Unai Zubeldia
Sormena eta transmisioa dira Azpeitiko Kultur Mahaiaren bi ardatzak". Eta, bi muturrak elkarrengana bilduta, Mikel Laboak egindako ekarpena eta haren irudia baliatu nahi izan dituzte zubi lan hori egiteko. "Ez da omenaldi soila izango", zehaztu du Aitor Bengoetxeak, Laboaldia ekinaldiko antolatzaileak. "Ez da negar egiteko ziklo bat. Laboaren lan egiteko modua eta ikusmoldea hartu, jaso, eta sortzeko ariketa egin nahi dugu hamar egunotan". Abenduaren 1ean hamar urte beteko dira Mikel Laboa hil zela, eta, udalaren laguntzarekin, Laboari buruzko ziklo bat antolatzea erabaki dute Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak. "Euskal kulturaren erreferentzia nabarmena da Mikel Laboa, hurrengo belaunaldiei transmititu beharreko balio horiek guztiak bere barnean biltzen dituen artista".