Bertso-Erreportaiak

“Inoizko esperientziarik politenetakoa izango da”

“Inoizko esperientziarik politenetakoa izango da”

Unai Zubeldia

Ohorea sentitzen dut, harrotasuna". Xabier Gaztelumendik "esker ona" besterik ez dauka Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat. Bertsozale gisa biziko du bihar arratsaldeko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, umetatik baita bertsozalea. "[Xabier] Amurizaren 1980ko eta 1982ko txapelen garaitik, bereziki". Baina aita eta txapel jartzaile gisa ere biziko du finala —Beñat eta Unai Gaztelumendiren aita da—. "Sentimendu asko pilatuko zaizkit egun guztian, eta ez da erraza izango denak kontrolatzea. Baina inoizko esperientziarik politenetakoa izango da, ziur".

Adarren ordez, txapela

Adarren ordez, txapela

Beñat Zamalloa Akizu Ez zela duela zortziko txahal hura kantatu zuen hasierako agurrean. Azken txapelketatan igarri izan zaio aldaketa, eta birritan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan ondoren, hirugarrenean lortu du txapela. Atzo, Donostiako Illunben jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik. Saria banatzeko orduan, bere garaian plaza ukatu zioten Inaxi Etxabek...

Hogei urteren aldeaz, zortzi

Hogei urteren aldeaz, zortzi

Gorka Erostarbe (Berria) Aurreko aldian, 2011n, ez zuen parte hartu Gipuzkoako Txapelketan Jon Maiak. Aurrez finalista izana zen 2003koan eta 2007koan. Bietan eskuratu zuen laugarren postua. Zortzi urteko etenaren ostean berriz aurkeztea erabaki zuen hortaz. Eta zinez esperientzia baikortzat dauka aurtengo txapelketan bizi izan duena: «Txapelketetan aspaldi sentitu gabe neuzkan sentsazioak berreskuratzeko balio izan dit....

Oraingoz, txapela publikoari

Oraingoz, txapela publikoari

Zortzi egun besterik ez dira falta Gipuzkoako bertsolari onenari txapela janzteko. Zortzi egun, duela zortzi hilabete hasi zuten ibilbidea bukatzeko. Prest dute agertokia: Donostiako Ilunbe zezen plaza. Eta prest da txapelagatik lehiatuko duen zortzikotea ere: Jon Maia, Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Oihana Iguaran, hain zuzen. Egun handiaren ostean aterako dituzte txapelketaren inguruko ondorioak eta egingo balioespenak. Baina, finalaren atarian eta irabazle ofizialaren faltan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak dagoeneko badu bere txapeldun partikularra: publikoa.

"Zerbait nabarmendu beharko banuke, saioetan izan den giroa izango litzateke: harrigarria izan da, luxu bat, publikoari dagokionean", Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan. "Eibarren, finalaurreko azken saioan, egundoko giroa egon zen, finaleko saio bat zirudien. Eta zaleek ez ezik, bertsolariek ere gustura zeudela ematen zuten, nahikoa eroso ari zirela kantatzen". Bataren jarrerak bestearena elikatzen baitu, eta alderantziz.

Orain aste batzuk halaxe zioen Aitor Mendiluze bertsolari eta Bertsozale Elkarteko langileak ere: "Ni izan naizen saioetan bertsotarako oso giro aproposa sortu da. Aurreko zenbait txapelketetan baino lasaiago ikusi dut jendea, errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz, eta plaza beroak".

Plazen beroan, erabat ados Jauregi ere. "Gogoratzen naiz, Zarauzko saioan, aurkezle nintzela, momentu batean isilik egoteko eta guzti eskatu behar izan niola publikoari, Agin [Laburu] kartzelatik etorri eta jertsea kentzen hasi zenean, batzuk txistu joka hasi zitzaizkiolako", dio, barrez. "Horrelako zerbait izan da, baina normala ere bada, ezta? Zarata pixka bat ere egon behar du. Bakarrik, momentu horietan nahiko trantzea izaten dela bertsolarientzat, erabat kontzentratuta datozelako". Baina, gainontzean, jendea errespetuz aritu dela nabarmendu du, komunera joan- etorrietan, ez dela inolako gorabeherarik izan.

