri txikietan ere berdintasun politikak garatzea, eta horretarako sortu zen Berdinbidean, duela bost urte.

Aurten udal berri asko sartu dira Berdinbidean programan.

Bai, pila bat sartu dira; bikoiztu ez, baina kopurua asko handitu da. 29 dira une honetan; baina behin-behineko kopuru gisa esaten dizut, gerta litekeelako udal batek izena ematea, eta programa ezagututakoan eta nolako dedikazioa eskatzen duen ikustean, atzera egitea. Ez da ohikoena, baina gerta liteke. Bestalde, berriak ere etor daitezke. Hala ere, gustura gaude; aurreko legealdian hemezortzi udal zeuden, eta orain 29. Gipuzkoako herri txikien erdiak-edo izango dira.

Eta zergatik jauzi hori?

Nik uste dut inportantea izan dela udalen arteko komunikazioa, eta ahoz ahokoa. Udal batzuek bost urte daramatzate jada, eta haien esperientzia ezagututa, pausoa ematea erabaki dute. Tamaina bereko herrietan, izan ere, arazo antzekoak dituzte, eta aldameneko herriak egin dezakeela ikusteak besteak ere animatzen ditu.

Bestetik, nik uste dut, zorionez, gai honekiko sentsibilitatea asko handitu dela, iritsi dela gizartera eta erakundeetara. Eta nahiz eta baliabide gutxi izan, saiatzen gara dauden aukerak aprobetxatzen.

Noiz eta zertarako sortu zen Berdinbidean programa?

Foru aldundiak sustatzen duen programa bat da; genero ikuspegia txertatu eta garatzeko, ez bakarrik foru aldundian, baizik eta tokiko administrazioetan, eta lurralde ikuspegi orokor batekin. Genero ikuspegitik garatzen diren politikei koherentzia ematea du helburu, eta herri txikiei [10.000 biztanletik beherakoei] aukera eman nahi zaie arlo honetan urratsak egiteko.

Orain dela bost urte sortu zen, eta ordutik bidea egiten aritu da. Aurten sortutako taldearekin eta batu diren udalekin, esan dezakegu programa gorpuzten ari dela.

Nola funtzionatzen du Berdinbidean programak?

Hiru esparrutan egituratzen da lana. Batetik, lan gune kolektiboak ditugu: udal guztiek parte hartzen dute; teknikari zein politikariak etortzen dira; aurten jada bi mintegi egin ditugu, eta jende asko etorri da. Mintegietan gure lan ildo nagusiak lantzen ditugu —indarkeria matxista, barne funtzionamendua, eta balio etikoak eta emakumeen parte hartzea—, baina aurten indar berezia eman nahi izan diogu planifikazioari.

Bigarren pausoa banakako lanak dira, udal bakoitzean. Hor ere planifikazio bat egin behar da, baina jada bakoitzaren ezaugarri eta beharrei egokituta egiten da. Udalak teknikari bat izendatu behar du; baina udal txikiak direnez, ez dute berdintasun teknikaririk, eta beste teknikariren bat izaten da, dela gazteriakoa, dela gizarte gaietakoa... Teknikari horrek lan honen ardura hartuko du, arduradun politiko batekin batera. Baina, horiez gain, lan mahaia osatuko duten beste eragileak ere izendatu behar ditu udalak: emakume taldeetako ordezkariren bat, ikastetxeetakoak, gaztelekuak... udalak erabakitzen dituenak. Hori herriaren tamainaren araberakoa izaten da; herri handiagoetan eragile gehiago daudelako, eta herri txiki batzuetan, oso gutxi.

Lan mahai honek gauzatuko ditu, beraz, berdintasun politikak.

Bai, lan bilerak egiten dira, martxan jarri nahi diren ekinbideak antolatzeko, ikuspegi zabal bat garatzeko, nolako estrategiak erabiliko diren erabakitzeko... Ez dira lan bilera oso zabalak, eraginkortasuna delako helburua; eta, bestetik, inplikazio handia eskatzen zaielako bertan parte hartuko dutenez. Gero, adibidez, indarkeria matxistaz hitz egin behar bada, agian udaltzainak parte hartu behar du, edo puntu ilunez ari bagara, hirigintzakoak edo arkitektoak egon behar du bileran...

Lan mahai horretatik nola egiten da herritarrenganako pausoa?

Hori hirugarren lan esparruan sartzen da. Lehenengo bi esparruetan gauzak garatzen diren heinean, helburua herritarrengana iristea da. Eta nola egiten da hori? Jardueren bitartez. Eta jarduera horiek asmatu, antolatu eta gauzatzeko ere laguntza eskaintzen die Berdinbidean programak. Izan litezke hitzaldiak, erakusketak, ipuin kontalariak... Edozer.

Kanpora begirako lanaz gain, udalaren barne funtzionamenduari ere erreparatzen zaio.

Bai, udalaren kudeaketan eta barne funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da. Bai idatzietan, bai zerbitzu bat martxan jartzean, bai programa bat abiatzean... Genero ikuspegiaren iragazkitik pasatu behar du udal erabaki eta ekintza orok. Zeharkako lerroa da generoarena, eta arlo guztietan aplikatu behar da.

Udalek zein kezka eta beharrekin jotzen dute zuengana?

Ezagutza falta izaten da haien kezka nagusia. Nahia bai, eta gogoa ere badute, baina gero baliabide eta ezagutza faltagatik, ez dakite nola lan egin. Nola txertatu genero ikuspegi hori? Eta hori da Berdinbidean-ek eskaintzen dien laguntza, ezagutza eta esperientzia jartzen ditugu haien zerbitzura. Denetariko aholkularitza eskaintzen zaie udalei, eta, bestetik, hemengo bi teknikariak herriz herri joaten dira, eta lan pedagogiko izugarria egiten dute arlo horretan.

Udalek betebehar batzuk dituzte programan parte hartu eta jarraitzeko?

Bai, konpromiso bat sinatzen da hasieran. Nahia eta gogoa ez dira nahikoa, pausoak eman behar dira, eta egiten den planifikazio hori gauzatu egin behar du udalak. Hau ez da paretean zintzilik jartzen den paper bat, apaingarri bat.

“Prezioa da puntu ahulena”

“Prezioa da puntu ahulena”

Maite Alustiza

Gaur ez da antxoetara ontzirik aterako. Azken asteetan asko arrantzatzen ari dira, eta, salmentak dezente merkatzen ari direnez, hala adostu dute Kantauriko kofradiek. "Ostirala izaten da egunik txarrena salmentarako prezio aldetik, eta horregatik hartu da erabaki hori". Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko idazkariak azaldu duenez, kuota kontsumitzen doa pixkanaka, eta ez dute kanpaina "azkarregi moztu nahi". Asteazkenean, esaterako, Ondarroako (Bizkaia) salmentak eten behar izan zituzten, guztientzat kutxarik eta izotzik gabe geratu zirelako —milioi bat kilo porturatu ziren—. Aste honen ondoren, berriro balorazioa egingo dute kofradiek; arrantza nola doan ikusten joango dira, eta horren arabera hartuko dituzte erabakiak.

