Iritzia

Frantsesa

Aspaldi paradoxa irudi zitzaidan, baina duela gutxi bonbilla normalean baino biziago piztu zitzaidan. Izan ere, euskaldun kontziente orok badaki, euskara komunikatzeko edo euskaraz komunikatzeko, batzuetan, gero eta gutxiago baina oraindik askotan, beste hizkuntza batzuk erabili behar direla. Jende gutxik jartzen du zalantzan mezuak guztietara iristeko gaztelaniaz ere komunikatu egin behar direla, hainbat arrazoirengatik: jende guztiak ez daki euskaraz; badaezpada, euskara hutsean agian denek ez dute ulertuko; edo, ikuspegiaren arabera, gaztelania ere hemengo hizkuntza da; beraz, naturaltasunez bi hizkuntzak erabiliko ditugu. Hala ere, dirudienez, frantsesarekin ez da hori gertatzen. Edo hori behintzat pentsatu nuen, duela aste batzuk Bilbon Egin dezagun bidea manifestazioaren bukaerako hizlariak entzun eta gero. Manifestazioa Euskal Herri osoari zegokion arren, hizkuntza dela-eta, gaztelania ez bezala, frantses hizkuntzak edo frantses hiztunek ez zuten hor islarik, zeren diskurtsoa, euskaraz aparte, gaztelaniaz besterik ez zen eman. Ipar Euskal Herriko biztanleek, beraz, denek euskaraz dakite? Edo halako ekitaldietara etortzen diren guztiek behintzat? Edo ez dakitenak gaztelaniarekin moldatzen dira? Edo igual ez dira asko eta, beraz, ez dute asko inporta?

Baina, nahiz eta horrekin bonbilla piztu zitzaidan, gaia ez da manifestazio horren hizkuntza erabilera; hori egoera orokorra islatzen duen adibide bat besterik ez da. Pirinioetako beste aldeko biztanle asko hizkuntzaz ez dira euskaldunak, baina asko ez horrela erabaki dutelako, baizik eta aukera izan ez dutelako edo kontrako egoera bizi izan dutelako. Eta aintzakotzat har dezagun jatorrizko frantses hiztunak ere euskaldun bihur daitezkeela, edo hori behintzat da gure interesa.

Hala ere, Hego Euskal Herriko biztanle askok gaztelania ere beren hizkuntzatzat hartzen duten arren, frantsesak ez omen du estatus bera. Gaztelaniak baino askoz urrunago dirudi, Frantziarena edo frantsesena hain zuzen ere, ez Ipar Euskal Herriarena. Ez da euskaldunon parte baten bigarren (edo lehenengo…) hizkuntza gisa ikusten, baizik eta frantsesa egiten duenak badirudi hurrengo momentuan bandera trikolorea atera eta Marseillaise kantatzeari ekingo diola.

Eta, hala ere, esango nuke euskal-gaztelar elebidunentzat frantsesa ikastea, frantsesez erraz komunikatzea lortu arte behintzat, oso esperientzia ona izango litzatekeela. Hainbat arrazoirengatik:

Hasteko, gauza berriak ikasten ditugunean, batez ere seguru sentitzen ez garen ohol batzuen gainean, nolabait ere ikasbide horrek apalago sentiarazten gaitu. Gure inguruan normalean eraikitzen ditugun hormak (hizkuntzarekin nahiko lotuak…) neurri batean desagertzen dira gauza berriei irekitzen gatzaizkienean, eta hobeto ulertzen dugu ahul diren beste batzuen egoera ere. Gure kasuan, helduak izanez, euskara ikasten dutenen bizipenak, hain zuzen.

