Kamioi astunentzako bidesaria bidean da

Kamioi astunentzako bidesaria bidean da

Aitziber Arzallus

Aurki, kamioi astunek —3,5 tonatik gorakoek— bidesaria pagatu beharko dute N-1 errepideko Gipuzkoako zatia erabiltzeagatik. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak joan den astean aurkeztu zuen ordainketa sistema berria arautzen duen foru lege proiektua Batzar Nagusietan. Eta, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa izanik, aurrera aterako dute, urtea bukatu aurretik. Hala, okerrik ezean, 2018ko urtarrilaren 1ean hasiko da martxan ordainketa sistema berria.

Bi helburu ditu Irun eta Etzegarate arteko zatia ordainpeko bihurtzeko egitasmoak: bata, kanpoko garraiolariak behartzea Gipuzkoako gaitasun handiko errepide horren mantentzean parte hartzera —3,5 milioi euroko gastua dauka urtean-; eta bestea, N-1 errepideko trafikoa arintzea, AP-1era eta AP-8ra desbideratuta. 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen baitute N-1 errepidea egunero; %60 atzerrikoak dira.

Egitasmoaren helburuetan bat datoz alderdi guztietako ordezkariak; ez, ordea, hura aurrera ateratzeko moduan. "Zergatik orain bai eta guk proposatu genuenean ez?", galdetu du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak. Haren esanetan, orain EAJk aurkeztu duena aurreko legealdian EH Bilduk proposatu zuen Arkupe egitasmoan dago oinarrituta. Baina, ordukoan, bai EAJk eta bai PSE-EEk proposamen haren kontra egin zuten. "Orain ikusten duguna da bazegoela konponbidea duela hiru urte jartzea, eta nahita atzeratu zutela, EH Bilduren gobernua eta haren kudeaketa zigortzeko helburu bakarrarekin".

Oiarbidek bestela pentsatzen du, bi proiektuek ez dutela zerikusirik batak bestearekin. Teknologia antzerakoa dela dio, baina sistema erabat desberdina dela. "Arkupe sistemak planteatzen zuen bidesaria Gipuzkoako gaitasun handiko errepide guztietan jartzea, guztira hamar puntutan, ibilgailu astunentzat eta arinentzat. Guk N-1 errepideko ardatza bakarrik hartu dugu, Irun eta Etzegarate artekoa, eta, gainera, bidesari sistemak ibilgailu astunei bakarrik eragingo die".

N-1eko bidesarirako hautatutako sistemak AT du izena, eta free flow teknologian dago oinarrituta: ibilgailuek ez dute gelditu beharrik izango ordaintzeko. Bide seinaleei eusteko moduko arkuak jarriko dituzte, eta horien gainean egongo dira ibilgailuen identifikaziorako gailu elektronikoak. Hiru lekutan egongo dira arkuok, joan-etorriko norabideetan: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Gisa horretara, asmoa da kanpotik datozen garraiolariek ere errepide horren mantentzeari beren ekarpena egitea.

Europako zuzentarauen arabera, ordea, ezin da diskriminaziorik egin bertako eta kanpoko kamioilarien artean. Beraz, Oiarbideren hitzetan, ezin dute ipini ordainleku bat Irunen eta beste bat Etzegaraten: "Horrela pasoko trafikoa bakarrik harrapatuko genuke, eta batez ere kanpoko garraiolariak zigortuko genituzke". Hori saihesteko, erdibidean beste ordainleku bat jartzera behartu ei ditu Europako legediak. "Horregatik planteatu dugu Andoainen beste ordainleku bat jartzea, bi kilometroko tarte bat hartuko lukeen minimo bat, bidesari sistemak bertako trafikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. Tarte horregatik ordaindu beharrekoa ez litzateke euro batera iritsiko".

Egindako kalkuluen arabera, urtean 7,5 milioi euro bilduko dituzte AT sistemaren bidez. Gastuak kenduta 3 milioi euro inguruko etekinak izango dituztela kalkulatu dute. Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 7 eta 8 milioi euro jarri behar ditu sistemaren ohiko mantentzerako. Gaur egun, 3,5 milioi euro inbertitzen ditu errepidea mantentzeko: bidesaria martxan jartzean, diru hori beste zeregin batzuetara bideratu ahal izango du, Oiarbideren esanetan.

