gipuzkoa

Inor konbentzitzen ez duen bertsio ofiziala

Itxi eta ireki, Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko auziak 25 urte egin zituen auzitegietan. 2010eko azaroaren 5ean, haren heriotzaren 25. urteurrenaren bezperatan, behin betiko itxi zuten. Egia judizialik ez da izango, beraz, gazte orbaizetarraren heriotzaren inguruan. Haren gorpua agertu zenean, ordea, egiak bere bidea hasi zuen. Gaur egun, ia inork ez du zalantzan jartzen Mikel Zabala hil arte torturatu zutela Intxaurrondon; eta gero haren gorpua Bidasoa ibaira eraman zutela, bertsio ofizialean Guardia Zibilari ihes egin eta han ito zela esateko.

Altzan (Donostia) atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an. Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Jon Arretxe atxilotu zituzten operazio berean. Zabalzaren bi anaia ere atxilotu zituzten Orbaizetan, baina hamar orduren buruan utzi zituzten aske. Abenduaren 15ean topatu zuen Guardia Zibilak Zabalzaren gorpua, Bidasoa ibaian, Gurutze Gorriko urpekariek hiru egunez goitik behera miatutako toki berean.

Guardia zibilen bertsioa: Zabalzak "bere borondatez" Endarlatsa inguruan armaz betetako zulo bat non zegoen esan behar ziela, eta horregatik eraman zutela hara; hiru guardia zibilek eraman zutela, gauez, eta haietako bati barrabiletan ostikoa eman eta ihes egitea lortu zuela; ibaira jauzi egin zuela; ezin izan zutela harrapatu; zulorik ere ez zutela topatu.

"Alde egin zuela? Nora? Igerian ez zekien eta. Neska-lagunaren bila 26 guardia zibil etorri ziren, lo zegoen neska baten bila, eta zulo bat topatzera hiru guardia zibilek eraman zuten, gauez? Faborez". Adierazpen horiek Mariano Lopetergirenak dira, Zabalzaren lagun eta Donostiako Tranbia Konpaniako lankidearenak.

Bertsio ofiziala hankamotz ikusi zuten gehienek hasieratik beretik, eta Zabalzarekin atxilotutakoen bertsioek sentimendu hori indartu baino ez zuten egiten. Manuel Bizkaik atxiloketaren egunean goizaldera arte Zabalzaren oihuak entzun zituela adierazi zuen; ondoren, gehiago ez. Idoia Aierbek deklaratu zuen Zabalza bitan ikusi zuela. Lehenengo aldian, eskuak atzean lotuta eta plastikozko poltsa bat buruan zuela ikusi zuen. "Bigarrenean, Mikelen tankerako gorputz bat ikusi nuen ohatila batean estalita, eta bi guardia zibili 'oso gaizki dago' esaten entzun nien".

Zabalzaren sendiak gorpua agertu aurretik ere txarrena espero zuen. Zeru-lurrak astindu zituzten, desagertuta zegoen senidea azal zedin. Garbiñe Garate amak eraman zuen borroka horren lema. Intxaurrondora bertara joan zen semearen berri zuzenean jakitera. "Semea galdu zaizula diozu? Zoaz eta bila ezazu objektu galduen bulegoan", erantzun zioten han. Ordurako, Zabalza hilik zegoen.

Hogei egun egin zituzten senideek eta ingurukoek Zabalza non zegoen jakin gabe, susmo txarrenak barruraino sartuta. Kalean mugimendu handia piztu zen, eta herritarren zein hedabideen presioa tarteko, epaileak Bidasoa ibaia dragatzeko agindua eman zuen abenduaren 7an. Hiru egun ibaia miatzen igaro zuten Gurutze Gorriko urpekariek. Gorpurik ez zegoela ondorioztatu zuten.

Jose Barrionuevo Barne ministroari ere (PSOE) galdetu zioten Kongresuan gaiari buruz. "Agertuko da", agindu zuen hark. Hiru egunra, guardia zibilek berek topatu zuten Zabalzaren gorpua, oraindik eskuburdinak jarrita.

Lourdes Zabalzak, Mikelen arrebak, honela hitz egin zuen, 25 urte geroago, Guardia Zibilak emandako bertsioari buruz "Bertsio bat eraiki zuten; zorionez, ez zen gai izan inor konbentzitzeko. Iritzi publikoak hasiera-hasieratik, ez zuen sinetsi; aitzitik, gure anaia ziegan jasandako torturengatik hil zela konbentzitu zen".

