Gipuzkoako Bertso Txapelketa

Sesiorik gabeko obsesioa

Sesiorik gabeko obsesioa

Autoa toki ona da entrenatzeko. Anaiarekin puntuka aritzen da Mikel Artola. Bolantea hartuta Oihana Iguaran ere, bakarka eta ozen, erlojua parean duela. Lanean, Iñigo Gorostarzuk burutik kendu ezinda ibili ditu errimak eta doinuak. Imanol Irazustabarrenak puntukako saio bakarren bat egina du aitarekin, eta Unai Mendizabalen azkenetariko bertsoak haren anaiak entzun ditu: "Sasi-garbitzeko makina pasatzen ari nintzen, bertsotan; geratu, eta anaiak, ondotik: 'Ederra huan!'". Tolosaldeko bost bertsolariak Zizurkilgo Iriarte jatetxean bildu dira astearte arratsaldez; entrenamendu saioa egin aurretik, Gipuzkoako txapelketarako prestaketez hitz egin dute.

Obsesioa. Hitz hori darabilte azken egunetakoa definitzeko. Artolak dioenez, ia ez du "beste ezertan" pentsatzen lehian dabilen bitartean. Iguaran ere bat dator: "Zeure burua errimak egiten harrapatzen duzu". Whatsappean duten taldean honako hau izan da azken bi asteetan gehien errepikatu den mezua: "Bidali bakarkako gaiak".

Bakarkako lanketa, hala ere, ez da bereziki jorratu duten zerbait, Artolaren arabera: "Denetik dago, baina guk gutxiago egiten duguna etxeko lan pertsonala da. Elkartu asko, aritu asko, serio, baina etxeko lanak gutxi". Prestaketaren hasieran Andoni Egañarekin elkartu ziren, klabe batzuk jasotzeko. Oinarrizko gako batzuk badituzte: etxean landu beharreko garrantzitsuena errimak dira, eta bakarkakoa.

Errimetarako, margaritaren formula proposatu zien Egañak: lorearen erdian errima jarri, eta petaloak bukaera hori duten hitzekin osatzea. "Esan zigun txapelketara lasai joateko 70 bat egin behar zirela. Gu gabe ere lasai joan gara ba!", dio Artolak, barre artean. Paperean egin ez arren, errimak buruan badituztela uste du Iguaranek: "Inkontzienteki, zuk badituzu 70 errima kaxoi buruan bertso bat osatzeko adina. Beste gauza bat da errima berberekin gabiltzala toki guztietan...".

Errimak ez ezik, doinuak lantzea ere garrantzitsua da. Bakoitzak bere galbahea pasatzen du; hala ere, gustukoenekin entrenatu ohi dira. "Doinu berriak ateratzen ere saiatu gara, baina komeni da neurri bakoitzeko bizpahiru kontrolatuta edukitzea", dio Gorostarzuk.

Taldeko lana

Tolosaldekoek ondo ezagutzen dute elkar. Badira hiru urte Harituz bertso eskolan elkarrekin dabiltzala, eta urte osoan, astean gutxienez behin elkartzen dira; asteazkenetan, normalean. Txapelketarako bereziki, martxotik dabiltza. Biltokia txandakatzen doaz: Amasan, Alegian, Zizurkilen... Lehia arrimatzen zihoan heinean, nahi duenak ia egunero izan du kideekin bertsotan egiteko aukera. Egindako entrenamendu saioen kopuruan ez ezik, intentsitatean ere badago aldea, Mendizabalek dioenez: "Besteetan kontu batzuk esan, lasai, ariketa gehiegi egin gabe... Txapelketa prestatzen ezberdina da. Bakoitzak txapelketako ariketa bana egiten du behintzat". Taldea zatikatu ere egin izan dute; seiko taldetik hiruko bi osatu, bertsotan gehiago egiteko.

Bertsokera aldetik, norberak landu du berea, baina nabaritu dute entrenamenduetan elkarrekin aritu direla. Artolaren arabera, sailkapen fasean nabarmendu egiten zen elkarrekin arituta zeudela: "Kantatzeko moduak eta gaiei heltzeko moduek bazuten taju bat". Horregatik ere betiko taldetik ateratzea aberasgarria da Mendizabalentzat, bertsotan egitera ohituta ez dagoen talde bat bilatzea: "Guk bertso eskolan elkarrekin egiten dugu, eta plaza gehienetan ere elkarrekin. Elkar harritzea oso zaila da". Hernani eta Lasarte ingurukoekin elkartu dira, tarteka Iker Iriarte izan dute, Amaia Agirre, Felix Irazustabarrena... Ondo etorri zaie kantatuko ez zuen jendea ondoan izatea, ikuspuntu objektibo batetik begiratzeko. Hala dio Irazustabarrenak: "Gaiari heltzerakoan, gehienbat, esaten digute 'hortik ez hartu, edo'... Kantaeran ere laguntzen gaituzte". Ate irekiko saioak ere antolatu dituzte eskualdean, entrenamendu gisa, euren buruari "presio pixka bat jartzeko".