Ikuspegi abertzale batetik, buelta asko eman gabe eta nahi eta nahi ez, frantsesa ere Euskal Herriko hizkuntza da, Euskal Herrian hitz egiten, lan egiten eta bizitzen delako. Baina, ikuspegi abertzalerik gabe ere, Ipar Euskal Herriko biztanleek hemengoen antzeko egoerak bizi dituzte: bi hizkuntz komunitate, bata bestearen alboan; bi nortasun, askotan botere egoera batean; bi kultura nagusi (eta gehiago, atzerriko migrazioak kontuan hartuz); hezkuntzan hizkuntza ibilbide ezberdinak. Gaur egungo frantses hiztun asko txikitan oraindik euskaldunak ziren, edo haien aurreko belaunaldiak bai behintzat. Horiek zein ikuspegi dute gaur egun? Eta frantses jatorrikoek eta beste hizkuntza komunitate batzuek? Nolakoa da haientzat elkarbizitza hori? Euskara erakargarria iruditzen zaie? Garrantzitsua? Folklorikoa? Baztertzailea?

Hori guztia jakin dezakegu Ipar Euskal Herriko frantses hiztunekin hitz egin eta gero. Eta hartan datza frantsesa ikasteko beste arrazoi bat: praktikatu egin dezakegu. Ez da oporretara itxaron behar frantsesez hitz egiteko. Edozein asteburutan erabil dezakegu eta baita, bizilekuaren kokapenaren arabera ere, arratsalde batean bertan... Eta frantsesez hitz egin dezakegu, era berean, kostaldeko zerbitzari, dendari eta ostalariek behin eta berriro gaztelania eskaintzen diguten arren, zeren euskara gure arteko hizkuntza ez den bitartean ez baitu zertan gaztelania izan, frantsesa ere izan daiteke...

Eta, azkenik, Ipar Euskal Herriko frantses hiztunekin ez ezik, gure inguruko hainbat lagunekin ere izan daiteke frantsesa zubi hizkuntza, euskaraz komunikatzeko bidean: senegaldar eta Ipar Afrikako jatorrikoekin, besteak beste. Aire pixka bat emango lioke frantsesak Hego Euskal Herrian batzuetan itotzen gaituen gaztelania-euskara bikote bizioso horri, eta zubiak, gainera, bi aldeetatik eraikita, alde bakar batetik eraikita baino sendoagoak izaten dira.

Lapurtutako haurra banaiz?

Lapurtutako haurren tramak ez dauka mugarik, gizakiaren gaiztakeriak mugarik ez duen bezalaxe. Geroz eta kasu gehiago ari dira argitara ateratzen, eta zaila egiten zait sinestea zenbat jende aberastu zen bere garaian negozio zikin horrekin. Apaizak, mojak, medikuak, erizainak, alkateak... Nola izan daiteke pertsona bat hain ustela?

Apaizek eta mojek, Jaungoikoaren izenean, bidea libre zuten edozertarako; "ez duzu testigantza faltsurik eta gezurrik esango. Ez duzu lapurretarik egingo". Ala! Diru mordoxka baten truke bi mandamentu oso-osorik porkulo hartzera! Eta mediku zein erizainen kasuan, berriz, zer esanik ez; barrua behar da emakume baten erraietatik atera berri duzun haurra gezur zikin batekin estali eta zeure burua aberasteko! Zuetako nazkagarri batzuk, merezi ez baduzue ere, bizirik zaudete oraindik; jakin ezazue neure indar guztiekin gorrotatzen zaituztedala. Eta, hori, ni kontu honetan ikusle soil bat naizela jakinda, pentsa ezazue ze gorroto sentituko duen iruzur hau bizitzea tokatu zaionak.

Haurrak lapurtzen zizkieten biktima perfektuak hiru multzotan banatzen ziren. Ama gazteak, batetik; lehendik haur gehiago zituzten emakumeak, bestetik; eta bederatzi hilabete konplitu baino lehen erditu zirenak, azkenik. Eta haurrak adopzioan hartu zituzten familia askok ez zuten iruzur honen berririk, adopzio normal bat izango balitz bezala tramitatzen zen. Hori izan da haien diru iturria: amatasuna. Horrela aberastu ziren urte mordoxka batean munstro horiek, ama gogotsu baten ilusioarekin eta ama zauritu baten ahuleziarekin.

