Sailkatugabeak

Azokan, etxekoen omenaldia

Kontzezio Azoka bizi-bizi dator aurten Mendarora. Biharko azokaren egitarauan, omenaldi bat egingo du udalak, eta apustu bitxi baten lekuko izango dira bertan biltzen direnak. Omenduak Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki izango dira. 74 urte ditu aurrenak, eta 59 bigarrenak. Hainbat trontza txapelketa irabaziak dira elkarrekin, 1980eko hamarkadan hasita.

Trontzalariei ezin omenaldirik egin herri kirol jaialdirik egin gabe, eta horixe antolatu du Mendaroko Udalak: aizkolariak, harri-jasotzaileak, lokotx biltzaileak eta trontzalariak ariko dira lanean, nor baino nor hobeto. Ekitaldiko saiorik deigarriena, ordea, apustua da. Izan ere, trontzan lehian aritu beharko dute bi bertsolarik, jatetxe bateko arduradunak eta politikari batek. Izenak jakinda, bat baino gehiago zur eta lur geldituko da: Andoni Egaña bertsolariak eta Nerea Arebalo Mendaroko Toki-alai jatetxeko arduradunak osatuko dute bikoteetako bat; aurrez aurre izango dituzte Sebastian Lizaso bertsolaria eta Sonia Garcia Mendaroko alkatea. Jokoan, bazkari bat. Irabazi nahiz galdu, Arebalori egokituko zaio otordua prestatzea.

Badirudi balantza Lizaso-Garcia bikotearen alde dagoela. Izan ere, alkatea trontzan ibilia da lehen ere, eta Lizasok ere gertuagotik ezagutzen omen du lan hori beste bikoteak baino. Hala ere, Arebalok serio heldu dio lanari; izan ere, bi hilabete daramatza ahal duenetan Agustin Larrañagaren baserrira igotzen, entrenatzeko. Elorzari eta Larrañagari galdetuta, haiek ere Lizasoren eta Garciaren alde egingo lukete, bietako baten alde apustu egitekotan.

Kontuak kontu, zaleen arreta erakarri du apustuak, eta "jende asko joatea" espero du Garciak: "Omenduek merezi dute".

Euskadiko txapeldun

Elorza eta Larrañaga "hunkituta" daude omenaldiaren aurreko egunetan. Hitzik ere ez zaie ateratzen ia, udalaren omenaldiari buruz galdetutakoan: "Ez dut uste merezi dugunik halako omenaldirik, baina egingo digutenez, gustura gaude, noski", dio Larrañagak.

Udalak, berriz, argi du merezi dutena: 1982. urtean lortu zuen bikoteak lehen txapela, Gipuzkoako txapeldun izan baitziren; urte hartan bertan hasiak ziren lehiatzen. Hurrengo urtean Euskadiko txapela irabazi zuten, eta 1984an, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa, biak. Ordutik, hainbat urtez aritu dira plazaz plaza, zaleen begiradak eta txaloak jasotzen.

Gaur egun, txapelketetatik erretiratuta egon arren, ikusle gisa alde batetik bestera ibiltzen dira herri kirolez eta apustuez gozatzen. Eta, oraindik ere, ez dute arazorik noizbehinka trontzan aritzeko: baten bati irakasteko, argazkietan azaltzeko... Edozein aitzakia nahikoa da, kirol horrek erakarri egiten baititu biak. Orain, omenaldirako prestatzen dabiltza. "Geure omenaldian trontzan aritu beharko dugu, denbora gutxian bada ere", dio Elorzak. Bertsolariak trontzan jarrita, norbaitek esan du larunbatean haiek ere bertsoren bat bota beharko dutela: "Ideia ona litzateke hori!", dio Arebalok. Baina trontzalariek ezetz, buruarekin, ziur.

“Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko”

Gerrako garrak Oñatin liburuaren bost egileetako bat da Nekane Arrazola (Oñati, 1959). Jerardo Elortza, Beatriz Gomendio, Juan Ramon Garai eta Idoia Etxeberriarekin osatu du Gogoratu Guran taldea. 1936ko gerrak Oñatin utzi zuen arrastoa argitara ateratzea izan da taldearen helburua; horretarako kaleratu dituzte liburua eta DVD bat, herriko 31 emakume eta 31 gizon elkarrizketatuta, eta hainbat artxibo arakatuta. Azken urteetan Intxorta 1937 elkartea Debagoienean egiten ari den lanaren azken emaitza da Gerrako garrak Oñatin; lehendik kaleratuak ditu Arrasateko eta Elgetako gerra garaiko kontuak, eta Bergarakoarekin hastekotan da orain. Beti bada zer ikertu gehiago, baina bukaera bat eman behar eta lana "nahiko borobila" gelditu dela uste du Arrazolak.

