Ekaingo koba, guztientzat ikusgai

Ekaingo koba, guztientzat ikusgai

Aitziber Arzallus

Ekaingo koba guztientzat ikusgai da, teknologia berriei esker. Madpixelek, artelanen digitalizazioan munduko lehen enpresak, kobazuloaren barrualdea digitalizatu du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Horrela, aurrerantzean, edonork edonondik ikusi ahal izango du paleolitiko garaian haitzetan eginiko obrarik garrantzitsuenetakoa. Obra hori gizateriaren ondare da 2008tik, Unescok hala izendatu zuelako.

Ekaingo haitzuloa 1969ko ekainaren 8an aurkitu zuten Azpeitiko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek. Aurkikuntzak biziki harritu zituen orduko espeleologoak, barnealdean gordetzen zuen altxorragatik: duela 10.000 eta 14.500 urte artean egindako margoak, besteak beste. Guztira, 70 animalia irudi daude: 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Kontserbazio arrazoiak tarteko direla, baina, Deba eta Zestoa arteko kobazuloa jendearentzat itxita dago 1969tik. Hango altxorraren berri izan nahi zuenak Ekainberri bisita zezakeen orain arte, benetako haitzuloaren erreplika. Margo originalak bertatik bertara ikusteko aukerarik, ordea, ez zegoen. Madpixelek eta Jaurlaritzak garatu duten proiektuari esker, benetako margolanak bertsio digitalean ikusteko aukera izango du jendeak, etxetik mugitu ere egin gabe.

Haitzuloko panel nagusiak, Zaldiei eta Artzei deiturikoak, bereizmen super altuan digitalizatu dituzte, hartze infragorri eta guzti, irudiak, siluetak eta haiek egiteko erabilitako teknika argitasun handiagoz ikusteko helburuarekin. Kobazuloko areto garrantzitsuenei dagokienez, berriz, 360 graduko panoramika interaktiboak ere sortu dituzte.

Lan hori guztia egoki garatu ahal izateko, Madpixelek moldatu egin behar izan du bere Art Gigapixel teknologia, koba baten barruan irudiak hartzeak eskatzen dituen behar eta baldintzetara. Esate baterako, argi hotzak erabili behar izan ditu, irudiak hartzerakoan obra originalari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko; bateria eramangarriak erabili behar izan ditu, espazio txikietan eta sarbide zailekoetan errazago mugitu ahal izateko; egokitutako tripodeak...

Second Canvas plataforman

Ekaingo haitzuloa digitalizatzeko proiektua Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak bultzatu du, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko taldearen laguntzarekin. Azken hori arduratu da digitalizatutako edukiak definitzeaz. Erabilitako teknologia, Art Gigapixel, hain zuzen, Madpixel enpresak jarri du. Gigapixel eta super HD formatuei esker, giza begiak ikusi ezin dituen pintzelkada eta xehetasunak azaleratzeko gai den zoom bat erabili dute. Aurrez, artearen esparruan entzute handia duten beste hainbat erakundek teknologia bera erabili dute beste hainbat proiektu garatzeko, hala nola Madrilgo Prado Museoak, Banco Santander Fundazioak eta Telefonica Fundazioak.

Ekaingo koban egin duten lan hori guztia publiko zabalaren esku jartzeko, doako aplikazio bat sortu dute, eta Second Canvas plataforman eskura daiteke , smart-phone eta tabletetarako bertsioetan (iOS eta Android). Gigapixel irudiak ikusteko web bertsio bat ere sortu dute: www.euskadi. eus/eusko-jaurlaritza/ekain/. Plataformak beren edukiak bereizmen altuan eta oso modu errazean argitaratzea ahalbidetzen die museoei eta arte galeriei.