Gai honek ekarri duen anabasaren ondorioz, ametsetan ibili naiz bart gauean; lapurtua izan nintzela amestu dut. E-mail baten bidez iritsi zait berria —horrelakoxeak dira ametsak, irrealak eta kapritxosoak—; mezua irakurtzen hasi naiz, honela dio: "Aitziber, 1982an, Donostian jaio zinen, eta zure amari hilda jaio zinela esan zioten. Zaldibiako familia batek adoptatu zintuen, beraiek ez daukate lapurreta honen berririk, adopzio normal bat egin zutelakoan baitaude. Hiru milioi pezeta ordaindu zituzten zugatik. Zure ama biologikoa Hernanikoa da, eta zurekin harremanetan jartzeko irrikan dago". Eta orain, zer? Mezuari erantzun diot, esku dardaratiekin teklak zapalduz: "Gustura ezagutuko dut nire ama biologikoa. Gustura akabatuko dut haren besoetatik lapurtu ninduen erizain, apaiz, mediku eta gainerako putakume kuadrilla; baina ez dut sekula nire Joxepiren aldamenetik alde egingo, bederatzi hilabeteko haurdunaldian bere barruan egon ez banaiz ere, 29 urtean bere alboan egoteak nire ama bihurtu duelako". Bat-batean izerditan esnatu naiz; amesgaizto bat izan da! Goizeko 06:53 direla esan didate mesanotxeko ordulari digitalaren zenbaki gorriek. Amets txar batek uzten duen tristura ozpin hori sentitu dut sabelaldean, jaiki egin naiz, ea kafesne batek goxatzen nauen. Otsailaren 17ko goizeko 08:00ak: kafesne beroa esku artean dudala, amari deitu diot, bere urtebetetze egunean zoriondu eta gaueko oroitzapen ustelak betiko ahazteko intentzioarekin: "Ama txiki!! Zorionak!!! Bazkaltzea jungo naiz etxea bale?".

21

2007tik gazteen lokaletan izandako suteak. Azken bost urteotan, Gipuzkoan 21 sute piztu dira gazteek biltzeko erabili ohi dituzten lokaletan. Suteen arriskuaz ohartarazteko kanpaina abiatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sueskolak.

Euskaldundu dezala

Matrikulazio garaia ikastetxeetan. Eskaintzak han eta hemen. Eta eskolak, urtero bezala, etxeko lan ugari bere motxilan. Gero eta gehiago: neska-mutilak berdintasun balioetan heztea, etorri berri diren familietako seme-alabak gure gizarte-moldeetarako prestatzea, ikasleak txikitatik teknologia berrietan trebatzea... eta, nola ez, klasiko bat: euskalduntzea.

"Eskolak euskaldundu behar du!" esaten da maiz, eta bati burura etortzen zaion galdera da ea noiz utziko ote dion herri honetan eskolak gizartea euskalduntzeko ardura hori modu ia esklusiboan bere gain izateari.

Eskolaren emaitzak aztertzen dira. EAEn adibidez, alderatu egiten da nolako emaitza akademikoak lortzen dituzten ikasleek Europako batez bestekoarekiko, matematikan edo ingelesean, esate baterako. Eta, nola ez, aztertzen dira ere euskara eta gaztelaniako gaitasunean ikasleek lortzen dituzten emaitzak. Nolako erraztasuna lortzen duten etxetik erdaldun diren 10 urteko neska-mutilek euskarazko ipuinak kontatzeko, zenbateko lexiko ezagutza duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz 16 urtera heltzean, eta abar.

Ikasleak matematikan beren adinerako curriculumean aurreikusitako ezagutzak bereganatzera iristen ez badira, eskolari begiratzen diogu. Baina, euskarazko edo gaztelaniazko gaitasunarekin gauza bera gertatzen denean, eskolari bakarrik begiratu behar al zaio? Eskola al da, akaso, ikasleek euskarazko eta gaztelaniazko eguneroko elikadura —erabilera erreala, besteak beste— jasotzeko duten leku bakarra? Bistan da EAEko milaka ikaslerentzat euskarari dagokionean eskolak ia iturri bakar izaten jarraitzen duela. Baina... iturri horretatik jasotakoarekin ikasleek nahikoa ez duten kasuetan... hainbat urtez eta hainbeste eman duen iturri bakar horri begira jarraitu behar al dugu? Eta beste iturriak?

