Iritzia

Maniak

Ondo ezagutzen nautenek badakite, irakurtzen ikasi nuenetik, parean harrapatutako guztia irakurtzeko ohitura dudala; nire begiek aurrean ikusten duten hitz edo esaldi laburra irakurtzea nire ohitura literarioen parte bilakatu dela. Izan daitezke autoen markak, lantegien eta denden izenak, bizikletenak, erosketako poltsenak… Begiratu batean ikusi eta irakur daitekeen ororen jarraitzaile sutsua bilakatu naiz denboraren poderioz, eta batzuetan, antsietate apur bat sortzen dit ohitura honek. Adibidez, badago Bilbora bidean autobidean zoazenean urrunetik ikus daitekeen lantegi erraldoi bat. Lantegiaren izena ageri den momentutik hasten naiz behin eta berriz hitz berbera irakurtzen, autobusa urrunean desagertzen den arte. Zertarako balio duen horrek? Ezertarako ez! Mania hutsa. Eta etxeko komunean aulkitxo baten gainean pilatzen ditudan aldizkariak? Zenbat titulu memorizatu ote ditut? Gerora ahazten ditudan zenbat esaldi solte?

Azkenaldian, ordea, ikasi dut mania honi probetxua ateratzen, erabat entretenitzeaz gain fantasia eta sormena lantzeko ariketa ezin hobea bihurtu dena.

Gure herriko taberna askotako komunetako ateak, barrualdetik, nire maniarentzako plazer hutsa bilakatu dira. Era guztietako lema eta esaldiekin egin dut topo memoriaren aztarnak jasotzen dituzten ate hauetan. Urteetan egon dira hor beharbada, eta askotan irakurriko nituen, baina azkenaldian zerbait gehiago bihurtu dira, batzuetan inspirazio iturri eta dena! Gutxi gorabehera, esaldi bakoitza atearen zein paretan kokatuta dagoen ikastera iritsi naiz, gogoko ditudanak batez ere. Jolaserako tresna ezin hobea bilakatu dira: hau ez da herrikoa, beste hau euskaraz ikasten ari da, hau aspaldi idatzia dago, beste hau berri-berria da… Garaian garaiko egoeren berri ematen dutenaren zalantza izpirik ez daukat. Orain, adibidez, ez litzateke arraroa izango krisi ekonomikoari erreferentzia egiten dion esaldiren bat topatzea. Baina, dudarik gabe, ordu txikietako kontuen salatariak dira batez ere ate hauek. Ikus daiteke, argi eta garbi, zein herritako parrandazaleak izan diren gurean, ze futbol talderen garaipenekin gozatzen duten, zein den herriko gizasemerik preziatuena batzuen ustetan, ze hiru lagun izango diren odoleko adiskide hil arte, begien aurrean ikusi ezin duenaren izena, bera gabe bizi ezin duenaren erreferentzia… Beti maitemintzen naiz nitaz maitemintzen ez den hartaz. Hau irakurtzen dudan bakoitzean Camilo Sesto datorkit burura. Idatziaren jabeak seguru ez duela sekula Camiloren abesti ezaguna entzun, baina litekeena da bera txikia zela gurasoekin hondartzara joaten zen bakoitzean autoan behin eta berriz abesti bera entzun izana eta niri begietatik bezala berari belarritik sartzea!

Garenaren "zera hori" idazteko beharraren lekuko isilak bilakatu dira gure herrietako komunetako ateak. Nirea mania, denak irakurtzeko ohitura dudalako, baina gauean festara ezabatzea ia ezinezkoa den errotuladorea poltsan edo poltsikoan hartuta ateratzea zer da? Mania guztiak bezalaxe, beharra.

Kristoren zorra

Inbidia Viagra balitz, ETBko umore programek egotzi izan diguten gatazka sexuala aspaldi gainditua genuke. Money makes the world go round dio abesti ezagunak, dirua omen da mundua jiran darabilena. Baina, xoxak baino gehiago, bekaizkeria daukat nik egunero ohetik goizeko ordu txikietan jaikitzera bultzatzen gaituen erregaitzat. Inbidiarik gabe, oreinak lantzaz ehizatzen geundeke oraindik basoetan. Eta dirua bakarrik ez, depresioa ere asmatzeke legoke oraindik.