Oraindik ez dago zehatz-mehatz aurreratzerik garraiolariek zenbat ordaindu beharko duten zati bakoitzagatik, tarifak Batzar Nagusietan onartu beharko baitituzte. Baina, itxura guztien arabera, zati osoa —Irundik Etzegaratera— egiten duenak 10 euro inguru ordaindu beharko ditu; Irundik bakarrik edo Etzegaratetik bakarrik pasatzen denak, 3,5 euro inguru; eta Andoaindik bakarrik pasatzen denak, euro bat inguru.

Behin lege proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuta, hari emendakinak egiteko aukera izango dute orain gainontzeko alderdiek. Asenjok EAJren jarrera kritikatu du: "Gu proposamen bat egin aurretik bildu ginen Batzar Nagusietako talde guztiekin; gurekin, berriz, inor ez da bildu oraindik. Dena dela, arduraz jokatuko dugu, eta proposamena ondo aztertu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu. EAJk eta PSE-EEk gure ekarpenekiko zer jarrera duten ikusi ostean erabakiko dugu egitasmoaren alde edo kontra bozkatu".

Garraiolariak, haserre

Hiru garraiolarien sindikatuak gaizki hartu du N-1 errepidean bidesari sistema jartzeko proposamena. Eta gezurretan aritzea egotzi dio Oiarbideri, uste baitu hark iragarritakoaren kontrakoa gertatuko dela: garraiolari gipuzkoarrak izango direla kaltetuenak. "Matematika kontua da". Hori azaltzeko, adibide gisa, Beasain eta Altsasu (Nafarroa) arteko zerbitzua egiten duen garraiolari baten kasua jarri du. "Egunean zortzi joan-etorri egiten baditu, hamasei aldiz igaroko da Etzegarateko arkuaren azpitik. Ondorioz, egunean 60 eurotik gora ordaindu beharko ditu. Kanpoko garraiolari batek, aldiz, gehienera ere astean bitan igaroko du arku hori".

Baina horretan bakarrik ez; Hiruren iritziz, Oiarbide oker dago sistema berriak N-1 errepideko trafikoa arinduko duela dioenean ere. "Garraiolariek eurentzako prestatutako zerbitzu sarea behar izaten dute inguruan, gasolindegi espezializatuak, tailer bereziak... horiek guztiak N-1 errepidean daude, eta ez AP-1ean".

Eredu berriak eskaintzen

Eredu berriak eskaintzen

Eider Bereziartua
Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti fi...

Artaldeek duten soinua

Artaldeek duten soinua

Maialen Igartua
Zintzarria gizakiak artaldea kontrolpean izateko teknologia bat baino ez da, itxiturak egiten hasi aurrekoa. Artalde bakoitzak soinu bat dauka, errepikaezina. Eta artalde horien zintzarri hotsek, noski, Euskal Herriko soinu paisaiaren z...

[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe

[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe

Eider Goenaga Lizaso

Ekaingo kobazuloa (Deba) 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta espeleologia taldeko kideek. Labar artearen adibide esanguratsuena da Euskal Herrian; ondo babestu beharreko ondarea, beraz. Ekain aurkitu zuten garaian, ordea, labar artea zuten kobazulo asko publikoari irekitzeko joera nabarmena zen. "Milaka urtetan kobazuloa itxita eta hezetasun eta tenperatura zehatz batzuetan egoteak ahalbidetzen du hormetako margoak ondo mantentzea.

Ama zaharrak, antisorgailuak eta gizon ikusezinak

Leire Narbaiza

Aurreko astean, zehaztu ezin dudan egun batean, albistegi batean berri bi eman zituzten bata bestearen atzean, gaur egunean hain modan dagoen notizia harilkatzean. Batak zioen emakumeak EAEn gero eta zaharrago erditzen zirela bere lehenengo umeaz. Bestean, erkidegoko neskek euren amak baino lehenago izaten dituztela harreman sexualak, eta zeintzuk ziren erabiltzen zituzten antisorgailuak. Bietan emakumeengan zentratutako berriak, andrazkoak erantzule eta arduradun.

Egia esatera, azken boladan bazterrak harrotzen dabil ama "zaharren" kontua. Tarteka-marteka komunikabideetara ateratzen den polemika da. Batez ere, 60 urte baino gehiagoko emakume batek ume bat izan berri duenean. Orduan, debatea derrigorrean agertzen zaigu. Ezin dugu ahaztu Italian ere Osasun Ministerioak amatasuna aurreratzeko kanpaina egin duela, kritika ugari jaso duena, bestalde.

