Iritzia

Unicefen iragarkia, limosna biltzeko

Leire Narbaiza

Sofan nago jesarrita, telebista ikusten. Publizitate etena etorri da eta Unicefen iragarkia. Ume errefuxiatuez dihardu, eta erakunde horretako bazkide egiteko eskatzen digu. Lagun diezaiegun, NBEko elkarte hori dagoeneko bertan dagoelako janariz, tapakiz eta botikaz hornitzen. Dena ume txikien irudiekin egina, musika tristez eta Imanol Ariasen ahots errukarriarekin osotuta.

Publizitate tarte guztietan ageri da, zapping egin eta beste katekoetan ere bai. Atzera ere sakatu dut botoia, ondoez handiegia sorrarazten baitidate bertako umeek. Publizitate-agentziakoek lortu dute lehenengo urratsa: errukitzea.

Atsedenaldian nago, ez-pentsatzeko unean, horregatik jarri naiz pantaila aurrean. Baina spot horrek, barrena irauli ez ezik, burua ere martxan jarri dit eta entzefalogramak laua behar zuenean, aktibatu egin da.

Unicefek umeei laguntzen die. Ez dut zalantzan jarriko. Horretarako, guregana jotzen du, gure hondar alea jar dezagun, euren lana hobeto egin dezaten. Ederki, ez da plan txarra. Era berean, kontraesana dago deialdi horretan; izan ere, Unicef NBEko organismoa da. NBE nazioarteko erakunde handiena da, 193 estatuk osatzen dutena. Horien artean errefuxiatuen arazoaren erantzuleak daude, baita oztopoak jartzen dituzten estatuak ere. Hipokrisi biribila.

Hipokrisiaz gain, zinismoa ere badago. Herritar arruntoi eskatzen digute dirua, gu bezalako herritar arruntei lagundu ahal izateko. Baina gero benetan arazoa konpon dezaketenei ez diete ezer eskatzen. Konponbidea baino asistentzialismoa hutsa —nahiz eta, orain, hori ere behar duten errefuxiatuek—. Estatuei ez diete ezer exijitzen, ezta oinarrizko zerbitzuak edo korridore seguruak ere. Dena jende arruntaren esku.

Jende arrunta da eredugarria. Greziarrak, esate baterako. Bizi duten egoera zailaren erdian egonda ere, materiala eta janaria batzen ibili dira. Gure estatu ahalguztidunak baino gehiago, Europako Batasunak baino areago, ezaguna baita Europako Kontseiluko lehendakariak, Donald Tuskek eskatu diela iheslariei "datozen tokitik datozela", Europara ez etortzeko, "beren burua eta dirua arriskuan" ez jartzeko, eta "mafiei ez sinesteko". Tuskek zer pentsatzen ote du irudiak ikusita, umeak eta zaharrak hartuta turismoa egitera datozela? Edo arrisku kirolak gustuko dituztelako abiatzen direla? Lotsa gutxiko jendilajea da Tusk hori!

Erakunde erraldoi ankilosatu eta paralitikoek ezer gutxirako balio dute. Diru asko xahutu egituretan, baina bizkortasun eta eraginkortasun gutxi, zurrunduta dagoelako burokrazia eta interesengatik.

Bitartean, Idomeni existitzen zela jakin dugu, gas negar-eragileengatik. Haurrak ikusi ditugu deskontsolaturik malkotan. Eta konturatu gara umeek antzera egiten dutela negar Mazedoniako mugan ala Gipuzkoakoan, euskaldunak izan ala afganiarrak. Haur iheslarien aurpegietan, atzera ere geureenak ikusi ditugu, eta geureak balira legez, tristatu gara.

Idomeni ezagutu, baina Tinduf ere hortxe dagoela gogoratu gara. Sahararrak 40 urtean direla errefuxiatu eta Aljeriako basamortuan daudela kanpalekuetan, ahaztuta eta abandonatuta. NBEk orain 25 urte emandako berba ere bete barik duela…

Idomeni, Tinduf, Gurugu, Calais, Sabra eta Xatila... hamaika halako Unicefek eta NBEk konpondu ez dituztenak. Gure limosnarekin kontzientzia garbitze hutsa!

