Aitziber Arzallus
Herri baten historian, 80 urte ez dira urte asko. Baina nahikoa izan daitezke iragana ahazten hasteko. Orduko protagonistek eta lekukoek bakarrik dakizkite unean-unean gertatzen zen guztia betikotzeko gaurko baliabide eta teknologiarik ez zeneko kontuak. Eta denbora kontra dute. Adibidez: gutxik hitz egin dezakete lehen pertsonan 1936ko gerran bizitako gorabeherez, gazteenek ere ia ehun urte dituztelako eta haietako asko hilda daudelako. Horregatik, denborak berekin eraman ez ditzan, interpretazio zentro bat egin dute Eibarko Arrate auzoan, orduko lekukotasunekin, garai hartako benetako materialarekin eta propio eraikitako erreplika eta maketekin: Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa, hain zuzen.