Iritzia

Dog TV, AEBen azken erasoa

Beste behin ere, Estatu Batuetatik datorren berri batek asaldatu nau, ez eguna aldrebesteraino, baina bai barrua nahasteraino. Zaborra, morbo zikina eta moral eskasa eskaintzen duten milaka telebista kate horietaz gain, beste kate bat sortzeko ideia berritzailea izan dute: txakurrentzat eginiko lehen telebista katea, Dog TV. Ez al dute nahikoa gu erasotzearekin? Ze kulpa dute txakurrek!

Ekoizpena Jasmine Television israeldarraren eskutik dator, eta bere lehen hilabetean milioi bat afiliatu lortu ditu; sinestezina da modan egoteko beharrak duen indar itsua. Kate horretako arduradunen esanetan, hilean bost eurogatik —eta, gainera, merkea dela aldarrikatzeko gibela dute— zure txakurrak entretenimendu bat izango du, eta ez duzu berarekin jolas egiteko beharrik izango. Eta horrela funtzionatzen du jendeak, haurrekin egiten den moduan; isilik egon dadin jar iezaiozu pelikula bat, edo emaiozu bideo joko bat; horrela, ez duzu berarekin jolasik edo hitzik egin beharko. Niri bakarrik iruditzen zait, edota geroz eta gaixoago gaude? Ez diot ezeri zentzurik aurkitzen. Orain arte pentsatzen nuen txakur bat duenak haren konpainiaz gozatzen duela jolas-mimo artean; eta gaur ikasi dut ez dela beti horrela —egunero ikasten da zerbait berria; gaurko lezioa ez da nire gustukoa izan, baina, tira—. Lerro hauek idazten ari naizela, nire alboan daukat Norka, 7 urteko txakur txuri beldurti bat. Ahoan bere jostailu kutuna duela, nirekin jolas egiteko zain daukat; "orain ez, Norka, hau bukatutakoan jolas egingo dugu" esan diot; badirudi ulertu duela, eta hasperen egin eta bere txokora joan aurretik azken begiratu bat bota dit; "baina gero bai, e?", esan didala iruditu zait.

Dog TV katearen azken berrikuntza, txakurrentzat eginiko Gran Hermano saioa izan da... Bai, irakurle, badakit sinestezina dela, baina begira ezazu Interneten, eta ikusiko duzu ez naizela adarra jotzen ari; nahi nuke! Txakurrentzat egokitutako kolore eta frekuentzien bidez, erakargarri irudituko zaien saio bat sortu dute, etxe batean bizikidetzan dauden txakur taldea, jaten, lotan eta elkarri zaunka egiten ikusi ahalko dituzte bere espezieko lagunek; saiatu naiz ezberdintasunak topatzen guk ezagutzen dugun Gran Hermano horrekin, eta ez diot batere aurkitu.

Nire txakurrak entretenimendua nahi duenean pilotatxoa botatzen diot, korri eginarazten diot, paseo luze bat ematen dugu, edota, egunaren arabera —gaizto xamar nagoenean— , bere jostailu kuttunenarekin —zapaldutakoan hotsa egiten duen gomazko Pluto bat— amorrarazten dut. Baina sekula ez zait bururatu telebista jartzea. Gu baino bizkorragoak, jakintsuagoak, leialagoak eta garbiagoak dira; beharrezkoa al da izaki inuzente baten nortasuna horrela bortxatzea? Ez da beharrezkoa, ez da osasungarria, eta ez da naturala. Baina errentagarria da; kito, hortxe bukatzen da eztabaida.

EURITAN, JORNET ETA KORTAZAR NAGUSI

Hotza, euria eta Aizkorriko tontorreko elurra gaindituta, Kilian Jornet eta Oihana Kortazar (irudian) izan ziren aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoian helmugara ailegatzen lehenak, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian, hurrenez hurren. Joan den ...

106

Familiek astean elikagaietan gastatzen dutena, eurotan. Eustaten arabera, 2006tik 2010era, Gipuzkoako familiek, batez beste, 106 euro gastatu zituzten elikagaietan, astean. Bizkaian eta Araban, 96 euro.

15,5

Esportazioen igoera urteko lehen hiru hiletan, ehunekotan. 2012. urteko lehen hiruhilekoan, eta, iazko garai berarekin alderatuta, %15,5 egin dute gora esportazioek, Gipuzkoan. Orotara, 1.761,3 milioi eurorenak izan dira.