Kendu luntx hori nire bistatik

Danel Agirre
Duela bi aste jokatu Saskibaloiko Espainiako Kopan, kreditazioa jaso, Diario Vasco-ko ezagun bat agurtzea saihesteko ez ikusiarena egin, prentsako tribunan eseri, eta pipertuta topatu nituen inguruko kazetariak. Jangela eraikin kaotikoare...

Euskal familia eta beste piztia batzuk

Leire Narbaiza

Etologoa ez banaiz ere, Gerald Durrell naturalista britainiarraren My Family and Other Animals liburuaren izenburua parafraseatzea otu zait; izan ere, azkenaldian Euskal Herrian animalia nahikotxo dabiltza gure iruditeria kolektiboan, larregi gauza onerako.

Lehendabizi, zaharrena aitatu gura nuke: arrano beltza. Hegazti harrapakari hau Nafarroako erresumaren antzinako sinboloa izan zen, kateak gorri gainean jarri aurretik, antza denez. Sinbolo indartsua eta harroa bada ere, askok ez dute onartzen ideologia bati lotuegi ikusten dutelako. Lastima!

Badira urte batzuk modan jarri zela beste animalia bat; aberea, piztia baino: ardi latxa. Beharbada asto katalanaren eta Espainiako zezenaren eredura. Auto guztiak bete zitzaizkigun ardi marrazki infantil horrekin. Gurean —nola ez!— besterik ezin zen gertatu, eta kritika batzuk ere jaso zituen: abere otzana zela, taldekoia, izpiritu gutxikoa, poderio hutsa zuena. Jakina, alternatiba ere izan zuen: basurdea. Hau bai piztia oldarkorra, izpiritu libreduna, txerri basatia…

Gure hizkuntzaren imajinarioan ere makina bat animalia agertzen da. Esamoldeetan barra-barra: Orhiko txoria, Zozoak beleari, Ahuntzaren gauerdiko eztula, Zalditik astora, Kukuak oker jo… Ehunka! Baina, agian, nire gogokoena: Kalean uso, etxean otso. Usoa, xalotasun eta bakearen sinboloa, otso krudel eta odolzaleari kontrajarrita. Inoiz susmatu barik usoak arratoi hegalariak baino ez direla, eta otsoak biodibertsitatearen ikur!

Gurean ere badira beste hegazti batzuk. Ez dakit zein espezietakoak diren, ordea. EITBko txoritxoa eta Twitterrekoa. Lehenengoak itxuraldaketa batzuk jasan ditu, eta orain makal dabil koitadua. Txori urdinak, Twitterrekoak, publizitatea egin nahi zuen Kaixomaitia.eus-i atzera bota dio iragarkia euskaraz izateagatik, eta espainolez egiteko eskatu. Ederra pajaroa! Pajaroak aipatu eta depredatzaileak datozkit burura. Espainia aldeko kaioak, hain zuzen ere. PPkoak, alegia. Hauek, kaio baino putre dira. Baina egia esatera, entzuna genuen kaioek gorpuei begiak jaten zizkietela. Beraz, partidu politiko horrek aukeratutako ikurra, paregabea; demostratu baitute sarraskijaleak direla, ustelkeriaren lohian pozarren lorrintzen dabiltzan urdeak legez, txipli-txapla disfrutatzen. Benetako hozkirria sortzen digute euren karrankek!

Agertu zaigun azken txoria euskal panoraman txantxangorria da. Euskararekin ei dago lotuta, baina oraindik ez dakit zer esan nahi duen, zertarako den. Izan ere, ez dute esaten euskara babesteko, aldarrikatzeko edo euskalduntzat identifika gaitzaten erabili behar den! Ez dute argi laga. Hegazti maitagarria da papogorria, irudi ona duena. Era berean, txikia, makala eta singlea dirudi. Tximeleta izan zitekeen edota katagorria, baina hirurek ala hirurek sendotasun izpirik ere ez dute erakusten. Gero ardiez esango dituzte esatekoak!