Gerraren aurrekariak, ondorioak, gerra ostea, atzeguardiako kontuak... Osoa da liburuaren mamia.

Bai, ahalegindu gara hasieran herrian bizi zen giroa erakusten. Derrepentean gerrarekin hasi barik, ikusteko garai horrek zer aldaketa ekarri zuen herrian. Eta gerokoa ere, noski, oso garrantzitsua da. Gerrari buruz-eta hitz egiten da, aipatzen dira batailak, taldeak eta hori. Baina gu ahalegindu gara zabaltzen, herrian bizi zen jendeari zer gertatu zitzaion azaltzen. Gerra bakarrik ez, herrian gelditzen direnek ere asko sufritzen dute, eta hori erakustea izan da gure intentzioa.

Eta zer gertatu zitzaion garai hartan herrian bizi zen jendeari?

Lehenengo, beldur izugarria. Gero, gosea —baserrietan ez horrenbeste, baina kaleko jendeak...—. Eta isunak. Eta gauzak kendu, euren begi aurrean. Hainbat kontu...

Eta irentsi egin behar...

...hori dena; eta isilik aguantatu behar, ezin kexatu, dena gorde behar. Oraindik ere, jende askorekin hitz egin dugu, eta batzuek oraindik beldurra zuten. Ez zituzten gauzak argi eta garbi esan nahi. Batzuk berotu egiten ziren esateko orduan, eta handik egun batzuetara: "Zer esan dut?"; "hau ez ipini", "ea nola ipintzen duzuen"... Oraindik. Hainbeste urte eta gero horrela bada, orduan izango zen izugarria.

Aurkitu duzue espero edo ezagutzen ez zenuten konturik?

Neuk ere, hau egiten ikasi eta ezagutu ditut kontu asko. Nik pentsatzen nuen beste era batekoa izango zela Oñati: kontserbadoreagoa, jende lasaiagoa... Baina konturatu naiz Oñatin jende asko ibili zela inplikatuta, eta asko sufritu zutela.

Errepresioa, handia izan zen?

Bai, izugarria. Fusilatuak eta... Beste herrietan ere asko izan ziren, eta gerran hildakoak. Baina hemen isun ekonomikoak asko izan ziren, konfiskatzeak... Herrian hain borroka gutxi egoteko, gero jasotako errepresioa izugarria izan zen. Irailaren 21ean herria hartuta zeukaten. Baina gero izan zen kontrol bat! Egin zituzten zerrendak, ibili ziren etxez-etxe, zein zeuden joanda ikusteko... Eta kontrol horren ondorio izan ziren isunak eta.

Ihes ere jende askok egingo zuen...

Batzuk borrokara, beste batzuk ihesi. Gutxi gorabehera, 600 gizon joan ziren herritik kanpora, eta 120 emakume. 6.700 biztanle zituen Oñatik orduan.

Liburuan arreta berezia eman diezue emakumeei.

Bai. Gerra aurretik, sindikatuetan, alderdi politikoetan, elkarteetan, nola hartzen zuten parte azaldu dugu, eta nolako aldaketak izan ziren: kalean, nola bizi ziren... Eta aurkitu ditugu eredu batzuk; ez ziren edozein emakume, parte hartzen zuten herriko elkarte politikoetan eta. Kontzientzia hori bazegoenez, gero parte hartu zuten gerran, ahal zuten edo utzi zitzaien neurrian.

Historia gorde baten barruan gordetako beste historia bat izan da emakumeena gerran...

Bai, eta hori ere nahi izan dugu astindu. Ni hasi nintzen emakumeen lanarekin. Eta, adibidez, polita izan da topatzea emakume bat, Kontxita Atxa, ibili zena Elorrion eta junta militarrarekin, egon zena sukaldari... Izan da polita topatzea datu horiek.

Francoren aldeko eta erreketeekin ibilitakoen kontuak ere jaso dituzue.