Esate baterako, Eustat-eko datuen arabera, 1991n EAEko biztanleen %13,8k egiten zuen euskaraz etxean. 2001ean %13,6 ziren hala egiten zutenak. Ia aldaketarik ez. Eta galdera da: EAEko familien erabileran euskaraz egiten dutenen proportzioa denbora horretan, maila berean mantendu ordez, %14tik %22ra pasa izan balitz, eskolak —gaur egungo eskola horrek berak— orain adina euskaldunduko luke, edo gehiago? Utz dezagun familia. Gatozen aisialdira, zinemara, adibidez. Haur eta gazteentzako zinemak nolako bilakaera izan du 20 urtean? Sektore horretan eskaintza berri eta erakargarriaren erdia euskaraz balitz gaur egun, eskolak gaur egun baino errazago eta hobeto euskaldundu-ko luke, edo ez? Edota gazteentzat erreferentziazkoak diren gizarteko pertsona helduak, telebistan eta kalean egunero eredugarri zaizkienak, horiengan euskara urtetik urtera gehiago erabiltzen dela ikusiko balute, eskolak errazago euskaldundu-ko luke, edo ez?

Matrikulazio garaia pasako da, eta etorriko da ikasturte berria. Egingo dira ebaluazio berriak ere. Eta, seguruenik, horietan ikusiko da ikasleen %X bat ez dela iristen EAEko gizartearen gehiengo oso nabarmen batek ontzat ematen duen helburura: biharko helduak, gaurko haur eta gazteak, derrigorrezko eskolaldia amaitzean ofizialak diren bi hizkuntzetan hitz egiteko gauza izatea.

Eta, hala bada, berriz ere entzungo dugu... "zerbait egin behar zaio iturri horri. Zerbait aldatu behar da eskolan!" (beste guztia berdin uzteko).

443

Obra publikoetarako iaz egindako eskaintzak, milioi eurotan. Eraikuntzako patronalaren datuen arabera, iaz Gipuzkoan orotara 443 milioi eurotako aurrekontua duten eraikuntza lan publikoak eskaini ziren, 2010ean baino %68 gutxiago.

Beste zutabe eskas bat

Aitziber Garmendiaren txanda ez denean txoko honetara hurbiltzen zareten laurok ez duzue jakingo, baina zutabe hau astebeteko aurrerapenarekin helarazi ohi dugu Andoaingo erredakziora. Oraintxe idazten ari naizela, adibidez, ez dakit komunikabideek datorren ostiralera arte ditxosozko hotzaldiarekin matraka ematen jarraituko duten. Ziurxeagotzat daukat bere lana ondo samar egin dutela. Ibaialde ikastolaren festaz gozatzeko Sartagudara egitekoak ginen osteratxoa igandera arte duda-mudan egongo da, elurra dela-eta Gorriti aldean betirako bizitzera geratu beharko ote dugun beldurra barru-barruraino sartu baitigute. Baina, Oihana, Iñaxio eta hirurok joan ala ez joan, apartekoa izango da eguna, eta Lodosa inguruko haurrek euskaraz ikasten jarraitu ahal izango dute, bai edo bai.

Apartekoa eta galanta, halere, Nafarroako Gobernuaren amorrazioa Gipuzkoako aldundiarekiko, ikastola diruz laguntzeagatik. Che Guevara eta kubatar zoro kuadrilla Angolako iraultzaileei laguntzera joaten zirenekoa gogorarazi dit niri Martin Garitanoren operazio geoestrategikoak. Eta ausarta, bidezkoa eta aproposa iruditu zait, Yolanda Barcinak aurrerantzean Ultzamako perretxikoak txarrantxarekin defendatuko badizkigu ere.