"Ekaingo koba teknologia bidez digitalizatu izanak haitzuloaren barrualdean dagoen altxorra modu erraz batean ezagutarazteko aukera ematen du", Koldo Garcia Madpixelen sortzaileetako baten hitzetan. Gizateriaren ondarea izaki, mundu guztiaren eskura egon beharreko edukiak direla iritzi dio. "Eta kontserbazio arrazoiengatik ezinezko zena teknologiak ahalbidetu egin du". Hala, edonork edonondik Ekaingo obra ezagutzeko aukera izango du aurrerantzean, duen balioa emango zaiola uste du, eta, aldi berean, jendea Ekainberrira erakarriko duela.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere proiektuaren garrantzia azpimarratu du. "Aplikazioaren helburua da mundu guztiko jendearen eskura jartzea haitzetako artearen ondarearen esparruan Euskal Herriak duen harribitxietako bat. Aplikazio honek Ekaingo margolanak hobeto ezagutaraztea ahalbidetzen du, ez bakarrik euskal gizarteari, baizik eta paleolitiko garaiko artean interesa duen edonori. Horregatik dago aplikazioa lau hizkuntzatan, eta horregatik eskaintzen dugu entzuterik handiena duten eta gehien zabalduta dauden plataforma digitaletan. Euskal Herriko kobazuloetako altxor paleolitikoa hedatzeko lehen urratsa da hau".

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

Aimar Maiz

. Herri txikia izanda, 490 biztanlerekin eta jarduera ekonomiko apalarekin, auzolana eta herritarren lanerako konpromisoa ditu ardatz Gabiriaren orainaldiak. Etorkizunera begira, gazteak herrian bertan geratzea da erronka, etxebizitza ziurtatuta.

Ostirala, urriaren 21a, arratsaldeko bostak. Gabiriako kirol guneko kantxaren zorua margotu behar dela eta, 25 nerabe ari dira lanean; arrabolak eskuan hartu, eta margo gorrizta zabaldu dute, di-da batean. Beren jolaslekua da, eta, ondo zaintzeaz gain, ez dute makurrik lana egin behar denean ere arrimatzeko.

Larunbata, urriak 22, goizeko zortziak. Kultura Batzordeak sustatutako Hartu-Eman saio bat hastera doa. Perretxikoak dituzte gaur gai, eta, bi herritar aditu gidari hartuta —Iñaki Oiarbide eta Jon Ander Jaka—, basora joan dira gabiriarrak. Arratsaldean, bildutako 50 mota sailkatu eta erakutsi dituzte. Mokadutxoa janez bukatu dute ekitaldia, iluntzean.

Gabiriako herrian azkena izan diren bi auzolanen adibideak dira horiek. Herritar borondatetsuak ditu, lanerako, daukatena emateko eta erakusteko nagirik gabeak. Behar ere bai, udalerri txikia izanik, bizirik jarraitzeko horixe delako baliabide edo diru gabeziaren antidotoa: norberak egitea.

Goierri eskualdean dago Gabiria, 420 metroko garaieran, eta 15 kilometro koadro ditu. Urtearen hasieran 490 bizilagun zeuden erroldatuta. Bi auzo nagusi ditu: Alegia eta Aztiria.

Haur eskola badago —lau ume joaten dira—; HH eta LH ematen duten eskola publikoa ere bai, 29 ikaslerekin, eskola txikien familiakoa. Hiru elkarte daude bertan, eta beste bitan ere ibiltzen dira gabiriarrak, Gabiria parte den aldameneko herrietako auzoetan. Dantza taldea, musika eskola, bertso eskola, eskolaz kanpoko jarduerak haurrentzat, helduentzako yoga edo pilates saioak. Horixe du eguneroko eskaintza.

Urtean behin, han antolatzen dute euskal automobilismo egutegia hasten duen rallyesprinta. Bi mendi lasterketa ere egiten dira; baita bertsolari gazteen Osinalde bertso sariketa entzutetsua eta errezil sagarraren azoka ere. Oihartzuna ematen diote ekitaldi horiek herriari.

