Bertso-albisteak

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Hirugarrengoan bai. Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik joan den larunbatean. Bertso eskoletan aritzen direnak aipatuz egin zuen txapeldunaren agurra, Illunben jokatutako finalean: "Bertso eskolaz bertso eskola/ belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da/ zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela/ esaten ziotenari". Belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu zuten buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak: Gaztelumendik eta Alaia Martinek. Aurtengo txapelketan, hain justu, behin baino gehiagotan aipatu da belaunaldi aldaketa, bertsolari gazteen parte hartzea, eta baita haien maila ere.

Hari "luze, fin baina sendo batekin" lotuta egin du zortzi hilabeteko bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Finalaren atarian, hala deskribatu zuen hilabeteotako jarduna Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: "Urrun samar gelditzen da, baina maiatzean Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori finalaren beste hari muturra da". Maiatzaren 9an hasi zen lehia, Astigarragan, txapelketarako sailkapen fasearekin. Jendetsu bezain bizi hasi zen: hilabeteko epean, 24 saio izan ziren Gipuzkoako hamabi herritan; herri bakoitzean bi saio egun berean, goizez eta arratsaldez. Bertsolariekin batera, martxan jarri ziren gainerako taldeak ere: gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, laguntzaileak, bertsozaleak...

74 bertsolaritik, lehenengo 30ek lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Jon Maia izan zen lehen sailkatua, 583 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren Ander Lizarralde (580,5) eta Mikel Artola (577). Maiak lehen fasetik finalera arteko bidea egin zuen; beste biek, berriz, finalaurrekoetaraino iristea lortu zuten. Antton Fernandez izan zen udaberriko fase hartako azken sailkatua, 529,5 punturekin.

Txapelketa bera irailaren 20an abiatu zen, Beasainen, 43 bertsolarirekin, baina Aitor Sarriegi gabe. 2011ko txapeldunak aurten ez parte hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Hitza-ri urrian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, erabakia ez zen erraza izan, beti gustatu izan zaiolako aukera daukana txapelketara aurkeztea: "Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen".

Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatutako 30 bertsolariei beste hamahiru gehitu zitzaizkien, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak, zehazki. Hamahiru horietatik sei final-zortzirenetan sartu ziren lehian, 2011ko txapelketan finalaurrekoetara sailkatu ziren baina finaletik kanpo geratu ziren seiak: Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Felix Zubia eta Jokin Uranga. Gainerako zazpiak finalaurrekoetan sartu ziren: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Kanporaketak, hiru hilez

Hiru hilabeteko tartean, sei final-zortziren, bost final-laurden, eta hiru finalaurreko jokatu zituzten. 36 bertsolari aritu ziren final-zortzirenetan, eta horietatik 23 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako, sei beren saioak irabazita, eta gainerakoak puntuazioaren arabera. Puntuaziorik altuenarekin aurrera egin zuen Jokin Urangak (457,5 puntu); Jon Maia (456,5) eta Ane Labaka (444) sailkatu ziren jarraian. Final-laurdenetan, 23 bertsolari horiei gehitu zitzaizkien aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak. Final-laurdenetatik finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari pasatu ziren.

Txapelketa hasi aurreko pronostikoen aurka, finalaurrekoetatik kanpo geratu ziren Jokin Uranga, Mantxi eta Jexux Mari Irazu. Mantxik Gipuzkoako Hitza-ri aitortu zion ez dagoela gustura egindakoarekin: "Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako". Irazu 1995. urtetik izan da finalista Gipuzkoakoan, eta txapeldunorde bitan, 1995ean eta 1999an. Gainera, Euskal Herriko txapelketan 1997tik etenik gabe aritu da; aurten, ordea, ez du lortu txapelketa nagusirako sailkatzea.

Beterano eta gazte

Esperientziadunak eta finaletan hasiberriak zirenak bildu ziren Illunben. Hirugarren finala zen Gaztelumendi, Maia eta Agirrerentzat; bigarrena Martin, Apalategi eta Labururentzat; eta, lehenengoa, Iguaran eta Xamoarentzat. Datu bat: ia hogei urteren aldea zegoen Maia beteranoaren eta Iguaran gazteenaren artean.

Bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren Gaztelumendi eta Martin; Laburu ere fin ibili zen ofiziotan, eta buruz burukora sailkatzeko bikotean egon zen une batez, Gaztelumendirekin batera. Lehen zatiko kartzelan, arreta eman zuen txapeldunak eta txapeldunordeak nola heldu zioten kartzelakoari, ideia oso antzekoa aukeratu baitzuten. Buruz burukoa jokatu eta gero, 19 punturen aldea atera zion Gaztelumendik Martini.

