Iritzia

‘Gemeinwohl-Ökonomie’

Gaztelaniaz Economía del bien común esaten zaio, eta ingelesez, Economy for the Common Good. Badirudi euskaraz Guztion Onerako Ekonomia bezala itzulita hasi dela erabiltzen. Jatorrizkoa, ordea, izenburuan jarritakoa, alemanez dago, Austriatik eta Alemaniatik baitator.

Galdera interesgarriak dakartza eredu ekonomiko berri honek. Esate baterako: nork esan du jarduera ekonomikoaren helburu nagusia irabazi-asmoa dela? Edo zehatzago, nork esan du dela irabazi-asmoa... gainerako guztiaz ahaztuta? Non dago idatzita hori? Jarduera ekonomikoak derrigor konpetentzian oinarritua behar al du? Zer ondorio dakartza hala izateak?

Galdera horiek eta beste batzuk besapean hartuta etorri zen duela bi aste Christian Felber austriarra Donostiara hitzaldi bat ematera. Baina ez zituen galderak bakarrik ekarri. Erantzunak ere bai. Edo, erantzunak baino gehiago, proposamen ireki bat. Bera baita Guztion Onerako Ekonomia eredu berriaren sortzaileetako bat. Eredu ekonomiko bat da, kapitalismoaren alternatiba izan daitekeen eredu ekonomiko oso bat; zalantzan jartzen ditu gure Mendebaldeko gizartearen joan-etorriak gobernatzen dituzten arauetako asko, idatzitakoak batzuk eta idatzi gabekoak besteak.

Esate baterako: jabetza pribatua ukiezina da. Beste gauza asko uki litezke eta ukitzen dira. Baina jabetza pribatua ez. Ez ukitzen eta ez mugatzen. Eredu ekonomiko berri honek ez du proposatzen jabetza pribatua kentzea, baina bai mugatzea, gehienezko langa batekin. Oso alderaketa grafikoa egin zuen honetan Felberrek, jabetza pribatua, autoen abiadura eta askatasuna lotuz. Gutako edonori esaten zaionean hiri barnean gehienez 50 kilometro orduko abiaduran joan daitekeela, ulertzen dugu hori dela muga bat, bakoitzaren askatasuna mugatuz, guztiona posible egiten duena. Batek eskubidea balu hiri barnean orduko 200 kilometroko abiaduran joateko, gainerako guztiek oso-oso mugatuta izango lukete kalean ibiltzeko euren askatasuna, bizia galdu gabe behintzat! Modu bertsuan, bistan da familia, enpresa edo pertsona batzuen jabetza pribatua neurri izugarrietaraino hazten eta pilatzen denean, horrek nabarmen mugatzen duela beste agente ekonomiko askoren askatasuna. Hala bada, zergatik ez mugatu?

Galdera gehiago: Zeren arabera neurtzen dugu "arrakasta ekonomikoa" gure gizartean? Zergatik begiratzen zaio bakarrik Barne Produktu Gordinari (dirutan neurtuta)? Benetan horrek esaten al digu gizarte horretako bizi-kalitatea ona den? Diruarekin batera ez al dira beste kontu asko gizarte baten ongizatea, eta ondasun komuna zenbatekoa den esaten digutenak? Denok dakigu baietz. Hala bada, gizarte bateko common good hori diruarekin batera beste gauza askok adierazten badigute, zergatik ez horiek ere kontuan hartu "arrakasta ekonomikoa" neurtzean (dirua bakarrik neurtu beharrean)?

Albisterik onena da planteamendu ekonomiko berri hau ez dela galderetan soilik geratzen. Proposatu egiten du bide bat —bide irekia— ariketa demokratikoaren bitartez, eta behetik gorako dinamiken bitartez, gaur egungo Mendebaldeko eredu ekonomikoa beste parametro batzuen arabera funtzionatzera eraman dezakeena. Eramanarazi dezakeena. Eta eredu ekonomikoa aldatu esaten duena, gizarteko baldintzak eta harremanak aldatu ere ari da esaten; bereziki gaur egun, non iritsi garen puntu batzuetara ematen duena "diruak" edo "ekonomiak" —horrela, modu itxuraz inpertsonalean eta neutroan— esan behar dutela zeri eman behar zaion lehentasuna gizarte-bizitzan.

