Beñat Alberdi
Filosofia eta Musikaren Historia eta Zientzia ikasketak eginda dauzka Alaia Oronozek (Hondarribia, 1977). Bizitzak hamaika buelta ematen ditu, ordea, eta historialari lanetan bukatu du azkenean. Orion egin zituen lehen urratsak memoria historikoa berreskuratzeko lanean, garai bateko testigantzak batuz, eta gero lan berbera egitea proposatu zion Irungo Nicolas Guerendiain elkarteari. Artxiboak arakatu eta arakatu, bertan lanean jardun ziren presoen datuak aurkitu arte. Horrela sortu zen A pico y pala: trabajos forzosos en Gipuzkoa proiektua, eta aurkeztu berri du lana. Behartuta lanean jardun zirenak oroitu ditu ikerketan, historiak irentsitako 207 pertsona.