Unai Zubeldia
Lehia jokorako baino gehiago, jolaserako gogoa daukagu. Saio polit bat egin nahiko genuke, bertsozalea bertsoz asetzeko". "Gozamena" oinarri hartuta aurkeztu zuten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, urtarrilaren 28an, eta, Unai Mendizabal Karidadeko Bentako taldekideetako batek onartu duenez, "gozatu handia" hartzen ari dira saioz saio. 38 taldek ekin zioten txapelketari, otsailaren 3an, eta Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) eta Am... ona! (Amasa eta Villabona) iritsi dira finalera, bertso eskola bereko kideak denak; Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal aritu dira kantuan Karidadeko Bentan, eta Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, Amaia Agirre eta Ander Goikoetxea Am... ona! taldean; txandaka, azken horien kasuan. Bihar izango da azken saioa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (17:30).