Argi dago gai horrek iritzi asko eragiten dituela, baina beti harritzen nau nolako gaitzespen tonua erabiltzen den ama "zahar" horien kontra: ea ez dakiten zein arriskutsua den beraientzat adin horretan haurdun geratzea, ez dituztela umeak hazten ikusiko, berekoiak direla… Ados egon ninteke ala ez, baina beti egon dira menopausian haurdun geratu diren emakumeak; ia beti gura barik. Baina gehien harritzen nauena da adinaren kontua inoiz ez dela gizonezkoen kontra erabiltzen, nahiz eta 80 urterekin aita izan. Aita "zaharrek" ikusiko ote dituzte umeak nagusitzen, ala? Edota ez ote da ardurabakoa eta berekoia aitatasuna edade ezohikoetan? Non dago desberdintasuna?

Argi dago ugalketa kontuetan gizonei ez dietela gainean lupa jartzen, ez direla existitzen, alegia. Kontu egizue, ugalkortasun tasa ere X ume emakumeko neurtzen dela, gizonezkoen zeregina ez balitz bezala, edo euren partea hartzea hutsa balitz legez. Momentutxo bateko atsegina besterik ez omen dira ugaltzearen mundu horretan, antza. Izan ere, kontuan hartu ere ez dituzte egiten. Umeak beti emakumeen pentzura. Mentalitate baten ajeak.

Errealitate hori askoz argiago ageri da hasieran aitatutako bigarren albistean, antisorgailuenean, alegia. Neskei baino ez zaie egiten galdera, ea zein antisorgailu erabiltzen duten harreman sexualak edukitzerakoan. Galdera honetan inplizituki neskengan lagatzen da nahi ez den haurdunaldi bati aurre egiteko moduaren ardura. Mutilek ez dute, itxura denez, horren erantzukizunik. Atzera ere, ikusezin bihurtuta ugaltze gaietan, errespontsabilitaterik ez.

Tira, azken berri horrek badu mami gehiago. Batetik, jakin nahi nuke zer ote den harreman sexual inkesta egin dutenentzat. Masturbazioaz ari ote dira? Um, ez dut uste. Argi dago sarketaz dihardutela. Beraz, hartu-eman heterosexualak dituzte buruan eta harreman mota zehatz bat. Dena oso gaurkoa eta plurala!

Teleberrian erreskadan emandako albiste bik laburbiltzen dute oraindik gaur egun ugalkortasunaz gure gizartean barruraino sartuta dauden usteak, finean gure aurrekoen berberak direnak. Gero kexatuko gara gizonek ez dutela nahikoa ardura hartzen haurren hazkuntzan. Nolatan, inkesta eta ikerketetan agertu ere egiten ez badira? Zelan, bada, ikerketa batek gizarte baten pentsamendua islatzen badu? Zenbat lan oraindik ere!

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

Maite Alustiza

Makina-erremintaren hiriburutzat har daiteke Elgoibar. Industria izan du jarduera ekonomiko nagusia, eta bereziki makina-erremintari lotuta zabaldu da herriaren izena. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, ordea, auzoetako aktibitatea batu behar zaio jardun horri: "Landagunea oso garrantzitsua da guretzat. Orain auzoetako edo landa eremuetako beste ekoizleek ere eraman dute Elgoibarren izena mundura; adibidez, Mausitxa gaztagileak". Munduko 50 elikagai onenen artean aukeratu berri dute Mausitxa, eta azaroan aipamen berezia egingo diote World Cheese Awards sarietan, Donostian.

Gipuzkoako mendebaldean dago Elgoibar, Debabarrenean; zazpi auzo ditu, eta "Bizkaiko kutsua" —mendebaldetik mugakide du Markina-Xemein—. Makina-erremintaz gain, beste ezaugarri nagusi bat aipatu du Beitiak, urteetan erabili dutena: Elgoibar bizi-bizixa. "Armarriaren ondoan beti jarri izan dugu aldarrikapen bezala, aurreko legealdietan ere bai. Elgoibarren beti dago zer edo zer; bizi ikusten da herria".