Gizarte gihar hori tenkatzeko, eta etorkizuna ziurtatzeko, gaztetasunari heldu nahi dio Gabiriako Udalak. 65 urtetik gorakoak bezainbeste (%21,8) dira ia 20 urte baino gazteagoak (%20,4).

Etxebizitzaren gaia kezka

Udalarentzat etorkizun hurbilerako zaindu beharreko arloa "herriko gazteak bertan geratzea" da. "Gure etorkizuna gazteetan dago, eta nola edo hala gazte horiek herrian bertan gelditzea lortu behar da", dio Arantxa Bidegain zinegotziak, kirol pista auzolanean margotzen ari diren nerabeei begira.

Etxebizitzaren gaia kezka iturri ikusten dute udal arduradunek. "Etxe solte batzuk badaude salgai, baina, noski, ekonomikoki ere egoera ez da oso egokia gazteentzat". Gabiriako etxebizitza dentsitatea 17,8 etxekoa da, hektareako (Goierrikoa 61,3, Gipuzkoakoa 60,3). Biztanle dentsitatea ere eskualdekoa eta herrialdekoa baino askoz txikiagoa du: 33 biztanle kilometro koadroko (Goierrin 194, Gipuzkoan 375). Hutsik dauden familia etxebizitzak, berriz, %25,4 dira: lautik bat, Goierrikoa (%15) eta Gipuzkoakoa (%12,7) baino altuagoa.

"Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bakarra daukagu, une honetan, alokairuan. Hutsik dauden etxeak mugitzea bultzatu beharko litzateke, ea horiek nola martxan jarri. Biderik zuzenena hori dela uste dut", azaldu du Iñaki Etxezarreta alkateak (Gabiria Hautesle Elkartea).

Auzoetan begia jarrita

Gabiriako herri gunea 420 metrora dago, eta udalerriaren mutur banatan bi auzo gehiago ditu: Aztiria da herriko bizitoki garaiena (600 metro), eta Alegia beheren dagoena, Irizar autobus fabrikaren parean (207 metro). Gune horietan ere arreta jartzea da udalaren beste jardunbide bat.

"Badugu asmoa datorren urtean Aztiriko tabernara iristeko modua erraztekoa —udal jabetzakoa da eraikina—. Beste auzoetan ere landu nahi dugu zerbait. Gabiriar senti daitezela nahi dugu, eta ez dauzkagula baztertuta", dio Etxezarretak.

Horretarako, baliabide ekonomiko murritza da galga. Industria gutxi du, eta 2008tik jarduera are gehiago murriztu da, enpresa batzuk itxita, edo ekoizpena utzita. Gaur egun, 31 enpresak daukate Gabirian egoitza soziala. Lehen sektorean bakarra dago, bigarrenean hiru, eta gainontzekoak zerbitzuetan edo hornikuntzan.

Udalaren diru iturrientzat muga da hori, eta laguntzen menpe geratzen dira proiektuak: "Orain, adibidez, egin behar ditugun obra guztiek %50etik gorako finantzaketa laguntza daukate. Bestela ez dugu obra hasten", gaineratu du alkateak.

Ordainetan, auzolana, elkarlana eta gizarte konpromisoa indartzen dituzte. Iraupen ekonomia denak gizartearen bizitza suspertzen laguntzen du, azken batean. "Iritzi guztiak entzuten saiatzen gara, eta ondoren horrekin irtenbidea bilatzen. Batzordeak daude, eta babes handia dira udalarentzat. Etsenplua kirol zelaiarena da. Hamar metro laburtu nahi genuen, baina gazteek esan digute ez dutela mozterik nahi. Eta euren nahia egingo dugu. Azken batean, jendeak parte hartzen du, eta hori nahi dugu".