Kopuruei dagokionean ere, "bikain" erantzun dute zaleek, Jauregiren irudiko. 500 bat lagun bildu ditu saio bakoitzak. "Beasainen uste dut, aurreneko saioan, kanpoan geratu behar izan zuen jendeak, eta Zestoan ere komeriak izan genituen denak sartzeko. Gainontzekoetan ez da horrelako jende olderik izan, baina gustura egoteko moduan gaude. Jende asko mugitu du txapelketak".

Beste horrenbeste espero du finalerako ere, kopuruari zein jarrerari dagokionean. "Egia da, normalean, zarata arazo gehienak finaletan izaten direla. Azkenean, jende gehiago izaten da, jendea gehiago mugitzen da eta bertso saioetan-eta gutxixeago ibilitako jendea izaten da". Bertsozale asko bilduko diren arren, ez da aparteko arazoen beldur.

Dagoeneko 5.000 sarrera inguru saldu dituzte eta egunotan besteren batzuk saltzea espero dute. "Duela lau urte, 8.000 pasatxo izan zirela uste dut, aurten ez dakit horretaraino ailegatuko garen ala ez, baina egia esan ez gaude kopuruekin itsututa ere", Jauregiren arabera. "Saio on bat ateratzea eta bertsolariak eta bertsozaleak gustura geratzea da guk nahi duguna". Eta horretarako osagaiak badaudela uste du. "Zortzikote polita osatu da finalerako: beteranoak daude, gazteak ere bai, neskak, mutilak... denetarik dago. Ziur naiz guztien artean finaleko saio oso polita egingo dutela".

Bertsolaritza “bizio eta afizio”

Bertsolaritza “bizio eta afizio”

Nerea Uranga Aurreko aldietan bezalaxe, Gipuzkoako Bertsozale Txapelketa bertatik bertara jarraitzen ari den aditu, aritu eta zale kuadrilletako bat da Azpeitikoa. Udaberriko txapelketarako sailkapen fasea ez zuten segitu, baina bigarren fase honetan hutsik egin gabe dabiltza herriz herri, saioz saio. Gipuzkoakoaz gain, beste lurraldetako txapelketetako finalak eta txapelketa nagusia ere ikusten dituzte. «Jose Luis [Gorrotxategi]...

Hitzak zenbaki, segundo gutxitan

Hitzak zenbaki, segundo gutxitan

Maite Alustiza Hogei segundoko informazio bat hiruzpalau segundotan zenbaki bihurtzea. Azkar egin beharreko lana da; bat-batekoa, oso: «Bertsolari batek bertsoak kantatu, eta jendea txaloak jotzen ari den bitartean, zuk puntuak jarri behar dituzu bestea hasterako». Martin Aramendi ari da hizketan. Beste hemezortzi lagunekin batera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako epaile taldea osatzen du. Txapelketa final-laurdenetan sartuta dago...

Gaiak, bederatziko txikian

Gaiak, bederatziko txikian

Aurrenak dira txapelketa hasten, eta aurrenak bukatzen. Ondo baino hobeto ulertzen dute elkar: baten proposamenak guztienak bihurtzen dira, eta guztien erabakiak batek plazaratzen ditu bertsolari eta bertsozaleen aurrean. Bederatziko taldea da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileena. Bihar hasiko dira final-laurdenak, eta prest dituzte fase osorako gaiak. Astelehen arratsaldean, biharko eta etziko saioetarako "azken orrazketak" egiteko bildu ziren Villabonan Inaxio Usarralde, Itziar Etxezarreta, Asier Iriondo, Iban Narbaiza, Imanol Artola Felix eta Ion Zaldua. "Hemen lege bat dago, gaurko bileran: zerbaitek ez badu balio, hobea ekarri", zioen Usarraldek. Seiokin batera gai-jartzaileen taldea osatzen dute Irati Agirreazaldegik, Iker Iriartek eta Saroi Jauregik.