"Luze" egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen, eta bertso bakoitzaren puntu bakoitza bereganatzeko borrokatu zen. Hala adierazi zion finalaren biharamunean BERRIAri: "Finala xake partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan".

Inaxi Etxaberen eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, "plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa". 1955ean idatzi zituen Etxabek lehen bertsoak, eta, harrezkeroztik, ez da geratu. Gordeta ditu bizitzan idatzitako bertso guztiak. Etxaberen jardunari eta beste zenbaitenari kantatu zion Iguaranek azken agurrean: "Bereziki miresmenez/ ahotsa altxatzen lehenak/ lehen bidezidor hoiek dira/ irekitzeko zailenak/ gaur nolabait Inaxirekin/ igoko zaizkigu denak/ gu hona iritsi gintezen/ bidea egin zutenak".

“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau”

“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau”

Beñat Zamalloa Akizu «Sentipena dut atzo [herenegun] eman nuena baino gehiago ez daukala», zioen atzo Beñat Gaztelumendik (Donostia, 1987), Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Larunbatean Donostiako Illunben jokatu zen finala «parekatua» izan zela sentitu zuen, eta «oso detaile txikietan» erabaki zela. Lehia bakarra bere buruarekin du. Nola ospatu duzu? Nik beti Añorgan ospatzen dut dena: finalera...

Aurrez ezin txapela inori jantzi

Aurrez ezin txapela inori jantzi

Beñat Zamalloa Akizu (Berria) Txapeldunorde birritan izan delako, Beñat Gaztelumendi izan liteke txapelerako hautagai nagusi. Edo, ibilbideagatik, izan liteke Jon Maia. Azken txapelketetan eta Tolosako finalaurrekoan distiratsu eta izarrak alde balitu bezala kantatu zuelako, Unai Agirre ere izan liteke. Alaia Martinen begirada findu eta zorrotzak ere har lezake txapelaren geriza. Agin Laburu da, bere estilo...

Finalaren atarikoen begirada

Finalaren atarikoen begirada

1. Zein balorazio egiten duzu Gipuzkoako bertso txapelketan egindako lanaz?

2. Oro har, nola ikusi duzu txapelketako partaideen maila?

3. Finalari begira, zer espero duzu?

Lau urtean behingo egun handia iritsi da: Gipuzkoako bertso txapelketaren finala. Bihar, 17:00etan hasita, zortzi bertsolari izango dira Donostiako protagonista nagusiak. Bi bertsolariren arteko azken buruz burukoaren aurretik, hamabosna bertso osatu beharko dituzte.

Illunbera arteko ibilbidea luzea izan da, ordea, eta maiatzaren 9tik abenduaren 6ra bitartean, protagonista ugari gelditu da bidean; 79 guztira.

Bertsolari bakoitza helburu desberdinekin aurkeztu da txapelketara. Baina txapelketak berarekin dakarrenez, batzuek lortu dute helburua, eta beste batzuk lortu gabe geratu dira. Bi urte barru jokatuko den Euskal Herriko txapelketara begira jarri dira dagoeneko txapelketako lehenengo hamazazpi bertsolariak.

Ohi bezala, egindako lanarekin batzuk besteak baino gusturago geratu dira. Finalaren atariraino iritsi diren bost bertsolariren iritziak jaso ditu Hitza-k.

MIKEL ARTOLA

Hamaikagarren, txapelketan

"Txapelketan, beste askotan bezala, tentsioa nabarmendu da"
1

"Pertsonalki, helburuak beteta gelditu zaizkit. Behin final-erdietara iritsitakoan beti ahalik eta goien geratu nahi izaten da, baina Oihana [Iguaran] finalera iritsita helburuak ondo beteta gelditu zaizkigu. Maiatzean hasi nintzen txapelketan, eta, egia esanda, luze samar egin zait. Sailkapen fasea pasatzea, txapelketan sartzea eta ahal bazen final-laurdenetara ailegatzea zen helburua. Behin fase horretara iritsitakoan gehixeago nahi izaten da. Orain Euskal Herriko txapelketa ondo prestatzeko bi urte dauzkagu. Bide bat hasi dugu aurten. Gure belaunaldikoen txapelketa zen, eta Oihana da gure belaunaldikoen artean urrutiena iritsi dena".