[Museora] Mirandaolako Parkea. Burdinak batzen ditu

[Museora] Mirandaolako Parkea. Burdinak batzen ditu

Eider Goenaga Lizaso

Legazpi. Burdin Harana. Bederatzi museok lurralde museo bakarra osatzen dute. Guztiak daude burdinaren jarduerari lotuta. Eta horien guztien bihotza: Mirandaolako Parkean dagoen 500 urteko burdinola. Martxoan hasi eta urria amaitu arte, igandero jartzen dute martxan burdinola, bisitariek bertatik bertara ikus dezaten nola lantzen zen burdina garai batean. Hurrengo astetik aurrera, azaroan 12an hasita, burdinolan gora eta behera dabilen Burdintxo olagizon txikiari beste pertsonaia batek hartuko dio txanda: Olentzero ikazkinak.

Herio, Halloween eta hileta zibilak

Leire Narbaiza

Sartzea egin dugu azaroan, heriotzarekin estuki lotuta dagoen hilabetean. Baliteke argi orduak murriztu eta egunak laburtzeak laguntzen duela konexioa egiten. Agian, udazkenak udaren amaiera dakarkigulako, eta iragartzen digulako naturaren lo-aldia. Horrek ere izango du eragina. Arbola askok ere hilda dirudite hostoak galduta. Tristura eta akabua irudikatuta izadian neguaren atarian.

Tradizionalki, heriotzaren errito eta jaialdiek bete dute urteko hamaikagarrena, Gaztainerre egunak, kasurako, Debabarreneko zati baten. Edo galiziarren Magostok. Jakina, Eliza katolikoak ere aprobetxatu zuen abagunea, eta aste honen hasieran izan ditugu Domu Santu eta Arimen Egunak. Eta nola ez, joan-etorriko Halloween dontsua, orain sustraietara itzuli ezinda darabilguna. Denetan Herio, guztietan hiltzea.

Kuriosoa egiten zait Halloweenen itzulera reloaded hau: bizirik dauden hildakoak, mamuak, fantasmak agertzen zaizkigu nonahi, heriotza inoizkorik taburik handiena denean. Saihesten den gaia, inork aitatu nahi ez duena. Eta elkarrizketan sartuz gero, mintzaide asko deseroso sentitzen dira. Izan ere, ostrukarena egiten dugu. Gaiari itzuri eginda, ematen du guri ez zaigula gertatuko; ez garela sekula hilko, alegia.

Hori ikasi nuen etxeko bat hil zenean. Harreman handiko ezagun batzuek ahaleginak eta bi egiten zituzten nirekin topo ez egiteko, izkin egiten zidaten. Ez zekitelako zer esan, nola zuzendu niregana. Gure amamek bazekiten, ostera. Gure aurrekoen heziketan bazegoen heriotzaren aurrean zelan jokatu, guri erakutsi ez zigutena, tabua delako horretaz berba egitea.

Horregatik nago oso ados Hedoi Etxartek Euskadi Irratiko Faktoria-ko tertulian esandakoarekin: boterearen ideologiak sinetsarazi nahi digula ez garela hilko, baina hil egiten garela. Eta familiako bati gertatutakoan etortzen direla koplak. Izan ere, gizarte laikoa erritoetan dabil makal. Eliza katolikoak eskaintzen digula agur esateko modua.

Batez ere, azpiegitura eskaintzen digu. Eliza asko ederrak dira, handiak. Estalita daude, eta jesarlekuak dauzkate. Zeremonia egituratua, abestiak, intsentsua, despeditzeko era bat. Baina, hildakoa erlijioso ez denean, zer? Etxartek dioen moduan, laga gaituenak inguruan badu kolektiboren bat, edo ondo berba egiten dakien norbait, salba daiteke. Baina ez badu?

