Sailkatugabeak

Proposamenak, hilabetez hilabete

URTARRILA Irekiera. Bost eguneko egitarau zabala antolatu dute, 70etik gora ekitaldirekin. Irekiera ospakizunak hilaren 23an, larunbatarekin, iritsiko dira gorenera, Hansel Cerezak diseinatutako zeremonia batekin. Hiriburutzari itxura ematen dioten balioak irudikatuko dituzte Maria Cristinako zubian egingo duten ekitaldi horretan. Urtarrilaren 20tik 24ra. Iturriak. Hirian bere lekutik kendu eta baliorik gabe utzitako iturriei buruzko lana egingo du...

Lohi gainetik, lokaztu gabe

Lohi gainetik, lokaztu gabe

Asier Perez-Karkamo Oinezkoentzako eta bizikletentzako egurrezko pasabide bat inauguratu zuen Hendaiako Herriko etxeak iazko urtarrilean, Bidasoa ibaiaren eskuin ertzean, tren geltokiaren eta Intzurako industrialdearen artean. 880 metro da luzean,  eta lau metro zabalean, eta Hendaia Irunekin lotzen duten hiru zubien azpitik egiten du bidea, Irungo irlen paretik. 2,5 milioi euroko aurrekontua eduki zuen. Azpiegitura horrekin...

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Iñaki Petxarroman- Berria Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez du betetzen legeak administrazio publikoen arloko erakundeei ezarritako zero defizitaren baldintza. Hala, Gipuzkoako Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du diputazioak, GHK osatzen duten erakundeetatik handiena delako. Horiek horrela, zorraren eta zero defizitaren helburua betetzen ez duela antzeman den unetik hilabete batera -abenduaren...

Korapilorik gabeko zapiak

Korapilorik gabeko zapiak

Dantza egin nahi zuten. Dantzatu ziren, eta dantzatzen dira. Danborradan atera nahi zuten. Atera ziren, eta ateratzen dira. Pixkanaka eta aparteko gatazkarik gabe eman dute pausoa Donostiako Kresala elkarteak, Tolosako Udaberrik eta Zumarragako Irrintzik: emakumeek ere parte hartzen dute hasieran gizonezkoak bakarrik zebiltzan jaietako ekintzetan. Emandako pauso horrengatik, hain justu, Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso berri dute hirurek Jaizkibel konpainia parekidearen eskutik. Izaskun Larruskain konpainiako kapitaina ziur da eurak ere iritsiko direla horretara: "Beste toki batzuetan urratsak egiten ari dira: Leitzan, Beran... Eta guk ere badakigu lortuko dugula. Ez dugu plastiko beltzen hiria izan nahi, berdintasunaren hiria baizik".

Hondarribiko kultur etxeak hartu du saria emateko ekitaldia, hain justu, alarde egunerako entseguaren aurretik, joan den ostiral iluntzez. Kanpoan bildu dira Jaizkibelgo kideak. "Bederatzietan, hemen", esan diete arduradunek parte hartzaileei. Kultur etxe kanpoko txaloak barrura lekualdatu dira orduan, eta oholtza gainean, Larruskainen eskuetatik saridunen lepoetara igaro dira Jaizkibel konpainiaren zapiak. Korapilorik apenas duten zapiak dira; adostasunez, berdintasunerantz egindako bideen ikur.

Eskerra eta poza daude saridunen hitzetan, eta, begi bustiak publikoaren artean, Garazi Artetxe Udaberriko ordezkariak hitza hartzean: "Jaizkibelek sortutako sari hau Jaizkibelek berak jaso beharko luke. Zuei emango genizueke jaia eta berdintasuna uztartzen duen edozein errekonozimendu. Urtetan eta urtetan begi askorentzat duintasunaren eredu izateagatik, zuen herrikide askorentzat hala izan ez bada ere. Balio dezala egitasmo honen oihartzunak begi horiei guztiei benda kendu, eta Hondarribia benetako berdintasunaren hiri bilakatzeko".