Iazko urrian egin zuten lehen bilera, txapelketa antolatzen joateko. Geroztik, asteburuetan egin dituzte bilera intentsiboak, eta astean zehar elkartu dira asteburuko saioei heltzeko. Gaiei baiezkoa eman aurretik, zenbait galbahe pasatzen dituzte. Lehena: norberak bere buruari jartzen diona. Bakoitzak bere sormen prozesua dauka gaiak ateratzerakoan. Felixek sakelakoan apuntatzen ditu burura datozkionak; edo tabernan lanean ari dela, paper batean: "Gaia suertatu egiten da, edo entzun egiten duzu...". Etxean ordenatzen ditu gero, bileran "txukun" aurkezteko. Narbaizak ere gailuak baliatzen ditu, ideiak ahaztu baino lehen. Gertatu izan zaio: "Kristoren ideia izan, gauean idaztera joan eta ahaztu". Eguneroko martxan datozkienez gain, espresuki gaiak pentsatzeko tarte bat hartzen dute batzuek. Zalduak aurten eutsi dio horri: paper zuri bat hartu, eta saio oso bat osatu du goitik behera, ariketaz ariketa.

Etxeko lanak azken orduan egiten ere ibili izan dira. Hala kontatu du Iriondok: "Gertatu izan zaigu larunbatetan elkartu, eta gaien artean pilotari buruzko gai asko ekartzea. Zergatik da? Ibili garelako gaiak jartzen Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitzeri begira". Bromari jarraipena eman dio Zalduak: "Horrek behintzat esan nahi du ez dela Pedro Mari Goikoetxeara iritsi, Boxeo Izarretara...". Eta Narbaizak gehitu: "Gai erotikoetara joaten dena ja... asko luzatu zaiolako".

Bigarren galbahea taldearena da. Gai-jartzaile bakoitzak taldekideei aurkezten die etxetik daraman gai zerrenda, eta hor erabakitzen dute gaiak balekoak diren ala ez. Gustuko dituzten ikusten dute, aurreko urteetatik ezagunak egiten zaizkien... Bertsolarientzat ere egokiak izatea ezinbestekotzat du Zalduak: "Ikusten dugu bertsolariak zer esan dezakeen gai horrekin. Ofiziotan, bi pertsonarentzako gaia bada, ea biek lan bertsua daukaten, edo batek askoz errazagoa edo zailagoa daukan...Behintzat biek zeresana izateko".

Oreka bilatzen ahalegintzen dira, bai gai baten barruan, eta baita saioan orokorrean ere. Horretarako, gai taula bat darabilte bileretan, Etxezarretak azaldu duenez: "Saiatzen gara bertsolari bakoitzari antzeko gaiak ez tokatzen, antzeko egoerak ez jartzen, ariketa bakoitza zer pertsonari tokatzen zaion begiratzen dugu...". Behin gai bat balekoen zakura sartzen duten momentutik, baten gaia bederatziena bilakatzen da. "Berdin du nork ekarri duen; talde bezala erantzuten dugu beti".

Gai zerrenda osatu ondoren, talde txikiagotan elkartzen dira, binaka edo hirunaka, gaiak ariketaka hartzeko. Zortziko handiko gai guztiak hartu, eta errepasoa egiten diete; sei puntuko motzekoak hartu, eta berdin... Denak txukundu eta saioak osatuta dauzkatenean, azken orraztua egiten diete. Detaile txikiak dira, baina askotan luze aritzen dira horien gainean: "Zalantza izan daiteke kaletik joan edo kaletik etorri. Ez gara ados jartzen. Buelta asko ematen dizkiegu; batzuetan, gehiegi", dio Zalduak. Igogailuan trabatuta geratu ziren duela gutxi egindako bilera batean: bertsolaria igogailuan behera zihoala jarri, edo igogailuan gora. "Behera badoa, dena libre dauka, baina gora badoa, leku jakin batera doa...".

