Sailkatugabeak

Jasotako babesa eskertzeko jaia, bihar

Eskualdean sekulako babesa eta elkartasuna jaso dutela behin eta berriro nabarmendu dute TS Fundicioneseko langileek, euren borrokak ezingo zuela iraun elkartasun hori gabe. Eskualdeko udalen aldetik jaso dute babesa, baita Gipuzkoako Foru Aldunditik ...

Atsegina opari, liburu bidez

Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa abiatu du aurten Euskaltzaleen Topaguneak bederatzigarrenez. Euskal Herri osoko 42 herri ari dira kanpainan parte hartzen; Gipuzkoan, zehazki, bederatzi: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Zaldibia eta Pasaia.

Pasaiak lehenbiziko urtea du egitasmoan. Udaleko Euskara Departamentua ez ezik, udal liburutegiak, herriko ikastetxeak eta herriko bi liburu denda ari dira parte hartzen —Urdin paper denda Pasai Antxon, eta Lema Trintxerpen—. Egitasmoaren bidez herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi dira, irakurtzearen alde atsegina nabarmenduz. Helburu horrekin, euskarazko irakurleei abantailak eskaintzen dizkiete.

Horrela, udal liburutegietan euskarazko literatura maileguan hartzen dutenek erosketa txekea jasotzen dute trukean, ondoren liburu dendetan euskarazko literatura erostekotan deskontuak lortzeko. Horrez gain, liburutegiek egingo dituzten zozketetan parte hartzeko eskubidea irabazten dute irakurleek. Lehen zozketa lehengo astelehenean egin zuten Pasaian, eta ekainean egingo dute bigarrena, kanpaina bukatzearekin batera. Liburuaren Egunean abiatu zen kanpaina, joan den apirilaren 23an, eta ekainaren 30era arte egongo da martxan.

Helduak erakarri nahi

Aitziber Zinkunegi Pasaiako udal liburutegietako koordinatzailea da. Gertutik ari da aztertzen kanpainaren bilakaera Pasaian. Aitortu duenez, oraingoz maileguei dagokienez ez dute askorik nabaritu: "Jendeak galdetzen du, iritsi zaio informazioa leku guztietatik, eta kanpaina hor dagoela nabaritzen da, baina mailegu aldetik hainbeste ez".

Hala ere, maiatza eta ekaina liburutegietarako hilabeterik txarrenak direla dio liburuzainak: "Eguraldi ona hastearekin batera maileguak, berez, asko jaisten dira". Hala eta guztiz ere, kanpainaren harira bost bazkide berri egin dituzte.

Joera orokorra da, eta, alde horretatik, Pasaia ez da salbuespena. Helduek gutxi irakurtzen dute euskaraz. "Kanpaina martxan jarri genuenean nabarmendu genuen helburua zela helduak erakartzea. Oso nabarmena da. Haurrek %80 euskaraz hartzen dute, eta helduek %90 gaztelaniaz".

Joera iraultzeko topikoak bertan behera utzi nahiko lituzketela dio Zinkunegik: "Ematen du euskarazko literaturan ez dagoela kalitaterik, aspergarria dela, astuna dela... Iritzi hori aldatu egin nahi dugu. Azkenaldian oso literatura atsegina egiten da, erraz irakurtzen dena. Gazte jende asko sartu da, beste ikuspuntu batekin, eta beste gai batzuk jorratzen dira".

Irakurle askok, baina, euskarazko literatura "ez dute oraindik deskubritu", eta, Zinkunegiren ustez, horretan jarri beharko litzateke indarra: "Jendeak ikustea euskarazko literaturan ere eskaintza zabala dela, eta gai asko jorratzen direla. Ez da gutxietsi behar".