Ondo doa antxoaren kanpaina. Arrantzak erregularki egiten ari dira, eta barku gehienak egunero ekar dezaketen gehieneko kopurua ekartzen ari dira: ontzi handiek 10.000 tona antxoa arrantzatu ditzakete; txikiek, berriz, 8.000 tona. Era berean, arrantzaleak gertu harrapatzen ari dira antxoa, eta hori ere positibotzat jo du Garmendiak: "Egoera onean dagoenez, antxoa zabal dago, gertu kostatik. Horrela gastu gutxiago izaten dira".

Kanpainari alde txarrik ateratzekotan, bat aipatu du Garmendiak: "Prezioa da puntu ahulena". Dioenez, gorabeherak daude antxoaren tamainaren arabera, baina orokorrean ez da oso ona izaten ari. Kofradien federazioak emandako datuen arabera, antxoa oso handiak lau edo bost euroan egon daitezke, baina batez bestekoa bi eurotik beherakoa da, 1,30 eta 1,50 euro artekoa. "Bi eurotik gora ondo legoke, baina hori ere tamainaren arabera. Oraingoz egon da fabrikatarako antxoa, lehengo urtean kexatzen ziren, baina prezioan ez dugu ikusten alderik egon denik iaztik".

Arrantzaleek oraindik ez dakite zenbateko kuota izango duten. Bruselak iaz egin zuen banaketa kontuan hartuta, Espainiari 22.500 tona antxoako arrantzua dagokio, baina Madrilek ez du oraindik erkidegoen artean kuota banatu. Uneotan Madrilekin negoziatzen ari dira kuota zehatzaren inguruan; aste honetan bilerak izan dituzte. "Aldaketa bat eskatzen dugu. Guk kudeaketa plan bat adostuta daukagu frantses arrantzaleekin eta zientzialarien babesarekin, eta plan horretan baditugu formula batzuk non kuota hori igotzen den". Esperantza badauka Garmendiak: "Aukera badago, eta hori baliotu nahi dugu. Komite kontsultiboan administrazioaren aldetik hori baliotzen bada, gero tramite administratiboa bakarrik geratuko litzateke".

Kuota igo ahal izateko arrazoien artean, arrantzaren egoera ona aipatu du Garmendiak, biomasaren eta stockaren aldetik. 2005. urtetik 2009ra debekatuta egon zen antxoa arrantzatzea, asko gutxitu zirelako, baina azken urteetan susperraldia izan du: iazko datuen arabera, antxoaren biomasa 142.000 tonakoa da Bizkaiko golkoan, kopururik handiena 1987. urtetik. "Biomasak balio historikoak eman ditu bai iaz eta bai aurten, eta horren baitan ikusten dugu aukera badagoela zerbait gehiago arrantzatzeko. Gauzak gaizki daudenean denok egin behar dugu esfortzua gauzak murriztuz; ba, ondo daudenean ere zergatik ez. Aukera gehiago baldin badago, aprobetxatu egin behar dugu".

Berdela eta hegaluzea

Berdelaren kanpaina martxoan hasi zen, eta azkenetan da. "Kuota oso mugatua daukagu, erraz betetzen da. Gutxi batzuei geratzen zaie zerbait arrantzatzeko, baina laster bukatutzat emango dugu". Prezioei dagokienez, iazkoarekin alderatuta "zertxobait" igo dela dio Garmendiak, baina "oso gutxi". Urteko lehen berdelak kiloko 0,77 euroan saldu zituzten, batez beste.

Hegaluzearen kanpaina, berriz, uztailean hasiko da. Iazkoa betez gero pozik leudekeela dio Garmendiak. Iaz guztira 5 milioi kilo hegaluze harrapatu zituzten —2014an 2,9 milioi eta 2013an 3,6 milioi—. Stocka ondo dago, Garmendiaren arabera, baina hegaluzearen kanpaina beti dute kezka: "Itsasoak agintzen du. Hegaluzea migratorioa da, eta batzuetan gehiago sartzen da golkoan, besteetan urrutiago dago... Ikusi beharko da".

Maiatzean urtebete da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Euskal Kofradien Federazio Nazionala sortu zutela. Sektorearen interesak elkarrekin defendatzeko batu ziren, eta elkarlana bide onetik doa: "Kuoten banaketan, berdelarena eta txitxarroarena elkarrekin kudeatu ditugu, eta hori positiboa da. Gure berezitasunak ditugu alde batean eta bestean, baina gero eta harreman hobea dago euskal arrantzaleen artean, eta horrek eramango gaitu elkartasun osora".

Erabakiaren alde, ados

Erabakiaren alde, ados

Erik Gartzia Egaña

Ikusmiran dute 2017ko martxoaren 19a. Egun horretan, Oiartzualdeko lau udalerrietan —Errenterian, Pasaian, Oiartzunen eta Lezon— erabakitze eskubidearen gaineko herri kontsulta egingo dute. Demoarso izena jarri diote prozesu horri guztiari.

Herri galdeketa izan baino urtebete lehenago aurkeztu zuten iniziatiba, joan den martxoaren 19an. 70.000 bat lagun bizi diren eskualde batean herri kontsulta bat egitea ez da nolanahiko erronka. Horregatik, herri kontsultaren balioak eskualdeko biztanleen artean hedatzeko eta prozesua bera bururaino eramango dela bermatzeko, Adosgunea lantaldea aurkeztu zuten joan den larunbatean.

Euskal Herrian badira antzeko beste hainbat prozesu. Herri galdeketak egitea dute zerumugan. Hala ere, Gure Esku Dago dinamikako Jexux Olaziregik jakinarazi duen bezala, Oiartzualdekoa izango da Adosgunearen ezaugarriak beteko dituen lantaldea. Udalerri bakoitzak bere galdeketa egingo badu ere, lantaldeak eskualdeko izaera izango du. Jatorri ezberdinetako berrogei bat lagunek osatzen dute Adosgunea.

Demoarso egitasmoaren koordinatzailea da Imanol Esnaola. Prozesuari "arkitektura eta formalitatea" emateko asmoz sortu dute Adosgunea, "herri galdeketa herritarrek antolatu dutelako". Horrela, lantaldea osatuko duten pertsonak ibilbide luzekoak eta prestigiodunak dira. "Gure kasuan, formalitate puntu bat ematen dio erreferentziazko eta irizpidea duten pertsonek gainbegiratzeak eta prozesuari bermea emateak, bai parte hartzeari dagokionez, bai aniztasunari dagokionez, bai gardentasunari dagokionez".

Lantaldearen funtzioak zeintzuk diren xehatu ditu. Prozesua jarraitzeaz gain, gardentasuna eta izaera irekia ere eman nahi diote. "Horregatik, lan egiten dugu ahalik eta jende gehien hurbildu dadin, kriterioduna, plurala eta eskualdean ezaguna dena". Urte osoko lana dute Adosguneko kideek. Prozesuaren fase bakoitzari dagozkion dokumentuak jasoko dituzte, eta ongi doan ala ez ebatziko dute. Gauzak bide okerretik joanez gero neurri zuzentzaileak aplikatuko lituzketela iragarri du Esnaolak.