Bertsolariek kantatu behar dutena kokatzen saiatzen dira gai-jartzaileak, euren irudimenean. Beren "pelikulak" egiten dituztela dio Usarraldek, eta gero dezepzioak izaten dituztela batzuetan. Bertsolarien araberakoa ere bada emaitza, Narbaizaren arabera: "Pasatzen da bi bertsolarirentzako sekulako gaia izatea, kristoren zukutua ateratzea; eta beste biri jarri eta sekulako kaka plastekoa egitea".

Baserritik teknologietara

Gaiei berei dagokienez, ariketa bakoitzak "bere karga" du, eta gaiek ere norabide hori hartzen dute. Zortziko txikian eta koplatan, adibidez, "gai arinagoak" izaten dira normalean. Urteekin, gai-jartzaileen proposamenak ere aldatu dira. Usarraldek dioenez, baserria ia desagertu egin da gaietan, ez bada nekazaritza turismo edo halakoren bat aipatzen dela. "80ko hasieran ugariak ziren baserriko langintza eta handik sortutako erreferentziak. Gaur egun, berriz, sare sozialak, Internet, informatika...". Normaltzat dute. Eurek ere, gai-jartzaile jardunean, asko erabiltzen dituzte teknologia berriak, elkarri dokumentuak pasatzeko eta abarretarako.

Gai-jartzaileak ere sortzaileak direla dio Zalduak, eta naturalki, norbere ingurutik sortzen duela: "Ez dugu nekazaritza gairik sortuko, mundu hori asko ezagutzen ez badugu. Errazagoa da sare sozialetatik-edo gehiago sortzea, gure erreminta delako". Baserri munduko gaiak desagertzea "klixe batzuk" puskatzearekin lotu du Narbaizak: "Ematen du bertsolaritza euskal kulturako zerbait dela, baserria... Badago apurtze esplizitu bat horrekin. Euskara ezin egon ahal da sare sozialetan, Twitterren?".

Bertsolariek gaia ezagutuko ote duten. Kezka hori ere izaten dute gai-jartzaileek, eta batzuetan "autozentsura" ere egiten dute. Adibidea jarri du Usarraldek: "Jar dezagun zaintza partekatua. Bolada batean modan jartzen da gai bat, baina horretaz zer esan behar da? Ahoz, prosan hitz eginez ere, argi daukagu zer esan? Alde edo kontra? Bertsolaria txapelketan kontserbadorea bihurtzen da, eta asko dauka jokoan".

Aurkezle lanak

Gaiak prestatzeaz gain, saioetan jende aurrean egotea ere tokatzen zaie gai-jartzaileei. Gipuzkoa Bertsotan fasean bina saio aurkeztea tokatu zitzaien, eta beste bina egokitu zaizkie gerokoetan. "Ez dago aurkezle eskolarik". Beraz, bakoitza bere estiloarekin eta hainbat irizpideri jarraituz aritzen da oholtzan: neutraltasuna agertu behar da, gai-jartzaileak ez luke bertsolariak daraman urduritasunaz gain gehiago erantsi behar...

Etxezarretak aurkeztuko du biharko saioa, eta Felixek igandekoa. Lasai daude biak. Lehenak patxadan pasatu ohi du astea, saioa hasi aurreko momentura arte. Felixek ondo entseatuta darama egin beharreko guztia: "Jada ez dago punturik kantatu beharrik; lasai nago, beraz! Hor ateratzen ziren nire zailtasun minimoak kantatzeko garaian. Etxean bonbilla bat daukat, goitik behera datorrena, eta hura hartzen dut, hamar aldiz gai bera irakurtzen dut, posizioak aldatuz eta abar. Etxeko paretek eta katuak dena onartzen dutenean...".