Gutxiengoa izanik ere, Pasaian bada euskaraz irakurtzen duenik. Arkaitz Alonso Trintxerpeko liburutegian topatu du Hitza-k, euskarazko bi eleberri eskuan. Dolores Redondoren Eskaintza ekaitzari itzuli berri du, eta Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua hartu. Bazuen kanpainaren berri: "Liburutegiko ohiko erabiltzailea naiz, eta zaletasuna bultzatzeko oso kanpaina aproposa iruditzen zait". Hilero bi liburu irakurri ohi ditu berak. Juan Mari Irigoien du euskal idazleen artean gustukoena. Pistolak eta epistolak, horixe irakurri duen azkena, eta asko gustatu zaiola dio. Literatura erosteko ohitura handirik ez duela aitortuta, kanpainak erraztu dion aukera ez du alferrik pasatzen utziko. Uda atarian zer oparitu, behintzat, argi du.

Lur astinduaren osteko giza mugimendua

Hilabete pasa igaro da Nepalgo lurrikaratik. Aste honetan itzuli dira haurrak eskolara. "Normaltasunera". Nerea Agirrek zuzeneko harremana du Nepalekin, Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko erakundeko presidentea baita. Kideek ematen dioten informazioaz gain, Nepalgo egunkariak irakurrita jasotzen ari da gertatzen denaren berri: "Eskolako lehen egunetan klaserik ez ematea gomendatu du gobernuak, soilik hitz egin dezatela, lagunekin jolastu, trauma gainditzen joateko. Pixkanaka bada ere, eskolara bueltatzea ere nahi zuten, normaltasunera itzultzeko".

Zortzi mila hildakotik gora eragin zituen apirilaren 25eko lurrikarak herrialdean, eta beste dozenaka gehiago hamazazpi egun geroago izandako seismoak. Mendialdeko herrixka asko guztiz suntsituta geratu ziren; kalte handiak daude egun Katmandu hiriburuan. Zauriturik edo bizirik atera zirenek, beraz, egoera zaila dute aurrean. Horiei laguntzeko lanean ari dira gobernua eta askotariko gizarte erakundeak; tartean, Rokpa Euskadi.

"Hasieran ez genuen argi zer laguntza mota bidali. Harremanetan gaude laguntza banatzen ari direnekin, eta beharrak aldatuz doazen arren, kanpadendak dira gehien eskatzen dutena". Rokpa Euskadik 82.000 euro inguru bildu ditu, eta ia 700 kanpadenda bidaliko ditu Nepalera. Gehiago ere izango dira: "Dirua iristen doan heinean materiala bidaltzen goaz". Bide askotatik ari dira laguntza jasotzen: bazkideetatik, Gipuzkoa Solidariotik, enpresa pribatuetatik, norbanakoetatik, udaletatik... —besteak beste, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Aretxabaleta, Errenteria eta Amurriokoek babestu dute—.

Egoera aldatu egin da lurrikararen osteko lehenengo egunetatik. Hasiera batean, "exodoa" egon zen Katmandutik herrixketara, baina alderantzizko bidea egiten ari dira herritar asko orain: "Herri ugari suntsituta geratu dira, eta luizi arriskua dago; beraz, gobernua jendea birkokatzen ari da, eta beste batzuk euren kasa doaz Katmandura". Landa eremutik "milaka eta milaka" lagun iristen ari dira hiriburura; han, ordea, zaila da guztiei behar bezalako zerbitzua ematea.

Rokpa Euskadi Tibeten aritzen da lanean, baina nazioarte mailako erakunde bat izaki, Nepalen jarduten dutenekin harremanetan jarri zen lurrikararen ondoren. Rokpak umezurztegia du Katmandun, eta hara bidaltzen ari dira laguntza, baita beste hainbat umezurtz etxetara ere —Indrenira, adibidez—: "Kalean ari ziren lo egiten, eta orain kanpadendak aprobetxatzen ari dira, bitartean eraikina sendotzeko". Kanpadenda handiak egiten dituen hornitzaile bat ere topatu du Rokpak, eta umezurztegietako batean jarri nahi duten gizarte jangelarako baliagarria izan daiteke: "Han dauden umeez gain, herrixketako jendea iristen ari zaie". Landa eremuetara ere eramaten dituzte kanpadendak, familietan banatzeko. "Materiala herrixketara iristen denean, laguntzaileek hango ordezkariekin hitz egiten dute, jakiteko zein familiak behar duten gehien. Okerren daudenei ematen diete".