Hamaika iritzi, aldarri bera

Kolore politiko ezberdinetako pertsonen bilgune da Adosgunea, baina guztiak bat datoz Demoarsoren funtsarekin: erabakitzeko eskubidearen alde egiten dute. Ion Collar Errenteriako Ahal Dugu-ko kidea da, eta udalean Irabaziz hautesle elkargoaren eleduna. Adosgunean egotearen arrazoiak azaldu ditu: "Erabakitze eskubidea beti defendatu behar dugu, pertsona bakoitzak bere etorkizuna zein den hautatzeko. Partaidetza oinarrizkoa da. Oinarrizko unitatea pertsona da, eta bere nondik norako guztiak erabakitzeko ahalmena izan behar du". Horrela, Collarren ustez, Gure Esku Dago-k eta Adosguneak herritarren parte hartze hori bultzatzen dute: "Partaidetza ez da bakarrik lau urtean behin botoa hautetsontzi batean sartzea".

Horren atzean bakoitzaren jarrera aktiboa ikusten du Irabaziz-eko zinegotziak: "Norberak aktibo izan behar du politikagintzan, iniziatiba sozialetan eta beste hainbat gauzatan". Gure Esku Dago-k hori bermatzeaz gain, egitasmo "oso irekia" dela uste du. "Familia politiko guztietako herritarrak gaude. Bereziki Errenterian kolore askotakoak gaude, eta hori babestu egin behar dugu, bertan parte hartuz".

Agustina Pontesta Lezoko bake epaile izan zen. Hitz gutxitan azaldu du bere engaiamendua: "Erabakitzeko eskubidearen alde gaudelako nago hemen, eta lan egiteko eta jendea animatzeko gogoz. Nahi eta nahi ezkoa da gure etorkizuna erabakitzea, eta horretarako herri galdeketak beharrezkoak dira".

Paco Alvarez Barral PSE-EEko Ezker Sozialista korronteko eleduna da. "Guk erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu, duela urte askotik. Uste dugu Espainiako Estatuan dauden lurraldetasun aferak konpontzeko bide egokiena dela". Gainera, uste du galdeketak legezkoak izan daitezen artikulatu behar dela. "Ez dira lotesleak, baina gizarte zibilaren iritzia jakiteko balio dute, eta horren arabera egin beharko lirateke legeak gero".

[Herriz herri] Arrasate. Sorkuntzarako fabrikak

[Herriz herri] Arrasate. Sorkuntzarako fabrikak

Maite Alustiza

Ekainean 110 urte beteko dira Union Cerrajera fabrika sortu zutenetik. Arrasaterentzat motor ekonomiko garrantzitsua izan zen, baita bailara osoarentzat eta Gipuzkoarentzat ere. Herriaren erdigunean, fabrikaren atezaintza zenari eusten diote oraindik, Erlojuaren eraikina izenez da ezaguna —bereziki babestutako kalifikazioa du—. Ondoan, bere garaian Aprendices eskola izan zena dago. Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, eskola hori Union Cerrajerak ireki zuen, beraien langileen ondorengoentzat. "Hortik hasi zen gaur egun hemen daukagun mugimend u guztia: hor hasi ziren ikasten, gero Jose Maria Arizmendiarrieta etorri zen, ikasle batzuk hartu eta Ulgor kooperatiba sortu zuen, gero Fagor izango zena". Urrian hiru urte beteko dira Fagor Etxetresnen porrotetik, baina Ubarretxenak ez du uste denbora nahikoa denik zauria ixteko: "Ez da zenbat langileri eragin zien bakarrik, baita enpresa horrek zer suposatzen zuen ere. Tristezia izan da herrian, denentzako oso notizia txar eta gogorra".

Erlojuaren eraikina eta Aprendices berritzea da udal gobernuaren proiektu nagusienetako bat. Guztiz berritzea eta erabilera ematea: "Inguru horretan gune kultural bat sortu nahi dugu". Ubarretxenak dioenez, Erlojuaren eraikinean herriko hamazazpi kultur talde daude egun, baina "oso modu prekarioan" dabiltza: ez daukate berogailurik, leihoak ez daude isolatuta... Sorkuntzarako gune egoki bat sortu nahi dute, "batez ere belaunaldi berriak animatzeko". Asmoa da askotariko diziplinak han biltzea: dantza, trikitia, bertso eskola, txalaparta, batukada... Dagoeneko eraikinean dauden kultur taldeez gain, herrian egoera txarrean dauden beste batzuk han kokatzea da udalaren asmoa. "Otxoteari, adibidez, eskaini egingo diogu".

Euskaltegia ere hara eramango dute, "urteetan" leku berri bat eskatzen ibili eta gero. "Iruditzen zaigu euskara ikastera joaten den pertsona horrek euskal kulturarekin hartu-emana edukitzea ona dela guk bilatzen badugu pertsona hori hemen integratzea eta kultura bereganatzea". Kalkulatu dute 1.500 lagun inguru egongo direla Erlojuaren eraikinean.

Aprendices eraikina, berriz, urte askoan Arrasate Musikal herriko musika eskolaren egoitza izan zen —500 bat ikasle ditu—. Eraikina egoera txarrean zegoenez, beste batera lekualdatu zituzten, behin-behinean. "Behin-behineko egoera horrek darama zortzi urte edo gehiago, eta gaizki daude". Aprendices eraikina berriro musika eskola bihurtu nahi dute. Hor egongo dira Arrasate Musikal, Goikobalu abesbatza, euren balleta eta auditorium txiki bat.

Espaloiak zabaltzea

Mugikortasunari lotuta ere, hainbat egitasmo ditu udalak: bidegorria egitea, bizikletaren erabilera sustatzea... Espaloi batzuetan obrak egiten dabiltza, horiek zabaltzeko. "Korriente hori dator: oinezkoari ematea lehentasuna eta bizikletentzako ere egokitzea. Ea kultur aldaketa hori eragiten joaten garen".

Proiektu konkretuen artean, Arbolapeta-Muzibar zatia aipatu du. Inguru hori berrantolatu nahi du udal gobernuak: "Espaloia oso estua da, jende asko pasatzen da. Ikusten da espaloia handitu behar dela, baina hori egitearekin batera eta bidegorria ezarri nahi badiogu, horrek eragingo du aparkalekuak kentzea...". Nola egin erabakitzen hasteko, 21 alternatiba planteatu zituzten, eta erakusketa batean azaldu zituzten, jendeak iradokizunak egin zitzan.

Aste honetan bertan bilera izan dute inguruko kale bateko bizilagunekin: "Alternatiba batzuek proposatzen dute beraien kaletik trafikoa desbideratzea. Orain trafiko gutxikoa da, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko lieke". Erreka azpitik doa zati horretan, eta erreka bistaratzea ere proposatu dute: "Hori eginda leku gutxiago legoke, baina esaten dute erreka biziberritzeko ireki egin behar dela, eguzkia sartu behar dela nahi badugu bizitasuna sortzea...".

Onena zer litzatekeen "garbi" ez dutenez, erabaki dute lehenengo aproposa litzatekeela mugikortasun plan bat edukitzea, Arrasate guztian trafikoa nola antolatuta dagoen eta nola egin beharko litzatekeen ikusteko. "Luzerako izango da. Lehenengo esleitu beharko da mugikortasun plana, gero egin... Nahiago dugu luze joatea baina jendea ahalik eta kontentuen uztea, azkar egin eta arazo bat konpondu ondoren beste bat sortzea baino".

