Danel Agirre
Duela lauzpabost urte saskibaloiaz idaztea eskatu zidatenean, jesus batean erantzun nuen baietz, BERRIAko kirol sailekoei eskaintzari buruz damutzeko betarik ez ematearren. Tratua itxi orduko, barrenak irauli zitzaizkidan, ordea. Jarduera oso espezifiko bat astero xehatzen duen zutabegileari nik eskatzen dizkiodan ezaugarrietatik (zorroztasuna, autoritatea, asmamena) bat beraren jabe nintzenik ez nuen uste —eta ez dut uste— inola ere, eta berandu baino lehen nire gaitasunik eza nabarmen geratuko zenarekin obsesionatu nintzen. Nire estuan, putzutik irteteko modu bakarra bururatu zitzaidan: kirol analistarik jantzienak topatu, eta haien estilo eta baliabideak kopiatzen saiatzea.