Bestelako arazoak ere areagotu egin dira etxeak suntsitzearen ondorioz; pertsonen trafikoa, haurren kasuan, bereziki. Unicefek arriskuaz ohartarazi du: erakundearen arabera, haur esplotazioko indize altuak ditu Nepalek; azken datuen arabera, 12.000 ume dira urtean pertsona trafikoaren biktima. Agirrek azaldu duenez, gobernuak umezurztegi berriak irekitzea debekatu du, mafiek haurrak hartzeko arriskua ikusita: "Zin egiten diete Indian lana izango dutela, fabrika batean, etxeak garbitzen, haurrak zaintzen... Askok emagaldu etxeetan bukatzen dute". Prebentzio neurri gisa, 16 urtez azpikoek ezin dute bakarrik baimenik gabe bidaiatu, eta herrixketara gizarte langileak bidaltzen ari dira, familiei gertatzen ari denaz abisatzeko.

Osasun arloan ere, zailtasunak dituzte. Gobernuak martxan jarritako kanpaina batez mintzo da Agirre: "Jendeak aire zabalean kaka egin zezan saihesteko, oso lan ona egiten ari zen gobernua, Osasunaren Mundu Erakundearekin batera. Nahiko aurreratuta zegoen kontua, baina lurrikararekin jendeak ez du etxerik, eta kalean egiten du; askok ibai ondoetan, garbitzeko". Horren ondorioz, gaixotasunak agertzen ari dira; kolera da garrantzitsuenetako bat. "Eta espero da egoerak okerrera egitea montzoia iristen denean. Atzeratuta dator, baina ailegatzear da". Ura edangarri egiteko gailu bat ere bidali du Rokpa Euskadik Nepalera —egunean 4.000 litro ur hornitzeko ahalmena du—.

Laguntza bidaltzeko momentu zailak igaro dituzte, aduanetako trabak eta abarrak. Hala ere, han ordezkaritza izateak lana erraztu die: "Ziurta dezakegu laguntza guztia iristen dela".

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.rokpa.org/eu_EU/

Legorreta, babes truke azpiratuta

. Ahaide nagusien oldarkeriatik defenditzeko, Ordiziako hiri gotorraren menpeko bihurtu zen Legorreta 1399an. Lotura bera izan zen, mende bat geroago, askatu beharreko mataza. Eragina zuten pertsonengana jotzen eta isilpeko bideak irekitzen jakin zuen.

Legorretaren lehen aipamena 1227koa da. Sebastian de Legorretazarra Lope de Haroren gudarostean borrokatu zen, Gaztelako errege Fernando III.aren zerbitzura, Baeza hiria (Jaen, Espainia) hartzeko guduan. Hurrengo ia bi mendeetan, herrixka modura osatu zen Legorreta, garai hartako hiru zutabeen gainean: kleroa, noblezia eta nekazariak.

Toki estrategikoan kokatua zegoen Legorreta: Oria ibaiaren ertzean, Ordiziako eta Tolosako hiri gotortuen erdibidean. XIV. mendeko ahaide nagusien oldarraldiek Ordiziako hiribildura inguratu zuten herrixka —ez zuten onartzen beren eraginpetik aldentzen ari ziren herrixkak izatea, hiribilduen eta errege babesaren hegalpean—.

"Herrixka" gisa lotu zitzaion Legorreta Ordiziari, Antxon Agirre Sorondok 2004an idatzitako eta Pello Iturriotzek euskaratutako —hilak dira biak— Legorreta, bizitza ibaiaren biragune batean liburuak dioenez: "Etxe multzo txiki bat, eta, akaso, eliza txiki edo ermita zuen toki gisa", deskribatu zuen Agirre Sorondok. 1399ko apirilaren 8an izenpetu zuten batasun ituna, Gipuzkoako Ermandadea sortu eta bi urtera.