Garbiketa ordenantza

Herrian zeresan handia ematen ari da kale garbiketari dagokion ordenantza. Martxo bukaeran hasierako onarpena eman zioten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta gainerako alderdien kontrakoarekin. Batik bat pintaketak, pankartak eta kartelak arautzen dituen artikuluak sortu du zalaparta gehien. Hainbat herritar eta eragileren arabera, adierazpen askatasuna mugatzen du. "Maiatzaren 17ra arte daukagu epea alegazioak aurkezteko, eta gu horretara animatzen ari gara, gainera. Denon gustura ez da irtengo, hori argi dago, baina nik beti esaten dut: 'Irteten bagara zeozerekin denak gustura ez gaudena baina desadostasun handiegirik gabe... hori da kontua'". Gaiak luze joko duela dio Ubarretxenak: "Alegazioen ondotik aztertu egin behar dira, jendearekin egon, egin beharreko aldaketak egin...".

Dioenez, euren asmoa ez da polemika edo egonezina sortzea, baizik eta jendea kontzientziatzea: "Herria zaindu egin behar da, guk gure etxea zaintzen dugun moduan gure herria zaindu behar dugu. Helburua ez da debekatzea, kontzientziatzea eta herria zaintzea baizik". Gaineratu duenez, antzinako kasko historikoa dute, eta Arrasateko harresiak zeuzkan bost ateetatik hiru mantentzen dituzte. "Horri balioa emateko gauza bat dela uste dugu".

Udal mailan, martxan jartzekotan dira memoriaren eta bizikidetzaren mahaia. Lehen bilera maiatz hasieran egingo dute: "Hitz egin dugu, oinarri moduan dokumentu bat helarazi genien gainerako alderdiei, eta gutxi gorabehera denek ikusi dute ondo hitz egiten hasteko". Ubarretxenaren arabera, benetako pausoak egin nahi badituzte, beharrezkoa izango da guztien adostasuna: "Nahiz eta mantso joan, behintzat erabaki dugu mahai horretan alderdi guztiak esertzea, eta hastea hausnarketa bat egiten eta ikusten zein pauso eman ahal ditugun".

Bestetik, parte hartzearen inguruko lanketa egiten ari dira udal barruan. "Saiatzen ari gara denon artean erabakitzen parte hartzearen ordenantza bat sortzeko, zelan izan beharko litzatekeen parte hartzea udaletik landua: zein gauzatan bai, zeintzuetan ez, zeinekin..." Gutxieneko adostasun batera ailegatzea jarri dute helburu: "Adostasun hori gera dadila udaletxean propio bezala, eta datorrena datorrena denok erabiltzea hori gutxi gorabehera eredu bezala. Kostatuko da, baina lortu nahi badugu, denok izan beharko dugu gurean apur bat malguak".

“Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan”

“Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan”

Julene Frantzesena

Argazki kamerak edonoren eskura diren garaiotan, argazkigintzaren hastapenetara egin du jauzi Jon Andoni Martinek (Azkoitia, 1964). Duela pare bat mende sortutako kolodio hezea teknika erabiliz egindako argazkiekin osatu du Barne marrak erakusketa. Azkoitiko Torre Zuri aretoan ikus daiteke, maiatzaren 8a bitartean.

Zertan datza kolodio hezea teknika?

Teknika oso zaharra da, 1851. urte ingurukoa. Ferrotipoak —metalezko plaketan egiten diren argazkiak— eta anbrotipoak —kristalezkoetan— egiten dira teknika horren bidez. Argazkiak sortzeko prozesu osoa jarraian egin behar da, kontu handiz, eta, 15-20 minutu behar dira. Dagerrotipoaren ostean, argazkigintzan sortu zen lehenengotako teknika da.

Nolakoa da halako argazki bat ateratzeko prozesua?

Kamera plakadun bat daukat, egurrezkoa. Ez dauka ezer berezirik: objektiboa eta bi plano fokal. Atzean plaka bat eta aurrean obturadorearen ordez plastikozko tapa bat jartzen ditut, azken horretatik argia sar dadin. Aurretik, baina, osagai kimikoak bota behar zaizkie kristalezko edo aluminiozko plakei. Horrela, material hori argiaren aurrean jartzeko sentsibilizatzen da. Objektibotik sartzen den argia soilik hartu behar du plaka horrek, bestela erre egiten da. Hogei segundo-edo behar izaten dira argazkia ateratzeko, eta modeloak segundo horietan geldirik egon behar du. Horregatik jarri diot Barne marrak izena erakusketari; modeloak barnean duena ateratzen da segundo horietan egindako irudian.

Azkoitiarren argazkiekin osatu duzu Torre Zuriko erakusketa.

Bai, protagonista gehienak azkoitiarrak dira. Kolodio hezea teknikaren berri izan, eta probatzen hasi nintzen duela pare bat urte inguru. Erosi nuen beharrezkoa zen materiala, eta tailer bat egin nuen. Hainbat azkoitiarri egin nizkien erretratuak. Ikusgai diren irudiak bakarrak eta errepikaezinak dira. Dena den, asko dut oraindik hobetzeko.

Zumaian, berriz, argazki esteinopeikoak izan dituzu erakusgai.

Horiek izan daitezke kaxa, poto, freskagarri lata edo kalabaza batekin ateratako argazkiak. Barrutik beltzez pintatu eta zulotxo bat egin behar zaie argia sartzeko, eta barruan jarri behar da argazkiak egiteko papera. Berezitasuna da ez duela objektiborik eta zulo txiki batetik sartzen dela argia. Zulotxotik argi izpiak sartzen dira, eta kanpoko irudia iraulita proiektatzen da argazki paperean. Argiari zenbat denboraz utzi behar zaion sartzen kalkulatu behar da, argazkia ilunegi edo erreta atera ez dadin.

Nolatan hasi zara argazkiak egiteko teknika zaharrak erabiltzen?

Argazkigintzari buruzko saio bat ikusi nuen behin telebistan. Antzinako tekniken ingurukoa zen, eta hura ikusi ostean hasi nintzen probatzen. Beste mundu bat da. Argazkigintza digitala alde batera utzi dut, baina oraindik erabiltzen dut irudi azkarrak egiteko. Konplikatuak dira, eta izugarrizko lana eskatzen du halako argazkiak egiteak. Hasteko, gauza ugari erosi behar dira. Horrez gain, argazkiak egin baino astebete lehenago-edo osagai kimikoak prestatu behar dira. Eta ondoren hasten zara lanean. Ordu asko eskatzen duen arren, oso gustura nabil. Esan ohi den moduan: gustuko lekuan, aldaparik ez.

Denetariko teknikak probatu dituzu, beraz?

Analogikoarekin hasi nintzen. Gero, argazkigintza digitalera pasatu nintzen. Digitala dena zela uste nuen, baina teknika hauek ezagutzean ikuspuntua aldatu zitzaidan. Probatu behar nuela eta, honaino iritsi naiz.

Gaur egun, argazki guztiak moldatu daitezke. Teknika horiekin, berriz, ezin da aldaketarik egin.