Gure esaeretara jo dut ea bazegoen txantxangorridunik. Eta Intza proiektuan bi aurkitu ditut: "txantxangorriak baino buru gehiago ez ukan" zentzugabea izan esan nahi du; eta "txantxangorriarena egin", ez mugitu omen da. Itzelak kontzeptu biak gure hizkuntza berpizteko!

Ibil gaitezen kontu handiz, bestela gaztelania-kukuaren arrautza txitatuko du atzera ere euskara-txantxangorri mengelak….

Bakarrik irteteaz ikasi dudana

Danel Agirre

Lau urterantz doa mendebaldeko gizarteen tabu ezin aipatuzko bati heldu eta mugarri bilakatu zen artikulua Gipuzkoako Hitza-n argitaratu nuela. Arraza berezi batez, bakarrik, geure kasa, gauez tabernetara joaten garenoz aritu nintzen. Testu tolesgabea zen hura, triunfalista oso, iniziaziozko pare bat esperientziaren beroaldian idatzitakoa. Orain, fenomenoa modu askoz zientifikoagoan aztertzea ahalbidetzen duen lagina batua dut. Dozenaka irteera egin ditut batere lagunik gabe, hasi eta buka. Eta balantze triunfalista hura eguneratu beharra dago, ez zelako guztiz zuzena: egungoa are triunfalistagoa da.

Bada inflexio-puntu bat, bakartasun borondatezkoaren aditu, introspekzioaren apologista, alboko aulkia hutsik dagoena ospatzearen graduatu bihurtzen zaituena. Eskainitako plan posible bati uko egin, eta zeure kabuz beste bat (askotan ez bereziki kitzikagarria) aukeratzen duzun lehen aldia. Eskaintzailea bera gabe. Inor gabe. Gaizki-ulertuak eragin ohi ditu hasieran. Adiskideak saiatzen baitira, zintzo eta malgu, haien egitasmoak zure apetetara moldatzen. Anekdota behar zukeen, baina zoritxarrez saldukeria bezala ulertu ohi dena botatzea tokatzen da orduan: gaur nahiago nuke zuek -zu- gabe.

Eskarmentuak bakarrik ematen dio parrandero bakarti trebatuari bere irtenaldien flow-a kontrolatzeko gaitasuna, urteekin jabetu naiz. Bere barrenei entzun, eta beti asmatzen du parrandero bakarti trebatuak zein den etxeratzeko une egokiena. Egoera menperatzeak dakarren patxadak eragiten du pizgarrien kontsumoaren erritmoa ere askoz zentzuzkoagoa izatea. Parrandero bakarti trebatuak ederki daki zein diren bere barneko ezezagunari hobekien egokitzen zaizkion ostatu, kontzertu-areto eta klubak. Badirelako horretarako bereziki egokiak. Barra izkinetan txoko diskretuak topatuko ditu, zerbitzari zailduak estimatu. Azkar ikasten du, baita ere, bere altxorrik preziatuena —isiltasuna— apurtzea noiz merezi ote duen detektatzen. Parrandero bakarti trebatua ez doalako lagun berriak egitera kalera. Hala balitz, ez litzateke bakartia izango.

Bada erritual ezkutuko bat, parrandero bakarti trebatuek bakarrik ezagutzen dutena, eta haiek antzemateko balio duena. Kantari itzuli ohi dira askotan etxera, kale kantoietan barrena. Gau bereziki gogoangarrietan, euforia baino askoz hobea den bake perfektu hori sentitzen dutenean, dantza urratsekin ere animatzen dira, eta txalo eginda sorbaldak ere mugitzen dituzte, jostagarri. Ordu txikitan haietako batekin espaloiren batean gurutzatzen naizenean, irribarretxoa irteten zait, baina ez diet ezertxo ere esaten, konpainia posiblerik onenean daudela badakidalako.

Ahizpatasuna sortu, neba-arrebatasuna lortzeko

Leire Narbaiza

Ikastaro, jardunaldi, mintegi eta abarretara helburu batekin joaten gara, ponentzia bat entzutera edota gai baten gainean zer berri dagoen jakitera, ideiak egurasteko, horixe izaten delako berbaldien euren motiboa. Azken hamabost egunotan halako bitan izan naiz, oso kolore eta zio ezberdinak zituztenak, gainera. Bata Topaguneak antolatutako Topaldia izan zen, eta bestea Ipar Hegoa fundazioak Angela Davis protagonista izan zuen mintegia.