"Beste mundu bat posible da", esaten da batzuetan. Horra mundu askoz hobe baterako bide orri bat mahai gainean. Egia bihurtuz joan litekeena, Austrian, hemen edo Australian, gaurtik bertatik hasita...

Konkista

Konkista, eskuratze-sistema gisa, erakargarria da. Geuk aukeratu, geuk bideratu, geuk lortu, eta geuretzat. Begirada bat, begiradaren ausentzia, beste begirada bat, diseinatutako hitzak, milimetraturiko irribarrea, denbora, eta trofeoa. Sistema bertikala da erabat, baten sumisioan edo ahulgunean eta bestearen boterean edo botere nahian oinarritua. Konkistatzeak botere sentsazioa ematen du, eta, beraz, boterea. Horretara ohituta gaude, salbatzaile edo salbatu izatera, harremanetan eta botere-harremanetan. Harremanetan. Lau begiko begiradak eta elkar jan nahi duten garunak gustatzen zaizkit niri, baina. Elkar miazkatuz eta koxkaka jan nahi dutenak. Bihotzaren konkista.

Eta bihotzetik burura —gauza bera izan eta kontinente ezberdinetan bizitzearen paradoxa—, Euskal Herriaren konkistara. Konkistatu gintuzten, bandera lurraren kopetan jarrita —lurrean, udaletxetako mastetan— , eta konkista ez da konkistatzea eta kito; konkistatzea, lortzea eta konkista iraunaraztea baita, hitzaren adiera estuenean. Eta horretarako ez da aski lurra. Buruaren konkista. Konkistaren biziraupena lortzeko, lur hori zapaltzen dutenen —lur horren konkistatzaileek zapaltzen dituztenen— hizkuntza konkistatu eta aldatu behar da, bizitzeko modua, harremantzekoa… mundua ikusteko darabiltzaten betaurrekoak lurrera bota behar dira, zapaldu, eta berriak jarri, lokietan iltzatuta, ahal bada. Euskal Herrian badakigu horretaz zerbait. Baina gure prisma propioko prismatikoen bila gabiltza, etorkizuna konkistatu ez, berriz geureganatzeko.

Eta argentinarrek badakite jakin zer den konkista. Zer den konkista, eta zer den konkistatu zintuztela ezabatzeko amnesia kolektiboan bizitzea. Konkistatzaileek eta konkistatu diruzaleek bultzatuta. Euren larrutan eta lurretan bizi izan dute, eta bizi dute, baina apurtu dute katebegi bat dagoeneko, eta aurki lehertuko dute inguruan eta garunean duten kartzela. Ziur nago. Nazkagarria dena —fin esanda— zera da, norberarena dena berreskuratzeari traizioa deitzea. Hori ere konkistaren zati bat da, kontzeptuen, izenen konkista, konkistetan arriskutsuenetarikoa. Eta beraz, esan diezadala norbaitek, mesedez, nori otu zitzaion El Conquistador deitzea Argentinan grabatzen duten reality show-ari. Konkistadorearen figura baldin bada irabazlearena, ederki gabiltza.

Dog TV, AEBen azken erasoa

Beste behin ere, Estatu Batuetatik datorren berri batek asaldatu nau, ez eguna aldrebesteraino, baina bai barrua nahasteraino. Zaborra, morbo zikina eta moral eskasa eskaintzen duten milaka telebista kate horietaz gain, beste kate bat sortzeko ideia berritzailea izan dute: txakurrentzat eginiko lehen telebista katea, Dog TV. Ez al dute nahikoa gu erasotzearekin? Ze kulpa dute txakurrek!