Ateratzen dena ateratzen da. Egun, munduko gauzarik errazena da argazkiak ateratzea, eta edonork egin ditzake. Azkoitiko erakusketarako argazkiak atera nituenean, batek esan zidan kokospea kentzeko. Esan nion ezin nuela halakorik egin teknika hori erabilita. Argazkia ikusi zuenean galdetu zidan ea nola egin nizkion erretokeak. Nik ez nuen hura ukitu, halaxe atera zen argazkia, argiagatik. Bestalde, ni argazkiak paperean edo euskarriren batean edukizalea naiz. Gaur egun egiten ditugun argazkiak gailuetan geratzen dira, eta ez dira errebelatzen. Ondo dago ordenagailuan edukitzea, baina gustatzen zait eskuetan izatea. Digitala erabiltzen nuenean ere, argazki batzuekin bilduma osatzen nuen.

Noiz hasi zinen argazkigintzan?

Txikitan hasi nintzen argazkigintzan murgiltzen, eta neure kabuz ikasi dut. Liburuak irakurtzen nituen lehen, eta orain Interneten ere begiratzen dut. Aipatutako teknika zahar horiek ikasteko sei orduko tailer bat egin nuen, baina ikasi praktikatuz egin dut. Alferrikakoak dira ikastaroetako azalpenak, etxera joan eta ez bada praktikatzen.

Ikasitakoetatik, zer teknika duzu gustukoen?

Azkenaldian erabiltzen ari naizen teknikak. Argazkigintza digitala ere gustatzen zait, baina orain besteekin nabil buru-belarri. Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan.

Kolodio hezea teknikarekin argazkiak egiten irakasteko tailerra eskainiko duzu larunbatean Azkoitian.

Bai, hala da. Sei lagunek hartuko dute parte saioan, eta 09:00etatik arratsaldera arte arituko gara. Argazkiak egiteko prozesua luzea da, eta pauso guztiak ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Etorkizuneko bidaiarien bila

Etorkizuneko bidaiarien bila

Iñigo Terradillos

Bidaiatzeko zaletasuna gazte-gaztetatik sustatu nahi du Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak antolatutako Bidaia Bekak. Abenturazale eta bidaiariak daude bidaiarien txokoaren atzean, eta gisa honetako egitasmoen bitartez euren pasio hori gazteengan suspertzen ikusi nahi dute.

Izan ere, Josu Iztueta bidaiari tolosarrak argi du bera bezalako bidaiarien grina nondik datorren: "Gutako askok bidaiatzeko aukera izan dugu beste askok horretarako aukera eman zigulako, mendi elkarteek, skout taldeek, edo auzoko mendizaleak, esaterako, eta horrek gure bizitza baldintzatu du, jakin-mina sortu zutelako gugan". Bada, haiek jaso zuten hori zabaltzeko beharraren ondorioz sortu zen ekinbidea joan den urtean. DBH4ko ikasleei eman zieten parte hartzeko aukera, eta aurkeztu zirenen artean, Laskorain ikastolako sei neska-mutilez osaturiko taldearen proposamena izan zen aukeratua. Euskal bitxikeriak izenburupean osatu zuten ibilbidea, Orio, Gernika, Urdaibai, Agurain, Eunate eta Gares zeharkatuz eta arrantza, gerra eta bakea, natura eta musika bezalako gaiak jorratuz. Hori guztia sei eguneko bidaia batean egin zuten, iazko ekainean, zortzi lagunentzako lekua duen furgoneta batean eta 500 euroko aurrekontuarekin.

Lehendabiziko esperientzia "oso baikorra" izan zela adierazi dute bai antolatzaileek, bai eta bidaiaz gozatu zuten gazteek ere: "Oso ondo pasatu genuen, oso aberasgarria izan zen; taldeko inork ez zuen lehenago furgonetaz bidaiatu, eta esperientzia asko gustatu zaigu", kontatu du Maitane Iruin iazko irabazleetako batek.

Bidaiatzeko beste era bat

Hain justu, bidaiatzeko zaletasuna sustatzearekin batera, ekinbideak baditu beste helburu batzuk, eta horietako bat bidaiatzeko era asko egon daitezkeela ikusaraztea da. Iztuetak dioen moduan, "bidaia honetan ez dago ez luxuzko autokarabanarik, ez eta hoteleko egonaldirik ere". Toki batetik besterako mugimenduak furgonetaz egiten dituzte, eta furgoneta bera erabiltzen dute lotarako ere. Era berean, aurrekontu mugatua dute erregai, kanpinetarako sarrera, museoren batera joateko txartel edota janaritarako. "Baliabide askorik gabe eta urrutira joan gabe gure herrian gauza politak egin daitezkeela erakutsi nahi diegu gazteei", dio bidaiari tolosarrak.

Gazteengan balio gehiago erakustea ere aurreikusten du egitasmoak, elkarren arteko harremanak sendotzea, esaterako. "Izan ere, bospasei egunez eremu txiki batean egin behar dute elkarbizitza". Horretaz gain, berdintasunari dagokion pisua emate aldera, neska-mutilez osaturiko taldeak dira parte hartzaileak.

Iparraldea ezagutzeko

Joan den urteko esperientzia "polita" ikusita, bigarrenez egitea merezi zuela ikusi zuten Bidaiarien Txokoan. Otsailean zabaldu zuten deialdia, eta aurkeztu ziren guztien artean epaimahaiak Ibarrako Uzturpe ikastolako gazteen proiektua aukeratu du aurtengo irabazle moduan.

Euren proposamenak aurreikusten duenaren arabera, lehendabiziko egunean Tolosatik Sara (Lapurdi) alderako bidea egingo dute. Egun horretan bertan Zugarramurdi ere bisitatuko lukete. Bigarren egunean, Amaiur eta Orreaga ezagutu nahi dituzte. Ituren eta Zubietara joango dira hirugarren egunean; laugarrenean, Anboto eta Mungiara jo nahi dute, eta azken horretan Olentzeroren Etxea bisitatu asmo dute gazteek. Bosgarrenean, berriz, Gaztelugatxera joango dira, eta handik buelta, etxera.

Ipar Euskal Herrian hainbat geldialdi ditu irabazleen bidaia proposamenak; izan ere, baldintzetako bat zen aurtengoan Iparraldea barne hartzea: "Euskal Herria ezagutaraztea ere bada Bidaia Bekaren xedeetako bat, eta maiz ezagunago zaizkigun Bizkaiko edo Gipuzkoako herrietara jotzeko joera izaten dugunez, baldintza hori jarriz, Ipar Euskal Herria ezagutaraztea ere lortu nahi genuen".

Bidaia honen bitartez euren arteko harremana sustatzeko eta elkarren artean gehiago ezagutzeko asmoa dutela esan du Ibon Lopetegi Uzturpeko taldekideak. Bidaia egituratzeko orduan, bestalde, adierazi du ikastolan bertan jorratutako gaiak izan dituztela buruan. "Bertan ikasi edo entzundako gai batzuk aukeratu, Euskal Herriko mapan puntuak ezarri, eta batetik besterako bidea osatu dugu". Iazkoek bezala, ez dute sekula furgonetaz bidaiatu, eta irrikaz daude esperientzia berri hori ezagutzeko. Ekainean egingo dute lehiaketarako idatzia duten eta norbere irudimenean egina duten bidaia.

Bigarrena egin duten moduan, hirugarrena ere izango dela espero dute antolatzaileek, eta, horrela, gazte gehiagorengan barruan daramaten bidaiari sena azaleratzen eta etorkizuneko abenturazaleak bultzatzen segituko dute.