BAT: Basque Apain Team

BERRIAko erredaktore guapoenaren arreba ezin guapagoaren ezkontzan gorbata jantzi ala ez deliberatzen ari nintzela, ordenagailua piztu eta Espainiako Internet hankaz gora jarri duen eztabaida batekin topo egin dut. Olinpiar Jokoak ti-ta gainean direla eta —lau urte zaharragoa zara, bai—, Londresen haien ordezkariek luzitu beharreko janzki eta osagarri hori-gorriek piztu dute kalapita. Ikusi ez dituzuenoi nolakoak diren hitzez azaltzea ez da ariketa samurra. Itsusi amorratuak iruditu zaizkidala bakarrik idazten badut, ñabardura gehiegi galtzen da, baina horrelako aldrebeskeria xehetzen asmatzeko nire euskarari beste hiruzpalau EGA falta zaizkio gutxienez.

Imajinatu ditzakezue Fuenlabradako zentro komertzial bat, larunbat arratsalde batez, edo Cartagenako dantzaleku bat, ordu txikitan. Bietan desfilatzeko moduko arropa da Bosco Sports etxekoek diseinatutakoa; marka errusiarra izanda, hango estetikari "ukitu italiarra" elkartuz lortzen omen dituzte hain emaitza txundigarriak. Gehitu ekuazioari halako inspirazio andaluziar bat, auzoko txinatarren dendan metroko bi eurotan erositako ehunak eta Ekaineko kobazuloan linterna moduan erabil daitezkeen zapata eta boltsa dirdiratsuak. Horraino nire ahalmen deskriptiboa.

AEBen jantziak Ralph Laurenek eta Italiarenak Giorgio Armanik atondu dituzte, eta irekiera desfiletik bertatik argi samar geratuko da Espainiako murrizketak ez direla txantxetakoak. Horrelakoetan sumatzen dut nik Euskal Herriko olinpiar selekzioaren falta. Gureak dotorexeago bidaltzen asmatuko genuela uste dudalako, bai. Eta janzkien inguruan sor litekeen zalapartarekin urte osoko zutabeak beteko nituelako ere bai, Espainiako Interneten bueltaka ibili beharrik izan gabe. Erabaki koherente eta herrikoia hartzekotan, petatxuz betetako mendiko galtzek, forro polarrezko txalekoak eta trekking egiteko zapatek osatu beharko lukete uniformea, baina halako ekitaldi global batean ez ginateke ausartuko. Irudika ditzaket, esklusiban, euskal desfilearen argazki pare bat.

2020ko abuztua da, eta Ander Elosegi galtza zuri, jaka orlegi eta marinel itxurako txapel gorriarekin doa, ikurrina eskuetan hartuta, taldeburu. Maialen Chorrautek kolore bertsuak dituen soineko ederra darama, Dubaiko estadioko harmailetan dauden xekeak agurtuz. Loreak Mendian-ek josia da guztia, aire frantsesa duen estilo donostiar apartekoan. Modaz diharduten webguneek ozen goraipatu dute talde berriaren itxura, etxean askok pijoegia dela uste izan duten arren. Eta argazkiak duela zortzi urte imajinatu bezala suertatu direlako harro, BERRIAko erredaktore guapoenaren ezkontzara joateko prestatzen hasi naiz ni, gorbata jantzi ala ez erabaki ezinik.

AGURRIK SENTITUENA ARANBURURI

Realak eta realzaleek agur hunkigarria egin zioten, iragan larunbatean, Mikel Aranburu Realeko jokalariari. Ligako azken partida Anoetan jokatu zuen Realak, Valentziaren aurka —txuriurdinek 1-0 irabazi zuten—, eta partida hura aprobetxatu zuten taldeak eta zaleek Aranburu agurtzeko. Maiatzaren 3an iragarri zuen Aranburuk futbolean jokatzeari utziko ziola. Partida hasi aurretik, urrezko intsignia eman zion Jokin Aperribai Realeko presidenteak.

Leon, Kastillo eta Bergaminen ‘Guernica’

Leon eta Kastillo kalean barrena doaz, kontu kontari, ohi bezala, edo, hobeto esan, ika-mikan. Izan ere, elkarri bizkarra emanda bizi dira, txanpon bereko bi aldeak diren arren, edo, hain justu, txanpon bereko bi aldeak direlako. Harira, baina.

Gernika bonbardatu zuteneko urtemugaren aitzakian, Guernica dute hizpide. Leonek uste du koadroa, Gernikan gertatutakoaren testigantza den neurrian, Gernikara ekarri behar dutela. Kastillok, aldiz, Gernikan gertatutakoaren testigantza dela ukatzen ez badu ere, oroz gain gerraren ankerraren sinbolo unibertsala dela defendatzen du. Horregatik, Gernikan bezain ongi edonon egon daiteke. "Bestelako kontua duk —gehitu du— guk Gernikara ekarri nahi izatea".