2

"Bertsoaldi batzuetan oso maila ona egon dela iruditzen zait, baina beste saio batzuk izan dira epel samar joan direnak. Neronek kantatukoren bat ere tokatu zait hala moduz joan dena, neroni barne. Txapelketan, beste askotan bezala, tentsioa nabarmendu da. Tentsio gehitxo egon da saio batzuetan, eta plazako askatasun horri ez diogu utzi ateratzen. Bertsolariez gain, gai-jartzaileak oso ondo aritu dira, gai-jartzaile taldeak lan izugarria egin du. Antolakuntzak ere zer esanik ez. Askotan bertsolarien maila bakarrik neurtzen da; gainontzean, jendea bere tokian ondo egon da".

3

"Batzuk txapelaren bila joango dira, eta beste batzuk publikoa irabaztera joango direla iruditzen zait. Baina txapela irabazi behar duenak publikoa ere irabazi beharko du. Txapelaren bila joateko Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia eta Agin Laburu ikusten ditut. Gero, edozer gauza gerta liteke. Edozein ikusten dut gai buruz burukoan sartzeko".

BEÑAT LIZASO

Hamabigarren, txapelketan

"Helburua finalerdietara iristea jarri genuen, eta ailegatu gara"
1

"Balorazioa ona dela esango nuke. Urtean lau saio eginda, gero txapelketan finalerdietara ailegatzea nahiko lorpen bada. Helburua finalerdietara iristea jarri genuen, eta ailegatu gara. Martxan jarri ezinda bezala ibili naizela esango nuke, baina erori gabe. Neurerik eman gabe, baina konforme egindakoarekin. Euskal Herrikorako sailkatzea nahi nuen, eta hori lortu dut. Duela bi urte Euskal Herrikoan kantatu nuen, baina familia eduki nuen, eta batere prestatu gabe harrapatu ninduen. Berriz ere sailkatu nahi nuen, eta gustura. Orain beste bi urte ditut prestatzeko".

2

"Uste dut nerbio asko egon dela aurten. Saioa ez dela lehertu esango nuke. Justu geure saioa, Tolosakoa, izan zen puntuaziorik handiena izan duena. Jendea nerbioso, hoztuta edo bererik eman gabe aritu da. Ez da saio oso onik izan. Inork ez du nabarmen koskarik atera. Jendea lotuta ibili da".

3

"Final on bat izango dela uste dut. Orain dela lau urteko finalistek finalera iristeko helburua izango zuten, lotu samar ibili dira asko. Finalean askatuko direla uste dut. Finala irekia da, gainera. Orain arte ez da inor nabarmendu. Berdintsu joango da, eta edozeinek irabaz dezake. Txapeldun berria izango da".

NEREA ELUSTONDO

Bederatzigarren, txapelketan

"Konbentzimendu handirik gabe hasi nuen txapelketa"
1

"Konbentzimendu handiegirik gabe hasi nuen txapelketa, eta daukadan sentimendua da ez naizela benetan txapelketan egon. Saio txar-txarrik ez dut uste egin dudanik, baina on-onik ere ez. Sentsazio arraroarekin nago: lortu dut tenplea mantentzea eta ez erortzea, baina bertsotan sentsazio grisekin aritu naiz, kokatu ezinda bezala. Balorazio positiboan utziko dugu, baina perla batzuk ez uztearen penarekin. Oso janda neukan ez nintzela finalean sartuko, eta, gainera, txapelketara aurkezteko helburua ere ez zen finala. Alde horretatik, jakin nuenean kalean geratu nintzela, ez nuen pena berezirik hartu. Baina gero jende asko etorri zait pena izan dela esanez. Egia da, pasatu eta gero, penatxo bat sortu zait finalean ez sartuta. Euskal Herriko txapelketarako sailkatzea nuen helburua, eta, alde horretatik, gustura".

2

"Nik kantatu dudan saioez gain, pare bat saio bakarrik ikusi ditut zuzenean, ez diot jarraipen handirik egin. Maila txukuna egon dela esango nuke. Oso parekatua dago maila Gipuzkoan. Egon naizen saioetan lehenengotik azkenera ez da alde ikaragarririk egon. Ezustekoak egon dira, onerako eta txarrerako".

3

"Oso irekia ikusten dut finala, esan dudan parekidetasun horregatik. Batzuek oso izen ukaezinak ikusten dituzte, baina nik ez nuke baserria jokatuko inoren alde. Zortzikote horretan edozeinek eman lezake sustoa. Egun bakarrean hamabost bertsotara jokatuko da finala, eta oso irekia ikusten dut".