David gnomo bat, gerta ala gerta

Danel Agirre
Bizitza askoz modu baikorragoan ikusi nahi baduzu, zure suizidio oharra idatzi behar zenuke, nik duela pare bat hilabete egin bezala. Eta ez larritu, ama, beti bezain felixiano jarraitzen dut eta, bizarrik gabeko David gnomo bat bezala, ni...

Intxorta Eguna. Omendutakoak

Hauek dira igandean, Intxorta Egunean, Iñigo Arregi eskultorearen Egiaren iturria artelana jasoko duten emakumeak. Eskutik eskura emango diete eskultura bizirik daudenei; hildakoen kasuan, euren senideak izango dira Elgetan.

Aitortza jasoko dutenak

Isidora Casaban. 99 urte, Sestao. Errepresaliatua.

Teresa Nadal. 98 urte, Tolosa (Okzitania). Gerran erizain ibilia.

Pilar Garziandia. 97 urte, Tolosa. Tolosako eta Ondarretako kartzeletan egondakoa.

Angeles Florez. 97 urte, Gijon. Saturrarango espetxean preso egondakoa (1938-1941).

Teresa Harina. 95 urte, Gasteiz. Zornotzako emakumeentzako espetxean atxilotua.

Felisa Garai. 94 urte, Elgeta. Errepresaliatua.

Trini Ruiz de Alegria. 92 urte, Arrasate. Errepresaliatua, erbestean egondakoa.

Bittori Barcena. 92 urte, Hernani. Preso politikoei elkartasuna.

Maria Dolores Anasagasti. 88 urte, Bilbo. Habana ontzian Belgikara erbesteratua.

Maria Luisa Bilbao. 88 urte, Gamiz. Gerran zauritua.

Kontxi Urkijo. 85 urte, Errenteria. Erbestean egondakoa.

Mirentxu eta Mikele Agirre. 80 urte, Lizarra. Errepresaliatuak.

Maria Luisa Urra. 80 urte. Donostia. Errepresaliatua.

Tere Ponton. 80 urte, Gasteiz. Martxoak 3ko Emakume Taldekoa.

Mamen Moreno. 74 urte, Bilbo. Sindikalista, kartzelan egondakoa, lanetik kaleratua.

Begoña Gorospe. 74 urte, Hernani. Feminismoaren hastapenak.

Arantza Amezaga. 73 urte, Iruñea. Idazlea, erbestean jaioa.

Miren Clemente. 72 urte, Hernani. Lanetik kaleratua.

Arantxa Arruti. 69 urte, Zarautz, 1970ean Burgosen epaitua. Torturatua.

Arantxa Zabalegi. 68 urte, Zarautz. Gerrako alargunen laguntzailea.

Agurtzane Juanena. 59 urte, Legazpia. 1975ean torturatua.

Eli Nosellas. 56 urte, Tolosa. 1975ean torturatua.

Omenduak izango diren hildako emakumeak

Isabel Biritxinaga. Elgeta. Milizianoa, bonbardaketan hildakoa.

Clara Moran. Gallarta. Milizianoa, Kanpazarko erresistentzian hildakoa.

Kaxilda Hernaez. Donostia. Milizianoa, feminista, erbesteratua.

Esther Zilberberg, 'Estoucha'. Belgica. Brigadista. Villarrealgo frontean zauritua, idazlea.

Amaia Tello. Madril. Milizianoa. Bilbon, militante klandestino.

Emeteri Aranburuzabala. Eskoriatza. Gerra garaian fusilatua.

Cecilia G. Gilarte. Tolosa. Gerra erreportaria, erbesteratua eta idazlea.

Avelina Marcos. Bilbo. Larrinaga kartzelan egondakoa, erbesteratua.

Edurne Galarza. Oñati. Maistra depuratua, kartzelatua eta desterratua.

Normi Mentxaka. Santurtzi. Gerra zikina. Parapolizialek hildakoa, 1976an.

Norberta Ezpeleta. Bergara. Ondarretako kartzelan egondakoa; kaskamotz utzi zuten.

Amada Morentin, Asuncion Bergara eta Felipa Pueyo. Lodosa. Kolpe militarraren ondoren fusilatuak.

Maria eta Eusebia Etxarri. Miranda Arga. Iruñeko kartzelan egondakoak.

Isabel Zubia. Bilbo. Errepresaliatua.

Benita Asas. Donostia. Maistra depuratua, idazlea, feminista, sufragista.

Protagonistak izan zirelako

Protagonistak izan zirelako

Eider Goenaga Lizaso

Emakumeak, 1936ko gerran, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, errepresioaren biktima soilak baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, eta gerra ostean, protagonista izan ziren: milizianoak, fronteko erizainak, espetxeratuak, fusilatuak, ekintzaileak, sortzaileak, errepresaliatuak, lubakiak egiten ibilitakoak, torturatuak, bortxatuak, erbesteratuak, langileak, familiari eutsi ziotenak... Eta horiei guztiei egin nahi diete aitortza, igandean, Intxorta Egunean. Emakume erresistente eta errepresaliatuen omenaldian 40 emakumek jasoko dute aitortza, Elgetan. "Omenaldi eta aitortza ekitaldia izango da, gure historiaren zati inportante bati egindakoa. Badakigu askoz gehiago izan zirela, eta izen asko geldituko direla aipatu gabe, baina saiatu gara, sinbolikoki, talde guztiak ordezkatuta egon daitezen", azaldu du Julia Monge feminista eta Intxorta 1937 taldeko kideak (Arrasate, 1957).

Feminismoan betidanik ibili da murgildua Monge, eta duela hainbat urte memoria historikoaren gaiarekin buru-belarri hasi zen lanean. "Elgetan museoarekin eta omenaldiekin hasi ginenean, nik banuen kezka bat, eta zen irudi erabat maskulinoa ematen zela. 'Bai, baina badakigu emakumeak egon zirela', esaten zuten batzuek. Jakitea ez da nahikoa, ordea. Ez badituzu bereziki aipatzen, ez dira ikusten".

Hala, ikusezintasun horretatik ateratzea helburu, urtero egin dute ahalegina emakumeak ere presente egon zitezen. Inflexio puntua, ordea, 2012an jartzen du Mongek. Urte horretan, Arrasate 1936, emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala aurkeztu zuten. "Gerrako gertaerak eta gerraren eragina aztertu genituen, baina emakumeen testigantzekin, emakumeen ikuspuntutik, emakumeak protagonista hartuta". Dokumentalak sekulako arrakasta izan zuela dio Mongek, eta aurkezpen ugari egin dituztela urteotan. "Horietan zerbait ikusi badugu ikusi dugu orduko emakumeek bizitakoa gai unibertsala dela. Arrasateko gertaerak dira, Arrasateko protagonistak, dokumental lokala da, baina, aldi berean, unibertsala. Hemen bizitako bera bizi izan zuten gerra garaian beste tokietako emakumeek ere".

Emakumea gerrako biktima gisa aurkeztu da beti, eta Mongek ez du ukatzen hala izan zela. "Biktima izan ziren, noski, oro har herria izan zen biktima, eta emakumeak ere bai. Baina inportantea da nabarmentzea, biktima ez ezik, protagonista izan zirela. Emakumea ez zen subjektu pasiboa izan, aktiboa baizik: sortzailea izan zen, erresistentea... aurrera egin zuen".