Ekoizpena Jasmine Television israeldarraren eskutik dator, eta bere lehen hilabetean milioi bat afiliatu lortu ditu; sinestezina da modan egoteko beharrak duen indar itsua. Kate horretako arduradunen esanetan, hilean bost eurogatik —eta, gainera, merkea dela aldarrikatzeko gibela dute— zure txakurrak entretenimendu bat izango du, eta ez duzu berarekin jolas egiteko beharrik izango. Eta horrela funtzionatzen du jendeak, haurrekin egiten den moduan; isilik egon dadin jar iezaiozu pelikula bat, edo emaiozu bideo joko bat; horrela, ez duzu berarekin jolasik edo hitzik egin beharko. Niri bakarrik iruditzen zait, edota geroz eta gaixoago gaude? Ez diot ezeri zentzurik aurkitzen. Orain arte pentsatzen nuen txakur bat duenak haren konpainiaz gozatzen duela jolas-mimo artean; eta gaur ikasi dut ez dela beti horrela —egunero ikasten da zerbait berria; gaurko lezioa ez da nire gustukoa izan, baina, tira—. Lerro hauek idazten ari naizela, nire alboan daukat Norka, 7 urteko txakur txuri beldurti bat. Ahoan bere jostailu kutuna duela, nirekin jolas egiteko zain daukat; "orain ez, Norka, hau bukatutakoan jolas egingo dugu" esan diot; badirudi ulertu duela, eta hasperen egin eta bere txokora joan aurretik azken begiratu bat bota dit; "baina gero bai, e?", esan didala iruditu zait.

Dog TV katearen azken berrikuntza, txakurrentzat eginiko Gran Hermano saioa izan da... Bai, irakurle, badakit sinestezina dela, baina begira ezazu Interneten, eta ikusiko duzu ez naizela adarra jotzen ari; nahi nuke! Txakurrentzat egokitutako kolore eta frekuentzien bidez, erakargarri irudituko zaien saio bat sortu dute, etxe batean bizikidetzan dauden txakur taldea, jaten, lotan eta elkarri zaunka egiten ikusi ahalko dituzte bere espezieko lagunek; saiatu naiz ezberdintasunak topatzen guk ezagutzen dugun Gran Hermano horrekin, eta ez diot batere aurkitu.

Nire txakurrak entretenimendua nahi duenean pilotatxoa botatzen diot, korri eginarazten diot, paseo luze bat ematen dugu, edota, egunaren arabera —gaizto xamar nagoenean— , bere jostailu kuttunenarekin —zapaldutakoan hotsa egiten duen gomazko Pluto bat— amorrarazten dut. Baina sekula ez zait bururatu telebista jartzea. Gu baino bizkorragoak, jakintsuagoak, leialagoak eta garbiagoak dira; beharrezkoa al da izaki inuzente baten nortasuna horrela bortxatzea? Ez da beharrezkoa, ez da osasungarria, eta ez da naturala. Baina errentagarria da; kito, hortxe bukatzen da eztabaida.

EURITAN, JORNET ETA KORTAZAR NAGUSI

Hotza, euria eta Aizkorriko tontorreko elurra gaindituta, Kilian Jornet eta Oihana Kortazar (irudian) izan ziren aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoian helmugara ailegatzen lehenak, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian, hurrenez hurren. Joan den ...

106

Familiek astean elikagaietan gastatzen dutena, eurotan. Eustaten arabera, 2006tik 2010era, Gipuzkoako familiek, batez beste, 106 euro gastatu zituzten elikagaietan, astean. Bizkaian eta Araban, 96 euro.

15,5

Esportazioen igoera urteko lehen hiru hiletan, ehunekotan. 2012. urteko lehen hiruhilekoan, eta, iazko garai berarekin alderatuta, %15,5 egin dute gora esportazioek, Gipuzkoan. Orotara, 1.761,3 milioi eurorenak izan dira.