Hileta zibilak hori dauka, inor ez dela arduratzen, leku egokirik ez dagoela. Berriak zaretela kontu honetan. Eibarren, aldiz, entiarro zibilla egon da mende batez, gutxienez. Baita frankismoan ere. PSOEko norbait arduratu izan da abade laikoarena egiteaz. Kontua da sasoi batean hileta hori aukeratzen zutenak sozialista zaharrak, errepublikanoak edota horrelako ideologia zutenak zirela —egia da, gaur egun, eskatuz gero, edonorena egiten dutela, gogaide ez bada ere—. Eibarren tradizio bat badugu, laguntzen diguna beste ideologia batzuetakooi bidea egiten. Hala ere, Etxartek adierazi bezala, zerbait gehiago beharko genuke hileta zibil horiek hornitzeko. Maite ditugunei agur esateko zeremonia behar-beharrezkoa delako.

Beraz, Halloween eraldatzen gabiltzan honetan, gure sustraietara itzuli nahian; aprobetxa genezake heriotzaz, Herioz, Balbeaz hitz egiteko. Eta era berean, zer-nolako agurra nahiko genukeen adierazi. Dena naturalagoa litzatekeelako.

Azaroan orbelak airez aire, ifartxo dultzean...

“Askok dudan jartzen zuten euskarak karrera bat egiteko balio ote zuen”

E. Goenaga Lizaso

Irakasle Eskolan 1986an hasi zen irakasle. Fakultateak 40 urte egin dituen urte berean, 30 urte bete ditu lanean Iñigo Ramirez de Okarizek (Antzuola, 1959). Urteurrenaren harira, Huheziri buruzko lan mardula egin du, eta 40 urtean euskal gizartean eragiten. Irakasle Eskola-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (Huhezi) liburua kaleratu du.

Huhezi fakultate berezia dela dio liburuaren hitzaurreak. Zerk egiten du berezi?

Arrazoi asko daude, baina nik hiru aipatuko ditut. Lehena, egitura juridikoa bera. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat gara, baina, aldi berean, euskal gizartearentzako zerbitzu publiko bat ere bai; eta gizartearen premiei erantzuten saiatu gara 40 urtean. Bestetik, kokapenak egiten gaitu berezi. Hiriburu batean egon beharrean, fakultatea Eskoriatzan dago, Debagoienean. Ez da ohikoena. Baina, kokapen geografikoari begiratuta, erdigunean gaude; Gipuzkoan egon arren, Bizkai eta Araba oso hurbil ditugu, eta Nafarroa ere bai. Hirugarrena hizkuntza litzateke. Eskoletan ez ezik, gure kudeaketa esparru guztietan euskaraz funtzionatzen dugula.

Uler liteke Huhezi Debagoienetik kanpo?

Badago oinarri bat fakultatea hemen kokatzeko. Debagoienean sortu, garatu eta indartu zen kooperatiben mugimendua, eta mugimendu horrek itzelezko garrantzia eman zion hezkuntza esparruari; beraz, ez da kasualitatea hezkuntza kooperatibak hemen sortzea. Irakasle Eskolaren aurretik, martxan ziren jada Eskola Politeknikoa, Arrasaten, eta Enpresa Zientzien fakultatea, Oñatin. Triangeluan hirugarren erpina gara gu. 1997tik Mondragon Unibertsitateak [MU] batzen gaitu.

Hutsune handi bati erantzuteko sortu zen Irakasle Eskola...

Baldintza oso bereziak ziren. Ikastolen mugimendua gero eta sendoagoa zen, baina euskaraz zekiten irakasleen premia gero eta handiagoa zen, eta gu premia hori asetzeko sortu ginen. Frankismo ondorenean jartzen gara, eta euskararen eta euskal kulturaren egoera tamalgarria zen. Ikastolak lan bikaina ari ziren egiten, baina bazegoen irakasle premia bat. Esanguratsua da ikastoletan ari ziren 683 irakaslek lortu zutela titulu ofiziala gurekin.

1976an zein zen euskararen egoera unibertsitate munduan?