Lehengo batean okulistara bidean Amarako estaziora trenez iristen ari ginela, alboan eserita neukan bikotea marmar batean altxa zen aulkitik, Lasarte aldera abiatzera zihoazen bagoi berri-berriak ikusita. Urola Kostatik datozenak zaharkin onartezinak omen, eta lotsagarritzat jo zuten Euskotrenen utzikeria. Bi minutu geroago, atarian laga nuen bikotea, Donostiako Metroari buruz paratutako erakusketari begira. Zanpateko galanta jasoko zuten, seguru, aldundiko aurrekontuetan hura gauzatzeko tarterik batere ez dagoela entzundakoan. Bilbokoak adina izateko dirurik ez, beraz.

Eta Gipuzkoa plazan bakarrik ez, inguruko udaletxeetan ere estu antzera omen dabiltza, sortutako zulotzarrak ezin estaliz. Excelen 1.500 bat milioi gorriz margotuta omen dituen aldundiari berandu baino lehen txanpon mordoxka bueltatu behar, eta alkateak zeharo larritu dira. Zorrak kitatzeko modu xelebrea bururatu zaie: zorrik ez kitatzea. Aurten galdutakoak hiruzpalau urtean ordaintzeko plan bat gura omen dute, gainean dugun ekaitza baretuko delakoan (inuzenteak!). Formula balekoa den argitzeko boluntario aurkeztu naiz: asteburu honetan bertan Fernandori —Itxaskiko zerbitzari den errugbi jokalari itxurako argentinar erraldoiari— Gin-Tonica eskatu eta 2015ean ordainduko diodala esango diot, ea zer iruditzen zaion.

Herriko kiroldegian —eskualdeko inbidia izan dadin— hammam bat edo luxuzko hidroterapia gune bat izateko udaletxe bat zorpetzea eskandaluzkoa ote den, ez dakit. Horretarako udal langileen soldatak izoztu behar badira, baiezkoan nago. Hala eta guztiz ere, anabasa honek daukaguna bakarrik erabiltzeko ikasgaia barneratzen lagunduko baligu, gaitz erdi. Gaurko apetak asetzeko etorkizunetik sekula existituko ez den dirua ekartzea ez baitzaigu hain borobil ere suertatu.

Norbaitek autotzarra eta etxe ezin garestiagoa ordaintzeko kreditu bat lortu duela esaten digunean, zoriondu egiten dugu. Zorretan dabilela badio, ordea, tragoxka ordaindu eta kontsolamendua ematen saiatzen gara. Eta ekonomia zientzia zinez bitxia da, baina egin kasu niri. Kreditu bat eskatu eta zoriontzen bazaituzte, ez dena sinetsi, zorretan eta zeharo izorratuta egongo zara eta.

29,2

DBus konpainiak iaz izandako bidaiari kopurua, milioitan. Donostiako Dbus autobus konpainiak 29,2 milioi erabiltzaile izan zituen iaz, eta marka historiko berria ezarri du. Hala, 2010ean baino 200.000 erabiltzaile gehiago izan zituen 2011n. Erabiltzaile kopuruak zazpigarren urtez jarraian egin du gora.

%24

Getariako Txakolina sor-markaren ekoizpenaren igoera. Getariko Txakolina sor-markaren ekoizpena %24 igo da iazkoarekin alderatuta. Alegia, aurten, 2,9 milioi botila merkaturatuko dituzte. Asteartean egin zuten 2011ko ekoizpenaren aurkezpena, urtero legez, San Anton egunez, eta Getarian.

Ezjakinaren zoriona

Aspalditxoan ez dut egunkaririk irakurri, ez dut albistegirik ikusi edo irratirik entzun; denbora falta aitzakiatzat harturik neure burua justifikatu dut.