Aurtengo Intxorta Eguna antolatzeko, eta omendu beharreko emakumeen zerrenda egiteko, lan handia egin dute Intxorta 1937ko kideek. "Esparru guztiak ukitu nahi genituen, gerra garaitik hasi eta diktaduraren amaieraraino, eta horretarako ate asko jo ditugu. Abanikoa zabaldu genuen, eta abaniko hori osatzeko protagonista bila ibili gara". Elkarrizketak, argazkiak eta grabazioak, memoria historikoa lantzen duten beste taldeekiko elkarlana, pista bati segika egindako dokumentazio eta ikerketa lana, hildakoen senideak bilatzea... Horren emaitza izango da igandeko omenaldia.

"Nekatuta gaude, baina nolako emakumeak ezagutu ditugun...". Emakumeei "erreferente aktibo, gogor eta baikorrak" falta izan zaizkiela dio Mongek, eta omenduko dituztenek eredu hori osatzen dutela. Zerrenda osoa errepasatu ezinean, abanikoa osatuko duten hainbat andreren errepasoa egin du Mongek.

ESTHER ZILBERBERG

Gerrako frontean miliziano moduan aritutako emakume asko brigadistak ziren, faxisten kontra borrokatzera atzerritik etorriak. Horietako biren berri zuten Intxorta 1937 taldeko kideek. "Intxortetan badago leku bat La Belga deitzen diotena, eta badakigu hor Belgikatik etorritako bi emakume aritu zirela metrailadore batean, tiratzaile gisa. Guretzat sinbolo moduko bat ziren, eta erotu egin gara haien bila, baina ez dugu ezer topatu", azaldu du Mongek. Haritik tiraka, ordea, Elgetan ez, baina Euskal Herrian eta Iparraldeko Frontean ibilitako brigadista baten erreferentzia topatu zuten: Esther Zilberberg Estoucha (1910-1994). "Poloniarra zen jaiotzez, baina Belgikatik etorri zen Euskal Herrira. Semea topatu dugu, Parisen. Amaren biografiarekin Estoucha liburua idatzi zuen semeak, eta hura etorriko da omenaldira".

Judua, komunista eta medikua zen Zilberberg. Belgikan egin zituen medikuntza ikasketak, eta amaitu berria zuen karrera Irundik barrena Euskal Herrira heldu zenean. Mediku lanetan jardun zuen frontean, Perezagua batailoi komunistarekin. Horrez gain, Emakume Antifaxisten Bilboko Batzordeak argitaratzen zuen Mujeres aldizkariarentzat idatzi zuen, Juanita Lefevre izenarekin —1936ko neguan, Legutioko batailan zauritua izan ondoren, aldizkari horretako erredaktore buru izendatu zuten—.

Bere egunerokoan honela jaso zuen Zilberbergek frontean bizitako gertaera bat: "Egun batean, mendi kaskoan jarritako metrailadore batetik oso hurbil nintzela, tiro egiten ari zen gizona faxisten suak hil zuela ikusi nuen. Zer egin? Tiratzailearen tokia hartu nuen, eta etsaia zetorrela ikusi nuenean, uste dut begiak itxi nituela, baina tiro egin nuen".

1937ko ekainean, Bilbo erortzearekin batera, Zilberberg Santanderrera joan zen. Mediku eta irrati esatari gisa jardun zuen han. Baina hura ere erori zen faxisten esku, eta Zilberbergek Katalunian amaitu zuen guda, Nazioarteko Brigadetako mediku gisa. Gerra amaitzen ari zela, Frantziara joan zen, eta han nazien kontrako erresistentzian aritu zen, Jeanne Dubois izengoitiarekin. Atxilotu, torturatu eta Mauthausengo kontzentrazio esparrura eraman zuten.

CECILIA G. GILARTE

Cecilia Garcia Gilarte idazle eta kazetariak (Tolosa, 1915-1989) 20 urte zituen gerra piztu zenean. Ordurako, haren izena ezaguna egiten ari zen, bai literaturgintzan eta baita kazetaritza munduan ere. Anarkista sutsua zen, Burgostik (Espainia) etorritako langile familia bateko alaba. 11 urte zituela argitaratu zuen Bartzelonako aldizkari batek haren lehen artikulua; nerabezaroan CNT sindikatuaren berriemaile gisa hasi zen lanean; eta, gerra piztu aurretik, hiru eleberri idatzi zituen.

"Emakume indartsua zen oso. Frontean aritu zen berriemaile gisa, eta sekulako sorkuntza lana egin zuen, bai gerran eta bai gerra ondoren ere. Mexikora erbesteratu zen gero, umeekin. Beraz, fronteko kazetari izateaz gain, denetik egin zuen; ama izan, senarraz arduratu, sorkuntzarekin jarraitu...", nabarmendu du Mongek. Iparraldeko Frontean egin zuen gerrako berriemaile lana, eta haren kronikak CNT Norte, Frente Popular eta El Liberal egunkarietan argitaratu zituzten.

1937ko irailean, Iparraldeko Frontea erori zenean, Frantziatik barrena Kataluniara joan zen, eta han eutsi zion 1939ra bitartean. Tartean, bere lehen alaba jaio zen. Gerra amaituta Miarritzera joan ziren Gilarte eta haren familia, eta 1940an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioei ihesi, Mexikora joan ziren. Han egin zituen hurrengo 24 urteak. Mexikon zela, Izquierda Republicana alderdian afiliatu zen Gilarte, eta sorkuntza lanarekin jarraitu zuen —saiakerak, antzerkia, eleberriak, kazetaritzako lanak...—, baita Sonorako Unibertsitatean irakasle aritu ere.

1964an itzuli zen jaioterrira, eta bertan sortu zituen azken idatziak; 1975ean, La soledad y sus rios bere azken liburua argitaratu zuen. 1989an zendu zen, 74 urte zituela.

ANTTONI TELLERIA

Jaso duten testigantza hunkigarrienetako bat Anttoni Telleriarena izan dela dio Mongek —iaz egin zioten omenaldia Telleriari; aurten, haren senideek beste omendu bati emango diote Egiaren Iturria eskultura—. Elgetakoa zen Telleria, eta gerra piztu zenean 14 urte zituen. "Emakumea gerrako harrapakina da gerra guztietan, eta gurean ere bai. Baina bortxaketen gaia tabua da".

Intxortako frontea erori zenean heldu ziren Francoren soldaduak Telleria bizi zen baserrira. "Erresistentziak iraun zuen zazpi hiletan, baja asko izan zituzten. Pasatu zirenean, soldaduei edozertarako baimena eman zieten, 48 orduz". Egindako lana saritu behar zen. "Eta eduki zuten saria. Elgetan jende guztiak zekien emakumeak bortxatu zituztela".

Hil baino bi urte lehenago erabaki zuen Telleriak hitz egitea. "Anttoni gurasoekin bizi zen baserrian. Soldaduak hura bortxatzera joan ziren, aitak aurre egin zien, eta buruan tiro bat jota hil zuten. Aita laguntzera makurtu zenean, Anttoniri ere tiro egin zioten eskuan; behatz batzuk falta zituen. Ondoren, ama hil zuten, kulata kolpe batez. Eta gero soldaduek bortxatu egin zuten". Telleriak urte askoan isildu zuen gertatutakoa, bortxatuak izan ziren emakume gehienen moduan. "Anttoni ezkongabe gelditu zen; sufritutakoaz gain, estigma uzten baitzuen horrek. Emakumeek, oro har, ez dute gerran bizi izandakoa kontatzen, edo ez diote garrantzirik ematen, edo nahiago dute ezer ez esan; eta horrelako zerbait bizi izan zutenek, are gutxiago". Elkarrizketatutako emakume askok lotsa eta beldurra dutela dio Mongek. "Hainbeste urte igaro, eta oraindik beldur dira, gezurra dirudi".