BAT: Basque Apain Team

BERRIAko erredaktore guapoenaren arreba ezin guapagoaren ezkontzan gorbata jantzi ala ez deliberatzen ari nintzela, ordenagailua piztu eta Espainiako Internet hankaz gora jarri duen eztabaida batekin topo egin dut. Olinpiar Jokoak ti-ta gainean direla eta —lau urte zaharragoa zara, bai—, Londresen haien ordezkariek luzitu beharreko janzki eta osagarri hori-gorriek piztu dute kalapita. Ikusi ez dituzuenoi nolakoak diren hitzez azaltzea ez da ariketa samurra. Itsusi amorratuak iruditu zaizkidala bakarrik idazten badut, ñabardura gehiegi galtzen da, baina horrelako aldrebeskeria xehetzen asmatzeko nire euskarari beste hiruzpalau EGA falta zaizkio gutxienez.

Imajinatu ditzakezue Fuenlabradako zentro komertzial bat, larunbat arratsalde batez, edo Cartagenako dantzaleku bat, ordu txikitan. Bietan desfilatzeko moduko arropa da Bosco Sports etxekoek diseinatutakoa; marka errusiarra izanda, hango estetikari "ukitu italiarra" elkartuz lortzen omen dituzte hain emaitza txundigarriak. Gehitu ekuazioari halako inspirazio andaluziar bat, auzoko txinatarren dendan metroko bi eurotan erositako ehunak eta Ekaineko kobazuloan linterna moduan erabil daitezkeen zapata eta boltsa dirdiratsuak. Horraino nire ahalmen deskriptiboa.

AEBen jantziak Ralph Laurenek eta Italiarenak Giorgio Armanik atondu dituzte, eta irekiera desfiletik bertatik argi samar geratuko da Espainiako murrizketak ez direla txantxetakoak. Horrelakoetan sumatzen dut nik Euskal Herriko olinpiar selekzioaren falta. Gureak dotorexeago bidaltzen asmatuko genuela uste dudalako, bai. Eta janzkien inguruan sor litekeen zalapartarekin urte osoko zutabeak beteko nituelako ere bai, Espainiako Interneten bueltaka ibili beharrik izan gabe. Erabaki koherente eta herrikoia hartzekotan, petatxuz betetako mendiko galtzek, forro polarrezko txalekoak eta trekking egiteko zapatek osatu beharko lukete uniformea, baina halako ekitaldi global batean ez ginateke ausartuko. Irudika ditzaket, esklusiban, euskal desfilearen argazki pare bat.

2020ko abuztua da, eta Ander Elosegi galtza zuri, jaka orlegi eta marinel itxurako txapel gorriarekin doa, ikurrina eskuetan hartuta, taldeburu. Maialen Chorrautek kolore bertsuak dituen soineko ederra darama, Dubaiko estadioko harmailetan dauden xekeak agurtuz. Loreak Mendian-ek josia da guztia, aire frantsesa duen estilo donostiar apartekoan. Modaz diharduten webguneek ozen goraipatu dute talde berriaren itxura, etxean askok pijoegia dela uste izan duten arren. Eta argazkiak duela zortzi urte imajinatu bezala suertatu direlako harro, BERRIAko erredaktore guapoenaren ezkontzara joateko prestatzen hasi naiz ni, gorbata jantzi ala ez erabaki ezinik.

AGURRIK SENTITUENA ARANBURURI

Realak eta realzaleek agur hunkigarria egin zioten, iragan larunbatean, Mikel Aranburu Realeko jokalariari. Ligako azken partida Anoetan jokatu zuen Realak, Valentziaren aurka —txuriurdinek 1-0 irabazi zuten—, eta partida hura aprobetxatu zuten taldeak eta zaleek Aranburu agurtzeko. Maiatzaren 3an iragarri zuen Aranburuk futbolean jokatzeari utziko ziola. Partida hasi aurretik, urrezko intsignia eman zion Jokin Aperribai Realeko presidenteak.