Badu izaera eta nortasuna txapelketako gai-jartzaileen taldeak, eta giro "oso ona" bederatzi kideen artean, gertukoa. Gipuzkoako txapelketa ofizialetan elkarrekin aritutakoak dira —eskolartekoan, Orixe sariketan...—. Horrez gain, duela lau urteko Gipuzkoako txapelketan ere batera aritu ziren gehienak. Azkenekotik baja batzuk izan dira, eta "filialetik" Felix fitxatu dute aurtengorako. Hura da taldera batu den kide berri bakarra. Ezagun baten bidez heldu zitzaion proposamena, eta gustura hartu zuen erronka: "Bilera batera azaldu, eta taldearen parte naiz orain. Aurretik inoiz ez dut saiorik aurkeztu; hemen ez da esperientzia eduki beharrik".

Lehia hasi aurretik, badakite kritikatuak izango direla. Kiroletan gertatzen denarekin alderatu du Narbaizak: "Epaileak eta gu, errudun". Dena den, ezberdintasunak badira bi taldeen artean, Usarralderen arabera: "Epaileena agian ezberdina da. Puntuazioa banan-banan ikus dezakezu, eta agian pertsonaliza daiteke. Baina gure lanean, batek dakarren gaia denona egiten dugu, eta horrek sekulako lasaitua eta babesa ematen dizu".

Bertsozale Elkartea lanean hasi zenetik, haien lanarekiko errespetua nabari du Usarraldek: "Urte osoan elkarrekin lan egiten dugu hainbat proiektutan, eta hor badago harreman bat". Irizpide bat ere badute: txapelketan dena entzuten dute, baina erantzutean ez dira sartzen. "Garai batean foroak-eta modan jarri zirenean, keinu bat egin genuen erantzuteko, baina ikusi genuen ez zela ideiarik onena. Gainera, bakoitzari joan zaizkion ikuspegitik hitz egiten dira gauzak".

Sesiorik gabeko obsesioa

Sesiorik gabeko obsesioa

Autoa toki ona da entrenatzeko. Anaiarekin puntuka aritzen da Mikel Artola. Bolantea hartuta Oihana Iguaran ere, bakarka eta ozen, erlojua parean duela. Lanean, Iñigo Gorostarzuk burutik kendu ezinda ibili ditu errimak eta doinuak. Imanol Irazustabarrenak puntukako saio bakarren bat egina du aitarekin, eta Unai Mendizabalen azkenetariko bertsoak haren anaiak entzun ditu: "Sasi-garbitzeko makina pasatzen ari nintzen, bertsotan; geratu, eta anaiak, ondotik: 'Ederra huan!'". Tolosaldeko bost bertsolariak Zizurkilgo Iriarte jatetxean bildu dira astearte arratsaldez; entrenamendu saioa egin aurretik, Gipuzkoako txapelketarako prestaketez hitz egin dute.

Obsesioa. Hitz hori darabilte azken egunetakoa definitzeko. Artolak dioenez, ia ez du "beste ezertan" pentsatzen lehian dabilen bitartean. Iguaran ere bat dator: "Zeure burua errimak egiten harrapatzen duzu". Whatsappean duten taldean honako hau izan da azken bi asteetan gehien errepikatu den mezua: "Bidali bakarkako gaiak".

Bakarkako lanketa, hala ere, ez da bereziki jorratu duten zerbait, Artolaren arabera: "Denetik dago, baina guk gutxiago egiten duguna etxeko lan pertsonala da. Elkartu asko, aritu asko, serio, baina etxeko lanak gutxi". Prestaketaren hasieran Andoni Egañarekin elkartu ziren, klabe batzuk jasotzeko. Oinarrizko gako batzuk badituzte: etxean landu beharreko garrantzitsuena errimak dira, eta bakarkakoa.

Errimetarako, margaritaren formula proposatu zien Egañak: lorearen erdian errima jarri, eta petaloak bukaera hori duten hitzekin osatzea. "Esan zigun txapelketara lasai joateko 70 bat egin behar zirela. Gu gabe ere lasai joan gara ba!", dio Artolak, barre artean. Paperean egin ez arren, errimak buruan badituztela uste du Iguaranek: "Inkontzienteki, zuk badituzu 70 errima kaxoi buruan bertso bat osatzeko adina. Beste gauza bat da errima berberekin gabiltzala toki guztietan...".