Betiko biolentzia traketsa alde batera utzi eta halako ezkutuko jokaldi burutsuetan indarrak jartzea aurrerapauso itzela delakoan nago. Nazioarteko lagun taldea osatzen, sukalde lana egiten edo elkarrizketa bila ahitzen ditugun indarrak ere CIA koxkor bat antolatzen jarriko bagenitu, laster asko genuke Mikel Markez Eurovisionen euskal herritar askeon ohorea defendatzen. Diplomazia pitokeria konpletoa baita, aspaldi esan zigun Joseba Ariznabarretak; balio duena arerioa zur eta lur lagako duen indar erakustaldi sorta da.

Horrela, gure futbol selekzioak balentria handirik egiteko moduan ez dirudienez, onena arreta espioitzan ipintzea. Erriberako txerokiak munizioz hornitzea hasiera bikaina izan da, baina James Bond-ak ere beharko ditugu, misio benetan arriskutsuetarako. Madrilera eta Parisera dry-martini-ak edatera joan, neska-mutil sexyen eskaintza tentagarriak albo batera utzi… Azal berezia eskatzen du eliteko espioia izateak. Asisko Urmeneta hautagai nabaria da, adibidez. Arerio nagusiak ezin hobeto ezagutzen ditu —Iruñean jaio eta Nafarroa Beherean bizi da—, irudimena eta adorea ditu eta begi bistakoa da klabean hitz egiten badakiela, nik behintzat ez baitiot sekula ezer ulertzen.

Azkenik, behin giza baliabideetakoek lanak bukatuta, ezin edukiko dugu inteligentzia atal itxurazko bat glamour-a duen izenik gabe. Horra proposamena: Espioitza Sustatzeko Kristoren Agentzia Sekretua (ESKAS; nire gaurko zutabea bezala, alegia).

72.000

Iaz Donostiako Onkologikoak artatutako pazienteak. 2011. urtean 72.000 pazientetik gora artatu zituen Donostiako Onkologikoak. Minbiziaren Munduko Egunaren harira —larunbatean izan zen— hainbat ekitaldi egin ditu Onkologikoak. Pazienteen artean fruta eta bizi ohitura osasungarriei buruzko dekalogoak banatu ditu, besteak beste.

350.000

Mendekotasun arina dutenei aldundiak emango dien dirua. Mendekotasun arina duten pertsonentzat 350.000 euro jarriko ditu aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak. Espainiako Gobernuak diru laguntza hori jasotzeko eskubidea blokeatu ostean hartu du erabaki hori diputazioak. Orain, 1.381 herritarrek jasotzen dute laguntza hori Gipuzkoan.

Belaunaldi zapuztua

Unibertsitatean lan egiteak gazteekin egunero harremana izateko aukera ematen du. Gaur egun modan dago gazteei konpromiso falta egotzi eta iraganeko belaunaldiekin alderatuz horiek gutxiestea. Nik, ordea, gustuko dut gaur egungo gazteria orain urte ba...

Artisautza ere industria

EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Politikako abenduaren 23ko 17/2008ko legeak artisau produktuen definizio hau dakar 23. artikuluan: "Artisau ekoizpena: nekazaritza produktuak manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina".

Legearen helburua, dibertsifikazioari begira, baserriari lotutako artisau ekoizpenak sustatzea zen. Horretarako, baserriko ekoizpen txiki, autonomo eta familiartekoa baserrikoak ez diren beste ekoizpenetatik ezberdindu nahi zen.

Lege hori, ordea, orain arte ez da garatu, eta, definizio horretan oinarrituta, ez dago artisau produktu horiek merkatuan berezituko dituen zigilurik, ez eta horri lotuta administrazioak kontrolatuko lukeen ikuskaritzarik. Hau da, praktikan erosleak ezin du bereiztu artisau produktua eta industrialaren artean.

Gainera, EAEn artisau produktuen eraldaketa egin nahi duten baserritarrak industriak bete beharreko baldintza tekniko berak betetzera behartzen dituzte, baserritarra neurriz kanpoko inbertsioak egitera behartuz. Baserritarrak aspalditik ari dira, osasun erregistro industrialaz gain, baserri txikiei egokitutako osasun baimen sinpleago bat sortzeko eskatzen —Ipar Euskal Herrian indarrean dagoenaren antzekoa, edo hobea—, baina Eusko Jaurlaritzak ez ditu eskaera horiek inoiz kontuan hartu.