“Suspertzerako” aurrekontua

“Suspertzerako” aurrekontua

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu du jada datorren urterako aurrekontu proposamena. Batzar Nagusietan, departamentuz departamentu eman dituzte azalpenak, eta prentsaren aurrean ere ari dira agertzen sail bakoitzak bere diru sailarekin egin asmo duen kudeaketa. Guztira, 813 milioi euroren aurrekontuak aurkeztu zituen Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 9an. Aurreko urtekoaren aldean, %5,4koa da hazkundea, eta 42 milioi eurokoa da aldea kopuru orokorretan.

Kopuru osoaren zati handiena Gizarte Politiken Sailak eramango du, aurrekontuen ia erdia. Iazko aurrekontuekin alderatuta, kopuru orokorretan igoera handiena izango duen saila, ordea, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka izango da. 47 milioi eurotik 70 milioira igoko da departamentu horren aurrekontua—%49,11ko igoera—.

Aurreikuspenen arabera, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte aurrekontuak, Batzar Nagusietan.

GIZARTE POLITIKAK
Adinekoen laguntzak

Aurrekontu osoaren ia %47 gizarte politiketarako erabiliko du aldundiak. Aurten baino 17 milioi gehiago izango ditu, 346 milioi euro, guztira. Maite Peña diputatuak Batzar Nagusietan azaldu zuenez, pertsonak izango dira sailaren ardatza. Herritar bakoitzeko "480 euro baino gehiagoko inbertsioa" egingo dute.

Hiru lan ildo estrategiko izango ditu sailak: batetik, gizarte zerbitzuen antolaketa, kobertura eta kalitatea hobetzea. Horren barruan kokatu du 2015-2017 epeko gizarte zerbitzuen mapa. Hori ahalbidetzeko, egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitzetan 140 toki berri sortuko dituela aurreratu du Peñak. Etxeko arreta sustatzeko zerbitzu eta laguntzak ere indartzea da asmoa.

Bestetik, gizarte zerbitzuak egungo eta etorkizuneko premietara egokitu nahi ditu sailak. Adinekoen arretarako bideratuko du diru gehien, saileko aurrekontu osoaren %37 —128 milioi euro—. Horrez gain, 78 milioi euro zerbitzu edo laguntza ekonomikoetarako izango dira, 42 milioi euro adingabeen babeserako, 39 milioi euro desgaitasunen bat dutenei laguntzeko, eta 25 milioi euro gizarteratze eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako. Kabia eta Uliazpi foru organismoak kudeatzeko 21 milioi baliatuko ditu.

Hirugarren ildoa erakundeen arteko elkarlana izango da, gizarte zerbitzuen legea garatzeko.

BIDE AZPIEGITURAK
Errepideen kontserbazioa

Bide Azpiegituren Sailak 77,7 milioi izango ditu, aurten baino 7,5 milioi gehiago. Aurreko urteetan bezala, errepideen kontserbazioak eta artapenak hartuko dute aurrekontuaren zati handi bat: 56 milioi. Joan den legealdiarekin alderatuta, ia %5 igo da bideen artapenerako ohiko aurrekontua. 56 milioi horietatik 11 programa berezi batera bideratuko dituztela jakinarazi du Aintzane Oiarbide diputatuak. Datorren urtean abiatuko dute, artapen bereziei zuzenduta eta prebentzioan arreta jarriz.

Etzegarateko ordainlekua martxan jartzeko 10 milioi izango ditu diputazioak, baita "N-1 errepideko trafikoa berrordenatu eta errepide hori erabilita Gipuzkoa igarotzen duten kamioiek paga dezaten".

Gainera, Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa osatu nahi du. Horretarako, ia hiru milioi daude jasota GI-632ko Bergara-Antzuola zatirako proiektu berria idatzi eta obrei hasiera emateko. Horrekin batera, Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideak hobetzeko proiektuak ere biltzen ditu aurrekontu proiektuak.

EKONOMIA SUSTAPENA
50 milioiko plana

Gehien haziko den sailetako bat izango da Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekarena: 47 milioi euro izan ditu aurten, eta 70 milioi izango ditu 2016an. Kopuru horretatik gehiena aldundiaren apustu nagusienetako batera bideratuko dute, Ekonomia Suspertzeko Planera. Lau urterako plana da, eta urtero 50 milioi euro jasoko dituzte aurrekontuetan. Helburua: ekonomia bultzatzea, eta ongizate estatua eta lurraldearen gizarte kohesioa bermatzea. Datorren urterako, honela egin du banaketa: 27 milioi industriak eramango ditu, 10 milioi turismoak eta kulturak, 8 gizarteratzeak, eta 5 lehen sektoreak.

MUGIKORTASUNA
Lurraldebus eta Pasaia

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 58,6 milioi euro izango ditu 2016an, ia 10 milioi gehiago. Marisol Garmendia diputatuak sailaren lehentasunen artean aipatu ditu Lurraldebus eta Pasaia.