2013an eman zuten pausoa Tolosan. San Joan jaietako bordon dantzan parte hartu zuten orduan neskek lehenengoz. Dantzariek "ia normaltasun osoz" bizi izan dute prozesua: gizonek zein emakumeek dantza egin nahi zuten herriko festetan, eta hala egin zuten. Aparteko arazorik gabeko bidea izan bada ere, aurrera begira "itxaropen bakarra" dute: eurentzat eta beste talde askorentzat prozesu bat izan dena ondorengoentzat prozesu izatera ere ez iristea. "Festetako parte hartzea herritarrena izatea, sexuena izan beharrean".

Kultur etxeko ekitaldia bukatuta, Jaizkibelekoekin batera egin dute saridunek entseguko bidea. Desfile amaieran, ordu erdiko tartean kontatu dietenaz mintzo dira Andoni Oruesagasti, Nekane Martin eta Oihane Vicente Irrintziko gazteak: "Orain aritu gara pixka bat informatzen... Harrigarria da; familiak-eta haserre egoteraino... Lotsagarria".

Udaberriko kide ugari bezala, Irrintziko asko ere txikitatik dabiltza taldean, eta normal-normal hartu dute neskak ezpata dantzan hastea. "Batez ere neskek geneukan gogoa, eta horretan hasi ginen", dio Vicentek. Duela bi urte hasi ziren ezpata dantza ikasten. Tartean, traje aldaketa ere izan dute, eta horregatik atzeratu zaie jendaurrean aritzeko momentua. Aurten iritsi da: Zumarragako santaixabeletan dantzatu dute lehenengoz, uztailaren 2an, eta abuztuaren 15ean berriro.

Erabakia hartu aurretik, "hausnarketa une bat" izan zuten taldean; orokorrean, baina, baiezkoa gailendu zen. Herritarren aldetik ere babesa jaso dute: "Herrian aldekoak eta kontrakoak izan dira, baina egunean bertan jendeak ondo hartu gintuen". Hondarribiko errealitatea gehiago ezagutu eta gero, "zaila" ikusten dute berdintasuna lortzea, baina ingurukoen babesak lagunduko dielakoan dira: "Jaizkibel konpainiarentzat beste eredu batzuk gara, eta hori lortu nahi dute; beraientzat ere babesa da beste talde batzuek lortu izana".

Kresala aitzindari

30 urte baino gehiago dira Kresala elkarteko danborradan emakumeak ateratzen hasi zirenetik. Aitzindariak izan ziren Donostian; ate bat ireki zuten. Gazteak ziren, eta gaztea zen elkartea ere —1972an sortu zuten—. Ondo gogoan ditu hasiera haiek Xabier Arregi elkarteko kideak: "Kresala barruan, euskal kulturaren inguruan zebiltzan gazteak biltzen ziren; hainbat batzorde zituzten: mendikoa, dantza taldea... Kultura aldetik ere, hitzaldiak zeuden, ikastaroak... Horietan guztietan, neska-mutilak elkarrekin ibiltzen ziren".

Bestelakoa zen egoera jaiak iristen zirenean: kuadrillako neskak alde batera geratzen ziren. Batzuetan, latekin atera izan ziren Parte Zaharrean txistulariekin-eta, danborra jotzen. "Hortik pauso bat aurrera ematea izan zen. Emakumeek esan ziguten: 'Guk San Sebastian egunean zuekin atera nahi dugu'. Guretzat ez zen izan arazoa, naturala izan zen".

Elkarte barruan izan ziren baiezkoak eta ezezkoak, baita Donostia inguruan ere. Batzar bat egin zuten beste danborrada guztiekin; han izan ziren Donostiako alkate Jesus Mari Alkain eta Ramon Labaien Kultura zinegotzia ere. "Batzuek esan zuten: 'hauek ateratzen badira, gu ez gara aterako'". Hala ere, Kresalakoen borondatea argia zela ikusi zuten, eta, gainera, elkartekoek helduleku bat topatu zuten haien asmoa aurrera eramateko: Javier Maria Sada historialariaren informazioa. Hark esan zienez, danborradaren sortzean badago emakumezkoaren figura bat: urketaria —ur bila joaten zen emakumea—. "Pertsonaia hori izan gabe ere berdin aterako lirateke emakumeak, baina ideia hori ondo babesteko egokia izan zen urketari pertsonaia". Lehenengo urtean, 25 emakume atera ziren Kresalarekin.