Martxan dauden hainbat proiekturi jarraipena ematearekin batera, udal gobernuak herritartasuna bultzatzea du helburu: "Gure proiekturik edo baliorik garrantzitsuena gure herritarren ongizatea bermatzea izango da". Esku artean dituen proiektu nagusien artean, kulturgintzari lotutako bat dago: Aita Agirre eraikineko kultur gunea. "Herritarrak kulturgintzan lotuko dituen proiektu indartsu bat da, dagoeneko aurreikusita zegoena". Eraikin zahar bat da, eskola izandakoa, eta berreraiki eta berrantolatu egingo dute. "Prozesu parte hartzaile bat hasi zen joan den legealdian, 2012-2013an, eta enpresa batek dinamizatuta saiakera bat egin dugu parte-hartze prozesu horretan. Kulturgintzako talde eragileak eraikin horretara eraman nahi ditugu, lotze aldera".

Liburutegia ere hara aldatu asmo dute, baita udaleko kultura eta euskara zerbitzuak eta udal euskaltegia ere. "Nahi duguna da kulturak eta euskarak eduki dezaten transbertsalitatea kultur eragile guztiengan". Proiektua idazten ari da Jovino Martinez Sierra arkitekto asturiarra, eta urte bukaerarako idazketa bukatzea espero dute. "Ahal badugu eta epeek ematen badigute, datorren urtetik aurrera hasiko gara exekutatzen".

Kultura arloari lotuta, udalak Herriko Antzokiaren inguruko ikerketa bat abiarazi du aste honetan, ematen ari zaion erabilera eta eskaera ezagutzeko asmoarekin. Telefono bidezko 770 inkestatik gora egingo dituzte Elgoibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun. Hilaren 17ra arte egingo dituzte, eta azaroaren hasierarako ikerketaren lehenengo ondorioak prest edukitzea aurreikusi dute. Inkestez gain, Elgoibarko elkarte kulturalei lotutako lagunei eta arduradunei ere elkarrizketak egingo dizkiete.

Ongizatea bermatzeko neurrien artean, etxez etxeko laguntza zerbitzuen araudian egindako berrantolaketa aipatu du Beitiak. "Udalak konpromisoa hartu du zerbitzu horietan ekarpen gehiago egiteko". Orain gutxi inkesta bat egin dute etxez etxeko zerbitzua erabiltzen duten familiekin, eta, Beitiaren arabera, nota "oso ona" jaso dute, bai zerbitzuari dagokionez, eta baita zerbitzua ematen duten langileen aldetik ere. "Gure barne antolakuntzan herritarrenganako gertutasun hori bermatu nahi dugu, bai langileengandik eta baita politikarien aldetik ere".

Aste honetan aho batez onartutako beste neurri bat kaleratze egoeran dauden pertsonak babesteko jardueren protokoloa da. Helburua kaleratzeen inguruko arrisku egoerei aurrea hartzea da, baita arrisku egoeran eta gizarte bazterketa egoeran egon daitezkeen pertsonei konponbide integralak ematea ere.

Bizikidetza eta memoria historikoa ere garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Duintasunaren Kolunbarioa ekarri du gogora Beitiak: "Gerrako biktima ezagun eta ezezagunen errekonozimendu toki bat edukiko dugu. Duela bi urte lehendakariak konpromisoa hartu zuen kolunbarioa Elgoibarren egiteko; errekonozimendua oso presente izango dugu".

Toki estrategikoan

Zerbitzu aldetik "nahiko ondo" hornitutako herria da. "Ondo bizitzeko moduko herria da, erosoa. Herriko antzokia daukagu, kiroldegia, kanpoko igerilekuak...". Beitiak dioenez, gainera, estrategikoki "oso ondo" kokatuta daude. "Autoa hartuta, autobidean denbora berdina igarotzen duzu Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko". Garraio publikoen zerbitzuak ere bermatuak dituztela dio; gabezia bat aipatzekotan, ordutegien loturak. "Adibidez, Bilbora joateko lotura Eibarrekin daukagu, baina bermatzen badugu Eibarrerako garraio zerbitzu hori ondo daukagula, konponduta dago. Trena ere badaukagu".

Herri txiki-ertaina izanik —11.500 biztanle inguru—, kalean jasotzen dituzte iradokizun eta eskaerak, Beitiak azaldu duenez: "Gauza txikiak izan arren, farola bat falta zaiela adibidez, horiek zuzenean jasotzen ditugu".