Ataungo eta Ordiziako eskribau banak egin zuten agiria, eta Juan de Arriaga izan zen legorretarren lekuko. Herriko ordezkaritza zabala joan zen izenpetze ekitaldira: Martin Perez zinpekoa eta auzo eskubidea zuten hemeretzi bizilagun. Garai hartan Legorretan zer etxe zeuden jakiteko balio dute, haien abizenek jatorria adierazten dutelako.

Babes premiak uztartuta

Legorretan otsailetik apirilera bitartean gogoratu dute hiribildu titulua 1615ean eskuratu zuteneko laugarren mendeurrena. Felipe III.a erregeak emandako herri gutunaren kopia udaletxean zintzilikatu zuten, koadro batean. Joxe Mari Allur historiazale legorretarrak hitzaldi bat ere egin zuen; hark dioenez, komenentziazko ezkontza izan zen Legorretaren eta Ordiziaren artekoa.

Ezkontza baino gehiago, azpiratzea. "Babesa lortu zuen Legorretak Ordiziari batuta, baina baita menpekotasuna ere. 1399ko itunean garbi dio Legorreta Villafrancako [Ordiziaren garai hartako izena] jurisdikzioaren azpian geratuko dela —sometido aditza darabilte—. Ordiziako harresia zaindu, berritu, zubi berriak eraiki, kaleak berritu... bertan bizi balira bezalaxe egitera behartuta zeuden legorretarrak, auzolanean. Errotaren errentetan ere parte hartzen zuten".

Ordaina, berriz, segurtasuna zen. Gipuzkoan artean ez zegoen diputaziorik, herrien arteko ermandadeak bakarrik. Ahaide nagusiek kontrolatzen zuten hiribilduetatik kanpoko guztia, nahierara. "1439an eman zieten azken kolpea ermandadeek ahaide nagusiei: jauntxoak Andaluziara deserriratu zituzten urte batzuetarako, eta haien dorretxeak moztu zituzten". Legorretan Ibarbia eta Oriar ziren oinetxeak.

Herrixka txikiak hiribilduen gonapera biltzearen arrazoia, hau da, ahaide nagusien tirania desagertu zenean, egoera "asko" lasaitu zen. "Eta orduan hasi ziren menpekotasuna nabaritzen eta Ordiziaren kontrako jarrera pizten. Liskarrak hasi ziren, ordu arte, babesaren izenean, irentsi izan zituzten gauzengatik".

Bereizketa, ezkutuan prest

Morrontzaren zioak desagertu ziren, baina ezin izan zuen Legorretak erraz askatu Ordiziarekin lotzen zuen morroiloa. Indarra irabazi zuen metropoliak, gainera: 1512ko martxoan Villafranca erabat kiskali zuen suak, eta maiatzerako astero feria egiteko baimena eman zion erregeak. "Azokari esker izugarrizko indarra hartu zuen Ordiziak".

"Burujabetzaren bidean", erabaki guztiak hiribilduaren esku zeudenez —herrixkek administraziorako gaitasunik ez zeukatela argudiatzen zuen—, Legorreta isilpeko bidea ibiltzen hasi zen. Ordiziako notarioak baztertu, eta Areriako alkatetzakoa hartu zuten: askapenerako pausoak aurrera ematen hasi ziren hala.

Legorretak "hiru aingeru guardako" ere izan zituen, joko politiko-ekonomiko eta burokratiko hartan laguntzeko: Juan de Oriar, Filipe III.aren idazkaria; Juan Iriarte Ganboa, erregearen Ogasun kontseiluko kidea; eta Juan Otxoa de Ibarbia Zunzunegi, Ordiziako notarioa. Legorretarrak ziren hirurak.

Gaztelako errege Filipe III.ak 1615eko urtarrilaren 26an hartu zuen erabakia herriak hiribilduetatik aske uzteko, eta bederatzi egun geroago —otsailaren 4an— izenpetu zuen hiri titulua.