Danborradan parte hartzea gizonezkoen "pribilegio bat" zen: "Haien beldurra pribilegio hori galtzea zen, eta, noski, jadanik ez dute. Orain, denoi irekita dagoenetik, denon eskubidea bihurtu da; horrexegatik, jaiak irabazi du". Berdintasunerako urratsa ez zen egun batetik bestera egin, ordea. Hurrengo hiru urteetan ez zen emakumezkorik atera gainerako danborradetan. Politikarien aldetik ere, "kostata" lortu zuten babesa: "Duela hamar urte-edo hasi ziren ikusten normaltasunera ere hortik joan behar zela".

Arregik ikusten du antzekotasunik Kresalaren eta Jaizkibelen artean: "Gu ere hasieran tanta bat ginen hondarrean. Uste genuen gutxi ginela, baina pixkanaka aldatu dugu". Aurrerapausoak nabari ditu Hondarribian, eta gazteengan du esperantza. "Pareta bat jarri dute, ez bakarrik plastikozkoa. Eta pixkanaka desegin behar da".

Erakundeen babesa

Udaberrik, Irrintzik eta Kresalak lortu dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da haien inguruko erakundeen babesa, Jaizkibelgo kapitain Izaskun Larruskainen arabera: "Atzetik lan bat dagoenean, herriko instituzioek lan egiten dutenean eta alde guztien borondatea dagoenean, posible da. Hemen ez da ematen aurrera egiteko behar den laguntza hori; orduan, oso zaila daukagu".

Udalean ikusten du arazo nagusia: "Haiek izan dira herriko ondarea pasatu dutenak eta utzi dutenak batzuen eskuetan, pribatizaturik". Dena den, herriak konponbidea nahi duela nabari du: "Gehiengoak onartzen gaitu, baina beldurra ere badago, presioa dago. Bereziki gazteek zaila dute; oso ausartak izan behar dute. Gazte pila bat batu zaigu, eta horrek sekulako indarra ematen digu guri. Elkarbizitzarako denen artean eman behar ditugu pausoak, udaletik hasi eta denen artean".

Jon Maiarekin, ‘Riomundo’-ren bueltan

Usurbil, herri anitza! egitasmoaren baitan, Jon Maia bertsolari, idazle eta zinemagileak hitzaldia emango du asteazkenean Usurbilen, 19:00etan, Sutegi udal liburutegian. Riomundo (Txalaparta) bere eleberria hartuko du ardatz, eta horren bueltako hainbat gai izango ditu hizpide: migrazioa, kultur aniztasuna….

“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

Gustura gelditu da Antton Arrieta Valverde (Lima, 1955) gotorlekuen gainean idatzitako liburuarekin. "Ausartak" izan direla gaineratu du, 1.500 aleko tirada merkaturatu dutelako. Liburuan aipatzen diren gotorleku guztietan egon da, behin baino gehiagotan; merezi duela dio.

Gotorlekuak. Gutxi jorratutako gaia dela diozu.

Bai, bai. Harro gaude, gainera; izan ere, gai honetan euskarak aurre hartu dio gaztelaniari, eta sakontasun handiarekin. Gutxi jorratutako gaia da, baina informazio asko dago. Ez genuen asko ezagutzen, eta, hurbildu ahala, gaiari buruz informazio gero eta gehiago topatu dugu. Horrek harritu egin gaitu. Xehetasun askorekin hitz egin behar da; adibidez, esaten baduzu Jaizkibelgo dorreak 1876ko abuztuan egin zituztela, hori hanka sartze galanta da, gerra bukatuta zegoelako.