"Aizak, hik ba al dakik Picassok koloretan margotu nahi izan zuela?", bota du Leonek. Kastillok ezetz adierazi du keinu batekin. Hasi da, ba, Leon kontatzen behin Jose Bergamini entzun zion istorioa…

Picassok Guernica-ren marrazketa burutu eta hainbat laguni erakutsi nahi izan zien. Ikustera joan ziren Bergamin bera, Juan Larrea, Yvonne Zervos, Andre Malraux eta beste batzuk. Zur eta lur geratu ziren, hitz bat bera ere botatzeko gauza ez zirela. Picassok esan zien koadroaren marrazketa bukatutzat jotzen zuela eta irudiak koloreztatzea baino ez zuela falta. Ordura arteko isiltasuna aho batez urratu zuten lagunek: "Hau koloreztatu? Ezta pentsatu ere! Hau ez zegok hobetzerik!". Picassok, baina, koloreztatu eta koloreztatu egin behar zuela errepikatzen zuen. Korapiloa Yvonne Zervosek askatu omen zuen: "Egin ezak froga kartulina batzuekin". Picassori ideia gustatu zitzaion. Koloretako kartulina batzuk moztu eta irudien gainean ipintzen hasi zen, koadroa nola gera zitekeen ikuste aldera. Berehala konturatu zen kolore haiek mozorrotu baino ez zutela egiten txuri-beltzaren benetakotasuna. Bazen, alabaina, gustuko zuen kartulina haietako bat, malko gorri baten itxura zuena. Lehendabizi, koadroko emakumearen begietan jarri zuen; gero, zaldiarenetan; hegaztiarenetan ere froga egin zuen. Baina ez zuen erabakirik hartzen. Azkenean, kartulina hura kutxatila batean sartu eta Bergamini eman zion: "Tori! Hi arduratuko haiz malkoaz, Guernica Parisen ikusgai dagoen bitartean, behintzat. Hik erabakiko duk zein iruditan jarri; hori bai, ostiralero, malkoak irudi batetik bestera egin beharko dik salto".

"Eta zer gertatu zuan malko harekin?", galdetu du Kastillok, istorioa egiazkoa ote den zalantzak aurpegian ondo agerian dituela. "Galdu zuan, gerra bezala, badakik; igoal egunen batean agertuko duk", erantzun du Leonek, irria ezpainetan. "Bo, bo, ez didak ziria hain erraz sartuko!", Kastillok.

Kalean barrena jarraitu dute. Ustekabean, bigarren eskuko azoka horietako batera iritsi dira. Postu batera hurbildu eta han, zapata, liburu, sifoi botila eta beste traste zaharren artean, Kastillok kutxatila bat jo du begiz. Disimuluan, ireki eta barruan begiratu du, Leon beste aldera jiratuta dagoela aprobetxatuz. "Badaezpada…", esan du bere kolkorako.

150

Hondarribiko zahar etxe berriak dituen lekuak. Gaur zortzi, Betherram zahar etxea inauguratu zuten Hondarribian. 150 pertsonarentzako tokia du egoitzak —horietatik 112 publikoak—. Horrez gain, 30 pertsonarentzako lekua du eguneko zentroak.

23.282

Apirilean Hondarribiko aireportuan izandako bidaiariak. Joan den hilean 23.282 bidaiari igaro ziren Hondarribiko aireportutik. Iazko apirileko datuekin alderatuta, %11,5ekoa izan da igoera. Martxoarekin alderatuta, 3.129 bidaiari irabazi ditu.

Diru laguntzak norentzat? Zertarako?

Ez da erraza diru laguntzek gaur egungo munduan jokatzen duten papera ulertzea, edo bai? Alde batetik, Merkatua —hizki handitan, Jainkoa bezala— librea dela eta berak agintzen duela esaten digute. Bale, onar dezagun momentu batez hori horrela dela; orduan, horren arabera, enpresa lehiakorrenek bakarrik iraungo dute Merkatuan, besteak hondoratuz.

Bestetik, ordea, inoiz baino lege eta arau gehiago daude, eta, gainera, diru kopuru itzelak banatzen dituzte diru laguntza ezberdinen bidez.

Beraz, errealitatean ikusten dugu merkatua ez dela librea —oso arautua eta legeztatua baizik— eta (diru)laguntza gehien jasotzen duten enpresek irauten dutela, beste guztiak hondoratuz.

