Herri gehiagotan martxan dituzte euskara hutsez bizitzeko erronkak

M. Alustiza

"Indar proba" betean dira Hernanin. Urriaren 15ean ekin zioten Eutsi euskarari erronkari, Euskara ari du egitasmoaren barruan, eta azaroaren 26ra arte jarraituko dute horretan. Helburua: ahalik eta herritar eta elkarte gehien euskaraz bizitzea. Laugarren urtea dute, eta, Lasarte-Orian bezala, sei asteko txandatan egin dute antolaketa; gutxienez astebeterako konpromisoa hartu du bakoitzak. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Hernaniko herritarren %60 euskaldunak dira, eta beste %20k euskara ulertzen dute. "Beraz, hernaniarren %80k euskara ulertzen dute". Herritarren eta udalaren artean bultzatu dute egitasmoa.

Lehen astean askotariko eragileek bat egin zuten probarekin: bertso eskolak, pilota elkarteak, Hernaniko palistek, Kanika taldeak, Kaxkardi kirol elkarteak, Urbieta Kopiak dendako langileek, Plaza Berriko hainbat lagunek... Aste honetan ere, beste hainbat ari dira parte hartzen: Inmakulada ikastetxeko guraso eta irakasleak, Hernanin Zero Zabor, Urumea bailarako lagunak, udaleko EH Bildu, gazteen kuadrilla, Hernaniko futbol elkartea, Irrixola aisialdi elkartea...

Erronka hilaren 15ean hasi zen, baina ia hilabete daramate lanean. Urriaren 3an "beroketa lanak" hasi zituzten, eta hitzaldi eta tailerren bitartez jorratu dute gaia.

Astigarragan ere bai

Astigarragan 100 ta 100... 200 ordu euskaraz abiatuko dute azaroan. Astebetez egingo dute, azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitarte, Euskararen Egunera arte. Oraindik zabalik da izen-ematea —gaur bukatuko da epea—. Parte hartu nahi duenak astigarragan euskaraz@gmail.com helbidera idatzi behar du edo fitxa bat bete antolatzaileen egoitzetan. Hiztun edo hizkide bezala eman daiteke izena.

Herriko zortzi eragilek antolatu dute: AEK euskaltegiak, Xaguxar aisialdi taldeak, Astigarragako Gazte Lokalak, Norberto Almandoz musika eskolak, Astigarragako Herri Eskolak, Herri Eskolako Guraso Elkarteak, Mundarrok eta Astigarragako Udalak.

Erronkarekin hasi aurretik, tailer bat antolatu dute azaroaren 12rako. Euskaraz bizitzeko estrategiak landuko dituzte horretan, 09:30etik 13:30era. Erronkarako izena ematerakoan zehaztu beharko da tailerrean parte hartu nahi bada. Egun horretan ere, prozesuaren inguruko xehetasunak emango dituzte jende aurrean.

Bizi-bizi eta prest dabiltza

Bizi-bizi eta prest dabiltza

Maite Alustiza

Zabalik dagoen aho bat eta bizi jartzen duen txapa bat darama bular aldean Natalia Nogalesek. Ahobizia da igandeaz geroztik, eta horrela jarraituko du gaur arratsaldera arte. "Txapak asko laguntzen du kontzienteago izaten". Euskaldun berria da, lasartearra, eta Irten armairutik 40 eguneko erronkan dabil murgilduta. "Konturatzen ari naiz badagoela jendea euskaraz bazekienik ez nekiena. Beraiekin beti erdaraz egiten nuen nik jarritako etiketa batengatik".

Bertako bisoia gal ez dadin

Bertako bisoia gal ez dadin

Eider Bereziartua

Mustela lutreola edo bisoi europarra neurri txikiko animalia haragijalea da. 750 gramo inguruko pisua izan ohi du, eta gehienez 60 bat zentimetro luze da. Ibai ertzetan bizi ohi da, eta, bere izenak dioen bezala, animalia europarra da. XIX. mendera arte Europa kontinentalaren zati handia izan zuen bizitoki, baina egun Europako eremu gehienetatik desagertu da.

Interes guneak

Bisoi europarraren berreskuratzean interes berezia duten guneak:Mijoa eta Artzai errekakDeba ibaia (hainbat gune)Goikola eta Sallobente errekakUrola ibaia (hainbat gune)Narrondo, Alzolaras eta Errezil errekakIbaieder ibaiaOria ibaia (hainbat gune)Aga...

Itzaltzear da argi gorria

Itzaltzear da argi gorria

Asier Perez-Karkamo

Duela urte batzuk bazen Hondarribiko Psilocybe Musika Elkartean beiragile bat, Psilocybeneako lokaletan jartzeko argi gorridun lanpara polit batzuk sortu zituena. Fluoreszenteak ere baziren han, baina OTC taldeko hiru kideek nahiago zituzten besteak, gorriak, entseatzen gozoago egoteko: 'Kendu fluoreszente hori, eta jarri luz de putas', esan zuen behin musikarietako batek, eta barre egin zuten beste biek. Hirukoteko bik talde berria sortu zutenean, eta lehen kontzertuko kartelerako izen bat eskatu zietenean, esaldi hura etorri zitzaien burura: "Ba, jarri Luz de Putas, eta aurrerago aldatuko dugu", gogoratu du Mikel Tife abeslariak.

“Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteke”

A. Zaldua

Iñaki Mendigurenek (Ezkio, 1954) hamaika lan euskaratu du. Tartean, Harry Potterren bilduma. 2013an Euskadi saria irabazi zuen, Sarah Turtle emaztearekin batera, Tom Sawyer-en abenturak eleberri klasikoaren itzulpenagatik. Bilbon ezagutu zuten elkar, eta Arrasaten bizi izan ziren, baina Ezkioko etxe eder batean bizi dira aspalditik.

Nolakoa zen zure haurtzaroko Ezkio-Itsaso? Asko aldatu al da ordutik?

Ezkio eta Itsaso bi herri ziren oraindik ni jaio nintzenean. Garai hartan baserrietan jende gehiago bizi zen, ia ez zegoen kanpotarrik, herritar gehienak baserritik bizi ziren, ez zegoen industriarik eta herritar gehienak heziketa apalekoak ziren. Bi eskola eta bi eliza genituen, eta horien eta tabernen ondoan egiten zen gizarte bizitza. Gero, eskolak kendu zituzten, eta duela bi urtera arte ez da eskolarik egon. Eta elizak asko galdu du bere eragina. Bestalde, orduan oso ibilgailu gutxi zegoen, eta nekez joaten ginen inguruko herrietara.

Nola ikusten duzu herria?

Une interesgarrian. Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteke: eremu bilduagoan jarri ahal izango dugu arreta, eta birplanteatu zer-nolako herria nahi dugun eta egin dezakegun. Gainera, eskola txikia ere itxaropena pizten duen faktore berri garrantzitsua da, haurren aitzakian guraso gazte mordoxka elkartzen delako. Jendeari ilusioa sortzen asmatu behar dugu, inplikazioa eta konpromisoa lortzeko.

Zer du ona Ezkio-Itsasok?

Landa herrien lasaitasuna eta giza harreman hurbilekoak. Gainera, hiriak eta hirietako zerbitzuak gertu ditugu. Legazpitik Ordiziaraino kultura eskaintza interesgarria dugu. Bizitzeko leku ona da!

Zer du aldatu beharrekoa?

Bertakoen herri kontzientzia piztu behar dugu. Aurreko hamarkadetan eskolarik egon ez denez, jendeak burua eta bihotza hemendik kanpo izan dituela iruditzen zait. Bestalde, kanpotik etorri direnak integratu behar ditugu, eta herritarren arteko harremanak zaindu —herri txikiotan giroa asko txartu dezakete-eta—. Masa kritiko txikia dugula jabetzea ere garrantzitsua da, lankidetzak bilatzeko inguruko herriekin. Eta elizarekiko harremanak birplanteatu behar ditugu, alferrikako tentsiorik sor ez dadin.

Nola bizi izan duzu Itsasokoen banantzeko nahia?

Hasieran, tristuraz eta atsekabez, arazoa planteatu zen moduagatik, inolako beharrik gabe giza harremanak hautsi eta zapuztu zirelako. Eta, orain, dibortzioa adostuta, errespetuz. Agian, positiboa izango da bi herrientzat. Hori geroak esango du. Dena den, gogor lan egin beharko dugu denok. Zeren eta lehengo arazoak izaten jarraituko dugu.

Ezkio-Itsason biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura?

Edonon. Ez naiz oso txokozalea. Leku gehienetan bizi liteke ondo, baldin eta norbere buruarekin bakean baldin badago eta ingurukoekin bakea bilatzen badu. Bi baldintza-edo jarriko nituzke: gizarte tolerantea eta muturreko klimarik gabea izatea.

Kexez kexu, kexa betirako uxatzeko

Danel Agirre
Zerbitzari dabilen ezagun batek kontatu zidan baduela ostegun arratsaldero tabernara etortzen zaion espainiar kuadrilla bat. Agurtu, kafe merkeenarekin eseri, eta kexaka hasten omen dira astero, deiadarka, Berlinen eskandalutzat hartu ohi ...

[Museora] Sagardoetxea. Sagardoak badu bere etxea

[Museora] Sagardoetxea. Sagardoak badu bere etxea

Eider Goenaga Lizaso

Hogei sagardotegi baino gehiago daude Astigarragan. Non toki hobea sagardoari etxe bat egiteko? Sagardun Partzuergoak —Astigarragako Udalak, herriko zazpi kultur taldek eta sagardogileek 2003an sortua— ireki zuen museoa, 2006an, eta haren helburua, Leire Alkorta (Lasarte, 1982) museoko komunikazio arduradunak azaldu duenez, sagardotegietara joaten den jendeari "sagardoaren, sagardotegien eta txotx errituaren atzean dagoen guztia azaltzea da, eta sagardoaren sustapen soziokultural eta turistikoa egitea".