Gure informazio iturriak artxiboak izan dira batik bat, udaletakoak, probintzialak eta militarrak.

Gotorlekuek nola islatzen dute Euskal Herriko historia?

Beti kanpotik idatzi izan digute historia. Herri txiki bat gara bi erresuma erasokor eta handiren artean, eta horiek nolabait markatu egin dute, azken mendeetan behintzat, gure historia. Gotorgintzan, garaiak eta gertaerak islatzen dira. Gotorlekuak aztertzean, hiru garai bereiz ditzakegu: artilleria sortzen denean, Erdi Aroaren bukaeran, Nafarroa Garaia Gaztelak okupatzen du, eta gotorlekuen lehenengo helburua da mugak markatzea, bai Pirinioetako mugak eta bai itsasertzekoak; bigarren aroa urrezko aroa da gotorlekuentzat, baina guretzat ez da hain erakargarria, 80 urtean bost gerra jasan baikenituen —Konbentzio Gerra, Espainiako Independentzia Gerra edo Napoleondarren Gerra, Errege Gerra eta bi karlistaldiak—, eta mila gotorleku baino gehiago eraiki ziren urte horietan guztietan; hirugarren garaia bukaera da, bigarren karlistadatik XIX. mendea bukatu artekoa, eta fuerte ikusgarrienak ordukoak dira, Gipuzkoan, esaterako, Txoritokieta, Guadalupe eta San Marko. Dena den, bukatzen zituztenerako, zaharkituta zeuden: artilleria askoz garatuago zegoen, handik gutxira hegazkingintza agertu zen... Artilleria garatzean, gotorlekuen eredua desagertu egin zen; lurpera joan ziren: bunkerrak, galeriak...

Lurpera joan, eta gero zer?

Azken gotorlekuak ez zeuden bakartuak: sareak osatzen zituzten. Esaterako, Gipuzkoan, mugak ixten saiatu ziren bederatzi gotorlekuren bidez, baina bakarrik Txoritokieta, San Marko eta Guadalupe ireki zituzten. Horiekin batera, lubakiak, gotorleku txikiak, ospitaleak, errepideak eta beste egin zituzten; horien artean sareak sortzen ari ziren. Fuerte eredua desagertu zenean, eskualdeko gotorlekuak sortu zituzten: eskualde oso bat gotortzen zuten, baina lurpetik, artilleriak horma irabazten baitu. Betiko binomioa da hori.

Zer-nolako garrantzia izan dute?

Gazteluen jarraipen bat ziren, toki bat babesteko, toki bat kontrolatzeko, eta, askotan, zitadelak gehienbat, konkistatu berri den lurralde batean hiri bat kontrolatzeko. Gazteluen egitekoak zituzten, baina, arkitekturaren ikuspuntutik, moldatuak zeuden, artilleriari aurre egin ahal izateko.

Euskal Herriko gotorlekuak bildu dituzu. Euren artean desberdintasunik topatu duzu?

Ez gehiegi; garaiak markatzen ditu. Araban, ez dago lehenengo garaiko gotorlekurik, adibidez, mugatik oso urruti zegoelako. Muga motaren arabera, ordea, aldeak daude: Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdin, itsasertzeko kanoitegiak dituzte, eta, itxita baldin badaude, fuerte gisa hartzen ditugu. Hori ez da ikusten Nafarroan edo Zuberoan. Iruñean, Donibane Garazin eta Baionan, zitadelak daude, eta hori fuerte mota bat da. Donostian, Urgul mendi osoa zitadela bihurtu zuten, baina beste hiru hiriburuetan izar motako eraikina propio eraiki zuten.

Hala eta guztiz ere, gauza politak topatu ditugu. Ipar Euskal Herriko mendi batean, arku batzuk ikusi genituen, eta ez zekiten zer ziren; orain jakin dugu Konbentzio Gerran egin zituztela: kuartel bat zen. Ipar Euskal Herriko erakundeetan-eta galdetu genuen, baina inork ez zekien ezer— Erromatar garaikoak ote ziren aipatu izan zuten, baina azkenean argituta gelditu da.