Lurraldebusi dagokionez, zerbitzua kudeatzeko 31,5 milioi euro izango ditu. Zerbitzua "hobetzea eta modernizatzea" da erronka, eta arreta berezia jarri nahi du erabiltzaileengan. Hori horrela, Lurraldebus Gunea sortuko du Donostian, herritarrei informazioa emateko. Milioi bat finkatu du horretarako.

Pasaialdea "erabat" biziberritzea da departamentuaren beste lan ildoetako bat. "Biziberritzea ez bakarrik hirigintzari dagokionez, baita ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez ere". 7,8 milioi jaso dituzte aurrekontu proiektuan; horietatik lau milioi Jaurlaritzarekin egindako akordioaren baitakoak dira, eta gainerako 3,8 milioiak aurretik hitzartu eta orain "berrabiatu" egingo diren ataletarako izango dira.

Donostia aldeko metroaren proiektua garatzeko 400.000 euro aurreikusi ditu aldundiak, proiektuaren lehen zatirako. Obren kostu osoa eta pagatu beharrekoaren zenbatekoa zehazten denean handituko da kopurua —obrak urte amaieran lizitatzea espero da—.

KULTURA ETA KIROLA
Kulturari protagonismoa

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailak ia 55 milioi izango ditu, aurten baino %15,9 gehiago. Gobernuak "protagonismo handiagoa" eman nahi dio kulturari, "gizartea eraldatzeko tresna bihurtu". Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzari 4,9 milioiko ekarpena egingo dio, 3 milioi Tabakaleraren eraikinerako eta 1,6 milioi hango jardueretarako. Gipuzkoako ohiko kultur ekitaldietarako diru sailei eutsiko die; Zinemaldiari, esaterako, milioi bateko ekarpena egingo dio, iaz baino 115.000 euro gehiago. Proiektu "estrategiko" handiak kudeatzeko, Parte Hartze eta Berrikuntza Unitatea sortuko du —12 milioi euro—.

Turismo Sailera 1,6 milioi euro bideratuko dituzte. Kirol esparruan Kirolgiri bultzada eman nahi dio aldundiak, eta gazteen kirola eta kirol egokitua sustatu. Lankidetzari dagokion aurrekontuak 3,8 milioi izango ditu (%0,30eko igoera).

OGASUNA ETA FINANTZAK
Iruzurrari aurre egin

2015eko kopuru antzekoetan mantentzen da Ogasuna eta Finantzak sailaren datorren urteko aurrekontua; 46 milioi euro izango ditu Jabier Larrañaga diputatuak zuzentzen duen departamentuak kudeaketarako. Ogasuna zergadunei hurbiltzeko eta haiei eskaintzen zaizkien laguntza eta arreta zerbitzuak hobetzeko 11 miloi euroko sail bat izango da.

Baina diru kopuru handiena zerga administrazioak eramango du: 20 milioi euro. Larrañagak nabarmendutakoaren arabera, zerga iruzurraren aurkako borrokarako baliabideak bere horretan mantenduko dituzte. Bestalde, "zerga eginbeharrak betetzearen inguruko mentalitate aldaketa" landu nahi du, eta hori ere sartuko da sail horretan.

GOBERNANTZA
Eraldatzearen euskarri

39 milioi euro pasatxo izango ditu Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak. Ia erdia, %45, Suteen Aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzura joango da; %14,72 aldundiaren zerbitzu orokorretara; %13,14 Funtzio Publikoak eramango du; %10,6 departamentuko zerbitzu orokorrek; %7,51 Modernizazio eta Zerbitzuen Hobekuntzako zuzendaritzara joango da; %5,23 Idazkaritza, Aholkularitza eta Defentsa Juridikora; %2,66 Herritarren Partaidetzak eramango du; eta %1,21 Kanpo Harremanetarako izango da.

Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen arabera, "aldundiaren kudeaketa eraldatzeko euskarri nagusia" izango da departamentu hori.

INGURUMENA
Errauste planta

Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamentuak ia 21,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, eta horien artean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari zuzendutako 6,2 milioi euroko sail bat ageri da, errauste planta eraikitzeko izango dena. "Aurreikusten diren azpiegiturak egiteko" jartzen du atal horretan, eta 2019ra bitarteko "kredituak" aurreikusten ditu, orotara 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke. Aurtengo 6,2 milioiei, 26 milioi pasatxo gehitu behar zaizkie 2017ko aurrekontuan; beste 40 milioi 2018koan; eta, azkenik, 12 milioi euro gehiago 2019an.