Pedro de Aulia izendatu zuten Legorretako lehen alkate. Bonaetxean hartu zuen aginte makila —plazan dago oraindik etxe hori—. Errege zedulan dio Legorretan 148 familiak zutela auzo eskubidea, eta beste hamahiru zalantzazkoak zirela. 25na dukat ordaindu zuten.

167

bioterra azokako erakusmahaiakGaurtik igandera bitarte, Bioterra azoka egingo dute Irungo Ficoban. 167 salmahai jarriko dituzte; aurreko aldian baino %3 gehiago. Hiru gune izango ditu: elikagai eta ehun ekologikoei lotutakoa; osasunaren ingurukoa; et...

Eskola bizirik, herri hil bilaka ez dadin

"Gela batzuen ateak itxiarazi nahi dizkigute. Erreformaren eragina ere, zertan gauzatuko ote; etorkizuna ziurtatzekoz, saiatu denok jo ta ke; herri txiki bat eskola gabe, herri hila litzateke". Hala zioen 1991ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren abes...

Udaletan hegemonia garbirik ez

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu zuen Sortu, Alternatiba eta EAren arteko koalizioak. Hegemonia. Horixe Bilduk 2011ko udal hauteskundeen ostean lortutakoa definitzen zuen hitza. Hegemonia hori galdu egin du oraingoan EH Bilduk, eta mapa berriak kolore gehiago ditu,...

Libre, baina elkartzeko beharrez

. Tolosatik banandu eta hamar urtera Alegia eta Orendainekin batu zen Ikaztegieta, Aizpuruako Batasunean, irauteko. Ondoren Altzo elkartu zitzaien. Orain gutxi arte, 1967tik 1989ra, Iruerrieta udalerria osatu zuen Orendain eta Baliarrainekin.Histor...

TS Fundiciones, berpizteko bidean

Uda amaitzerako jarduera berriro martxan egotea espero dute Zestoako TS Fundicionesen. Aste honetan jakinarazi du Pedro Malagon epaileak Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufacturesen esku utziko duela planta, hau da, Gonvarriren esku. 2014ko azaroan konkurtsoan sartu zen enpresa, eta 150 langilek postua galdu zuten. Planaren arabera, 121 lanpostu berreskuratuko dituzte. LABek eta ELAk begi onez hartu dute lantegia Gonvarriren esku geratu izana —irudian, LABen bilera langileekin—.

Emaitza bakarra: hamarra

Zaila. Bera Bera eskubaloi taldeak hitz horrekin definitu du lehen kolpean aurtengo denboraldia. Eta polita, gelditu zaien sentsazioa.

Kirolean zein pertsonalki izan dituzte zailtasunak zein momentu gogoangarriak. Espainiako Liga hirugarren urtez jarraian irabazi dute, horrek dakarren sekulako lanaren zamarekin, baina, era berean, ereindako fruituez gozatzeko sentsazio gozoarekin. Entrenatzailea aldatu aurretik momentu zailak izan dituzte, eta aldaketa horrek berak zer ekarriko zuen, tentsio hori ere egon da. Taldekide baten heriotzak ere denboraldia belztu du.

Guztiaren gainetik, ordea, hamar borobil bat eman dio denboraldiari Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak: "Oso konplikatua eta zaila da hiru urtez jarraian liga irabaztea. Gainera, liga oso estu egoten da; lau talde daude goian, eta ez da hain erraza garaipenak eskuratzea, are gehiago denboraldi honetan izan ditugun zailtasunak kontuan hartuta. Nahiz eta Erreginaren Kopa ez irabazi, hamar bat ematen diot denboraldiari".

Lortutakoa lortzeko sekretu gutxi: lana gogotik egitea. "Talde honetako jendeak kalitate handia du, eta, horrez gain, oso-oso lehiakorrak dira. Kalitatea, lana eta lehiakortasuna elkartzen badira, hori oso positiboa da, eta lorpenak etortzen dira".