Orain, artisau ekoizpena erregulatuko duen dekretua aurrera eramateko asmotan dabil Eusko Jaurlaritza, eta, horren barnean, inork eskatu ez duen marka berri bat sortu nahi du. Nolatan bat-bateko Jaurlaritzaren interes hori? Baserritarrei lagundu nahi ote die behingoz?

Ba ez, irakurle maitea, ez da horrela… ezin horrela izan! Guztiz kontra, eta baserritarren izen ona aprobetxatuz, elikadura industriari lagundu nahi dio Jaurlaritzak; lurrik ukitzen ez duten baserriko Eusko Label tomate hidroponikoekin egin zuen bezala, eta herritarrak engainatuz beste behin.

Nola egingo duen hori? Nola engainatu nahi gaituzten? Ba, oso erraz: artisau produktuen definizioa aldatuz.

Definizioa berriro hasieratik idatziko dizuet, eta adi!, letra etzanez baitoa erantsi nahi dioten esaldia: "Artisau ekoizpena: nekazaritza produktuak manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina, eta, orobat, artisauak usantzazko metodoak erabiliz eta lehengaia autoktonoa izan edo ez zuzen-zuzenean gauzatzen dituen lantze prozesuetako jarduera".

Definizio berri horren barruan mikro-enpresak —hamar langile artekoak—, enpresa txikiak —50 langile artekoak— eta enpresa ertainak —250 langile artekoak— sartzen dira, eta lehengaiak munduko edozein txokotatik etor daitezke. Horiek dira definizio berriaren ondorio nagusiak.

Aaa… eta orain bai, definizioa aldatzearekin batera, legea garatuko dute, marka berri bat martxan ipiniko dute, propaganda lau haizetara zabalduko dute: —"Ei!, baserriko artisautza produktuak hemen!!! Gu bai baserritarren alde!"— eta abar, eta abar, eta abar.

Erabiltzen duten aitzakia zein den galdetzen diozu zeure buruari? Ezin daitezkeela hain lotsagabeak izan? Ba begira, irakurle zintzoa, EHNE sindikatuaren erreklamazioei Jaurlaritzak emandako erantzuna: "Legearen helburua bete dezaketen beste ekoizpenak babes gabe geratzeko arriskua zegoela" eta "artisau ekoizpenen errealitatera egokitu behar dugula". Horra hor arrazoia! Ez dago argiago esaterik: legearen helburua ez zela baserritarrak babestea, artisautza ekoizpena bera babestea baizik! Baina… ez al dira ba baserritarrak izan, industriatik ezberdinduz, artisau definizioa sortu dutenak? Orduan? Artisaua da edo industriala da?

Jaurlaritzak egin nahi duena artisautzari buruz jendeak daukan ideia eta baserritarren izen ona erabili, kontzeptua guztiz desitxuratu eta ondoren agro-industriaren eta enpresaburuen esku uztea da. Dirua mugitzen ez bada —langileen poltsikoetatik beraien kontu korronteetara, noski—, ezin dute ezertxo ere egin.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu 250 baserritar autonomo eta baserri dibertsifikatu eta autogestionatuak nahi; enpresaburu bat eta haren agintepean egongo diren 249 soldatapeko baizik—gaizki ordainduak eta obedienteak badira, hobe, enpresa lehiakorragoa izango baita—. Horregatik egon dira agintari guztiak, betidanik, benetako baserritarren kontra, ez dutelako dirurik mugitzen.

Balio dezala adibide honek estatu, administrazio eta gobernu guztien gaitza eta gabea erakusteko; hauxe da: ez dutela benetan piperrik agintzen; benetan agintzen duena Dirua bera dela, eta agintaritza guztiak haren esanetara daudela, Diruaren komenentziara legeak ezarriz. Diruari obedituz agintzen.