Danel Agirre
Horrela ez dago herriminik sentitzerik, benetan. Aurten lehenbizikoz etxera hurbildu naizen asteburu berean, euskarazko panfleto arrazistak azaldu dira Zarauzko malekoiko jarlekuetan botata. Manifestu korporatibista izena du gorozkiak, eta Askatasunaren Liga izeneko kolektibo anonimo koldar baten sabel hustea da. Arrazistarena ez da balorazio bat, testutik hautatutako entresakan egiaztatu ahal den moduan, sailkapen enpiriko askoa baizik: "[...] Garai zailak datoz Euskal Herrira aurreikuspen guztien arabera: kapitalaren globalizazioaren erruz, euskaldunak behartuak egongo gara gure lurrak komunitate etniko ezberdinekin partekatzera, kolono espainiar eta frantziarrez gain. Euskaldunon (eta europarron) krisi demografikoaren aurrean, arazo argi bat bilakatzen da etorri-berri afrikar eta mairuen jaiotze-tasa altua, ordezkapen etnikoaren mehatxua ortzi-mugan ageri delarik. Aniztasun etno-kulturalak gora egin ahala, areagotu egingo da gizartearen baitako desordena, zatiketa eta gatazka, murriztu egingo delarik Estatu, lege eta erakunde publikoen eraginkortasuna [...]".