Sailkatugabeak

Zer da gizentasun morbidoa?

Gizentasunaren aldaera larriena da. Gizentasun morbidoa duten pertsonen koipe maila normala baino askoz handiagoa da: %150 eta %200 artean, hain zuzen ere. Horrek asko handitzen du gaixotasun kronikoak eta arazo kardiobaskularrak izateko aukera. Gipu...

Gerriari neurria hartzea

Argaltasuna miresten duen gizartean geroz eta gehiago dira pertsona gizenak. Eguberrietan gehiegi jateagatik edo urte berrirako asmo baikorrengatik, asko dira garai honetan dietei eta argaltzeko metodoei ekiten dietenak. Kasu askotan, arrazoi estetikoek bultzatzen dituzte koipe eta litxarreriak alde batera uztera. Geroz eta pertsona gehiago dira, ordea, dietetara osasun arazoengatik jo behar izaten dutenak.

Donostiako Poliklinikak emandako datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %12ri diagnostikatu diete gizentasuna, eta %1ek —6.000 pertsona inguruk— gizentasun morbidoa dute, gaixotasun horren aldaera larriena.

Gehiegizko pisua eta gizentasuna ez dira gauza bera; bai, ordea, "gaixotasun berberaren maila desberdinak", Ana Elbusto (Paris, 1964) elikadura aholkulariaren arabera. "Medikuok gizentasuna gaixotasun gisa ikusten dugu beti", azaldu du. Izan ere, gehiegizko pisuak hainbat gaitz sorraraz ditzake; besteak beste, arterietako presioa handitzea, kolesterol altua eta bihotzekoa izateko arriskua.

Elbustoren arabera, gizentasuna ez dago heriotza gehien eragiten dituzten gaixotasunen artean, baina larritzekoa da eritasuna dutenen kopurua goraka doala etengabe: "Bi hamarkada daramatzagu fenomeno hori behatzen, eta, apurka-apurka, gomendagarria dena baino gehiago pisatzen dutenen kopurua handitzen doa".

Gehienetan, ohituren ondorio

Bakoitzaren bizi ohiturak daude gaixotasunaren oinarrian: elikadura desegokiak eta ariketa fisiko gutxi egiteak eragiten du gehiegizko pisua. "Ezin diogu errua genetikari bota; gizentzea progresiboa denez, ez dugu uste horrekin zerikusirik duenik. Bizitza estiloa da kontua".

Gizentasuna diagnostikatzeko, gorputz masaren indizea erabiltzen dute medikuek; pertsona bakoitzaren garaiera eta pisua neurtuz lortzen da hori. "Pertsona bat gizena dela esaten dugu bere indizea 25etik gorakoa denean. Normalena indizea 18,5 eta 25 artean egotea da, baina geroz eta gehiago dira 25etik gorakoa ematen dutenak", azaldu du aholkulariak.

Dena den, gehiegizko pisua soilik ez da nahikoa arrazoi gizentasuna diagnostikatzeko; pisu horrek pilatutako koipearengatik izan behar du. Koipe hori non dagoen ere bada kontuan hartu beharreko faktorea: "Pertsonaren gerria ere neurtu behar da, eta ikusi ea koipea bularrean eta sabelaldean pilatzen den. Halakoetan, gorputz masaren indize oso altua izan gabe ere, arriskutsua izan daiteke". Adinak ere badu zerikusia: zenbat eta zaharragoa izan pertsona, orduan eta kalte gehiago egin diezaioke gehiegizko pisuak.

Gizentasuna duten pertsonei, normalean, kaloria gutxiko dieta gomendatzen zaie, eta ariketa fisikoa egiteko aholkatu. Dena den, kasu batzuetan ez da nahikoa izaten horrekin: gizentasun larria duten pertsona batzuek kirurgia behar izaten dute. "1,60 metro neurtuta, 150 kilo pisatzen dituzten pertsonez ari gara", esan du Elbustok. "Dietarekin eta ariketa fisikoarekin, lortuko dugu haiek pisua galtzea. Hogei edo 30 kilo galduko dituzte, baina hala ere gehiegi pisatuko dute, eta beharbada osasun arazoak izaten segituko dute. Kasu horiek kirurgiarako hautagaiak izan daitezke".

Elbustok Donostian du kontsulta; bertaratzen diren gehienak osasun arazoengatik joaten direla azaldu du, baina badira bestelako arrazoiek bultzatuta joaten direnak ere. Gaixotasunak ez du gizarteko konnotazio negatiboa galdu, pertsona gizenak geroz eta gehiago izanagatik ere: "Pertsona gizen asko baztertuta sentitzen dira, esaterako, erosketak egin eta euren neurriko arropa politik topatzen ez dutenean. Horrek, batzuetan, elikadura nahasmenduak dakartza, esaterako, betekadaren nahasmendua. Kasu horietan, noski, ez da nahikoa nutrizio mediku bat egotea; jarraipen psikologiko bat ere egin behar zaie pertsona horiei". Gizentasunari garrantzia gehiago eman behar zaiola uste du: "Ez gaude arazo estetiko baten aurrean; osasun arazo bat da".

Ikastolaren harrera, festaz

2010ean Kilometroak jaialdian erein zuten haziak jada eman du fruitua. Pasaia-Lezo Lizeoak Lezon eraikina egin du, eta eskolak hilaren 9an hasi bazituzten ere, etzi egingo dute inaugurazio ekitaldia. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Leh...

Gehiegizko pisua duten haurrak.

Gipuzkoan, 8 eta 15 urte arteko haurren %19k gehiegizko pisua dute. Proportzioa handiagoa da mutilen artean: batez beste, %21ek dute gizentasuna. Nesketan, %17,3 dira behar baino gehiago pisatzen dutenak.