ANGELES FLOREZ

Saturrarango espetxean egondako emakume bat topatzeko ahaleginean ari zirela jaso zuten Intxorta 1937koek Angeles Florezen berri (Asturias, Espainia, 1918). Gazteria Sozialistetan afiliatua zen, eta estatu kolpearen ondoren miliziano gisa aritu zen. Oviedoko frontean sukaldari, eta erizain gisa gero, Gijongo gerra ospitalean.

1937ko urrian, Asturias erortzearekin batera, atxilotu egin zuten, eta hamabost urteko espetxealdia ezarri zioten epaiketa militarrean. 1938ko maiatzean eraman zuten Saturraranera, eta han eduki zuten 1941eko abuztua bitartean. Diktadura garaian, 1948an hain zuzen ere, erbestera jo behar izan zuten Florezek eta haren familiak. Senarra 1947an joan zen Frantziara, eta bera eta alaba urtebete geroago joan ziren, itsasontziz, ezkutuan. 1960an familia bisitatzen saiatu zen, baina mugan atxilotu egin zuten. 2004an itzuli zen herrira, senarra hil eta urtebetera.

Horrela hitz egin zuen Florezek erbesteaz, handik itzuli zenean. "Frantzia gutxi maite dut, behartuta joan nintzelako, kriminal bat izango banintz bezala. Toki batera zure gogoz joaten bazara, maita dezakezu; baina ni exiliatua nintzen, eta nire lurrean bizi nahi nuen".

Angeles Florez Elgetan izango da igandean, omenaldian. "Gerra bizi izan zuten asko ekintzaile dira oraindik. Eta Angelesena eredu izugarria da. Gijonen bizi da, eta han hitzordua jartzeko deitu genionean, ez zeukan astirik gurekin gelditzeko; pentsa, 97 urterekin, eta denborarik ez". Florezek hainbat liburu idatzi ditu; tartean, Memorias de Ángeles Flórez Peón 'Maricuela' autobiografia.

TERE PONTON

Gerra bizi izan zuten emakumeak eta gerraosteko errepresioari aurre egin ziotenak bilduko dituzte igandeko ekitaldian. "Gerra oso gogorra izan zen, baina askok esaten dute gerraostea ez zela errazagoa izan". Trantsizio garaian jarri dute muga Intxorta 1937 taldekoek. "Nahiz eta ez zaigun gustatzen mugak jartzea". Garai horretakoa da Tere Ponton.

Pontonek 80 urte ditu egun, eta Gasteizkoa da. 1976ko martxoaren 3ko gertakariekin lotuta jasoko du omenaldia. "Martxoaren 3ko gertakarien oinarria langile greba bat zen, eta Tere Pontonek ez zuen lanik egiten, baina langileek familia zuten, eta familia horiek ez zuten jateko ezer. Langileen emazteek eta bikotekideek batzar txiki bat egitea eabaki zuten, eta poltsa hutsen protesta deiturikoa egiten zuten. Kalera irteten ziren, egunero, poltsa hutsak eskuan hartuta, jendeak ikus zezan euren etxeetan ez zegoela jateko ezer. Langileen borroka oso gogorra izan zen, baina emakumeek ere izan zuten euren parte hartzea, eta hori islatu nahi genuen omenaldian", azaldu du Mongek.

BEGOÑA GOROSPE

Feminismoaren hastapenak ere ez dituzte ahaztuko Intxorta Eguneko ekitaldian. Begoña Gorospe hernaniarra (Donostia, 1942) izango da ekitaldian, arlo horren ordezkari gisa. 1960ko hamarkadaren hasieratik dabil mugimendu feministan Gorospe. "Taldetxo bat sortu zuen, eta horiek izan ziren feminismoaren lehen pausoak. Guretzat oso inportantea da arlo hau; nondik gatozen erakusten digu".

Gorospek honela azaldu zuen elkarrizketa batean emakumeen eskubideen inguruko kontzientzia nola sortu zitzaion: "Gurasoen etxean ikusten nuen, gauza naturala balitz bezala, etxeko betebeharrak ez zirela berdinak anaiarentzat eta niretzat; nik kozinatu egin behar nuen, oinetakoak garbitu... Orduan hasi nintzen konturatzen zerbait ez zebilela ondo gizon-emakume arteko harremanean. Nire etxean justizia oso inportantea bazen, ez nuen ulertzen zergatik ez zen arlo horretan aplikatzen. Hala, 60ko hamarkadan Hernaniko emakume langileen egoeraren inguruko gaietan sartzen hasi nintzen".

70eko hamarkadaren erdialdera piztu zitzaien elkarte feminista bat sortzeko ideia. Elkartea legeztatu ez zutelako, protesta egin zuten Donostiako Bulebarrean, eta Polizia —"grisak", dio Gorospek— gogor oldartu zitzaien. "Urtebete geroago, Donostiako Emakumeen Elkartea legeztatuta, Euskadiko Emakumeen I Topaketetan pate hartu genuen". Gorosperen arabera, sexualitatea, abortoa, dibortzioa, ammistia... ziren haien kezka eta eztabaidagi nagusiak.

Feminismoan lehen urratsak egiten ari zela ezagutu zuen Gorospek mugimendu feministak gerra aurretik egindako ibilbidea ere. "Euskal emakumeak historiarik ez zuela ohartuta, Eusko Emakumeak 1930-1939 ikus-entzunezkoa egin nuen". Garai hartan protagonista izan ziren hainbat emakume elkarrizketatu zituen Gorospek lan hori egiteko, gaur egun Intxorta 1937ko kideak egiten ari diren moduan.

AGURTZANE JUANENA

Omenaldian parte hartuko duten emakume gazteenak torturaren biktima izandakoak dira. Agurtzane Juanena da horietako bat. Franco hil aurreko egunetan, 1975eko irailean atxilotu zuen Poliziak. 18 urteko ikasle eta militante gaztea zen. Oinez sartu zen polizia etxean, baina, erietxetik pasatuta, larriki zauritua atera zen. Gogor torturatu zuten, eta, lagunen izenak ez salatzearren, bere burua polizia etxeko leihotik bota zuen gazteak. Urte eta erdi behar izan zuen lesio fisikoak osatzeko; barruko oinazeak askoz gehiago iraun zuen. 2003an hustu zuen barrua Juanenak, Esan gabe neukana liburua kaleratzearekin. "Komisarian gertatu zitzaidanaren kontakizuna gordea eduki dut. Gaztelaniaz idatzi nuen, baina alfabeto grekoz, amak uler ez zezan. 25 urte geroago utzi diot beste inori irakurtzen".

Agurtzena Juanenarekin batera, torturatuak izan ziren beste bi emakume izango dira igandean Elgetan: Eli Nosellas (Ibarra, 1959) eta Arantxa Arruti (Zarautz, 1949).