Atzo etxean lasai antzera bazkaltzeko aukera izan nuen, eta, lenteja platerkada bat jan bitartean —bai, badakit euskara jatorrean dilista platerkada esan beharko nukeela, baina izen hori daraman zerbait jateak lastima ematen dit, dilistek hain babesgabeak dirudite... askoz lasaiago irensten ditut lentejak!— , tira harira, lenteja platerkada bat jan bitartean albistegia ikustea erabaki nuen. Krisia, langabezia, gatazka politikoak, burtsa eta antzeko kalamidadeak lentejekin batera irensten nituen bitartean, ezjakina izatea zeinen gozagarria den konturatu nintzen.

Erabaki bat hartu dudala uste dut, puska batean ez dut ezer jakin nahi egungo egoerari edo aktualitateari buruz, ez, ez dit onik egiten, eta aukeran nahiago dut ezjakin zoriontsu bat izatea, jakitun kezkatu bat izatea baino. "Aurtengo urtea txarra izango da, baina hurrengo urtean okerrera egingo du krisiak", horixe hasi ziren esaten 2007 inguruan, eta urtero errepikatu den esaldia izan da gaur arte. Mundu osoan, egunero milaka pertsona gosez hiltzen dira, gu krisi deritzogun horri aurre egiten saiatzen garen bitartean. Baina guk gure mundu grisa sortzen jarraitzen dugu, buru-belarri. Tira, ba horrelako albisteak entzutea baino nahiago dut liburu ederren bat irakurriz edo pelikula bat ikusiz entretenitzea; errealitatea gustuko ez duzunean, fikzioan murgiltzea baino irtenbide sanoagorik ez dut ezagutzen.

Seguru nago pentsatzen eta sentitzen dugun hori erakartzen dugula; beraz, barru-barruan pentsatzen badugu egoerak hobera egin dezakeela horixe izango da erakarriko duguna. "Ze tontakeria esaten hasi da neska hau oraingoan?", pentsatuko duzue zuetariko askok; sinets ezazue, bada, zerikusi handia duela. Albistegian edo egunkarian ikusitakoarekin konformatzeko joera daukagu, geure buruak informatzen ditugu, mundua zeinen gaizki dagoen hausnartuz, eta ondoren lagunartean bakoitzaren kezkak eta beldurrak zabalduz. Hizketan hasten dira, eta zuk halako batean zertaz ari diren galdetzen duzu, eta tupustean lau ahots batera entzuten dituzu, ozen eta sinestezin: "Ez al zara enteratu?"; ba ez, ez naiz enteratu hilabete honetan langabeziak 2,7-ko igoera izan duela eta hurrengo hilerako beste horrenbeste espero dela. Ez naiz enteratu, eta enteratuta ere zer? Zerbait konponduko nuke? Ez dut halakorik entzun nahi, horixe da guztia. Hobera egingo dugula sinesten dut eta beti sinistu nahi nuke, Olentzerorengan sinesten genuen bezalaxe.

Ez dut esango nire erabakia aukerarik onena denik, ezjakin izatea ez baita betirako irtenbide bat; baina garbi daukat bizia bizitzeko dela eta ez garela mundua salbatzeko jaio, geure burua eta gure ingurukoak zaintzearekin, alaitzearekin eta goxatzearekin badugu nahikoa lan.

Zenbat balio du ibai batek?

Gure gizartearen gakoa dirua da, gure inguruan den orok nahitaez balio ekonomiko bat izan behar du. Lehengoan, auto-aseguruaren poliza irakurtzean, nire eskuin begiak ezkerrekoak baino gehiago balio duela konturatu nintzen! Edozer objekturen balio eko...

HILERO LEGEZ, UME LAPURTUAK GOGOAN

Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak hileko lehen larunbatetan egin ohi duen elkarretaratzea egin zuen iragan larunbatean, Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean. Besteak beste, Hemen haurrak saltzen ziren! Krimenak argitu! izan zen leloa. A...

%3,6

Bigarren eskuko autoen salmentak izandako igoera. 2010. urtearekin alderatuta, iaz %3,6 igo zen erabilitako autoen salmenta Gipuzkoan. Orotara, bigarren eskuko 21.155 auto saldu ziren, eta 9.052 berri. Horrenbestez, iaz Gipuzkoan bigarren eskuko 2,3 auto saldu ziren saldutako auto berri bakoitzeko.