Hutsaren hurrena. Askok dudan jartzen zuten euskarak balio ote zuen, corpus nahikoa izango zuen karrera bat egin ahal izateko. Denborak baietz erakutsi du.

40 urteren ondoren, Huhezik euskara hutsean funtzionatzen jarraitzen du. Inoiz izan al da horri buruzko zalantzarik?

Ez, sekula ez. Gure jatorriarekin eta gure garai bateko hizkuntza konpromisoarekin bat egiten jakin dugula esango nuke. Sortzeko arrazoiak euskara eta euskal kulturaren sustapena eta transmisioa izan ziren, eta egun ere ez dugu zalantzarik etorkizuneko bidea hori dela.

1997an, MU sortu eta goranzko bidea hasi zuen Huhezik, bai eskaintzan eta bai ikasle kopuruan. Inflexio puntua izan zen?

Bai, hala da. 1997an MU sortu zen, eta aterki horren pean sartu ginen gu ere. Aurreko egoera oso gorabeheratsua izan zen, oparoagoa batzuetan, eta krisiak joa besteetan. MUrekin gure posizioa indartu genuen, fakultate izaera lortu genuen, eta horrek lehen ez genituen eskumenak eman zizkigun —besteak beste, gradu berriak eta graduondoak sortzeko—. Beraz, hor egonkortasun bat lortu genuen, eta egun esan dezakegu fakultatearen egoera ona dela, indartsu gaudela.

Baina, graduak gradu eta graduondoak graduondo, niretzat ezinbestekoa izan da eta izango da hasierako apustu horri, balio kooperatiboen sustapenari eustea. Aurrera begiratu behar dugu, garai berrietara egokitzeko etengabeko lana da gurea, baina egindako bidea ahaztu gabe, eta gure gizartearen errealitate politiko eta sozioekonomikoari erreparatuta, beti egin dugun legez.

Beharrari erantzuteko sortua

Beharrari erantzuteko sortua

Eider Goenaga Lizaso

Duela 40 urte, irailaren 27an, 39 ikaslek hasi zuten ikasturtea Irakasle Eskolan, Eskoriatzan. Hura izan zen Huhezi Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen abiapuntua. San Viator komentuan —fakultatearen gaur egungo eraikin nagusian— hasi zituzten eskolak, zubiaren beste aldean egiten ari ziren Dorleta eraikina amaitu gabe zegoelako. Irakasle euskaldunen lehen harrobi bilakatu zen. "Garai hartan ez zegoen irakasle euskaldun tituludunik", azaldu du Jesus Garmendiak, hamabost urtez Huheziko zuzendari eta lau urtez dekano izandakoak (Azkoitia, 1941).

Kontzertua. Jakingarriak

Zer. Motxila 21en kontzertua, Irurako Ikastolaren alde.Non. Tolosan, Leidor aretoan.Noiz. Azaroaren 4an, 20:30ean.Sarrerak. Zortzi euro. Toki hauetan eros daitezke: Irurako Ikastolan, Anoetako Herri Ikastolan, Tolosako Orbela tabernan, Ibarrako Zubia...

Lau minututan erne zen familia musikala

Lau minututan erne zen familia musikala

Maite Alustiza

Musika "dena" da Leire Zabalzarentzat. Asteko hiru egunetan kirol denda batean egiten du lan, eta beste bitan Nafarroako Down Sindromearen Elkartera joaten da, Iruñean, Itaca proiektuan parte hartzera. Eguneroko martxa horretan, ordea, astearte arratsaldeak bereziak dira: entsegua izaten du Motxila 21 taldearekin. Tinbala jotzen du Zabalzak; 26 urte ditu, eta 12 urterekin hasi zen musika tresna hori ikasten. Abestu ere egiten du. Downen sindromea duten 23-40 urte arteko hamabi neska-mutilek eta bederatzi boluntariok osatzen dute Motxila 21. "Familia bat bezala gara".