Jokalariek ere bat egin dute kirol zuzendariaren iritziarekin. Zailtasunei aurre egiten jakin dutela nabarmendu dute Esther Arrojeriak, Nagore Arizagak eta Uxue Ezkurdiak. "Ondo egokitu gara, eta lan asko egin dugu", adierazi du Ezkurdiak. "Bai, konplikatua izan da, baina, oso lotuta gaudenez, aurrera atera gara, eta bukaera polita eman diogu", gehitu du Arrojeriak.

Ondorio nagusi bat atera du Garmendiak denboralditik: denboraldi berean gauza askori aurre egin behar izaten dietela eta ikusi dutela taldeak zailtasunei aurre egin diezaiekeela. Entrenatzailea aldatzea gakoetako bat izan da. Aitor Etxaburu izan dute entrenatzaile denboraldi hasieran, baina taldea ongi ez zegoela jakinarazi zioten jokalariek kirol teknikariari, eta zirt edo zart egin beharra zegoen: "Apustu arriskutsua izan da, nire postua galtzear egongo litzateke gauzak gaizki ateraz gero. Lider zihoan talde bateko entrenatzaile bat ordezkatu genuen, eta hori arriskutsua zen. Baina taldea ez zegoen ongi, eta horrela jakinarazi zidaten. Askotan zeure buruari ez diozu garrantzirik eman behar eta guztiaren gainetik taldea jarri behar duzu". Montse Putse kataluniarra aritu da entrenatzaile lanetan.

Babeslearen esperoan

Zailtasun ekonomikoen gainean ere hitz egin du Garmendiak: "Zor bat dugu, eta pixkanaka tapatzen ari gara; helburua hemendik hiruzpalau urtera zorrik ez edukitzea da. Egia da ez dagoela arazo ekonomiko larri bat, baina beti gehiago nahi duzu, eta bide horretatik taldekideen egoera hobetu". Taldekideen kontratuak hobetzea, esaterako: "Kirolari bati kontratua hobetu nahi diozu errendimendu ona duelako, baina ezinezkoa da aurrekontu bati lotuta zaudelako".

Orain urte batzuk denak profesionalak ziren taldean, eta duela lau urte eta bi urte murrizketa "oso handiak" egon ziren —200.000 euroko murrizketa aurrekontuan—. Hori horrela, talde guztia profesionala izatea "ezinezkoa" da, eta gaur egun semiprofesionala da. "Hori bai, talde osoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du. Gurea talde bakarra da, edo bakarrenetakoa, Gizarte Segurantzan kotizatzen duena, taldekide guztiak esan nahi dut. Kirolari ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta zure lan moduan azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zait". Jendearen konpromisoa ere bide beretik doala adierazi du, "profesionala". Emakumeek ere kirol bat edukitzeko eta horretara dedikatzeko "eskubidea" dutela iritzi dio.

Zailtasun handiena finantzaketa pribatua aurkitzea da. Erakundeek babesten dute, baina argi du diruak finantzaketa pribatutik etorri behar duela: "Ezin gara soilik publikotik bizi". Aurten bi babesle atera zaizkie, baina babesle indartsu baten esperoan daude. "Hori da behar duguna". Iritsiko dela ziur dago: "Bera Berara batzea proiektu indartsu eta sendotu bati batzea da. Balio garrantzitsu batzuk ordezkatzen ditugu, garaipenez aparte. Nik uste garaipenek ez dutela beti egon behar babesle bati lotuak, eta hala izan ohi da askotan, gainera".

Emakumeen eskubaloiak publizitatean eta gizartean erakargarritasuna baduela iruditzen zaio kirol zuzendariari, eta komunikabideetan toki gehiago duela ere bai. "Telebistan, hala ere, oraindik pauso bat dago emateko. Jendeak eskubidea du eskubaloi femeninoa telebistan ikusteko".