Zertarako dira diru laguntzak? Lehenengo eta behin, diru laguntzen ugaritzeak —lege eta arauen ugaritzearekin batera— Estatuaren estruktura eta existentzia bera sostengatzen dituela dirudi, zeren… zertan jardungo lukete, bestela, milaka funtzionario eta politikarik? Zerbait egin behar… eta amaierarik gabeko burokrazia eta papeleo horiek asko laguntzen dute horretan.

Baina ustezko gizarte libre honetan diru laguntzak hori baino gehiago dira: norbanakakoak kontrolatu eta zer egin behar duten inposatzeko tresna ere badira.

Nekazaritzaren eta baserritarren kasuan, ikus dezagun zertarako balio duten Estatuak banatzen dituen diru laguntzek. Har dezagun NPB Nekazaritza Politika Bateratua, adibidez, edo gazteleraz PAC bezala ezagutzen dena. NPB Europako Batasuneko politikarik garrantzitsuena da, Europako aurrekontuen %40 izateraino (55.000 milioi euro). Bere jatorrizko helburua gerra ondorengo Europan nekazaritza berpiztu eta elikadura autosufizientzia bermatzea omen zen, baina NPBk errealitatean egin duena da baserriko ekoizpen dibertsifikatu eta osasungarriak desagerrarazi, eta, haien ordez, nekazaritza industriala eta elikadura segurtasun falta ekarri. Datuak hor daude: 1986. urtean —Europako Batasunean sartu gintuzten urte berean— 50.000 baserritar ziren Hego Euskal Herrian; gaur egun, berriz, 12.000 ustiapen inguru baino ez dira geratzen—gehienak leporaino zorpetuta—; eta, bestetik, elikagaien inguruko eskandaluak etenik gabe eragiten ari dira —DDT, behi eroak, dioxinak, txerrien gripea…—. Ondorio horiek denak zuzen-zuzenean NPBri zor dizkiogu.

Nola izan zen prozesua? Nola ezarri zuten gaur egungo nekazaritza eredua? Ba, hasiera batean, 1950 eta 1970eko hamarkaden artean NPB —Frantziako eta Alemaniako estatuek nagusiki— gerrarako sortutako fabrikak nekazaritzara aplikatzeko ikerketara dedikatu zuten, eta, horrela, ongarri kimikoak eta herbizidak asmatu zituzten —iraultza berdea bezala saldu zitzaiguna—. Horrekin batera, produktibitatearen araberako diru laguntza zuzenak ematen zituzten, eta baita ustiapenak handitzen laguntzeko inbertsioetarako ere. Ondoren, 1980ko hamarkadan, eta elikadura autosufizientziaren helburua lortu bazen ere, NPBk martxan jarraitu zuen eta gainprodukzioak sortutako soberakinak arazo bihurtu ziren(!). Orduan NPBko diru laguntzak soberakinak esportatzeko ematen hasi ziren, dumping efektua sortuz, hau da, mundu mailako beste nekazariekin lehiatu ahal izateko, ekoizpen prezioen azpitik saltzea —Merkatu Librea aldarrikatzen dutenak beren produktuak babesten!—. Gaur egunean NPBren diru laguntzak ez dira ekoizpenarekin lotzen soberakinik egon ez dadin, eta, horrela, lur hektarea gehien dutenek jasotzen dituzte diru laguntzarik handienak, nahiz eta ez ezer ekoitzi. Eta zein dira NPBren diru laguntza handienak jasotzen dituztenak? Gure baserritarrak? Nola ba!, 2010. urteko datuen arabera, agroindustria multinazionalak (British Sugar- Ebro, Mercadona, Campofrio…) eta jauntxoak (Albako Dukesa…) izan ziren onuradun nagusiak. Urte berean, British Sugar-Ebrok 122 milioi euroren irabaziak izan zituen, baina nekazarien soldatak %30 jaitsi dira 2003. urtetik hona.

Beraz, NPBko diru laguntzen %80 enpresaburu eta jauntxoentzat da, eta ez nekazari edo jornaleroentzat; eta zenbat eta handiago diru laguntza gehiago!

Garbi ikusten da nola Estatuak (edo Estatuen Batasunak) nahiago dituen British Sugar-Ebro bezalako multinazionalak eta gaur egun Hego Euskal Herrian agro-industria eta diru laguntzen menpeko diren 12.000 baserritar, 1976.urtean zeuden 92.000 baserri txiki, autonomo eta salmentak herritarrengana zuzenean bideratzen zituztenak baino.

Horretarako diseinatu ziren NPBko diru laguntzak, baserri autonomoak desagertu eta beren ordez enpresaburu gutxi batzuk eta soldatapeko langile obediente pila bat lortzeko. Ei!, ez dut nik esaten, EBko webguneak dio: "NPB-ren garapena: Arrakasta baten istoria".