Elgoibarrek izandako bilakaera urteetan egindako lanaren ondorio dela dio alkateak: "Elgoibarri aurpegia garbitu zaio. Askoz ere euskaldunagoa da lehen baino, ongizatea hobea da, segurtasuna hobea da, politagoa da, bizia da". Duela hainbat urte herritarrei eta udalari "buru-hauste ugari" eragin zizkien gaietako bat larunbat arratsaldeetako zarata eta zikinkeria izan zen. "Ez daukate zerikusirik oraingo asteburuek lehengoekin. Tarteka egoten dira taldeak, herri guztietan bezala, baina duela urte mordo bat lan asko egin zen". Herri kanpotik zetozenak "kontrolatze" aldera, tren geralekua bertan behera utzi zuten denbora batez —geralekua eta geltoki nagusia dituzte—. "Trena geralekuan gelditzen da berriro, eta ez dago inongo arazorik. Urtez urte eta ekinean-ekinean lortzen da kontrolatzea, %100 kontrolatu ezin den arren". Prebentzio kanpainak egitea ere garrantzitsua dela uste du, eta martxan dituzte hainbat ikastaro: "Eskoletan, adibidez, hainbat gai lantzen dira txikitatik —drogak, alkohola, sexu erasoak...—. Pentsatzen dut horrek ere izango duela zeresana aurrera begira; heziketan eragin egin behar da".

“Herriko sorkuntzari bide eta plaza zabalagoa emango nioke”

Eider Goenaga Lizaso

Idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Iaz argitaratu zuen bere azken nobela, 12etan bermuta.

Nola deskribatuko zenuke Elgoibar?

Baditu oinarrizko ezaugarriak bertan kalitatezko bizitza dagoela esateko: kokapen estrategikoa du —hiriburuetatik gertu, kostaldea 12 kilometrora, mendiz inguratua—; industria garapen handia eta, ondorioz, baita lan eskaintza ere; zerbitzuak —era guztietako dendak, anbulatorioa, Mendaroko ospitalea oso gertu, kirol instalazioak, musika eskola...—, baditu tabernak eta terrazak eta baita kultur eskaintza ere, zinema, antzerkia, kontzertuak... Herriari lotuta erabiltzen den leloak dioen bezala, Bizi bizixa da Elgoibar.

Gauza asko aldatu al dira txikia zinenetik?

Asko aldatu dira, bai. Futbol zelaia zegoen lekuan supermerkatua dago orain, sekula imajinatuko ez nuen igerileku irekia; nire haurtzaroan industria herrian bertan kokatzen zen, eta gaur egun industrialdeak daude herritik kanpo, ortuak zeuden lekuetan etxebizitzak daude orain, badugu astekari bat euskara hutsez argitaratzen dena...

Elgoibarren ez balitz, Euskal Herriko beste zein herritan bizitzea gustatuko litzaizuke?

Donostian, dudarik gabe. Beharbada, bertan bizi izan nintzelako; eta oso oroitzapen ona daukat.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Cadizko herri txikiren batean. Ikaragarri gustatzen zait hura. Bertako hondartzak, han dagoen argia, klima, flamenkoa... Alaitasuna, poza ematen dit hango giroak.

Elgoibarko zure toki kuttuna edo gogokoenetako bat?

Azken urteotan Kalegoen plaza edo Plaza Haundia. Toki ederra da, autorik gabekoa, frontoia dauka umeek jolasteko eta terrazak; adin guztietako jendea bertan elkartzen da. Gauza polita da adin mestizaje hori.

Elgoibarren kokatutako eleberri bat idazten jarrita, zein generotakoa litzateke?

Idazlearen arabera da hori. Nik uste bai Elgoibarren eta baita beste edozein tokitan ere koka daitekeela edozein generotako eleberri bat. Azken finean, istorioa pertsonaiek osatzen dute, eta Elgoibarren badaude nobela erromantikoak, zientzia fikziozkoak, poliziakoak, historikoak garatzeko makina bat pasadizo.

Elgoibarko tokiren bat edo pertsonaren bat izan al da inoiz zure lanetarako inspirazio?

Bat baino gehiago, bai. Boteprontoan gogoan daukat Ezekiel-en agertzen dela taberna bat Malape izena duena. Elgoibarren dagoen taberna bat da; gazteak ginenean hantxe orduak ematen genituen, eta orain ere gustura joaten gara.

Zer egingo zenuke zuk herrian, alkate bazina?

Ufa! Sortzaile asko dago Elgoibarren, eta inpresioa daukat arlo ekonomikoa askoz gehiago baloratu eta zaindu izan dela beti kulturala baino. Agian, horixe sustatuko nuke, kultur eragileen arteko elkarlana, egoitza bat sortuz, plataforma ezberdinak eskainiz, herriko sorkuntzari bide eta plaza zabalagoa emanez.