Errimak ez ezik, doinuak lantzea ere garrantzitsua da. Bakoitzak bere galbahea pasatzen du; hala ere, gustukoenekin entrenatu ohi dira. "Doinu berriak ateratzen ere saiatu gara, baina komeni da neurri bakoitzeko bizpahiru kontrolatuta edukitzea", dio Gorostarzuk.

Taldeko lana

Tolosaldekoek ondo ezagutzen dute elkar. Badira hiru urte Harituz bertso eskolan elkarrekin dabiltzala, eta urte osoan, astean gutxienez behin elkartzen dira; asteazkenetan, normalean. Txapelketarako bereziki, martxotik dabiltza. Biltokia txandakatzen doaz: Amasan, Alegian, Zizurkilen... Lehia arrimatzen zihoan heinean, nahi duenak ia egunero izan du kideekin bertsotan egiteko aukera. Egindako entrenamendu saioen kopuruan ez ezik, intentsitatean ere badago aldea, Mendizabalek dioenez: "Besteetan kontu batzuk esan, lasai, ariketa gehiegi egin gabe... Txapelketa prestatzen ezberdina da. Bakoitzak txapelketako ariketa bana egiten du behintzat". Taldea zatikatu ere egin izan dute; seiko taldetik hiruko bi osatu, bertsotan gehiago egiteko.

Bertsokera aldetik, norberak landu du berea, baina nabaritu dute entrenamenduetan elkarrekin aritu direla. Artolaren arabera, sailkapen fasean nabarmendu egiten zen elkarrekin arituta zeudela: "Kantatzeko moduak eta gaiei heltzeko moduek bazuten taju bat". Horregatik ere betiko taldetik ateratzea aberasgarria da Mendizabalentzat, bertsotan egitera ohituta ez dagoen talde bat bilatzea: "Guk bertso eskolan elkarrekin egiten dugu, eta plaza gehienetan ere elkarrekin. Elkar harritzea oso zaila da". Hernani eta Lasarte ingurukoekin elkartu dira, tarteka Iker Iriarte izan dute, Amaia Agirre, Felix Irazustabarrena... Ondo etorri zaie kantatuko ez zuen jendea ondoan izatea, ikuspuntu objektibo batetik begiratzeko. Hala dio Irazustabarrenak: "Gaiari heltzerakoan, gehienbat, esaten digute 'hortik ez hartu, edo'... Kantaeran ere laguntzen gaituzte". Ate irekiko saioak ere antolatu dituzte eskualdean, entrenamendu gisa, euren buruari "presio pixka bat jartzeko".

Norberak bere ohitura edo trukoak ditu. Egañak kontatutakoak ekarri dituzte gogora: "Berak esaten zuen bazkaldu eta gero hobeto kantatzen zuela. Goizean saioa bazuen, goizeko lauretan jaikitzen zen, bederatzietan bazkaldu... Erritmo biologikoa berdina eramateko goizeko saio batera". Horrelakorik egitera iritsi gabe, belar dendako lasaigarriak hartutakoa da Artola: "Lehen saiorako hartu nituen. Gero ia ez, eta hobe hartu izan banitu!". Goizeko saioa tokatzen zaionean, Iguaranek garrantzi berezia ematen dio ahotsari: "Oso inportantea da ahotsa esna izatea; buruak baino gehiago larritzen nau ahotsa ondo izateak".

Hizketaldiaren ondoren hasi da entrenamendua. Saiora batu zaie Haritz Mujika ere. Gaiak prest ekarri ditu Mendizabalek orri batean; normalean, pasatako txapelketetako gaiak aprobetxatzen dituzte. Mikrofonoarena egiteko, berriz, atril bat jarri dute mahai parean. Altxatzeko esan die Mendizabalek Iguaran eta Irazustabarrenari, eta ama-semeen rolean jarri ditu. Semeak arropa berri asko dakar azkenaldian, eta ama gaur konturatu da lapurreten aurkako gailuarekin dakartzala. "Poltsa hortan ez al dezu amantzat ezer ekarri?", galdetu dio Iguaranek. Bertsoak entzun bitartean, errimak orrian apuntatzen ari da Mendizabal. Ariketa amaitzean, iritziak: "Oso ondo"; "bigarrena asko gustatu zait"... Horrela doa aurrera saioa, txapelketako ariketa guztiak egin arte.