Bai, gerran denek hartu zuten parte. Gehiago sakondu dugu errepublikaren aldekoan, baina pentsatzen genuen —Oñatin egon zen bezala egonda erreketeen Oñati konpainia— merezi zuela ateratzea, erakutsi egin behar zela. Eta gero, mutil asko eta asko, kintak deituta, derrigortuta joan ziren. Preso hartu eta gero erreketeen batailoietan integratzen zituzten mutil batzuk, eta hor dago talde bastante handia Oñatikoa. Nahi izan dugu talde hori bereizi.

Elkarrizketatuek zer moduzko harrera egin dizuete?

Konfiantza hartu arte, pixka bat tanteatuz. Gero, konfiantza hartutakoan, hasten dira esaten gertatutakoak. Batek esaten zigun: "Badakizue? Ari zarete egiten bi lan: historia argitzen, eta lan psikologikoa. Ez dakizue nolako lasaitasuna hartzen dugun". Baten batzuek esan digute: "Baneukan gogoa hau dena esateko". Baina, bestalde, beldurra dago, oraindik. Kasu batean, emakume bat zen, nagusia, burua zeukan oso ondo. Ihesi joan zen eta erbestean ibili zen, beste emakume batzuekin. Joan zen Frantzia aldera. Dena kontatu zuen, puntuz puntu; falta zitzaion esatea zer jan zuten egunero. Baina, gero, hemen gertatutakoaz, ez zuen kontatu ezertxo ere. Ez zuen nahi.

Oraindik zauriak sendatu gabe dauden seinale da hori...

Hori nahi izan da: denbora pasatzen utzi, eta testigu zuzenak joan dira hiltzen; isildu da, ahaztu da. Hori da baten batzuek nahi izan dutena, eta ia lortu dutena.

Zer balio du zuek egindako lanak?

Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da gero askatasunez bizitzeko eta zauriak ixteko, eta aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko. Derrigorrezkoa da hau dena argitzea; ikusi dugu jende askok sufrimendua zeukala, isiltasunean zegoelako. Ez dakit gazteak zenbat animatuko diren honelako kontuak ezagutzera, baina obligazioa daukagu transmititzeko zer gertatu zen.

Boliviako andreen alde ahalegin berezia egin nahi dute Errenterian

Errenteriako Illimani gobernuz kanpoko erakundeak hainbat ekintza antolatu ditu Gabonetarako, Bolivian egiten ari diren egitasmoetarako. Urte batzuk daramatzate Illimanikoek halako ekintzak egiten Errenterian, baina Gabonetan indar berezia jartzen dute, eta, horretarako, elkarlana bultzatu dute hainbat elkarte eta eragilerekin.

Egun, Illimanikoak Boliviako hiriburuan egiten ari dira elkartasun egitasmo bat: La Pazen, hain zuzen. Han, programa bat garatzen ari dira, sostengua eta babesa emateko gizartean txertatzeko arazoak dituzten emakumeei. Batez ere, emakume gazteei laguntzen saiatzen dira; horretarako, unibertsitate ikasketak ordaintzen laguntzen diete. Ikasketak bukatutakoan, emakume horiek beste batzuei lagunduko diete gizarte bazterketatik ateratzen.

Emakumeen integrazioa bultzatzeko egitasmo horrez gain, otsailean beste bat landu zuten Illimanikoek. Hala, Boliviako Amazoniako haurrei eskolak eman zizkieten, beren ingurunea babes dezaten. Boliviako Amazonian nabaria da baso-soiltzea, eta hori hango nekazarien kalterako da; izan ere, nekazaritza da bertakoen jarduera ekonomiko nagusia.

Ez daude bakarrik

Gabonetako egitaraua osatzeko, hainbat elkarte eta eragileren laguntza izan dute Illimanikoek. Errenteriako Laguntasuna erretiratuen elkarteak aretoa utzi die jantzien eta jostailuen erakusketa bat egiteko. Toop Factory enpresak ——Balikoa da—— eman die arropa, eta Megas Gipuzkoa motorzaleen elkarteko kideek lortu dizkiete jostailuak, Irunen eta inguruko herrietan.

Gabonetako Jaialdia antolatzeko, Errenteriako Alaia gazte elkartearen ezinbesteko laguntza ere izan dute.