[Laga iezadazue tartekitxo hau, esan behar dut eta: Davisena itzela izan zen, ez beragatik soilik, jardunaldia euskara hutsean —estatubatuarrak izan ezik— eta hizlari guztiak —12-15 inguru— emakumeak izan zirelako. Lorea Agirrek esan zuen moduan, oasia. Ez dadila izan ispilatze hutsa].

Biak ala biak izan ziren interesgarri, eta zenbait puntu berdintsu —Lorea Agirrek egin zuen berba bietan—. Kontu batzuk gehiago gustatu zitzaizkidan beste batzuk baino, normala den bezala, baina bietatik konklusio erkide batzuk atera nituen; kontu berritzaileenak, nire ustez. Landu eta aplikatu beharrekoak edozein elkarte, talde eta militantzia motatan, haize berriak arnasteko.

Topaldian Joxemi Zumalabe fundaziokoek hitz egin zuten aktibismoa edo militantzia nola ulertzen den eta zein erronka dituen. Bertan bizipozaren kontzeptua aitatu zuten: "Nahi dudanean, nahi dudalako eta nahi dudan bezala logikaren xerka dagoen eredua. Asetasunari, poz iturriari eta beste bizi esparruekiko orekari erreparatzen diona" eta "Interes kolektiboen izenean interes pertsonalak ez desagertzeko aldarria". Disfrutatzeaz, alegia. Barre egin, gozatu, berba baten. Ekintzaile izatea ez dadila izan samatik zintzilik daramagun harritzarra. 24 orduetan zazpi egunean.

Joan den zapatuan, Angela Davisek ere antzeko zerbait komentatu zuen feminista gazteez ziharduenean, garrantzi handia ematen ziotela euren burua zaintzeari, ondo egoteari, elkar jagoteari. Baita barre egiteari ere. Davis hainbeste gustatu zitzaidan non streaming bidez segitu nuen igandeko hitzaldia. Azken horretan ere bazioen beharrezkoa zela atsegintasuna lortzea, nekatuta gaudenean atseden hartzea, esertzea gero altxatzeko. Esandako guztiak ezinbestekoak direla begitantzen zait niri, nahiz eta oso sartuta dagoen gure imajinarioan sakrifizioak egitea beharrezkoa dela.

Hau guztia entzuteak asko poztu ninduen; izan ere, begi bistako errealitate bat islatzen du. Behintzat, hala bizi izan dut ibili izan naizen euskara eta kulturaren inguruko taldeetan. Sarriegi lan handia eta pisutsua egin, gero ezer ez ikusteko; gainera, haserreak eta gorputzaldi txarrak. Nekea, baina ezin laga, ezin jesarri. Horrela, ordea, ezin da aurrera egin. Elkar zaintzea, norberaren burua zaintzea izan beharko litzateke bidea. Aliantzak eta konplizitateak eraikitzea. Gozatzea eta barre egitea.

Sororitatea edo ahizpatasuna etorri zitzaidan ahora mintegiaren ostean lagun arteko solasaldian. Emakumeen arteko aliantza honek ahalbidetzen ditu konfiantza, elkarri autoritatea aitortzea, babesa eta laguntasuna. Batzeak eta loturak ere sortzen ditu.

Ahizpatasuna osatzen hasiko bagina, neba-arrebatasuna ere asmatuko genuke gure aktibismoari berrekin eta atsegingarria izan dadin, guk ere gehiago disfrutatzeko eta kideek goza dezaten ekintzaile lanarekin. Jende zoriontsua mundu libre batean!

Olinpiar ziklo bat telebista gabe

Danel Agirre

Amona Euxebik astero hiruzpalau hurdun txokolate tableta ekarri izan zizkigun sasoi batez etxera. Amak sekula ikusi diodan etsidura aurpegirik etsituena ipintzen zion merkantzia ikusten zuen bakoitzean. Baina Euxebik lepoa tentetu, eta bere burua justifikatzen zuen: "Bakarrik bizi naiz, eta etxean badaude jan egiten ditut". Arriskua tabletok jatea bazen, lehenen zergatik erosten ote zituen ez zigun sekula argitu.