Bederatzitik sei

Txapelketa "aspaldi" hasi zen haientzat. Hasierako Gipuzkoa Bertsotan fasean hasi ziren lehian, maiatzean. Bederatzi ordezkari ziren Tolosaldetik: sei horiez gain, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz —eskualdeko Jexux Mari Irazu final-laurdenetan hasiko da lehian, hilaren 24an—.

Bederatziko taldea elkarrekin aritu da prestaketan, "beti ez batera, baina bai boladaka". Lehian, berriz, bakantzen doaz pixkanaka: Gorostidi, Azpiroz eta Irazustabarrena Gipuzkoa Bertsotan fasean geratu ziren; datorren asteburuko saioen faltan, Oihana Iguaran eta Mendizabal final-laurdenetan dira dagoeneko, "Beñat ere ia seguru"; eta gainerako hirurek zail dute sailkatzea. "Nik behar dut milagro txiki bat... Handi xamarra", dio Artolak, barrez. Asteburuko bi saioetako emaitzen zain egon beharko dute.

Lehenengo Gipuzkoako txapelketa dute Mendizabalek, Irazustabarrenak, Azpirozek eta Mujikak. Bigarrena da, berriz, Artola, Gorostidi eta Oihana Iguaranentzat, eta, hirugarrena Gorostarzu eta Beñat Iguaranentzat. Gustura daude orain artekoarekin. Mendizabalek, esaterako, helmuga jakinik gabe eman zuen izena, parte hartzeko intentzioz, eta hasierako fasea pasatzea eta orain final-laurdenetara pasatzea sekulakoa izan da harentzat. Eta ez pasatze hutsa bakarrik: "Maila horretan, izen handiko bertsolariak daude. Zeure burua horien pare ikustea eta haiekin bertsotan erritmoan zabiltzala ikustea gauza ederra da".

Pertsonalki egiten dutenetik aparte, talde modura bizi dute txapelketa: "Txapelketak denei eman digu; prestaketa horretan, gure bertso maila koska bat igo da. Gure bertso eskolak urtebetean asko hobetu du". Ados da Iguaran: batzuk atzean geratu dira, baina denek hobetu dute. Argi dute egun bateko aldagai askok erabaki dezaketela saioa hobea edo okerragoa izatea: gaiek, zorteak, bakoitzaren egoerak... "Ez da Tourrean bezala etapa pila bat dauzkazula; bat daukazu, eta hor huts egiten baduzu, geratu egiten zara".

Hala ere, azkeneko astea edo egun parea urduri pasatzen duten arren, prestaketan aritu izanak lasaitasun pixka bat ere eman die. Segurtasuna. Duela lau urteko txapelketa ekarri du gogora Artolak: "Egunean bertan oso larri gogoratzen dut neure burua, trabatuko ginelako eta...". Asko prestatzeak laguntzen duela konturatuta dago, aurrez pentsatzen zuenaren kontra: "Nik esaten nuen astean behin elkartuta nahikoa zela, gero ideia freskoagoekin egoteko... Baina ez. Gero eta gehiago aritu, gero eta hobeto". Aurreko lan hori baliatuta, beste jarrera batekin doaz bertso saioetara, Iguaranek dioenez: "Ni orain saio batera noa, eta badaukat eskaintzeko, eta pentsatzen dut: 'ea asmatzen dudan daukadana ematen', eta ez ea huts egingo dudan. Oso ezberdina da jarrera".

Aurrera pasatu edo ez, gustura daude taldean lortutakoarekin. Hasieran "espero baino gehiagok" egin dute aurrera. Apustuak ere egin zituzten euren artean: bederatzietatik erdiz atzera geratzen zirenek aurrean geratzen zirenei afaria pagatu beharra. Eguna jartzeko daukate oraindik.