Gipuzkoan gizentasuna duten pertsonak.

Donostiako poliklinikak emandako datuen arabera, Gipuzkoan bizi diren hamar pertsonatik batek behar baino gehiago pisatzen du; biztanle guztien %12k, hain justu. %1en kasuan, gizentasuna bereziki larria da.

Haurren %58k ez dute hamaiketakorik egiten

8 eta 15 urte arteko gipuzkoarren erdiek baino gehiagok, %58k, ez daukate hamaiketakoa egiteko ohiturarik. Datu hori ematen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaritzak Poliklinikarekin batera egindako Kilogip: loditasuna eta kirola Gipuzkoan txos...

“‘Dieta’-k baditu haurtzaroan komeni ez diren konnotazio negatibo batzuk”

Gizentasuna ez da helduen arazoa soilik; haurrei ere eragiten die, eta arrisku berberak dauzka, epe laburrean ikusten ez diren arren. Donostiako Poliklinikak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoan 8 eta 15 urte arteko bost haurretik batek dauka gizentasuna. Elikadura eta bizi ohitura txarrek ez daukate ondorio nabaririk haurtzaroan, baina bai heltzen hasten direnean: haur gizen batek hiru aldiz aukera gehiago ditu helduaroan ere gizentasuna edukitzeko, eta horrek dakartzan gaixotasunak ere lehenago agertzen zaizkie; besteak beste, bihotzekoak eta hipertentsioa.

Daniel Jimenez (Monterrey, Mexiko, 1960) Debagoieneko ospitaleko Pediatria burua da; hango haurren gizentasunerako klinika eramaten du. Sei eta hamalau urte arteko 80 pertsona artatzen dituzte han.

Arazo berria da haurren gizentasuna?

Apurka iritsi gara honaino; noski, AEBekin alderatuz gero, han aspaldiko arazoa da. Gertatzen dena da globalizazioarekin hango eragin handia jaso dugula, eta gero eta gehiago hartu ditugula hango jateko eta bizitzeko ohiturak.

Berdin eragiten dute elikadurak eta ariketa fisikoak gizentasunean?

Biak elkarrekin doaz. Alde batetik, elikadurari dagokionez, iparra galdu dugu; janari lasterraren aldeko apustua egin dugu, kaloria eta koipe asko hartzen ditugu, eta ez justu koiperik onenak. Bestalde, haurrek denbora asko pasatzen dute telebistaren edo ordenagailuaren aurrean, eta ondorioz, denbora gutxiago ematen dute ariketa fisikoa egiten.Ikerketa askok erakutsi dute telebistaren aurrean pasatutako orduen eta gizentasunaren arteko lotura.

Nola artatzen da haurren gizentasuna?

Lehenengo, elkarrizketa bat egiten diegu, haien ohituren berri izateko, eta gorputz masaren indizea neurtzen dugu. Analisiak ere egiten dizkiegu, gizentasuna beste gaixotasunen baten ondorio ez dela ziurtatzeko. Dena den, kasu horiek gizentasuna duten haurren %2 baino ez dira izaten; gehienetan elikadura txarragatik eta ariketa fisiko gutxiegi egiteagatik izaten da.

Gero dieta pertsonalizatua ematen diezue.

Beraiei ez diegu inoiz dieta hitza aipatzen, baizik eta elikadura osasuntsu eta orekatua. Dieta-k baditu komeni ez zaizkigun konnotazio negatibo batzuk, haurtzaroan eta nerabezaroan kaltegarriak izan daitezkeenak.

Nola bizi dute haurrek gizentasuna?

Gehienetan, eragin psikologikoa izaten da larriena. Ume horiek ia beti baztertu egiten dituzte, ezin dutelako kirola besteek bezala egin; gelako potolotxoak izaten dira. Horrek helduengan baino eragin handiagoa dauka haurrengan. Guk, klinikan, bete ditzakeen helburuak jartzen dizkiogu umeari: "Ea hurrengorako hau lor dezakegun". Bestela frustratu egiten da.

Kosta egiten zaie tratamendua jarraitzea?

Patologia hauekin, gaixo askok uzten dute tratamendua. Emaitzak ez direnez berehala ikusten, asko frustratu egiten dira eta alde batera uzten dituzte medikuaren gomendioak, eta tratamenduak porrot egiten du. Guk hilero egiten diegu kontrola, gaixoaren konfiantza irabazteko; gainera, gurasoen laguntza ere bilatzen dugu.

Haurren gizentasunaz hitz egiterakoan, sarritan aipatzen dira eskoletako jangelak. Ikastetxeei ardura gehiegi egoztea dela uste duzu?

Eskoletako menuak aztertu ditugu. Umeak ez badu etxean elikadura egokia jasotzen, topatuko du desorekatzeko modua, ikastetxea hura orekatzen saiatu arren: albokoaren platera edo ogi zatia jango du. Eskolan ematen dietena halako bi jatera ohituta badaude, gose izango dira eskolan, eta gose hori asetzen saiatuko dira.

Nola zaindu daitezke haurren jateko ohiturak?

Guk gurasoei gomendatzen diegu ikus dezatela zer jaten duen haurrak eskolan, eta oreka dezatela gainontzeko elikadura horren arabera. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu egunero bost jatordu egitea: gosari eder bat, hamaiketakoa —jogurt bat, ogitarteko txiki bat edo fruta ale bat—, hiru platereko bazkaria, askaria eta afaria. Hori da ikusten dudan akats handietako bat: presaka dabiltzalako edo berandu esnatu dituztelako, umeek ez dute gosaltzen, edo edozer gauza gosaltzen dute. Horrela heltzen dira gero bazkarira: janaria irentsiz.