Norberak bere ohitura edo trukoak ditu. Egañak kontatutakoak ekarri dituzte gogora: "Berak esaten zuen bazkaldu eta gero hobeto kantatzen zuela. Goizean saioa bazuen, goizeko lauretan jaikitzen zen, bederatzietan bazkaldu... Erritmo biologikoa berdina eramateko goizeko saio batera". Horrelakorik egitera iritsi gabe, belar dendako lasaigarriak hartutakoa da Artola: "Lehen saiorako hartu nituen. Gero ia ez, eta hobe hartu izan banitu!". Goizeko saioa tokatzen zaionean, Iguaranek garrantzi berezia ematen dio ahotsari: "Oso inportantea da ahotsa esna izatea; buruak baino gehiago larritzen nau ahotsa ondo izateak".

Hizketaldiaren ondoren hasi da entrenamendua. Saiora batu zaie Haritz Mujika ere. Gaiak prest ekarri ditu Mendizabalek orri batean; normalean, pasatako txapelketetako gaiak aprobetxatzen dituzte. Mikrofonoarena egiteko, berriz, atril bat jarri dute mahai parean. Altxatzeko esan die Mendizabalek Iguaran eta Irazustabarrenari, eta ama-semeen rolean jarri ditu. Semeak arropa berri asko dakar azkenaldian, eta ama gaur konturatu da lapurreten aurkako gailuarekin dakartzala. "Poltsa hortan ez al dezu amantzat ezer ekarri?", galdetu dio Iguaranek. Bertsoak entzun bitartean, errimak orrian apuntatzen ari da Mendizabal. Ariketa amaitzean, iritziak: "Oso ondo"; "bigarrena asko gustatu zait"... Horrela doa aurrera saioa, txapelketako ariketa guztiak egin arte.

Bederatzitik sei

Txapelketa "aspaldi" hasi zen haientzat. Hasierako Gipuzkoa Bertsotan fasean hasi ziren lehian, maiatzean. Bederatzi ordezkari ziren Tolosaldetik: sei horiez gain, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz —eskualdeko Jexux Mari Irazu final-laurdenetan hasiko da lehian, hilaren 24an—.

Bederatziko taldea elkarrekin aritu da prestaketan, "beti ez batera, baina bai boladaka". Lehian, berriz, bakantzen doaz pixkanaka: Gorostidi, Azpiroz eta Irazustabarrena Gipuzkoa Bertsotan fasean geratu ziren; datorren asteburuko saioen faltan, Oihana Iguaran eta Mendizabal final-laurdenetan dira dagoeneko, "Beñat ere ia seguru"; eta gainerako hirurek zail dute sailkatzea. "Nik behar dut milagro txiki bat... Handi xamarra", dio Artolak, barrez. Asteburuko bi saioetako emaitzen zain egon beharko dute.

Lehenengo Gipuzkoako txapelketa dute Mendizabalek, Irazustabarrenak, Azpirozek eta Mujikak. Bigarrena da, berriz, Artola, Gorostidi eta Oihana Iguaranentzat, eta, hirugarrena Gorostarzu eta Beñat Iguaranentzat. Gustura daude orain artekoarekin. Mendizabalek, esaterako, helmuga jakinik gabe eman zuen izena, parte hartzeko intentzioz, eta hasierako fasea pasatzea eta orain final-laurdenetara pasatzea sekulakoa izan da harentzat. Eta ez pasatze hutsa bakarrik: "Maila horretan, izen handiko bertsolariak daude. Zeure burua horien pare ikustea eta haiekin bertsotan erritmoan zabiltzala ikustea gauza ederra da".

Pertsonalki egiten dutenetik aparte, talde modura bizi dute txapelketa: "Txapelketak denei eman digu; prestaketa horretan, gure bertso maila koska bat igo da. Gure bertso eskolak urtebetean asko hobetu du". Ados da Iguaran: batzuk atzean geratu dira, baina denek hobetu dute. Argi dute egun bateko aldagai askok erabaki dezaketela saioa hobea edo okerragoa izatea: gaiek, zorteak, bakoitzaren egoerak... "Ez da Tourrean bezala etapa pila bat dauzkazula; bat daukazu, eta hor huts egiten baduzu, geratu egiten zara".