Euxebiz oroitu naiz, azken lau urteetan bizi izan naizen etxe guztietan telebistarik ez zegoenaz jabetutakoan. Aparaturik gabe, aparatuak egozten duen zaborra kontsumitu gabe geratu naiz. Baina nik ez dut arriskua nire ingurutik apropos uxatu, Euxebik egin ohi bezala. Telebista gabe bizitzea ez da purifikazio intelektualaren peskizan hartutako erabakia izan, alegia. Atzerrian bizi den kazetari freelancearen poltsikoak hamalau zulo dituenez, halaxe egokitu da, gastu askoz premiazkoagoak izan baitira.

Inoiz patrikak josi eta sos batzuk juntatzea lortzen badut telebistarik erosiko ote dudan deliberatzen nabil azkenaldian. Gertakari nahi gabekoa izan dena hautu ideologiko irmo bilakatu ala ez hausnartzen. Gailurik gabe iraunkorki bizitzearen erabakia ia hartuta dut.

Telebistari erabilera zentzuzkoa ematea posible dela erantzungo dit norbaitek, baina bere burua engainatzen du. Harkaitz Canok asaldatuta azaltzen zuen duela pare bat aste BERRIAn egin elkarrizketan: gure burua pozoitu zale gara. Eta ez da ingurunea, gizartea, gure kaka kontsumo neurrigabekoaren erantzule nagusia. Gu geu arduratzen gara gure burua pozoitzeaz, burugogor, metodiko. Subjektu kutsatzaile eta objektu kutsatu gara, aldi berean. Zaborra eskura badugu, ez dugu mokadutxoa egiten, enpatxatu arte irensten dugu. Ni neu Gabonetan etxera itzuli, eta etxe-apainketetan aritzen diren Divinity kateko bi anaia lerdoen eta Discovery Max-en autoak tuneatzen dituzten kuadrillen saioei so igaro nituen bi asteak. Hasi txokolate ontza batekin, eta tableta desagertu arte ez dago bakerik. Ederki zekien hori amona Euxebik.

Artikulua irakurrita bularra puzten ari eta telebista leihotik jaurtitzera bazoaz —Garbigunean lagatzera, ulertu didazu—, ez arindu larregi. Duela lau urte nintzen artaburu berbera izaten jarraitzen dut, handiagoa ez banaiz. Denbora aprobetxatu izanaren antzeko sentipen atsegin bat ere badut ordea. Etxezulo amorratua izaki, inoiz baino kontzertu gehiago ikusten ari naiz, jende berri mordoa ezagutu dut, eta, azken buruan, kalea eta tabernak inoiz bezala zapaltzen ari naizela esango nuke. Osasun mentala baino are gutxiago fisikoa hobetu dut, hortaz, telebista ordezkatu duten jarduera gehienek gibela hondatzea baitakarte. Olinpiar ziklo bat bete dut batere kirolik egin gabe. Baina korrika edo gimnasiora joaten hasi baino, nahiago Divinity-ko bi anaia dekoratzaileei begira bizitza osoa eman.

Adin ertaineko gizona eskean dago

Adin ertaineko gizona eskean dago Kutxabankeko bulego baten atean. Lurrean jesarrita dagoelako eta kartel bat duelako aurrean, bestela inork ez luke esango eskalea dela, bere itxura arrunta baita. Dagoen lekutik beste ikuspuntu bat du, literalki lurre...

Zuen seme-alabak espiatu ditut

Hau irakurtzen ari bazara, dinosauro bat zarelako ari zara. Egunkariak, lana bukatu ondoko txikiteotxoa, zinemara eta kontzertuetara joatea edo polizia gogaitzea belaunaldi berriek zokoratu eta hiltzen utziko dituzten gure ohituren artean daude. Gazte...