Euskal Herrian eraikitako lehen gotorlekua hemen gertu dago, Behobian.

Bai. 1812an, Fernando Katolikoak, edo faltsutzaileak, Nafarroa Garaia hartu zuen, eta Behobian gotorleku bat eraikiarazi zuen, mugak markatzen hasteko. Proba bat izan zen. Triangeluarra zen, erpinetan dorre biribilak zituen... Ordura arte ez zen horrelakorik ikusi. Gaizki atera zitzaien: lehen kanoikada leiho batetik sartu, eta arerioak sartu egin ziren.

‘Lunpen’ hitza erabiltzeko aukera

Gizaseme bat ondradua den ala ez erabakitzeko badut nik metodo hutsik gabeko bat; beste behin hemen bertan kontatu nuela uste dut. Bigarren eskuko auto bat lasai erosiko ote niokeen hausnartzen dut. Hala ez dela deliberatuz gero, errespetua galtzen du arin nire begiotan, ezin dut saihestu.

Droga saltzaileen kasuan, beste prozedura osagarri bat erabiltzen dut. Ezagutzen ditut hautamen propioa galtzeko arriskuan direnekin negozioa egiteari uko egiten dioten gamelu duinak. Menpekotasunaren zorian dauden horiek Whatsapparekin tentaldira daramatzatenak ere bai. Erdi andaluziarra, erdi siziliarra, horretantxe ari da aspaldian nire bi ezagunekin. Bere speed txar eta garestia mutur aurrean ipintzen die kabroiak pareari, izerdi hotza antzematen dienean. Bera eta bera bezalakoak mespretxatzen ditut nik.

Aurkeztu zidatenean, bere buruaz harro aitortu zidan lehenbiziko xehetasuna izan zen zortzi urte lanik egin gabe zeramatzala. Bera erdi andaluziarra, erdi siziliarra izanik, Alemaniari diru laguntzak amaigabe osten aritze horrek grazia egingo zidala usteko zuen. Ateraldiari ez nion batere hortzik erakutsi, ordea, zinez saiatu nintzen nire aurpegiko muskulurik bat bera ere mugi ez zedin. Motxilan eskegita, Berlingo antifaxisten eta okupen txapa bilduma klasikoak oso-osorik zeramatzan. Kiratsa zerion.

Enkontruaren ondoren, nire baitan daramadan Mayor Orejak galdeketari ekin zion. Bere motxilako txapetan babesten diren iraultza guztiak emango balira, hiritar baliagarri izatera pasatuko al litzateke hondakin hori, lagako al luke bizkarroi bizitza? Bere motxilako txapetako leloak asmatu dituzten horiek sistema izatera pasako balira, lunpenetik —hitz hori beti erabili nahi izan dut zutabe batean— irten eta errenta aitorpenak zintzo osatzeari ekingo al lioke? Hurkoa erailtzeari utziz auzolan solidarioari ekin? Nire baitan daramadan Mayor Orejak maite ditu horrelako kasuak, erantzun ebidenteekin arrazoi duela aitortu behar izaten diodalako. Baina, batez ere, badakielako horrelako kasuek despolitizatuta eta indarge uzten nautela. Nire baitan daramadan Mayor Orejak despolitizatuta eta indarge maite nau.

Hirugarrenez Ben-en tabernan topatu nuen lehengoan andaluziar-siziliarra. Garagardo ziztrin bat ere eskatu gabe zegoen, beti bezala, sakelan zeramana saldu nahian. Boddinstrasseko manifara zihoala entzun nionean madarikazioa bota nuen ahapeka, ni ere bertaratzekoa bainintzen. Metroa hartu eta etxera alde egin nuen, ia sistemazale porrokatu bihurtuta, nire baitan daramadan Mayor Orejaren algara artean.