Hala ere, azkeneko astea edo egun parea urduri pasatzen duten arren, prestaketan aritu izanak lasaitasun pixka bat ere eman die. Segurtasuna. Duela lau urteko txapelketa ekarri du gogora Artolak: "Egunean bertan oso larri gogoratzen dut neure burua, trabatuko ginelako eta...". Asko prestatzeak laguntzen duela konturatuta dago, aurrez pentsatzen zuenaren kontra: "Nik esaten nuen astean behin elkartuta nahikoa zela, gero ideia freskoagoekin egoteko... Baina ez. Gero eta gehiago aritu, gero eta hobeto". Aurreko lan hori baliatuta, beste jarrera batekin doaz bertso saioetara, Iguaranek dioenez: "Ni orain saio batera noa, eta badaukat eskaintzeko, eta pentsatzen dut: 'ea asmatzen dudan daukadana ematen', eta ez ea huts egingo dudan. Oso ezberdina da jarrera".

Aurrera pasatu edo ez, gustura daude taldean lortutakoarekin. Hasieran "espero baino gehiagok" egin dute aurrera. Apustuak ere egin zituzten euren artean: bederatzietatik erdiz atzera geratzen zirenek aurrean geratzen zirenei afaria pagatu beharra. Eguna jartzeko daukate oraindik.

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. Beasaindarrak aitortu duenez, "arraroa" egiten zaio txapelketa martxan izan eta bera hor ez egotea. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.

Zergatik egin diozu uko Gipuzkoako txapelketari?

Erabakia ez zen erraza izan, batik bat beti gustatu izan zaidalako aukera daukana txapelketara aurkeztea. Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen. Hogei urte dira txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuenetik, eta ordutik hamar txapelketatan kantatu dut: bost Gipuzkoakotan eta bost Euskal Herrikotan.

Horrek esan nahi du bi urtetik behin txapelketa bat jokatu duzula.

Bai, eta desgaste handia sortzen du horrek. Azkenekoetan bukaeraraino iristeko zortea izan dut, eta horrek aukera ematen du txapelketan geroago hasteko. Baina aurrekoetan hasieratik hasten nintzen, eta asko nekatzen du horrek. Duda handiarekin, baina aurtengorako ez dut izenik eman. Martxan jarri denean konturatu naiz hala behar zuela. Seguruenera gero inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean. Atsedena behar dut. Adin klabera iristen ari naiz.

Zein da adin klabea? 40koa?

Bai. Gehientsuenek adin horren bueltan zirt edo zart egiten dute. Jendeari ez zaio iruditzen, baina, atzera begiratuz gero, Sebastian Lizasok 40 urteren bueltan utzi zion txapelketari. [Unai] Iturriagak orain dela bi urte kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrikoan; nik orain berak zeukan adina daukat. [Andoni] Egaña ariko zen luzeen, Euskal Herriko txapelduna zelako. Gipuzkoakoan, Aitor Mendiluzek azkena 2007an kantatu zuen, Maialen Lujanbiok 2003an...

Txapelketa zalea izan zarela esan duzu. Txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzu.

Bai, zapore gozoarekin geratzeko zortea daukat. Parte hartu dudan txapelketetan, taldekoetan ez, baina Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan, beti finalerdietara iritsi naiz. Azkeneko lautan finalera ere bai. Txapelketa gustatzen zait. Txapelketan, plazan ez bezala, zeure burua estutzen duzu. Jendeak ere desberdin entzuten du txapelketako saioa. Txapelketan jendea prest egoten da minutu eta erdian isilik egoteko bertsolariak hiru bertso pentsatzen dituen bitartean. Beste ahalegin bat egiteko aukera daukazu, jendeak aukera ematen dizulako. Plaza batean inork ez dizu itxoiten minutu eta erdi hiru bertso botatzeko. Makineriaren erreboluzioa topean jartzeko toki bat da txapelketa, eta niri gustatzen zait. Ona da zure mugekin topo egiten duzulako.

Zer eman dizu txapelketak?

Gauza asko: bestela kantatuko ez nuen toki askotan kantatzeko aukera, jende asko ezagutzeko aukera, momentu eta toki nahiko pribilegiatuetan egoteko zortea...

Entzuleak ere erakartzen ditu txapelketak. Lehenengo kanporaketan, Beasainen, Usurbe antzokia txiki geratu zen.

