Miriam Luki
Ameriketako Estatu Batuetara joandako zegamar kopurua zenbatzen hasi da Andres Zabaleta (Zegama, 1939). Banan-banan zerrendatu ditu hamazazpi artzainen izenak, baita bakoitzaren baserriaren izena ere. AEBetara joandako artzainetako bat da Zabaleta bera; 32 urte egin zituen artzain eta meatzari lanetan han. Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen bultzadarekin, AEBetara joandako artzainen historia dokumentatzen hasteko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zabaletak, hala ere, lehenengo puntua jarri dio ikerketa lanari: "Guk han egindako lanaren berri eman behar bada, erakuts dezatela den-dena. Han gauza txar asko pasatutakoak gara gu, eta komunikabideek alde dotorea baino ez dute erakusten. Amorruz betetzen nau horrek".