DIPUTATU NAGUSIA
Hizkuntza Berdintasuna

Diputatu Nagusiaren Kabinetea osatzen duten bost zuzendaritzetatik, Hizkuntza Berdintasunerakoak izango du aurrekontu handiena hurrengo urtean: 6,1 milioi euro —sailaren aurrekontu osoaren %35,6—. Mikel Irizar zuzendariak azaldutakoaren arabera, euskararen biziberritze prozesuan "apalaldia" sumatzen da, eta horra zuzendu nahi du bere jarduna. "Berrikuntza premia nabaria da, diskurtsoetan bezala ekintzetan".

Kabineteko gainerako zuzendaritzen artean honela banatuko da dirua: Estrategia Kudeaketarako zuzendaritzak —berria da— 2,6 milioi euro izango ditu; Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaritzak ia 1,9 milioi; Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzak 1,5 milioi eta Komunikazio zuzendaritzak 12,4 milioi.

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Datorrenaren olatuan helduleku bat

Negua dator, hotza; migranteek Mediterraneoaren barnako ihesaldian jasan beharko duten oztopo bat gehiago. Lesbosera iritsi nahi dute askok; bederatzi kilometroko tartea egin ohi dute, Turkiatik irten eta Egeo itsasoan, baina ez da beti egingarria iza...

“Inbertsio handiak” aurkeztu ditu Donostiako udal gobernuak

Eneko Goia Donostiako alkateak 377 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du; aurtengoa baino %5,34 handiagoa —horietatik 313 milioi dira udalarenak, eta gainontzekoa erakunde autonomo eta elkarteena—. "Inbertsio handiko aurrekontua" izango dela aurreratu du: "Nahiz eta gastu arruntak %1,83 handiagoak diren, kapital gastuak %19,74 handituko dira, eta, ondorioz, inbertsioak %32,64 handituko dira", adierazi zuen Goiak aurrekontu proiektua aurkezterakoan.

128 sail jaso dituzte aurrekontu proiektuaren zirriborroan, inbertsioak egiteko. Besteak beste, honako hauek nabarmendu dituzte: Urumea bideratzeko inbertsioak —bideratzeko bigarren fasea egiteko desjabetzeak, Txomin Enea...—; Altzako kiroldegia berritzeko inbertsioa, eta Morlanseko eraikina egokitzeko inbertsioak. Era berean, hiria hobetzeko zerbitzuen gaineko sailak ere handituko dituzte; esaterako, bideen garbiketarako saila %7,72 handiagoa izango da, eta parke nahiz lorategiak mantentzeko saila %3,33 handituko dute.

Aurrekontu proiektuak gizarte zerbitzuetarako baliabideak "indartzen" ditu, Goiaren arabera: "Gizarte larrialdietarako laguntzen gaineko aurrekontu sailak berdin jarraituko du, baina horien ezustekoetarako saila 559.000 eurokoa izango da".

Horrez gain, Europako Hiriburutzari ekarpena egingo dio udalak: 2016 fundazioari 4,9 milioi, eta beste 5 milioi euro hiria behar den bezala prestatzeko.

Abenduaren 3ra arte zuzenketak aurkez dakizkioke aurrekontu proiektuari, eta abenduaren 22ko udalbatzarrean behin betiko onarpena ematea espero dute.

Xanpaina, emakumerik gabe

Xanpainarekin dugun harremana arras berezia da gurean. Ospakizunetan baino osoki gozatzea ez dagokigun edabe esklusibotzat dugu. Handikiek noizean behin tragoxka ttipi bat egitera baimenduko baligute bezala tratatzen dugu. Ez delako berez guretzat. Ab...

Urre beltzaren asteburua

Urre beltzaren asteburua

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltz esaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat "erakusleiho garrantzitsua" da: "Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da".

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna "oso atzenduta" zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu "estimatua" dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, "oso errotua" dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak "identifikatzen" dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: "Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi". Kalitateari dagokionez, ordea, "azken lau urteetako babarrunik onena" dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan "eguraldi arraroak" egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori "berehala apurtu zen", lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak "EAEko eremu berdean" ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: "Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?".

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara "ohitu gabe" dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta "berezia" izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra "analizatu" egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du "hektarea bat eta erdi edo bi eskas". Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

Errefuxiatuak gogoan, “oihu solidarioa” Errenteriatik

Mundu osoan altxatutako hamaika harresitan pitzadurak eragiteko asmoz sortu zuten Mikelazulo elkartekoek Herrien Astea, orain 21 urte. Ordutik, temati aritu dira urtero-urtero elkarteko kideak, harresiak suntsitzeko ahaleginean ez ezik, baita harreman...