Leon, Kastillo eta Bergaminen ‘Guernica’

Leon eta Kastillo kalean barrena doaz, kontu kontari, ohi bezala, edo, hobeto esan, ika-mikan. Izan ere, elkarri bizkarra emanda bizi dira, txanpon bereko bi aldeak diren arren, edo, hain justu, txanpon bereko bi aldeak direlako. Harira, baina.

Gernika bonbardatu zuteneko urtemugaren aitzakian, Guernica dute hizpide. Leonek uste du koadroa, Gernikan gertatutakoaren testigantza den neurrian, Gernikara ekarri behar dutela. Kastillok, aldiz, Gernikan gertatutakoaren testigantza dela ukatzen ez badu ere, oroz gain gerraren ankerraren sinbolo unibertsala dela defendatzen du. Horregatik, Gernikan bezain ongi edonon egon daiteke. "Bestelako kontua duk —gehitu du— guk Gernikara ekarri nahi izatea".

"Aizak, hik ba al dakik Picassok koloretan margotu nahi izan zuela?", bota du Leonek. Kastillok ezetz adierazi du keinu batekin. Hasi da, ba, Leon kontatzen behin Jose Bergamini entzun zion istorioa…

Picassok Guernica-ren marrazketa burutu eta hainbat laguni erakutsi nahi izan zien. Ikustera joan ziren Bergamin bera, Juan Larrea, Yvonne Zervos, Andre Malraux eta beste batzuk. Zur eta lur geratu ziren, hitz bat bera ere botatzeko gauza ez zirela. Picassok esan zien koadroaren marrazketa bukatutzat jotzen zuela eta irudiak koloreztatzea baino ez zuela falta. Ordura arteko isiltasuna aho batez urratu zuten lagunek: "Hau koloreztatu? Ezta pentsatu ere! Hau ez zegok hobetzerik!". Picassok, baina, koloreztatu eta koloreztatu egin behar zuela errepikatzen zuen. Korapiloa Yvonne Zervosek askatu omen zuen: "Egin ezak froga kartulina batzuekin". Picassori ideia gustatu zitzaion. Koloretako kartulina batzuk moztu eta irudien gainean ipintzen hasi zen, koadroa nola gera zitekeen ikuste aldera. Berehala konturatu zen kolore haiek mozorrotu baino ez zutela egiten txuri-beltzaren benetakotasuna. Bazen, alabaina, gustuko zuen kartulina haietako bat, malko gorri baten itxura zuena. Lehendabizi, koadroko emakumearen begietan jarri zuen; gero, zaldiarenetan; hegaztiarenetan ere froga egin zuen. Baina ez zuen erabakirik hartzen. Azkenean, kartulina hura kutxatila batean sartu eta Bergamini eman zion: "Tori! Hi arduratuko haiz malkoaz, Guernica Parisen ikusgai dagoen bitartean, behintzat. Hik erabakiko duk zein iruditan jarri; hori bai, ostiralero, malkoak irudi batetik bestera egin beharko dik salto".

"Eta zer gertatu zuan malko harekin?", galdetu du Kastillok, istorioa egiazkoa ote den zalantzak aurpegian ondo agerian dituela. "Galdu zuan, gerra bezala, badakik; igoal egunen batean agertuko duk", erantzun du Leonek, irria ezpainetan. "Bo, bo, ez didak ziria hain erraz sartuko!", Kastillok.

Kalean barrena jarraitu dute. Ustekabean, bigarren eskuko azoka horietako batera iritsi dira. Postu batera hurbildu eta han, zapata, liburu, sifoi botila eta beste traste zaharren artean, Kastillok kutxatila bat jo du begiz. Disimuluan, ireki eta barruan begiratu du, Leon beste aldera jiratuta dagoela aprobetxatuz. "Badaezpada…", esan du bere kolkorako.

150

Hondarribiko zahar etxe berriak dituen lekuak. Gaur zortzi, Betherram zahar etxea inauguratu zuten Hondarribian. 150 pertsonarentzako tokia du egoitzak —horietatik 112 publikoak—. Horrez gain, 30 pertsonarentzako lekua du eguneko zentroak.