Berez, bertso saio arrunt bat errazagoa da kontsumitzeko, baina lehiak jendea erakartzen du. Adibidez, udazkenean Beasainen urteroko bertso saioak harrera ona izaten du, baina harrera ona esaten dugunean, antzokiaren beheko aldea bete samartuta egotea esan nahi du, 100-200 lagun elkartzea. Ez da harrera txarra beste herrietan ikusten denarekin konparatuta. Txapelketan, antzokia beteta eta jendea sarrerarik gabe geratu zen, final-zortziren batean eta jendearentzat hain ezagunak ez ziren bertsolariekin. Lehiak garrantzia du, garbi dago.

Bertsolari gazteentzat erakusleiho ona izaten da txapelketa.

Bai, txapelketa guztietan ikusten da badatorrela labealdi berria. Udaberriko saiotik pasatutakoak dira orain dabiltzanak, eta jende gehiago gelditu da kanpoan. Gustatuko litzaidake berri horietako batek kalitateko salto bat edo sorpresa bat ematea. 2011n Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten gazte horietatik inor ez zen finalaurrekoetara pasatu, eta inor ez zen sailkatu Euskal Herrikora. Gipuzkoarrik gazteenak 24-25 urte zeuzkan; lehenengo loraldikorik ez zegoen. Aurten gustatuko litzaidake horrelako zerbait ikustea, bestela, inbutu sentsazioa sortuko litzateke. 25-40 urtera arteko jende asko dago, eta ez dute langa hori pasatzen. Aurpegi berriak ikusi behar dira.

Belaunaldi berriak badatoz: bertso eskolek egiten duten lan onaren adierazgarri da hori.

Bai, baina bertsolariak bakarrik ez dira sortu bertso eskolatik; bertsozaleak, epaileak, gai-jartzaileak ere sortzen dira. Jende berri asko sartu da aurten, eta hori ere bada, hein batean, bertso eskolen ondorio.

Ausartzen zara finalisten pronostikoren bat egiten?

[Beñat] Gaztelumendi, Alaia Martin, [Jon] Maia, Agin Rezola, Unai Agirre... hor nonbait ibiliko da. [Jexux Mari] Irazu ere hor dago. Iñaki Apalategi beasaindarrak ea aurrekoa bezalako txapelketa egiteko zortea daukan. [Iban] Urdangarin ea gustura gelditzen den egiten duen lanarekin. Gazteren bat sartzea ere gustatuko litzaidake, batez ere goierritarren bat, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal edo Gemma Urteaga. Ea salto bat egiten duten, bertsotan jarraitzeko ilusioa izan dezaten.

Emakumezkoen presentzia ere handia da txapelketan. Bertso saioetan nabaritzen da emakumearen presentzia?

Nik uste dut baietz. Mugimendu handia dago gaur egun gai horretan, eta uste dut hausnarketa askotan gizarteko beste arlo askoren aurretik doala bertso mundua, tiraka bezala. Emakumezko bertsolariak oskoletik atera ezinda bezala sentitu dira, paper jakin bat bete beharrean. Gero eta kontzienteagoak gara gizonezkoak ere emakumezkoen rol horretan; lanketa handia ari da egiten.

Bertsolaritza osasuntsu dago?

Osasuntsu dago, bai, baina txapelketako saioetako jende kopurua ez da termometro egokia. Bertsolaritzaren osasuna neurtzen du herrietan antolatzen diren saioetako ikusle kopuruak, bertso inguruko bestelako emankizunek zenbat jende mugitzen duten, ikastetxeetan zenbat jenderengana ari den iristen bertsolaritza...

Euskal Herriko txapelketara aurkeztu ala ez pentsatu al duzu?

Urtebete daukat pentsatzeko, baina momentu honetan ez daukat pentsatzeko gogorik. Ez naiz ausartzen esatera joango naizen ala ez, baina iruditzen zait joango naizela. Hori bai, joaten baldin banaiz, azkenekoa izango da. Orain bezala, nekatuta eta itota harrapatzen banau, ez naiz joango; gogo edo ilusio gehiagorekin harrapatzen banau, bai. Egia esanda, azkeneko oroitzapena polita daukat, eta hori ez da txarra.

Saio baterako deitzen dizutenean ilusioz hartzen al duzu deia?

Ilusio handia egiten du, bai. Beti esaten da toki batetik lehenengo aldiz deitzen dizutenean ilusioa egiten duela. Baina bigarren aldiz deitzen dizutenean? Dei bat jaso eta ilusioa egiten didan bitartean bertsotan aurrera jarraituko dut.

Zenbat saio egiten dituzu urtean?

Azkeneko urteetan 60-80 artean nabil. Gustura nabil, baina askotan astelehenean nekatuta iristen naiz lanera.

Hiru hilabeteko bertso lasterketari etzi ekingo diote, Beasainen

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.