1.105

Iazko irailera arte izandako banaketa eta dibortzioak. Iazko irailera arte, 1.105 banaketa eta dibortzio erregistratu ziren Gipuzkoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, orotara, 3.377 izan ziren. Urte osoko datuak falta badira ere, Kidetzaren arabera 2010eko kopuru bertsua izango da 2011koa.

Bidaia sentimentalak

Belaunaldi gutxi egongo da gureak adina bidaia sentimental egin dituenik. Pertsonekiko gure maitasunak adina joan ginen lurraldearekiko atxikimenduak ere aldatzen. Neu, esate baterako, hamasei urterako liluraturik nenbilen Axularren Gero-rekin eta, maitasunak bere objektuaren eremua zabaltzeko duen joerari esker, Lapurdirekin lotura zuten zera guztiak iruditzen zitzaizkidan miragarri. Aditza jokatzen hasi, eta nor-nori-ren derauko, deraukigu… poema eder baten zati iruditzen zitzaizkidan.

Laburrak dira, alabaina, adin horretako maitasunak. Oskixeko aldapa bizikletaz igo, Sohütako Maddalen sorginarekin etorkizuna iragartzen saiatu (zeinen motz geratu diren gero iragarpen eder haiek) eta Barkoxeko tabernako nagusiarekin ordu erdi batez pastoralaz hitz egiten egotea aski izan genuen Zuberoaz maitemintzeko, eta nola gainera, urteak eman baikenituen maskaradak ikustera joan edo pastoralak eraman handiz ikusten, maitemindu berriek beren buruak zigortzeko erakusten duten grina nabarmenegi horrekin, dena esan behar bada. Zuberoan aurkitu uste izan genituen gure euskal nortasunari falta zitzaizkion osagarri guztiak.

Ez dira, ordea, maitasunak betiko. Marx etorri zitzaigun ondoren eta, marxismoa fedetzat harturik, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzari herrietaraino joan ginen gure historiaren arorik ederrenaren bila, eta langile haiek lurrean egindako zuloetan sartzen ginen tenplu sakratuek eragin ohi duten errespetuarekin, gizartea eta mundua bera eraldatuko zuten aldarriak ahopeka errezitatuz, eta labe garaiei begira suspertzen genuen borrokarako behar genuen sua.

Baina fedeak ere ez dira betiko. Nafarroaz maitemindu ginen gero. Nabarraldekoen lanari esker jakin nuen erresuma zaharraren historiak ematen ziola koherentzia eta bizkarrezurra gureari. Baina, hainbeste fede eta kredoren ondoren, ahots horien artean batzuk zurrunegiak, gotorregiak ez ote ziren begitandu zitzaigun, eta epeldu egin ginen apur bat.

Badakit denborarekin Arabarekin ere maiteminduko naizela. Errioxako lurpeko katakonbetan sartzen naizen bakoitzean entzuten dut lurralde diskretu, sotil baina eder horren deia, ez bainau gaur egun ezerk isiltasunak eta misterioak adina liluratzen. Gainera, bizitza osoa lur elkor horietako ardoak edaten igaro ondoren, neurri handi batean bertakoa naizela ere sentitzen dut.

Baina ez gaitezen gertakariak aurreratzen hasi, azken bolada honetan inoiz baino gipuzkoarrago sentitzen bainaiz. Ez da Bilduren garaipena, ez Realaren aro berria, ez Donostiako alkatea ere, zerbait sakonagoa da, zer den zehatz ez badakit ere. Badu lurralde honek besteek ez duten irekitasun eta dotorezia bat, eta bidaia sentimental luze baten buruan etxera itzuli denaren begiradarekin begiratzen diot.

Gutxi egongo da gure belaunaldiak adina bidaia sentimental egin dituenik euskal geografian barrena. Honezkero, norbaiti galdera bat etorriko zitzaion burura: gauza bera sentitzen al zenuten aberriari dagokionez?

Gazteak ginelarik, baziren tarteka arraroren batzuk euskaldun eta espainol sentitzen zirenak, oso gutxi egia esan, eta haien jarrera konprenitzea neketsua egiten zitzaigun. Espezie arraro hori erabat desagertu da. Aberriari dagokionez, monogamoak atera gara zinez.