JON MARTIN

Hamalaugarren, txapelketan

"Egindako prestakuntza lanarekin gustura nago, emaitzarekin ez"
1

"Egindako prestakuntza lanarekin gustura nago, emaitzarekin ez. Azkeneko hiru txapelketetan finalera iritsi naiz, eta oraingoan finalerdietara. Noizbait iritsi behar zen finaletik kanpo geratzeko unea, baina finalean egotea ere polita zen, eta gustatuko litzaidake. Txapelketan parte hartzeko zalantza handia izan nuen, eta oraindik ez dakit asmatu nuen ala ez. Kontua da nik ikaragarri gustura egingo nukeela txapelketa bat Jon Martin izan gabe. Lehenengo aldiz parte hartzen duen bertsolari batek dena dauka irabazteko, eta jendea oso identifikatuta sentitzen da. Aldiz, noizbait zerbait irabazi edo arrimatu izan dena, galtzeko beldurrarekin aritzen da. Eta beldurra eta bertsoa ez dira ondo eramaten. Bertsoak arriskatzeko tarte bat behar du, eta, beste txapelketetan hobeto eraman dudan moduan, oraingoan ez da horrela izan".

2

"Maila polita izan da. Txapelketa honek, gainera, indartuta ekarri digu orain arte itzalita egon den belaunaldi bat. 2003an oso ondo sartu zen 1981. urtean jaiotakoen belaunaldia, eta geroztik ez du mailarik jaitsi. Bestalde, 2007an indarrez agertu zen 1987. urtean jaiotakoen belaunaldia. Aurreko txapelketan ere hala erakutsi zuten. Tartean, gelditu dira, historikoki, bai txapelketa nagusietan, eta bai eskolartekoetan, itzal samarrean gelditutako belaunaldi bat. Txapelketa honetan poztu nau tarteko belaunaldi hori dela, besteek behera egin dugunean, erreleboa hartu duena".

3

"Nire bi lagun onenetako, [Iñaki] Apalategi eta Xamoa, buruz buru hortxe egongo dira; arreba [Alaia Martin] dago tartean, bertso eskolan entrenamenduetan jardun garen guztiak hor daude... Finalista guztiak oso-oso gertukoak dira.

Ondo pasatzera joango naiz ni finalera. Egia esan, neurri batean, baneukan gogoa finaletik kanpo gelditu eta finala beste begi batzuekin ikusteko. Denek ondo kantatuko dutela badakit, oso bertsolari onak direlako. Ea nork daukan zortea. Zozketa izango da gakoetako bat, zein lekutan esertzea egokitzen zaien, gaiek ere asko eragingo dute, sozialak edo emozionalak diren... Irekia izango da".

FELIX ZUBIA

Hemezortzigarren, txapelketan

"Gazitasun bat badut, Eibarren ez nuelako neure onena eman"
1

"Neure txapelketarekin oso gustura gelditu naiz, oso. Geuretzat, elkarrekin prestatzeko aukera on bat izan delako. Pello Esnal eta Nikolas Zendoia maisu hartuta ibili gara Mantxi [Iñigo Mantzizidor], Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso eta laurok. Aurreneko saioa oso ona egin genuen, final-laurdenetan ere gustura, —Mantxi gelditu zen kanpoan—, eta beste hirurak finalerdietan aritu gara. Ondo, beraz. Nik neuk gazitasun puntu bat badut, Eibarren ez nuelako neure onena eman. Baina, hala ere, oso gustura. Euskal Herriko txapelketarako sailkatu gabe gelditu naiz, baina pentsatzen jarrita, bakarren bat gelditu beharrean zegoen. Berdinduta finalerdietara sartu ez denik ere bada… Txapelketek beti dituzte horrelako gauzak. Pena horrekin bai, bi urteko Euskal Herrikoan ez dudalako kantatuko, eta plaza ederrak izaten dira. Baina gainerakoan oso ondo".

2

"Maila tekniko oso ona egon da. Beti bezala, gazte asko ateratzen dira, eta zaharrago batzuk atzean gelditzen dira. Hori betiko legea da. Gazte oso interesgarriak ateratzen ari dira, eta hori oso seinale ona.

3

"Egun polita ateratzea eta jende guztia gustura ateratzea espero dut. Askotan, horrelakoetan, nerbioak izaten dira, eta bertsolariek ez dute ematen daukaten onena. Ez dut izenik emango, baina sorpresa egongo da".

Zehaztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Zehaztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Beñat Zamalloa Akizu (Berria.eus) Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak. Azken finalaurrekoa Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu da, eta hortik Maia eta Xamoa sailkatu dira finalera. Maia (500,5 puntu) eta Xamoa-ren (481 pt.) ondotik sailkatu dira: Nahikari Gabilondo (468...

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.

Hiru hilabeteko bertso lasterketari etzi ekingo diote, Beasainen

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.