Aitorpen horretan Espainiako Eskubaloi Selekzioak lortutako garaipenek zerikusia dute Garmendiaren irudikoz. Harmailetan ikusle gehiago daudela nabaritu dute Bera Berako kideek, "eta hori pozgarria da benetan". Eskubaloian emakume eta gizonen desberdintasunez hitz egitean, Garmendiak uste du gaur egun ezin dela horretaz hitz egin, "krisiak gizonen eskubaloia ere jo duelako".

Desberdintasunak zeuden garaian, beraz, ekonomikoak ziren batik bat. Bere jokalari garaiak gogoratu ditu horri erreferentzia eginez: "Garai batean desberdintasunak handiak ziren. Selekzioan ere emakumeek lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Nire garaian, kopuru bera kobratzen zuten neska onenak eta aulkian jokatu gabe egoten zen mutilak".

Zehaztapenak ere egin ditu: "Egia da garai hartan neskek ez zituztela gizonek adina garaipen lortzen, baina lortzen hasi zirenean ere ez zen inon islatuta azaldu. Aitzakia bezala garaipenak erabiltzen ziren lehen". Hala ere, alderaketak egitea ez zaio gustatzen, "agian gizonek gehiago sortzen dutelako", baina argi du bakoitzak berea aldarrikatu behar duela, eta desberdintasunak baldin badaude gutxitu egin behar direla.

Kirola, lana eta ikasketak

Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia ikasleak dira goi mailako kirolariak izateaz gain. Arrojeria Erizaintza ikasten ari da, eta Ezkurdia, Enpresaritza. Euren denbora hobeto antolatzea dute erronka, bi gauza uztartu ahal izateko. Biek ala biek goizez dituzte klaseak, eta, entrenamenduak arratsaldez direnez, nahiko ongi moldatzen dira. Gainera, goi mailako kirolariak izanik, unibertsitatean erraztasunak ematen dizkietela adierazi dute: azterketen datak aldatzeko, klaseak galduz gero irakasleen laguntza dute... Kirola eta ikasketak uztargarriak direla diote.

Zaila dena eskubaloitik soilik bizitzea da, eta horren adibide da Nagore Arizagaren erabakia: taldea utziko du. Erizain lanetan dabil, eta bere kasuan zailtasunak egon badaude: "Bi gauzak aldi berean egiten saiatu naiz, baina zaila da goi mailako kirol bat eginez bi gauzak uztartzea. Egunero entrenatzen gara, eta asteburuetan partidak ditugu. Denbora asko kentzen dizu". Ikasten zebilen bitartean, eskubaloian izaten zuten bi hilabeteko atsedenaldia aprobetxatzen zuen praktikak egiteko.

Asko pentsatutako erabakia izan da Arizagarentzat: "Hainbeste urte eskubaloian ibilita, nire egunerokoan zegoen". Aurrerantzean harmailetatik ikusiko ditu partidak: "Ea zenbateko inbidia pasatzen dudan!". Bere ibilbidea gogora ekarriz, hasierako garaiak "gogorrak" izan zirela gogoratu du. Ikastetxetik atera eta entrenatzera joaten zen. Lehenengo bi urteetan gazte mailan bere taldearekin entrenatu eta gero, egun batzuetan Bera Berara joaten zen, entrenamentu saio bikoitza egitera. Handik atera eta etxera joaten zen ikastera. Sentsazio ezin hobearekin bukatu du, ordea, bere goi mailako kirol ibilbidea: "Ezagutu ditudan pertsonak geratuko zaizkit gogoan. Hainbeste bidaia, ordu... lagun handiak egin ditut. Kiroletik harago, pertsona moduan asko ikasi dut".

Arizaga ez da taldea utziko duen bakarra; beste hiru ez dira hurrengo denboraldian Bera Beraren parte izango. Patri Elorza eta Maria Nuñez Frantziako Ligara doaz, eta Amaia Azanzari ez diote kontratua berritu. Garmendia kirol zuzendariak dioenez, normalak dira jokalarien joan-etorriak, baina baikorra da hurrengo denboraldiari begira: "Ez dut inongo zalantzarik talde lehiakor bat osatuko dugula".