Urkulluk eta biok ez darabilgu hiztegi bera

Hiztegizalea naiz oso. Ikaragarri maite dut hiztegiak kontsultatzea. Baina sarri sorpresak hartzen ditut hitz ezagunak begiratzean, askotan uste baino adiera gehiago dauzkatelako. Zenbaitetan, gaztelaniako ordaina topatutakoan, ez nago hiztegiak emandakoarekin konforme, zehatz-mehatz ez duelako bat egiten buruan dudan kontzeptuarekin. Hizkuntza berean mintzo garen arren, sarriegi hitzei beste esanahi bat ematen diegu. Bakoitzak du definizio bat termino batzuendako, eta hori, normalean, munduaren ikuskerarekin lotuta egoten da.

Seguruenik, mundu ikuskera desberdina dugulako asaldatu ninduten igandean Urkulluk egindako adierazpenek. Euskaldun batzuon lehendakariak (bai, letra xehez) Kataluniaren procès delakoa aitzakia hartuta zera esan zuen Gipuzkoan irismen handia duen komunikabide batean: "Ikaratu egiten nau erantzukizun gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzeak". Glups! Ni ikaratu ninduen gizartearen kontzepzio horrek! Izan ere, Kataluniako mugimendu sozialez iritzi hori badu, edonongo gizarte-mugimenduez gauza bera pentsatuko du.

Euskal Herriko zati baten lehendakari horri (bai, minuskulaz), gogorarazi nahiko nioke mugimendu sozialik barik ez genukeela ikastolarik izango, ezta euskarazko hezkuntzarik ere. Mugimendu sozialek bultzatu eta bermatu dituztelako, hainbat aurrerapauso egin dira herri honetan —eta beste batzuetan ere bai, jakina—. Beste adibide batzuk ere bururatu zaizkit, baina badakit Urkullurendako ez direna eredugarri izango. Hor egon liteke koska: niretako eredu dena berarendako, seguruenera, ez da hala izango, presidente horrek bere ideologia du eta.

Mugimendu sozial sendoak izatea demokraziaren oinarria dela begitantzen zait niri. Gizarte osasuntsu eta kezkatuaren erradiografia ona baitira. Egoera kaskarrak aldatu eta eraldatu nahi dituzten pertsona antolatuak gizartearen bizitasunaren seinaletzat ditugu zenbaitek. Demokraziaren oinarria dira, herriko jendearen sentimena direlako.

Hala ere, uler nezake asko ikaratuta egotea, mugimenduen abiapuntuak kritikotasuna izan beharko lukeelako, zirikatu eta akuilu lanak egin ahal izateko. Eta jakina da askorendako kritika eta akuilua ez direla gustukoak. Horregatik, deserosoak direlako, ez zaizkie gustatzen, zapatetan enbarazu egiten duen harri-txintxarriak direlako.

Antza denez, Urkulluk eta biok mundu-ikuskera arras desberdina dugu. Arestian esan dudan moduan, hitzen definizioak lotuta daude kosmobisioarekin. Ez darabilgu lexiko bera, hizkuntza berbera erabili arren. Argi dago Urkulluren hiztegian demokraziak beste definizio bat duela: eman botoa lau urtean behin, eta laga dena nire eskuetan.

Sarrionandiaren Hitzen ondoeza glosarioan demokrazia hitza agertzen da. Bertan dio jatorri grekoa duela berba horrek eta demokrazia grekoaren urrezko sasoian Atenasen ez kanpotarrek, ez esklaboek, ez emakumeek ez zutela parte hartzeko eskubiderik. Ereduzko demokrazia hartan ere biztanleetan lautik batek baino ezin zuen parte hartu. Tira, hori bada jatorrizko definizioa, eta nahasmendurik izan ez dadin, beharbada guk erabiltzen dugunari demokrazia deitu beharrean beste izen bat jarri beharko genioke. Herrikrazia? Sozialkrazia? Uf! Bota zuen proposamenak, kontzeptuak bataioa behar du eta!

