Eider Goenaga Lizaso
Aiako Harria da, Aizkorri-Aratz, Aralar eta Pagoetarekin batera, Gipuzkoako Parketxe Sarea osatzen duten natur parkeetako bat. Mendiaren forma bereziak urrunetik ikusgai eta ezaguterraz egiten du Aiako Harria; baina, batez ere, mendiaren osaera geologikoarengatik da berezia. Euskal Herriko formazio geologiko zaharrenetakoa da —orain 250 milioi urte inguru azaleraturikoa—, eta granitozko bakarra. Mendiaren magalean, Arditurri interpretazio zentroa dago, eta bertan harrera egiten diete iristen diren guztiei. "Interpretazio zentroa natur parkearen barruan dago, eta bertan aurkituko duen guztiari buruzko informazioa ematen diogu bisitariari", azaldu dio Hitza-ri Itsaso Aritzeta Arditurriko koordinatzaileak (Andoain, 1985). Natur parke batek berez duen erakarmenari, Arditurriko meategiek duten interesa eta haiek bisitatzeko aukera gehitu behar zaio; bi arloak lantzen dira interpretazio zentroan.