Gutxiagorekin ere, posible da

Gutxiagorekin ere, posible da

Ariane Vierbücher

Ordiziako D'elikatuz elikadura eta gastronomia zentroak, hamaikagarren urtez jarraian, D'elikatuz Bizi kanpaina jarri du martxan, gipuzkoarrak elikadura osasuntsuaren eta jarduera fisikoaren inguruan sentsibilizatu eta heziketa eskaintzeko asmoz. Bizi d'elikatuz... eta mugituz!!! izenburupean, baliabide urriko pertsonentzako elikadura eta jarduera fisikorako ohitura egokiak erakusten ditu gidak.

D’elikatuz Bizi: aurreko gidak

D'elikatuz zentroak urte hauetan guztietan gai desberdinei lotutako gidak atera ditu. Elikadura, kirol eta ohitura onen gomendioak egiteaz gain, hainbat argibide ematen dituzte.

Orain arteko gidak

2015: Gida praktiko irisgarria. Elikadura eta jarduera fisikorako ohitura egokien gida praktiko irisgarria da joan den urtean ateratakoa.

2014: Gipuzkoako kirolarientzako gida. Eguneroko elikadurak eragin adierazgarria du kirolari baten errendimendu fisikoan. Entrenamendua eta lehiaketa hasi aurretik, entrenamendu eta lehiaketa horrek irauten duen bitartean eta hura amaitu ostean dieta egokia izatea —kopuru eta kalitateari dagokionez— ezinbestekoa da errendimendu fisiko hori hobetu eta lesio ugari saihesteko.

2013: Unibertsitarioentzako gida. Beharrezkoa da baldintza akademiko berrietara, ordutegietara eta antolakuntza kultura berrira egokitzea. Kasu honetan, ikasleentzat elikadura eta ohitura egokiak zeintzuk diren argitzen du gidak.

2012: Lan eremura begira eginiko gida. Kanpaina horrekin lan eremua sentsibilizatu nahi izan dute.

2011: Emakumeei begira eginikoa. Emakumeen osasuna sustatzeko gida praktikoa da.

2010: Adineko pertsonentzat egindakoa. Gipuzkoako adineko pertsonen artean jarduera fisikoaren eta elikaduraren bidez osasuna sustatzeko gida praktikoa da 2010ekoa.

2009: Haur eta gaztetxoentzako gida. Haur eta gazteen artean jarduera fisikoaren eta elikaduraren bidez osasuna sustatzeko gida.

[Museora] Barandiaranen pausoen atzetik

[Museora] Barandiaranen pausoen atzetik

Eider Goenaga Lizaso

Laminak, Basajaun eta Tartalo —Ataunen Torto esaten diote— ezagutzen ote dituzten galdetzen diete umeei, Jose Migel Barandiaran nor izan zen esplikatzen hasi aurretik. "Ume guztiek ezagutzen dituzte izaki mitologiko horiek, eta, ezagutza hori jaso badute, Barandiarani esker jaso dute, bestela galduta egongo lirateke jada", azaldu du Ainhoa Diez de Salazar Ataungo Barandiaran museoko arduradunak (Donostia, 1988).

Kalea Fragarena da oraindik ere

Danel Agirre

Kalea nirea da" esan omen zuen behin Manuel Fragak, herrizaintza ministro zenean. Kalea guztiona da izena du Zumaian urtebete martxan daraman kanpainak. Alkateak herriko bazterrak pintaketa eta pankartaz betetzea galarazi zuenean ipini zuten abian. Konstantzia bai, baina ekimena ez da arrakasta apartekorik izaten ari. Manolo Urbieta zena gogoan Erribera kalean margotutako mural ezin apolitikoagoa ere borratu egin zioten brigadakoek, pentsa. Beste Manolo bati, atariko esaldiko galiziarrari, hilondoko omenaldia izan zen Zumaiako Udalaren partetik.

Etzegarateko bidesaria eta Deskargako lanak, bidean

M. Alustiza

Bide Azpiegituretako Sailak datozen hilabeteetan martxan jarriko dituen bi egitasmo nagusiei oniritzia eman diete Gipuzkoako Batzar Nagusiek: GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko lanak eraikitzeari; eta N-1 errepideko bidesariari, Etzegaraten.

Joan den astean onartu zuten Irun eta Etzegarate arteko errepidean kamioiei bidesaria ezartzeko foru araua, eta "egun historikotzat" jo zuen aldundiak. EAJk, PSE-EEk eta PPk egin zuten alde, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k abstentziora jo zuten. 2018an ezarriko dute, soilik kamioientzat. Aldundiaren asmoa da bidesariarekin N-1eko zirkulazioa arintzea; garraiolariak, ordea, ez datoz bat. Hiru elkartearen arabera, N-1aren bueltan daude kamioilariek behar dituzten azpiegiturak.

Bidesaria jartzeko beste argudio bat da Gipuzkoatik pasatzen diren kanpoko kamioilariei kobratu egin behar zaiela. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen dute N-1a egunero; horietatik %60 atzerrikoak dira.

Kobratzeko AT sistema hautatu dute: hiru arku jarriko dituzte Irunen, Andoainen eta Etzegaraten, eta hiruretatik pasatzen diren kamioiek gehienez hamar euro pagatuko dute.

GI-632 errepidean, "agintaldiko proiektu handienetako eta estrategikoenetako bat" dauka diputazioak. Deskargako errepidearen azken lanak amaitzeko gelditzen den zatia eraikiko dute, Antzuola-Bergara tartean. Bost kilometroko bidea da, eta, hori amaituta, Gipuzkoako eskualde guztiak "konektatuta" egongo dira, Gipuzkoako biribilgunea deiturikoan. Bidegik 41,7 milioi euroren truke —gehi BEZa— adjudikatu ditu lanak. Urtarrilean hasiko dituzte, eta 2019an bukatzea aurreikusi dute.