Urteko bilan bilaua

Ikasle eta irakasle jendearendako, urte amaiera ekain-uztailean izaten da, orduan amaitzen zaizkigulako ikastaroak eta jardunak, eta atzera ere, irailean hasi. Sasoi horretan egiten dugu ikasturtearen birpasa eta balorazioa. Horretara, abendukoa urte bukaera baino, eten bat da gure jardunean, ez akabua. Baina ezin gara beti txakur berde abozinatuak izan, eta hausnarketarako ere aprobetxatuko dugu urte hondar hau, sekula ez duelako kalterik egiten. Hausnar horren ondorioz-edo, urte berrirako asmoen zerrenda ere agertzen da, baina horiek fartsa hutsa direnez hobe aipatzen ez baditugu.

Egia esatera, ez naiz oso ona halako gogoetak egiten, batzuen ustez nostalgiarako joera badut ere. Inpresioekin geratzen naiz, eta gehien inpresionatu nauena aurten, malkoetaraino, arabiar errefuxiatuen ihesa izan da. Beharbada, lehenengo momentutik geure familia ikusi dudalako bertan, hamaikatxotan esan dudan legez. Geureek "zortea" izan zuten, ihesaldi antolatu, legal eta babestua izan zutelako. Gure amama Virginiak bi seme txikienekin Frantziarako itsasontzia hartzeko aukera izan zuelako, beste bost seme-alaba Ingalaterra, Frantzia eta Belgikara ebakuatzen zituzten bitartean, eta beste alaba hemen geratu behar derrigorrean. 2015eko ume siriar horien begi ilunetan ikusi ditut gure familiaren begi ilunak, nire begi ilun berberak. Orduan, Europa izan zuten (genuen) aterpe, komiteak sortu ziren nonahi. Orain, ordea, herritarron bihotza samurtu zen arren, agintariek hesiak jarri dituzte, polizia bidali, horrekin geldituko dituztelakoan.

Hil honetan bertan entzun ahal izan diogu Eibarko Borja Olabegojeaskoetxeari Lesbos ingurutik berbetan. Bera soroslea da, eta bertara joanda dago boluntario iheslariak erreskatatzera. Egunero irteten dira Mediterraneoko uretara jostailuzko ontzi singleetan eta salbamendu-txaleko faltsuak jantzita dakartzatenak ateratzera. Izugarrikeria osoa!

Borjak eskatu zuen bakarra dirua izan zen, oso bitarteko gutxi dituztelako. Esate baterako, kontatu zuen uharte guztian anbulantzia bat zutela bertako biztanleak eta errefuxiatuak artatzeko, eta Euskadi Irratiko elkarrizketa izan aurreko egunean egun bakar batean 1.700 pertsona atera zituztela ere komentatu zuen. 1.700, egun bakar batean, Lesbos inguruan soilik! Elgoibarko Iñaki Iraola eta Koro Gabiola ere joatekoak dira sorosle Greziara Gabonetako oporretan. Eurek ere diru-biltzea dute martxan, nahi badiezue lagundu.

Neguko solstizioan gaude, eta egoera gero eta latzagoa izango da pertsona horiendako. Baina zer egin dirua emateaz gain? Nola presionatu gobernuak? Giza-uholde hura izan zenean telebista eta egunkarietako lehen orriak betetzen zituzten, eta sarriegi gertatzen diren moduan, desagertu egin dira, arazoa konpondu balitz bezala, arazoa areagotu baino ez denean egin.

Toki guztietatik ez dira desagertu, aitzitik. Eguberrietako iragarkietan ageri dira, pena eman diezaguten eta urteko sasoi zoriontsu eta zuri honetan patrika hustu dezagun. Horretaz gain, ezer gutxi. Lausotu eta ostendu dituzte beste berri batzuen atzean, estatuan pobreziaren atarian dauden umeena bezala. Krisia amets txar bat besterik izan ez balitz gisan, aspaldiko kontu konpondua. Lasai, jakina baita Eguberrietako argiek eta arrandiak munduko edozein tristura eta miseria margul ditzaketela. Dena konponduko da magiaz eta erosten, jasotzen dugun mezua.

Eta konpontzen ez bada, jar dezagun Gabon osteko asmoetan. Horrela egongo gara seguru denak izango duela irtenbidea, gu ukitzen ez gaituen irtenbidea. Merkealdian atzera ere zoriontsu.